Sexologia

Sexologia sexu eta sexualitateari buruzko ezagutzak bildu egiten dituen giza- eta zientzia-diziplina da, alde biologiko, psikologiko zein soziologikotik. Arlo zenbaitetan egiten ditu bere ekarpenak: arlo klinikoan (pertsonen sexu- eta sexualitate-arazoak konponduz), sozialean (sexu- eta sexualitateri buruzko hezkuntza sustatuz eta sexualitatearen ongizatea bultzatuz), zientifikoan (sexualitatearen ikerketari ekinez) eta legalean (sexualitatearen inguruan zuzenbidearekin loturik dauden gaietan bere ekarpenak eginez). Diziplina zientifikoa denez, bereganatu egiten ditu zientziaren metodologiak: sexologiak sexu-errealitatea deskribatu egiten du, sexualitate-fenomenoen aurrekariak, ondorioak eta loturak bilatu; teoria berriak sortu ere egin ditu sexualitatearen inguruan, kategoria eta kontzeptu berritzaileei esker, dogma eta aurreiritzirik baztertuz [1]. Sexualitatea jakintzagai antzinatik izan bada ere, XIX. mendean hasi zen ikertzen sexualitatea metodologia zientifiko batetik, Charles Darwin, Heinrich Kaan eta Jean-Martin Charcoten lanen eskutik besteak beste. XX. mendearen hasieran, Sigmund Freudek sexualitatean oinarrituz osatu zuen teoriak sexualitatearen-ikerketari itzulezinezko bultzada eman zion. Garai horietan zabaldu zen higienerako kezkak ere sustatu zituen sexologia-ikerketak. Egun, sexologiak arlo anitzeko profesionalak biltzen ditu sexologo izenez: sendagileak, psikologoak eta hezitzaileak, besteak beste, sexu eta sexualitate gaietan bereziturik betiere.

Sexologo baten iragarkia Delhin.

Kanpo estekak

  1. (Gaztelaniaz) Romi, Juan Carlos. (2009). «La sexología: su delimitación conceptual» Revista de Psiquiatría Forense, Sexología y Praxis..
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.