Sektore-diagrama

Sektore diagrama edo zirkulu diagrama zenbakizko datuak irudikatzeko datu-diagrama bat da, hainbat sektore edo zatitan banatutako zirkulu baten itxura duena. Zirkuluko zatiak irudikatu nahi diren kopuruen arabera eratzen dira. Kopuru horiek zenbakizko datu hutsak (adibidez, hauteskundeetan alderdi politkoek hiri batean izandako botu-kopuruak) nahiz datu-multzo batetik eratorritako maiztasunak izan daiteke (adibidez, ikasleei zenbat irakasgai gainditu duten galdetu eta gero, irakasgai kopuru bakoitzeko ikasle kopuruak). Sektore-diagrama adierazgarriagoa izan dadin, sektore bakoitzari dagokion kopuruak ere diagraman adieraztea gomendatzen da. Gehien erabiltzen den datu-diagrametako izan arren, txosten tekniko eta zientifikoetarako ez da gomendatzen, begi bistan sektoreak alderatzeko zailtasunagatik bereziki.

Hauteskundeetan alderdiek eskuraturiko portzentajeak irudikatzen dituen sektore diagrama.

Eraketa

Sektore diagrama aldagai kategoriko, nominal eta ordinalak irudikatzeko erabiltzen da. Horretarako aski da aldagai horietako klaseak hartu eta zutabe banatan jarririk, elementuak zenbatu eta zenbaketa horien batezbestekoak sektore-diagramako sektoreen erradiotzat hartzea. Erradioa hiruko erregela aplikatuz kalkulatuko, lagin tamaina totaltzat harturik. Adibidez, adierazi nahi diren kopuruak 30-40-10-20 badira, totala 100 denez, erradioak 30/100, 40/100, 10/100 eta 20/100 izango dira. Eta horrela 0.1, 0.2, 0.3 eta 0.4 balioak irudikatuko ditugu zirkuluan.

Beste aukera bat maiztasun kategorikoetatik abiatzea da, horretarako datu kualitatiboak bakarrik hartuz. Adibidez, a-a-a-a-b-b-b-c-c-e baditugu, lagin tamaina 10 da, eta orduan maiztasun kategorikoak 4,3,2 eta 1 dira. Maiztasun kategoriko horiek maiztasun kategoriko handienarekin zatitzen dira, 4/4=1, 3/4=0.75, 2/4=0.5 eta 1/4=0.25 eta horrela zirkuluko sektoreen erradioa lortuko dugu, zirkulu osoaren azalera maiztasun kategorikoen batura izanik, hau da 10.

Erabilera eta beste datu-diagramekin konparazioa

Sektore diagramak eta zutabe diagramak erkatuz. Zutabe diagramak hobesten dira.

Komunikabideetan eta enpresa munduan erruz erabiltzen bada ere, ez da gomendatzen txosten tekniko eta zientifikoetarako, sektore ezberdinak euren artean alderatzearen zailtasuna dela eta. Egokia izan daiteke, ordea, sektore bat zirkulu osoarekin alderatzeko (sektoreak %25etik %50erako magnitudea adierazten duenean gehien bat). Edonola ere, adierazgarriagoa izan dadin, sektoreak tamainaren arabera ordenaturik egotea (erlojuaren norabidean, adibidez) eta kopuruak ere adieraztea sektoreen barnean edo horien ondoan.

Ez da batere egokia aldagaiak kategoria edo balio ezberdin asko hartzen dituenean. Kasu horietarako, zutabe-diagramak hobesten dira. Datuek balio desberdin asko hartzen dituztenean, berriz, histograma izaten da diagrama egokiena.

