Segoviako ihesa
Segoviako ihesa 1976ko apirilean gertatu zen, Espainiako trantsizioaren hasieran, Segoviako kartzelan preso zeuden 29 ekintzailek espetxe hartatik ihes egin zutenean. Ekintzaile horietatik gehienak etakideak ziren, baina baziren zenbait ekintzaile katalan antifrankista ere. Ihes egiteko, tunela zulatu zuten ur zikinen isurbide batean zehar. Kanpoan lau ekintzaile zituzten zain, ihesaldian laguntzeko. Biharamunean, Nafarroako Pirinioetatik muga igarotzeko ahaleginetan, Guardia Zibilarekin aurrez aurreko batean kataluniar preso bat hil zuten, Oriol Solé Sugranyes, MIL erakundeko ekintzailea. Frantziako muga igarotzea lortu zuten bost iheslariak izan ezik, Espainiako segurtasun indarrek beste guztiak atxilotu zituzten hurrengo egunetan zehar. Lehenago, beste ihesaldi saio bat izan zen 1975eko uztailean, poliziak kanpoko komando laguntzailean El Lobo izeneko infiltratua sartuz zapuztu zuena. Ihesaldiak 1981eko Segoviako ihesa film ospetsua inspiratu zuen.
Segoviako ihesa | |||
---|---|---|---|
| |||
Mota | kartzelatik ihes egitea | ||
Data | 1976ko apirilaren 5a | ||
Kokaleku | Old prison of Segovia (en) | ||
Herrialdea | Espainia | ||
Partehartzaile kopuru | 29 | ||
Parte-hartzaileak | |||
Aurrekariak
Francisco Franco diktadorea hil eta berehala, Joan Karlos I.a Espainiakoaren koroatu eta berehala, indultu zabal bat eman zuen gobernu hasi berriak, zeinari buruz Francoren diktaduraren azkena izan zela esan daitekeen, "Franco Jeneral Goren ospetsuaren oroimenez" burutu baitzen. 1975eko azaroaren 25eko indultu horrek 700etik gora preso kaleratu zituen, baina horietatik gutxi izan ziren preso politikoak. Indultu horrek ez zituen noski gizarteko sektore zabaletatik eskatzen zen aldaketa eskakizunak apaldu eta amnistia aldarri bilatu zen kalean.
Inguruabar horietan ETA politiko-militarrak Segoviako espetxetik ihesaldia antolatzea erabaki zuen. Ihes egindako Bixente Serranoren hitzetan, berriz: «Ihes egitea obligazioa da, Euskadirekiko konpromisoa».[a 1] Ihesaldian, bigarren saioan alegia, lagundu zuen Miren Amilibiaren esanetan: «Guretzat garrantzitsua zen frogatzea sistema hautsi egin zitekeela eta bereziki tresna esanguratsuenetik, espetxetik alegia. Franco hil berria zen, baina egoera ez zen aldatu. Eta irteteko eskubidea zuen jendea kaleratzen saiatzeari ekin behar geniola pentsatzen genuen».[1]
ETAko presoen aurreko ihesaldiak
Segoviako ihesa baino lehenago, Espainian preso zeuden etakideen ihesaldi zenbait izan ziren. 1969. urtean, 10 etakidek eta 5 preso arruntek egin zuten ihes Basauriko espetxetik. Ihes egindako etakideek muga igaro eta Frantzian babestea lortu zuten. Urte berean, Xabier Izko de la Iglesia eta Gregorio Lopez Irasuegi Iruñeko espetxean atxilotu zituzten pistola batez armaturik bertan preso zegoen Arantxa Arruti askatzeko asmotan zebiltzala. Izko de la Iglesia zauriturik suertatu zuen ekintza horretan. 1970. urtean, Burgosko prozesuko epaituek ihes egiteko saioa prestatu zen, tunel bat zulatuta orduan ere, baina azken murrua ezin izan zuten zulatu. 1971. urtean, Zamorako espetxean preso zeuden Hego Euskal Herriko apaiz zenbaiten zulatutako tunel baten bitartez egindako ihesaldi saioa ere zapuztu egin zen. 1973. urtean, Martuteneko espetxean preso zegoen Jon Urzelai etakideak ihes egin zuen Donostiako ospitale batetik, gaixo zegoela eta espetxetik hara eraman ondoren. Urte berean, Agustin Asteasuinzarra Loiolako kuarteletatik ihes egin zuen.[2][3]
Lehenengo ihesaldi-saioa
Segoviako espetxea, ofizialki Prisión Central de Segovia, 1960ko hamarkadan hasi zen preso politikoak hartzen. Hiriaren erdigunean zegoen. Laukizuzen itxurako oinplanoa zuen eta barruan gurutze bat osatzen zuten bi gela-galeria zeuden; erdian, panoptiko moduan, galeria guztiak kontrolatzeko beirazko instalakuntza bat zegoen.[a 2] Bereziki espetxe zigor gogorrak zituzten presoak biltzen ziren han.[a 3] 1974 urteko erdialdean preso kopurua nabarmen handitu zen eta segurtasun arrazoiengatik hainbat lan burutu ziren espetxean. Lan horien ondoren, presoak komun bat guztiz itxi zutela konturatu ziren. Horra sartzeko zulo bat egin eta beste tunel batez kanpora irteteko proiektua egin zuten, itxitako komuna materiala gorde eta lanak burutzeko erabiliz. Komun itxi horretara sartu eta irteteko propio egindako sei baldosetako ate txiki bat erabili zuten. Proiektuari Pontxo operazioa deitu zioten, espetxeko tailerretan pontxoak egiten zituztenez, presoen artean proiektuari buruz hitz egiteko hitz egokia zelako. 