Shankar Sharma
Shankar Sharma (Jaiotza-izena: Shankar Dayal Sharma ; Bhopal, Madhya Pradesh, 1918ko abuztuaren 19a - New Delhi, 1999ko abenduaren 26a) indiar politikaria izan zen.
Agrako St. Johns Collegen eta Lucknow Unibertsitatean egin zituen ikasketak. Doktoregoa Ingalaterrako Cambridgeko Unibertsitatean eskuratu zuen, zuzenbidean, eta orobat ikasi zuen Lincoln's Inn eskolan eta Harvardeko legeen eskolan. Cambridgen eskolak eman zituen. 1940an abokatu gisa hasi zen lanean Lucknowen, eta garaitsu hartan hasi zen, halaber, Indiaren askatasunaren aldeko mugimenduan lanean. 1947an Indiak burujabetasuna lortu zuelarik Indiako Kongresu Nazionalari lotu zitzaion. Besteak beste, India Osoko Batzarraren Batzordeko kidea izan zen 1950az gero 32 urtez, eta Bhopalgo Estatuko Batzarreko kide izan zen. Estatu hartako Lehen Ministro ere izan zen 1952-1956 bitartean. 1971n Herritarren Etxeko edo goi-ganberako kide izendatu zuten eta 1977 arte iraun zuen bertan, lehenengoz, eta 1980tik aurrera berriro. 1972-1974 urteetan Indiako Kongresu Nazionaleko lehendakari izan zen. 1987an Indiako lehendakariorde izendatu zuten, eta bost hamarraldiko jarduera politiko eta askatasunaren aldeko borroka aipagarriaren ondoren iritsi zuen lehendakari-kargua 1992an, 1997 arte. Bere agintaldian erlijio guztientzako begirunea aldarrikatu zuen nazio-helburuak lortzeko bide gisa, baina ez zuen lortu bere herriko erlijio-taldeen erasoak, etnien arteko gatazkak, kasten zapalkuntza, pobrezia, ezjakintasuna eta osasun-egoera kaskarra gainditzea.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.