Severo Ochoa

Severo Ochoa de Albornoz (Ḷḷuarca, Asturias, 1905eko irailaren 24a - Madril, 1993ko azaroaren 1a) espainiar mediku eta biokimikaria izan zen, 1956an estatubatuar herritartasuna hartu zuena. ADNari eta ARNari buruzko ikerketa garrantzitsuak egin zituen, azido nukleikoen biosintesia eta haien ezaugarriak aztertu baitzituen. Horretaz gain, oxidazio biologikoaren prozesu entzimatikoak eta energia-transferentzia ikertu zituen. Arthur Kornbergekin batera, Fisiologia eta Medikuntzako Nobel saria jaso zuen 1959an.[1]

Severo Ochoa

(1958)
Bizitza
JaiotzaḶḷuarca, 1905eko irailaren 24a
Herrialdea Espainia  1956)
 Ameriketako Estatu Batuak  (1956 -
BizilekuaEspainia
HeriotzaMadril, 1993ko azaroaren 1a (88 urte)
Hezkuntza
HeziketaUnibertsitate Zentrala
Madrilgo Complutense Unibertsitatea
New York University School of Medicine (en) Itzuli
Instituto San Isidoro (en) Itzuli
Hezkuntza-mailadoktoretza
Tesi zuzendariaOtto Fritz Meyerhof
Doktorego ikaslea(k)Arthur Kornberg
Santiago Grisolía García (en) Itzuli
Hizkuntzakgaztelania
Irakaslea(k)Juan Negrín
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakmedikua, unibertsitateko irakaslea, biokimikaria eta idazlea
Enplegatzailea(k)New Yorkeko Unibertsitatea
Heidelbergeko Unibertsitatea
Severo Ochoa Molecular Biology Center (en) Itzuli
Washingtongo Unibertsitatea
Madrilgo Unibertsitate Autonomoa
Jasotako sariak
KidetzaRoyal Society
Alemaniako Natur Zientzien Leopoldina Akademia
Sobietar Batasuneko Zientzien Akademia
Alemaniako Zientzien Akademia Berlinen
Zientzien Pontifize-Akademia
Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademia
Zientzien Errusiar Akademia
Real Academia Nacional de Medicina de España (en) Itzuli
Ameriketako Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionala
Reial Acadèmia de Medicina de Catalunya (en) Itzuli
Poloniako Zientzien Akademia

Find a Grave: 6946015 Edit the value on Wikidata

Lehen urteak

Severo Ochoa de Albornoz Ḷḷuarcan jaio zen, Asturiasen, 1905eko irailaren 24an, Severo Ochoa eta Carmen de Albornozen seme; zazpi neba-arrebatan gazteena zen. Aita seme txikienak zazpi urte zituenean hil zen eta, handik aurrera, neguak Malaga aldean igaro zituzten, hango klima leunak erakarrita. Bigarren mailako ikasketak Malagako Batxilergo Institutuan egin zituen, eta hango kimikako irakasleak piztu zion biziaren zientziekiko interesa. 1921ean batxilergoa amaitu zuenerako, argi zuen biologia esperimentala ikasi nahi zuela. Garai hartan, ordea, biologia ikasteko modurik onena medikuntza ikastea zen. Horregatik, eta Santiago Ramon y Cajal mediku eta irakasle nafarra asko miresten zuelako, Madrilgo Unibertsitatea aukeratu zuen Medikuntza ikasteko.[1]

Dena dela, Ochoak ez zuen mediku izan nahi. Haren gogoa, beste ezeren gainetik, egunen batean zientzialari handi izatera heltzea zen. Hala ere, Espainiak ez zirudien horretarako leku aproposena, zientzia-arloa nahiko ahaztuta baitzuten bertako biztanleek. Ramon y Cajal eta haren ikasleak alde batera utzita, puntako ikerkuntzan ari ziren bi zientzialari baino ez zeuden, biak Madrilgo Medikuntza Fakultatean: Juan Negrin fisiologiako katedraduna eta Teofilo Hernando farmakologiako katedraduna.[1]

Nolanahi ere, Ochoak ez zuen horrenbeste miresten zuen Ramon y Cajal ezagutzeko aukerarik izan, baina maisuaren izaera eta hark egindako lana erreferentzia garrantzitsua izan ziren hurrengo urteetan. 1982an, Ramon y Cajalen biografia baterako idatzitako epilogoan, honako hitz hauek idatzi zituen: "Espainiak inoiz izan duen zientzialari handienaren eta gizadiak inoiz izan duen handienetakoaren biografia duzu esku artean; nire ustean, Galileo, Newton, Darwin, Pasteur edo Einstein-en parekoa".[1]

