Sestao
Sestao Bizkaiko ipar-mendebaldeko udalerri bat da, Bilboaldekoa. Ibaizabalen ezkerraldean dago.
Sestao | |||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Bizkaia, Euskal Herria | |||||||||||
Sestaoko Kasko plaza | |||||||||||
| |||||||||||
Administrazioa | |||||||||||
Estatua | Espainia | ||||||||||
Erkidegoa | Euskal Autonomia Erkidegoa | ||||||||||
Lurraldea | Bizkaia | ||||||||||
Eskualdea | Bilbo Handia | ||||||||||
Izen ofiziala | Sestaoko Kontzejua | ||||||||||
Alkatea | Ainhoa Basabe (EAJ) | ||||||||||
Posta kodea | 48910 | ||||||||||
INE kodea | 48084 | ||||||||||
Herritarra | sestaoar | ||||||||||
Kokapena | |||||||||||
Koordenatuak | 43°18′39″N 3°00′20″W | ||||||||||
Azalera | 3,5 km² | ||||||||||
Garaiera | 67 metro | ||||||||||
Distantzia | 7 km Bilbora | ||||||||||
Demografia | |||||||||||
Biztanleria | 27.834 (2023) 301 (2022) | ||||||||||
| |||||||||||
Dentsitatea | 8.671 bizt/km² | ||||||||||
Hazkundea (2003-2013)[1] | -% 9,12 | ||||||||||
Zahartze tasa[1] | % 22,58 | ||||||||||
Ugalkortasun tasa[1] | ‰ 39,43 | ||||||||||
Ekonomia | |||||||||||
Jarduera tasa[1] | % 78,19 (2011) | ||||||||||
Genero desoreka[1] | % 2,14 (2011) | ||||||||||
Langabezia erregistratua[1] | % 18,45 (2013) | ||||||||||
Euskara | |||||||||||
Euskaldunak[1] | % 17,7 (2010) | ||||||||||
Kaleko erabilera [2] | % (2016) | ||||||||||
Etxeko erabilera [3] | % 5.72 (2016) | ||||||||||
Datu gehigarriak | |||||||||||
Sorrera | 1805. urtea | ||||||||||
Webgunea | https://www.sestao.eus |
2023an 27.834 biztanle zituenez (EEI, 2023), Bizkaiko herri jendetsuenetan zazpigarrena da.
Toponimia
Kontzejuaren izenaren erregistrorik zaharrena 1322koa da, Portugaleteko Fundazio-Pribilegio gutunean: la desmeria de Santa Maria de Sesto[4]. Erdi aroko artxiboetan ez dator Sestao, Sesto baizik, forma osoagoaren herri-aldaera dena. Aldaera hori beste herri batzuetan ere aurkitu daiteke, Bilbao eta Bilbo edo Ugao edo Ubo. XVI. mendetik aurrera Sestao aldaera gero eta gehiago erabiltzen da dokumentuetan, forma bakarra bihurtu arte. Hala ere, XVII. mendearen erdira arte paper ofizialetan iraun zuen Sesto izenak[5].
Ikurrak
Armarria
Armarriak Sestaoko jarduera industriala islatzen du. Juan Francisco Yandiola alkatea zela aukeratu zen sinboloa. Elementu gisa honako hauek nabarmendu daitezke: Labe Garaiak bere tximiniekin, eraikinak fabrikekin, gurutzaontzia, aingura, arrauna eta pikotxa. 1890ko apirilaren 10eko udaletxeko osoko bilkuraren aktan deskribatua eta onartua izan zen[6].
Bandera
XX. eta XXI. mendeen bitartean berde eta beltz koloreek Sestao herria identifikatu dute, herriaren zenbait kirol talderen koloreak izan direlako, hala nola, Sestao Sport Club, Kaiku Arraun Kirol Elkartea edo Sestao River Club. Horregatik 2014ko martxoaren 17tik 22ra Udalak herri parte-hartzea martxan jarri zuen herritarrek proposatu ziren lau diseinuen artean aukeratzeko[7]. Diseinu horiek Juan José González bexilologoaren (Bizkaiko zenbait udalerrien banderen sortzailea) diseinuak ziren, aipatutako koloreak zituztenak. Irabazle atera zen bi marra horizontal, berdea eta beltza, zituen eta 2:3ko proportzioa zuen bandera[8].