Aldaerak

  • Banatutako sektore diagrama: sektoreak bereizi egiten dira; horien neurria nabarmentzen aldera.
  • Hiru dimentsiotako sektore diagrama: ustezko estetika arrazoiak direla eta erabiltzen da, baina ez da gomendagarria, horrela diagramak argitasuna galtzen baitu.
  • Sektore diagrama errepikatuak: sektore multzo batek zati txikia hartzen duenean erabiltzen dira, sektore multzo txikia beste zirkulu batean zabalduz, zatiketa argiroago azaltzeko.
  • Kartograman lekututako sektore-diagramak lurralde ezberdinetako sektore diagramak, aldagai edo magnitude berari buruzkoak, batera jartzen direnean sortzen dira. Lurralde ezberdinetako sektore diagramak erkatzeko erabiltzen dira.
  • Marrazki edo komiki moduko sektore diagramak ere marraz daitezke, baina argitalpen informaletara mugatu behar dira, edo komikiak berak datuak ezagutzeko interesa piztu nahi denean bakarrik erabiliko dira (osasun kanpaina publikoak, esaterako). Txosten tekniko eta zientifikoetatik erabat baztertu behar dira.


260
Banatutako sektore-diagrama.
250
Estatu Batuetako energia-iturrien proportzioak adierazten dituen hiru dimentsiotako sektore diagrama
360
Artizarrako atmosferaren osaketa erakusten duen sektore diagrama bikoitza. Diagrama nagusian gas nagusiak adierazten dira. Kopuru txikian dauden gasak beste sektore diagrama batean erakusten dira.
95
Jendearen arreta erakartzeko sektore-diagrama.
270
Estatu Batuetako jatorri etnikoa, estatuaren arabera, erakusten dituzten sektore diagramak, kartograma batean jarrita.

Azalera polarreko diagrama

Sakontzeko, irakurri: «Azalera polarreko diagrama»

Florence Nightingale erizainak lehen aldiz eratu zuen arrosa-diagrama edo azalera polarreko diagrama sektore diagramaren antzeko diagramak dira, non datuak angeluen bitartez adierazi ordez, angeluko bereko sektoreen azaleren bitartez irudikatzen diren datuak.

Arrosa-diagrama, zeinaren bitartez Florence Nightingale erizanika bi urtetan zehar bi arrosen bitartez, hilabetez hilabete, soldaduen heriotza arrazoiei buruzko datuak irudikatu zituen.

Historia

Sektore diagramaren asmakuntza William Playfair ekonomialariari zor zaio. 1801eko Statistical Breviary liburuan ezagutzen diren lehenengo bi sektore diagramak argitaratu zituen.

Asmakuntza ondorengo urteetan ez ziren gehiago erabili harik eta Charles Joseph Minard estatistikariak XIX. mendearen erdialdean berriz ere erabili zituen arte.

Bibliografia

  • Cleveland, William S.. (1985). The Elements of Graphing Data. Pacific Grove, CA: Wadsworth & Advanced Book Program ISBN 0-534-03730-5..
  • Good, Phillip I. and Hardin, James W. Common Errors in Statistics (and How to Avoid Them). Wiley. 2003. ISBN 0-471-46068-0.
  • Guerry, A.-M. (1829). Tableau des variations météorologique comparées aux phénomènes physiologiques, d'aprés les observations faites à l'obervatoire royal, et les recherches statistique les plus récentes. Annales d'Hygiène Publique et de Médecine Légale , 1 :228-.
  • Harris, Robert L.. (1999). Information Graphics: A comprehensive Illustrated Reference. Oxford University Press ISBN 0-19-513532-6..
  • Palsky Gilles. Des chiffres et des cartes: la cartographie quantitative au XIXè siècle. Paris: Comité des travaux historiques et scientifiques, 1996. ISBN 2-7355-0336-4.
  • Playfair, William, Commercial and Political Atlas and Statistical Breviary, Cambridge University Press (2005) ISBN 0-521-85554-3.
  • Spence, Ian. No Humble Pie: The Origins and Usage of a statistical Chart. Journal of Educational and Behavioral Statistics. Winter 2005, 30 (4), 353–368.
  • Tufte, Edward. The Visual Display of Quantitative Information. Graphics Press, 2001. ISBN 0-9613921-4-2.
  • van Belle, Gerald. Statistical Rules of Thumb. Wiley, 2002. ISBN 0-471-40227-3.
  • Wilkinson, Leland. The Grammar of Graphics, 2nd edition. Springer, 2005. ISBN 0-387-24544-8.

Kanpo estekak


This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.