Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa
Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE) edo Unibertsitatera Sartzeko Hautaprobak (antzina modu ofizialean eta gaur jendartean bakarrik Selektibitatea) unibertsitate ikasketak, unibertsitate publikoetan zein pribatuetan, egin nahi dituzten Espainiako ikasleek egin behar duten azterketa multzoa dira. Unibertsitate publikoetan, Espainian, batxilergoko espedienteari %40 eta hautaprobetako emaitzei %60ko balioa ematen zaio, irakasgaiak desberdin ponderatuz egin nahi den ibilbidearen arabera. Unibertsitate pribatuetan hautaprobetako emaitzak kontuan hartu ohi dira baina unibertsitate pribatu bakoitzak irizpide propioak ezar ditzake.
Selektibitatearen helburu nagusia, batxilergoan eskuraturiko ezagutzak eta gaitasunak erakusteaz gainera, batxilergoko ikasketak bukatu duten ikasleei kalifikazio bat jarri eta kalifikazio horretan oinarrituz unibertsitaterako sarrera mugatzea da, unibertsitateetan karrera bakoitzak duen plaza kopurua edo numerus clausus zein den. Horrela, ikasleek egin nahi dituzten ikasketak egin ahal izateko atera behar duten gutxienezko kalifikazioari ebaki nota deritzo.
Selektibitate-probak protestak eragin izan ditu ikasleen artean, ikasteko eskubidea mugatu egiten duela argudiatuz. Unibertsitate ikasketak egiteko beharrezko titulazioa ez duten 25 urtetik gorako pertsonentzat unibertsitaterako sarbide sarrera-proba bereziak daude.
Sorrera eta bilakaera
Selektibitate proba 1974. urteko legeaz ezarri zen [1], orduko Hezkuntza Ministroa zen Cruz Martínez Esteruelas-en eskutik. Hori baino lehenago, 1970. urteko Hezkuntza Lege Orokorrak ikasleak hartzeko balorazio irizpideak finkatzeko eskumena eman zien unibertsitateei. Horrela, ikasle kopurua murrizteko numerus clausus edo fakultateek onartzen zuten ikasle kopuru maximoak ezarri ziren, Medikuntza Fakultateetan batez ere. Horretarako, unibertsitate bakoitzak bere frogak ezarri zituen[2]. 1974ko Selektibitate Legeak proba hauek finkatu zituen Espainiako unibertsitate guztietarako. Legeak ikasleen aukera berdintasuna aipatzen bazuen ere justifikazio gisa, unibertsitateetan nabaritzen hasia zen masifikazio arazoari aurre egiteko ezarri zen legea [3].1975. urtean burutu zen lehenengo selektibitate froga, ikasleen protesten artean selektibitatearen legeak unibertsitateen finantzazio eskasak zekartzan zailtasunei plaza kopurua ikasleen sailkapenez aurre egitea zuelako helburu [4].
Kritikak eta protestak
Unibertsitatera sartzeko hautaproben hainbat kritika plazaratu dira. Ikasleen ikasteko eskubidea murrizteko tresna direla, eta abar.[5]
- Selektibitatearen aurkako pankarta, selektibitatea egin zain dauden ikasleen gainean. Donostiako kanpuseko gelategia, 2009ko ekaina.
- Selektibitatearen aurkako pankarta: Bienvenidxs a la selectividad española. Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskola, 2009ko ekaina.
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) ORTEGA, Victorino; 9. orr.
- Parada Vázquez, J. R., Cámara del Portillo, D.: La enseñanza libre y el derecho a examen en la educación universitaria, 80. orr.
- Ibidem, 81. orr
- (Gaztelaniaz) Luengo Martínez, Lucía; Serrano Giménez, Maria: La universidad antifranquista en los años setenta. 2009-05-25.
- «“Selektibitateari ez”, Mikel Basabe» Hala Bedi (Noiz kontsultatua: 2022-09-23).
Bibliografia
- (Gaztelaniaz) ORTEGA, Victorino; Selectividad y educación, Fundación Foessa, Cáritas Española, 1974 ISBN 84-240-0297-0, 9788424002978.
- (Gaztelaniaz) [PARADA VAZQUEZ, J. R., CÁMARA DEL PORTILLO, D.; La enseñanza libre y el derecho a examen en la educación universitaria, Revista de Administración Pública, 117, 1988.
Ikus, gainera
- Baxoa: frantses estatuan eta beraz, Ipar Euskal Herrian egiten den pareko proba.