- Bi marra horizontalek (goikoa berdea eta behekoa beltza) osatzen dute Sestaoko bandera errektangularra, armarria erdian duela.
Ekimena Bizkaiko Batzordeek onartu zuten eta 2016ko urriaren 1an[9][10], larunbatean, altxatu zen bandera lehendabizi. Banderak 1890ko herriaren armarria erakusten du erdian. Ordura arte, granate koloredun bandera bat erabiltzen zen (Bizkaiko beste udalerri asko bezala) erdian Sestaoren armarriarekin.
Geografia
Sestao udalerria Ibaizabal ibaiaren mendebaldean dago. Sestaoko erdigunea puntu gorenean 83,95 metro dauzkan muino batean ezartzen da, leunki Ibaizabal ibairantz altuera galtzen doana. Hegoalderantz ordoki hori bat-batean amaitzen da 50-60 metroko labar batean, bertan aspaldiko harrobi batzuk baitaude. Herriko gunerik lauenetan industria ezarri zen orain dela ehun urte baino gehiago, Galindo eta Ibaizabal ibaien ondoan hain zuzen.
Lurzorua
Duela 300 milioi urte Sestaoko udalerria sortzen duen lurra ura zen, itsasoaren azpian zegoen. Itsas hondoan sedimentuak pilatzen joan ziren urteetan zehar. Sedimentu horien artean zenbait izaki bizidunen gorputzak zeuden, urteak pasata fosilak osatuz. Belemnoidea, ammonoidea edo bibalbio bezalako fosilak aurkitu dira herrian[11]. Kretazeo Goiztiarran sortu ziren Meatzaldeko eta Sestaoko lurrak, baina oraindik itsas hondoan[12].
Zenozoikoan lurra urgaineratu zen, pilatutako sedimentuak altxatuz. Sestaoko lurzoruaren egitura Neozoikoan sortzen bukatzen da, glaziazio aroan, lurzoru alubial eta kareharriko formak eratuz.
Inguru naturala eta klima
Orain hiru mende, zelaiak, mahastiak eta padurak ziren nagusi gaur Sestao dagoen lekuan, eta 19 baserrik baino ez zuten herria osatzen. Udalerritik, Ibaizabalez gain, Ballonti eta Galindo ibaiak igarotzen dira. Ballontik Galindon isurtzen du, eta hau itsasadarrean hiltzen da, Barakaldorekiko muga eginez.
Sestaoko klima ozeaniko hezea da, korronte bero baten eragina duena, tenperatura epelekin, urte osoan. Euriak udazkenean eta udaberrian ugariak izaten dira, neguak leunak eta udak ez oso beroak. Dena dela, udan zein neguan, egun oso hotzak eta termometroa 40 °C-tik gora igotzen den egunak badaude.
Mugakideak
Mendebaldean Trapagaran udalerriarekin egiten du muga, iparraldean eta ekialdean Ibaizabal ibaiarekin, hegoaldean Barakaldorekin, eta ipar-mendebaldean Portugaleterekin.
Auzoak
- Albiz
- Azeta
- Kueto
- Kasko (Sestaoko erdigunea)
- La Iberia
- La Punta
- Markonzaga
- Rebonza
- Simondrogas
Historia
Antzinaroa
Ez dago informaziorik Sestaoko udalerriaren populaketa eta jatorriari buruz, baina inguruko beste toki batzuetan bezala, ondorioztatu daiteke erromanizazioa baino lehene Sestao osatzen duen lurraldea Autrigoien influentziapean zegoela, jatorri ezezaguneko herria. Garai horretatik aurrera bere bilakaera historikoa Euskal Herrikoaren berdina dela esan daiteke[13].
Erdi Aroa
Garaiko liburuek dioten bezala, 880 urtean gutxi gorabehera, Iberiar penintsulako iparraldean zenbait godo tribu lehorreratu ziren. Tribu horiek Bizkaiko eta Santanderreko kostaldeetan zehar hedatu ziren. Sarritan tokiko biztanleen aurka borrokatzen ziren, hauek haien lurraldea determinazioz babestuz[13].
XXI. mendea
1322koa da kontzejuaren lehendabiziko aipamen idatzia: Sesto.