Ikerkuntza eta trebakuntza

Unibertsitate ikasketen hirugarren mailan, Negrinek Fisiologia Saileko klase praktikoen arduradun izateko aukera eskaini zion. Hortxe, hain justu, hasi zuen Ochoak aurrerantzean etenik izango ez zuen ikerkuntza. 1927ko udan, Medikuntza bukatu gabe artean, Glasgowko Unibertsitatera joan zen, Nöel Paton doktorearekin batera lan egitera. Guanidinak igelen azaleko melanoforoetan duen eragina ikertu zuen eta, lortutako emaitzekin, aldizkari zientifiko ezagun batean (Proceedings of the Royal Society) bere lehenengo lana argitaratzea lortu zuen . Glasgowko egonaldia amaituta, Negrinen laborategira itzuli eta, Jose Garcia Valdecasas lagunarekin, giharretako kreatina zehazteko mikrometodo bat prestatu zuen. Asmakizun horren bidez lortutako emaitzekin, bigarren idazlan zientifikoa argitaratu zuen 1929an.[1]

1929an amaitu zituen medikuntzako ikasketak. Hala ere, hurrengo urteetan zientzialari handiekin lan egiten eta bere ikasketak osatzen jarraitu zuen. Alemaniara joan zen, Otto Meyerhofen laborategian lan egitera. Han, giharren biokimika eta fisiologia aztertu zituen.[1]

1931n, Carmen Garcia Cobian gijondarrarekin ezkondu zen. Urte berean, Madrilgo Unibertsitatean Fisiologia irakasle izendatu zuten, eta lan horretan aritu zen 1935. urtera arte. Dena den, ahal zuenetan atzerrira joaten zen, beste laborategi batzuetan lan egitera. Horrela, 1932an Londresera joan zen, Harold Dudley eta Henry Dalerekin batera entzimen inguruko ikerketa bat egitera.[1]

1934an itzuli zen Madrilera. Lehenik, Fisiologia eta Biokimika irakasle izendatu zuten; gero, Medikuntza Ikerketarako Institutuko Fisiologia Saileko zuzendari kargua eman zioten. 1936an, Heidelbergeko Meyerhof Laborategiko ikerkuntza laguntzaile gonbidatu izendatu zuten. Bertan, glikolisiaren eta hartziduraren zenbait urrats entzimatiko aztertzea izan zen haren lana. 1938tik 1941era, ostera, B1 bitaminaren funtzio biologikoa ikertu zuen Oxfordeko Unibertsitatean, Rudolph Petersen laborategian.[1]

Estatu Batuetara

Severo Ochoari omenaldia, Madrilgo Complutense Unibertsitatea

Bigarren Mundu Gerra piztu zenean, Severo Ochoa Oxforden zegoen lanean. Ikertzen jarraitu ahal izateko, Estatu Batuetara alde egitea erabaki zuen. Horrela azaldu zuen bere autobiografian: "1940ko abuztuko egun batean, Carmen eta biok Mundu Berrirantz abiatu ginen, triste baina esperantzaz eta itxaropenez beteak". 1941etik 1942ra Washingtongo Medikuntza Unibertsitate Eskolan jardun zuen, Carl eta Gerty Cori senar-emazteekin batera, entzimologiaren inguruko ikerketak egiten.[1]

Ikasten urte asko eman ondoren, 1942an New Yorkeko Unibertsitateko Medikuntza saileko lanpostu bat onartu eta bere kontura ikertzen hasi zen. Harik eta 1974an erretiratu arte, haren ibilbide zientifikoa unibertsitate horretan garatu zen, eta hainbat kargu izan zituen bere gain. 1956an, Estatu Batuetako nazionalitatea lortu zuen.[1]

Zenbait azido erribonukleiko mota sintetiza zitzakeen polinukleotido fosforilasa (RNA polimerasa) entzima aurkitzea izan zen haren lan nagusia, eta aurkikuntza horretaz baliaturik hainbat proteina sintetizatzea eta 21 aminoazidok herentzian duten eragina argitzea lortu zuen. Aurkikuntza horiengatik lortu zuen, batez ere, Fisiologia eta Medikuntzako Nobel saria 1959an, Arthur Kornbergi eta berari eman ziotena.[2]

1974an erretiroa hartu zuen baina, hala ere, ez zion lan egiteari utzi. New Jerseyko Hoffmann La Roche laborategien gonbidapena onartu eta Biologia Molekularreko Roche Institutura joan zen. Gainera, 1976tik aurrera Madrilgo Biologia Molekularreko Severo Ochoa Zentroko (CBMSO) ikerketa-talde baten ardura hartu zuen. 1986an Espainiara itzuli zen, eta zentro horretan lanean jardun zuen. 1993ko azaroaren 1ean hil zen Madrilen.[1]

Erreferentziak

  1. Astobiza, Amaia. Severo Ochoa, XX. mendeko biokimikaria. Elhuyar aldizkaria, 168. zenbakia, 2001/09/01, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2021-8-15).
  2. Lur entziklopedietatik hartua.

Kanpo estekak


This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.