1975eko otsailerako 100 preso politiko inguru zeuden espetxean, horietatik 30 ETA-VI, ETA(pm) eta ETA(m) erakundeetakoak. ETA-VI erakundekoekin harremanetan jarri eta azkenean denek batera lan egitea erabaki zuten.[a 4] Taxuz garatutako proeiktua izan zen eta segurtasun-neurri zorrotzak ezarri zituzten, hala nola, zaintzaleen ohiturak arretaz jarraitu zituzten; zulaketa-lanek zarata sortzen zutenean, beste preso guztiek ere zarata sortuz eta lanak aurreratu arte erakundeko kanpoko egiturei saioaren berri ez ematea erabaki zen[a 5] Erakundeari jakinarazi zitzaionean[ohar 1], pistolak, metrailetak, dirua, zerrak, limak, eskuko argiak, walkiak eta argazki kamara bat sartzea lortu zen, ihes egin behar zuten preso guztiei argazki bana atera eta nortasun-agiri faltsuak egiteko. Horretarako, kanpoko komando laguntzailearekin uztailaren 26a adostu zen isurbidean, haiek goizean materiala utzi eta preso batzuek arratsaldean jaso zezaten.[a 6] Azkenean, guztira iheslariak 52 preso izango zirela erabaki zen.[a 7] Saioak porrot egin zuen poliziak planaren berri izan zuenean Madrilera presoei ihesaldian laguntzera joandako ETA (pm)ko komandoaren barnean zegoen Gorka (Mikel Lejarza, El Lobo ezizenez) infiltratuari esker. Horri esker, uztailaren 30ean ihesaldian lagundu behar zuen komandoa harrapatu zuen poliziak Madrilen. Poliziaren segadan Josu Mujika Aiestaran etakidea hil zen. Horrela, abuztuaren 5ean izan behar zen ihesa zapuztuta geratu zen, polizia eta funtzionarioek tunelaren sarrera aurkitu baitzuten, kostata hala ere, miaketa zorrotza egin ondoren. Tunela aurkitzeko eman zuten denbora luzea dela eta, presoen artean ihesaldi suizida proposatzera heldu zen, kanpoko laguntzarik gabe, azkenean poliziak tunela aurkitzean bertan behera geratu zena.[a 8] ETAk ez zuen infiltratuaren berririk eta atxilotutako komandoari preso guztiei modu klandestinoan eta nortasun-agiri faltsuak egiteko ateratako argazki bana aurkitzearen ondorioa izan zela uste izan zen.[a 9]
Bigarren ihesaldi-saioa
Ihesaldi saioak porrot egin arren, berehala ekin zioten presoek beste ihesaldi bat prestatzeari. Presoek komunikatu bat igorri zuten kanpora, ETAren Hautsi boletinean argitaratu zena. Bertan honela adierazten zuten: «Kolpe gogorra eman digute, baina etzazue pentsa lur jota utzi gaituztenik, moralik gabe. Egintza bakoitza, pauso iraultzaile bakoitza garaipen bilakatzen jakin behar da, modu isolatuan hartuta porrotak izan arren.»[a 10] Erakundeak proposatuta, lehen ihesaldiari buruzko liburu bat idatzi zen porrotaren ondoren, preso zegoen Bixente Serrano Izko Intxixuren eskutik, gerora Julen Agirre pseudonimoaren bitartez argitaratuko zena.[a 11] Abuztu eta irailean zehar Txiki eta Otaegiren aldeko gose greba bati ekin zioten presoek eta horregatik zigorrak jasan zituzten presondegiko arduradunen aldetik; besteak beste, 12 preso Puerto de Santa María espetxera eraman zituzten[a 12] Erakundeak bidalitako txosten bati esker, lehenengo saioaren porrota El Lobo infiltratuak eragin zuela jakin zuten garai horretan.[a 13]
Bigarren ihesaldirako, kanpora eramango zituen tunel bat zulatzea erabaki zen, lehenengo saioan bezala. Horretarako, horretarako leku egokiak bilatu ondoren, berriz ere komuna batena zuloa zabaltzea erabakitzen da, aurrekoan bezalaxe sei baldosetako ate bat eginez.[a 14] Lehenengo saioko segurtasun-neurri berdintsuak hartu zituzten; horrela, erakundeari ez zitzaion ihesaldi-saioaren berririk eman 1976ko hasierara arte.[a 15] Lehenengo aldian bezala, presoen senide batek egin zituen erakundearekiko lotura moduan.[a 16] Tunela eraikitzen ari zela, Francoren heriotzak eztabaida sortu zuen ihesaldiarekin aurrera jarraitu behar zen. Azkenean, emandako indultuak preso politikoak espetxean uzten zituela ikusita, aurrera jarraitzea erabaki zen.[a 17] Arazoak ere izan ziren tunelaren eraikuntzan: sei baldosetako ate txikia erori eta guztiz txikitu zen, baina ordu gutxitan beste ate bat egin ahal izan zuten.[a 18] Tunelaren zulatze-lanek guztira sei hilabete iraun zuten.[4] Tunela bi zatitan zulatu zuten: lehenengo zatian 60 cm × 50 cm neurrikoa zen eta guztira 80 m zituen luzeran; bigarren zatia 50 mko luzera zuen.[a 19] 1976ko otsailerako preso batek kanpora irtetea lortu zuen. Ihesaldia baino egun batzuk lehenago, espetxera materiala ekartzeko zita bat adostu zen kanpoko laguntzaileen eta presoen artean; horrela, soka luze bat, 15 eskuargi, pistola bat, dirua eta argazki kamara bat sartzea lortu zen.