Sestao udalerria 1805. urtean sortu zen, Somorrostroko Hiru Kontzejuetatik bereizi zenean, beraz, nahiko udalerri gaztea dela esan daiteke. Bilboko garapen industrialak bete-betean eragin zion herrixka baino ez zenari. Hazkundea XIX. mendearen bukaeratik aurrera nabarmendu zen, batez ere meatzaritzaren garapenarekin batera. Meatzaritzak altzairugintzaren garapena ekarri zuen eta Bilboko itsasadarretik hurbil arlo horretako hainbat industria ezarri ziren, Altos Hornos y Fábricas de Hierro y Aceros de Bilbao, La Vizcaya eta La Iberia, esaterako.
Hiru enpresa horiek izan ziren 1902an Bizkaiko Labe Garaiak enpresa sortu zutenak, 1990eko hamarkada erdialdera arte lanean ibilitako enpresa. Lan handieneko urteetan 10.000 langile inguru ere izan zituen, Sestao herriko familia ia guztiek kideren bat bertan lan egiten zutela esan liteke. Industriarekin batera nabigazioa ere garatu zen eta hainbat ontziola sortu ziren, horien artean Sestaoko La Naval.
1970eko hamarkadako krisialdiak gogorren eragin zien herrietako bat da Sestao. Sektore industrialaren erabateko garrantziak hondamendia ekarri zion herriari, industriak porrot egin baitzuen. Horrela, azken hogeita bost urteetan, herria aurrera ateratzeko ahaleginak egon diren arren, oraindik ere, krisialdian murgildurik dago Sestao. Ezegonkortasun politikoa, eta azkenaldian La Navalen izandako krisialdiak egoera zailago egin dute.
Sestaoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak proiektu bat martxan jarri nahi dute, etxebizitza zahar eta hondatuak bota eta berriak eraikitzeko, Urbinagatik Galindo ibaiaren iparraldean zehar dagoen gune batean.
- Sestaoren ikuspegia 1874an (Juan Barroeta)
- "Infanta María Teresa" gurutzaontzi akorazatuaren uretaratzea Sestaoko Astilleros del Nervión ontziolan 1890. urtean
- San Francisco de Mudela, 1887
- La Vizcaya, 1887
- Renfeko trena azken labe garaiaren aurrean
- Sestao Knutsen gasontzia, 2005ean
Demografia
1587. urtean Burgoseko elizbarrutiak egindako zentsu batek garaiko Enkarterrietako biztanleriaren datuak biltzen ditu. Sestaok urte horretan 25 biztanle zituen. Hurrengo mendean, 1644. urtean, Somorrostroko Hiru Kontzejuak 188 biztanle zituen, 1587an 225. Ondorioztatu daiteke Sestaoren biztanleriak ere jaitsiera ere izan zuela[6].
Sestaok 27286 biztanle zituen 2016. urtean. Udalerri moduan historia laburra izan arren, aldaketa handiak izan ditu hamarkada gutxian. Hasieran herrixka baino ez zena hiri industriala bilakatu zen urte gutxiren buruan. XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran, Bizkaiko Ibaizabal itsasadarraren inguruan garatzen ari zen industria eta meatzaritza zirela eta, ehunka etorkinek jo zuten Sestaora, Bizkaiko beste toki batzuetatik eta Espainiatik.
Meatzaritza eta altzairugintzaren garapenarekin batera, lantegi handiak ezarri ziren herrian, Bizkaiko Labe Garaiak enpresa esaterako. Hogeigarren mende hasierarako, Sestao Bizkaiko hirugarren herririk jendetsuena zen, Barakaldo eta Bilboren atzetik.
Biztanleriak hazten jarraitu zuen gerra zibilaren ondoren ere, baina Ezkerraldeko beste herrietan gertatu bezala, 1970. urtetik aurrerako krisialdi ekonomikoarekin batera, hazkunde hori eten egin zen. Eta biztanleriak beherako bidea hartu zuen.
Gaur egun, Sestao, Euskal Autonomia Erkidegoko herri handienen artean proportzioan biztanle gehien galtzen dituen udalerria da.
Biztanleriaren bilakaera
Sestaoko biztanleria |
---|
Politika
Alberto Lozano (Euzko Alderdi Jeltzalea) izan zen Sestaoko alkatea 2003ko hauteskundeez geroztik. Baina ez zuen gehiengorik udalean, Vecinos por Sestaorekin eta Ezker Batuarekin izandako koalizioa 2005ean hautsi ostean. 2003ko hauteskundeetan EAJk 6 zinegotzi lortu zituen, PSOEk 6, Vecinos por Sestaok 4, PPk 3 eta EBk 2. Boto kopuruari dagokionez, EAJk 4.801 boto lortu zituen, PSOEk 4.621, PPk 2.253 eta EBk 1.867. Baliogabeko botoak 1.029 izan ziren, Aralarrek 175 boto lortu zituen eta zuri bozkatu zutenak 159 izan ziren. Aipagarria da baliogabeko botoek izan zuten gorakada, ezker abertzaleak hauteskundeetara aurkezturiko zerrenda (Sestaorekin Bat) Espainiako Auzitegi Nazionalak baliogabe utzi eta gero.
2011ko udal hauteskundeen ondoren, Josu Bergara López hautatu zuten alkate, eta 2015eko eta 2019ko hauteskundeen ondoren berretsi egin zuen kargua.
Udal hauteskundeak
Sestaoko udalbatza | |||||
Alderdia |
2019ko maiatzaren 26a |
2015eko maiatzaren 24a | |||
Zinegotziak | Boto kopurua | Zinegotziak | Boto kopurua | ||
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ) | 11 / 21 |
13 / 21 |
|||
Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE(PSOE)) | 5 / 21 |
3 / 21 |
|||
Euskal Herria Bildu | 3 / 21 |
2 / 21 |
|||
Podemos-Ahal Dugu-Equo* | 2 / 21 |
2 / 21 |
|||
Alderdi Popularra (PP) | 0 / 21 |
1 / 21 |
|||
*2015eko hauteskundeetan Bai Ahal Da - Sí Se Puede Sestao (BAD-SSP Sestao) gisa aurkeztu zen koalizioa | |||||
Datuen iturria: Hauteskundeen emaitzak euskadi.eus webgunean |
Demokrazia garaiko alkateen zerrenda
Alkatea | Agintaldi hasiera | Agintaldi amaiera | Alderdia |
---|---|---|---|
Santiago Llanos del Río | 1979 | 1987 | Euskadiko Alderdi Sozialista |
Juan José Azpitarte Larrucea | 1987 | 1989 | Euskadiko Alderdi Sozialista |
José Pedro Milla Ortiz de Zárate | 1989 | 1995 | Euskadiko Alderdi Sozialista |
Segundo Calleja Macho | 1995 | 2003 | Euskadiko Alderdi Sozialista |
Alberto Lozano Ibarra | 2003 | 2007 | Euzko Alderdi Jeltzalea |
José Luis Marcos Merino | 2007 | 2011 | Euskadiko Alderdi Sozialista |
Josu Bergara López | 2011 | 2021 | Euzko Alderdi Jeltzalea |
Ainhoa Basabe Meléndez | 2021 | Jardunean | Euzko Alderdi Jeltzalea |
1805-1979 bitarteko alkateak
- 1805-1807: Francisco de Velasco
- 1807-1811: Pedro de Velasco
- 1811-1812: Ramón de la Llosa
- 1812-1813: Juan de Ariño
- 1813-1814: Ángel Mariano de Echevarría
- 1814-1842: José de Gandarias
- 1842-1843: José Arana
- 1843-1845: José de Gandarias
- 1845-1849: Vicente Bellido
- 1849-1851: Ramón Uraga (aita)
- 1851-1853: Pedro de Uriarte
- 1853-1854: Antolín Echevarría
- 1854-1855: Ramón Uraga (semea)
- 1855-1860: Gregorio de Vildosola
- 1860-1864: Pedro de Uriarte
- 1864-1866: Ramón Uraga (semea)
- 1866-1876: Pedro Nolasco
- 1876-1878: Santiago Arteagabeitia
- 1878-1883: Juan Francisco Yandiola
- 1883-1889: Avelino Barturen
- 1889-1893: Juan Francisco Yandiola
- 1893: Joaquín Insausti
- 1893-1895: Hilario de Ariño
- 1895-1897: Manuel Beltrán de Heredia
- 1897: Valentín Biguri
- 1897-1899: Fernando Olarán
- 1899-1905: Joaquín Insausti
- 1905-1909: Fernando Olarán
- 1909-1911: Victoriano Idígoras
- 1911-1920: José Trespaderne
- 1920-1922: Julián Garay
- 1922-1923: Ángel Berturen
- 1923-1929: Luis Ibarra Gandarias (Unión Patriótica)
- 1929-1930: David Juarreros Salinas (Unión Patriótica)
- 1930: Alejandro Cortadi
- 1930-1931: Urbano Olarán
- 1931-1934: Vicente Díez (PSOE)
- 1934-1936: Santiago Garmendia (PRR)
- 1936-1937: Vicente Díez (PSOE)
- 1937: Anastasio Cortadi
- 1937-1944: Mario Clérigo
- 1944-1949: José Azpichueta
- 1949-1959: Serafín Fernández Aguirre
- 1956-1970: Jesús Sainz Planillo
- 1970-1979: Guillermo Dorronsoro
Hirigintza
Parkeak
- Ondejeda / Las Camporrasː Sestaoko birika berdea, parkerik handiena da. Ibilbide botaniko bat du 33 zuhaitz mota ezberdinekin.
- Markonzagaː Izen bereko auzoan kokatutako parkea. Nabarmentze da erdian daukan anfiteatroa.
- Portopinː
- La Benediktaː
- Elizako parkeaː Udaletxe atzean dagoen parkea da, zenbait zuhaitzekin.
Azpiegiturak
Errepideak
- A-8 autobideak ez du sarbide zuzenik Sestaon. Autobidearen Barakaldo-Max Center merkataritza-gunearen irteera edo Portugaleterako irteera erabil daitezke udalerrira heltzeko.
- BI-3739 Bilbo - Santurtzi errepideak, Bilbo, Barakaldo, Sestao, Portugalete eta Santurtzi udalerriak lotzen ditu.
- BI-628 Ballontiko ardatza, 2007. urtean ireki zen A-8 autobidearen trafiko handia arintzeko asmoarekin. Errepidea Ortuella, Santurtzi, Portugalete eta Sestao udalerrietatik igarotzen da, eta Barakaldoko Lasesarre-Urban Galindo barrutiarekin lotzen da.
- BI-644 Sestaoko lotuneak, A-8 autobidea eta N-634 errepidea Sestaoko udalerriarekin lotzen ditu. Trapagaran eta Barakaldo udalerrietatik ere igarotzen da.
Metroa
Bilboko metroaren 2. lineak Sestao zeharkatzen du, Ezkerraldea, Bilbo eta Basauri lotuz. 2005ean heldu zen metroa herriko erdigunera. Udalerrian bi geltoki daude:
- Sestaoko geltokia, Kasko plazan kokatuta.
- Urbinagako geltokia, Simondrogas auzoan kokatuta.
- Abatxoloko geltokia Portugaleten kokatzen den arren, Azeta irteera Portugalete eta Sestao udalerrien arteko mugan dago.
Trena
Herriaren ekialde eta hegoaldetik Renfeko Aldirien zerbitzua dabil. Ekialdetik Bilbo eta Santurtzi arteko C-1 trenbidea ibiltzen da. Trenbideak metroa baino arrakasta txikiagoa dauka, izan ere, herriaren ekialdean eta behealdean biztanle gutxi bizi da, eta geltokiak erdigunetik kanpo daude. Gainera, trenbideak eta metroak antzeko ibilbideak egiten dituzte. Bestalde, C-2 trenbidea Bilbo eta Muskiz lotzen ditu. Linea honetan geltoki bakarra dago Sestaon. Renfeko aldirien hurrengo geltokiak udalerri barruan daude:
- Sestaoko geltokia, C-1 linean, Urbinaga auzoan kokatuta.
- La Iberia geltokia, C-1 linean, izen bereko auzoan.
- Galindoko geltokia, C-2 linean, izen bereko auzoan.
Autobusa
Bizkaibus hiriarteko autobus zerbitzuak Sestao lotzen du Ezkerraldeko gainontzeko udalerriekin, baita Euskal Herriko Unibertsitateak Leioan daukan kanpusarekin. Hurrengo lineak udalerritik pasatzen dira
- A3131 Barakaldo - Sestao - Errepelega
- A3142 Santurtzi - Barakaldo - Retuerto - Kareaga
- A3331 Sestao - Trapagaran
- A3335 Muskiz - Sestao
Zubiak
2007. urtean Javier Manterola ingeniariak diseinaturiko zubia inauguratu zen Galindo ibaiaren gainean. Zubiak Barakaldoko Lasesarre auzoa eta Sestaoko La Punta auzoa elkartzen ditu Ballontiko korridorearen hegoaldeko muturrean[14]. 110 metroko luzera eta 27 metroko zabalera ditu pasabideak.
- El Carmen zubi zaharra eta zubi berria atzean.
Euskara, kultura eta kirola
Ikastetxeak
Sestaok haur, lehen eta bigarren hezkuntzak ikasteko zentroak ditu[15].
Haur hezkuntza
- Vista Alegre Haurreskola
- Haurreskola Markonzaga
- Amor Misericordioso Ikastetxea
Lehen hezkuntza
- Albiz Ikastetxe Publikoa
- Vista Alegre Ikastetxea
- Amor Misericordioso Ikastetxea
- Markonzaga Ikastetxe Publikoa
- Begoñako Andra Mari Ikastetxea
- Kueto Ikastetxe Publikoa
Bigarren hezkuntza
- Saturnino de la Peña institutua
- Ángela Figuera institutua
- Amor Misericordioso Ikastetxea
Dantza taldeak
- Arriskugarri Dantza taldea. 1977. urtean sortua.
- Eusko Lorak Dantza eta Txistu taldea. 1957. urtean sortua.
- Salleko Dantza eta Txistu taldea. 1962. urtean sortua.
- Triana taldea.
Jaiak
Herriak hiru egunetan ospatzen ditu jaiak:
- Ekainaren 29an, San Pedro jaiak.
- Uztailaren 31n, San Inazio.
- Uztailaren 25ean, Santiago.
- Abuztuaren 30ean, Santa Rosa.
- Irailaren 29an, San Miguel.
Kirol taldeak
- Sestao River Club, futbol taldea.
- San Pedro Kirol Elkartea, futbol taldea.
- Kaiku Arraunaren Kirol Elkartea.
- Iberia Arraun Elkartea.
Ondasun nabarmenak
Eraikin erlijiosoak
- Santa Maria elizaː Sestaoko erdigunean kokatuta dago.
- Begoñako Andra Mari eliza.
Eraikin industrialak
- Bizkaiko Labe Garaietako 1. Labe Garaia.
- Bizkaiko Labe Garaietako Ikastunen Eskola.
- Begoñako Andra Mari eliza
- La Protectora etxebizitzak
Sestaoko Etxe Handia
Sestaoko Etxe Handia 1892. urtean Sestaoko Simondrogasen eraikitako etxebizitza sail bat zen. Garai hartan industria gune askotan eraikitako etxebizitza askotan bezala, industrian lan egiten zutenen familiak bizi ziren han. XX. mendearen bigarren erditik aurrera, eraikinaren egoera okertuz joan zen mantenu faltak eraginda. Pixkanaka, ijito familiek jatorrizko langileen familiak ordezkatu zituzten eta 2000. urterako, eraikineko biztanle gehienak etnia horretako pertsonak ziren.
Sestaoko udalak eraikinaren kanpoaldeko itxurari eta barrualdeko egiturari eusteko neurriak hartu zituen. Eta 2005. urtean, Eusko Jaurlaritzako etxebizitza sailak "Sestao Bai" elkartea aurkeztu zuen, udalarekin batera Sestaoko gune jakinak berriztatzeko, horien artean Simondrogas auzunea. Proiektu horren arabera, etxebizitza blokerik zaharrenak eta egoerarik txarrenean zeudenak eraitsi eta 1.500 etxebizitza berri eraikiko ziren auzunean, eraitsi beharreko blokeen artean zegoen Sestaoko Etxe Handia.
2008ko ekainean, eta hilabetetako atzerapenaz, Etxe Handia 2008ko irailean eraitsiko zela esan zuen Eusko Jaurlaritzak, pixkanaka, eraikineko ijito familiak, Bilboaldeko babes ofizialeko etxebizitzetara joan ziren, eta eraikina hustuz joan zen. Urte hartako irailerako, eraikina hutsik zegoen. 2008ko urriaren 2an, sutea piztu zen eraikinaren hirugarren solairuan arratsaldeko zortziak aldera, ustez nahita[18]. Eraikinaren egurrezko egitura zela eta, erraz zabaldu zen sua eraikin osoan. Suhiltzaileek ezin izan zuten sua amatatu, eta ordu gutxiren buruan, eraikinaren gehienak behera egin zuen. Zutik geratu zena eraitsi egin zuten, hurrengo egunean, makinez.
Sestaoar ospetsuak
- José Santos de la Hera (1792-1859), militarra.
- Blas Villate (1824-1882), militarra eta politikaria.
- César del Villar (1843-1917), militarra eta politikaria.
- Domingo Uriarte Arteagabeitia, "Rebonzanito" (1894-1971), toreatzailea.
- Diego Mazkiaran, "Fortuna" (1895-1940), toreatzailea.
- Florentina Tasende (1896-1967) ANV-EAEko politikaria.
- Aurora Arnaiz (1913-2009), ezkertiar politikaria, irakaslea, idazlea. Mexikon erbesteratuta hil zen.
- German Aldama (1918-1994) Sestaon 1948 eta 1952 urteen artean aritutako apaiza.[19][20]
- Jose Luis Lopez Panizo , "Panizo" (1922-1990), futbolaria.
- Sabina de la Cruz (1929-2020), poeta, irakaslea, eta idazlea.
- Angel Landa (1935), alpinista.
- Norberto Torres "Txirri" (1945- ), traineruetako patroia.
- Fidel Uriarte (1945), futbolaria.
Erreferentziak
- Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
- «Kaleko erabilera herrialdez herrialde» Euskararen erabilera (Wikipedia).
- «Etxeko erabilera» Euskararen erabilera (Wikipedia).
- (Gaztelaniaz) Colección documental del Archivo Municipal de Portugalete. Eusko-Ikaskuntza 1987 ISBN 84-86240-52-2. PMC 18259311. (Noiz kontsultatua: 2020-09-14).
- Tejedor, Jorge Luis.. (2016). Sestaoko toponimia = Toponimia de Sestao. Euskaltzaindia = Real Academia de la Lengua Vasca ISBN 978-84-944512-7-0. PMC 1030407876. (Noiz kontsultatua: 2020-09-14).
- Mújica, José Angel.. (D.L. 1984). Apuntes para una historia de Sestao. Caja de Ahorros Vizcaína ISBN 84-505-0440-6. PMC 434640473. (Noiz kontsultatua: 2020-09-02).
- (Gaztelaniaz) «Ayuntamiento de Sestao - El Ayuntamiento realiza una encuesta para elegir la bandera de Sestao» www.sestao.eus (Noiz kontsultatua: 2020-09-02).
- Batzar, Euzkadi Buru. «Sestaoko Udalak udalerriko bandera berria goratuko du bihar» SESTAO (Noiz kontsultatua: 2020-09-02).
- «Las Juntas dan luz verde a la nueva bandera de Sestao . El Correo» El Correo 2016-06-17 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2016-06-17) (Noiz kontsultatua: 2020-09-02).
- Press, Europa. (2016-06-15). «Las Juntas de Bizkaia ratifican la bandera de Sestao» www.europapress.es (Noiz kontsultatua: 2020-09-02).
- «Fósiles de Bizkaia - Registro Paleontológico» sestaoregistrofosil.com 2020-02-22 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2020-02-22) (Noiz kontsultatua: 2020-09-01).
- Hazera, Jean.. (1977). Historia de la Ría de Bilbao en la Era Cuaternaria. Caja de Ahorros Vizcaína, 26 or. ISBN 84-500-1701-7. PMC 434075734. (Noiz kontsultatua: 2020-09-01).
- «Sestaoko Udala - Sestaoko historioa» www.sestao.eus (Noiz kontsultatua: 2020-09-15).
- Guía de Arquitectura Urbana de Sestao. .
- «Sestaoko Udala - Hezkuntza eta Irakaskuntza» www.sestao.eus (Noiz kontsultatua: 2020-09-14).
- «Sestaoko Udala - La Benedicta polikiroldegia» www.sestao.eus (Noiz kontsultatua: 2020-09-14).
- «Sestaoko Udala - Las Llanas polikiroldegia» www.sestao.eus (Noiz kontsultatua: 2020-09-14).
- (Gaztelaniaz) 20minutos. (2008-10-03). «Un incendio arrasa la Casa Grande de Sestao» www.20minutos.es - Últimas Noticias (Noiz kontsultatua: 2020-09-02).
- (Gaztelaniaz) «D. German Aldama. El Cura de La Campa. Foto cedida por José Luis Lobato. .» Sestao en el Recuerdo. (Sestao en el Recuerdo. Su historia en imágenes.) (Noiz kontsultatua: 2024-04-04).
- (Gaztelaniaz) «Título: German Aldama. Un nuevo Cura de Ars de Antonio Villarejo: Buen ...» www.google.com (Noiz kontsultatua: 2024-04-04).