1976ko martxoan, espetxe-zigor gogorrenak zituzten presoek lehentasuna izatea erabaki zen. Aurreko porrota dela eta, ihesaldi honetan parte hartzeko gonbidatu batzuek ez zuten eskaintza onartu, Lucio Lobato PCEko buruak edo VI.asanbladako ETAko kideek kasu.[a 20] Ihesaldia baino hogei egun lehenago, MIL erakundeko Oriol Solé Sugranyes presoa ekarri zuten espetxera Bartzelonako Modelo espetxetik. Espetxe hartan tailerreko buru moduan izan zituen ardurek eta preso politikoek beste presoekin izaten zuten jarrera hotza berak ez izateak mesfidantza sortu zuten presoen artean hari buruz eta zelatatzea erabaki zuten. [a 21]Azkenean, susmoak ustel suertatu eta iheslarien taldean sartzea erabaki zuten. Ihesaldirako bi ordu besterik falta ez zirenean jakinarazi zieten planen berri eta onartu egin zuen.[a 22][a 23]
Ihesaldia
1976ko apirilaren 5ean eguerdi aldera hasi zen ihesaldia. Segurtasun-neurri moduan beste presoak agurtu gabe egin zuten alde. Presoak tuneletik pasatzen joan ziren eta isurbidean zehar kanpora heldu ziren 15:00ak aldera. Kanpoan lau laguntzaileak, bi emakume eta bi gizon, zituzten zain. Bezperan, kanpoko komando horrek isurbideko irteerako barrote bat ebaki eta disimulatu zuten, biharamunean presoak handik pasa ahal zitezen.[5] Iheslarien artean banatzeko 6 Stein metraileta eta 16 pistola zeuzkaten.[a 24] Isurbidetik atera eta armak eskuetan zituztela ikusita, ijito batzuk igaro ziren bertatik eta «Gerrara al zoazte?» galdetu zieten txantxetan. Langile batzuk ere ikusi zituzten iheslariak, baina futbolariak zirela pentsatu zuten; soldadu talde ere igaro zen ondotik, baina isurbideko kiratsagatik sudurrak tapatu baizik ez zuten egin.[a 25] Handik pasatzen zen artzain batek bakarrik hartu zizkien susmo txarrak, baina handik pasatzen zen militar bati jakinarazi arren, honek ez zuen kasurik egin, kuartelera iristeko presa handia zuen eta.[a 26]
Guztira 29 presok egin zuten ihes: 12 "polimili" (ETA(pm)koak, alegia), 5 "mili" (ETA(m)koak, alegia), 4 "trosko" (LCR-ETAVI-koak, besteak beste) 1 FAC erakundekoa eta 7 "independente", Angel Amigok Operación Poncho liburuan kontatzen duen bezala.[a 27]. Beste iturri batzuen arabera guztira 24 etakide eta 5 preso katalan antifrankista ziren, FAC, MIL, FRAP eta PCE(i) erakundeetakoak.[6] Haiei guztiei ezarritako espetxe zigorra guztira 1500 urte baino luzeagoa zen.[7] Aniztasun hori ihesaldia ikuspuntu internazionalista edo klase-borrokazko batetik antolatua zela interpretatu izan da, eta ez Euskal Herriko gatazkaren ikuspuntu soil batetik.[8] Barruan 22 preso politiko geratu ziren.[a 28] ETAko presoei dagokienean, polimili eta milien arteko zatiketa gertatu berria zela hartu behar kontuan (1974ko urrian) eta horren ondorioak atzeratuta heltzen zirela espetxeetara.[a 29]
Furgonetara sartu eta 50 kilometrora, Segoviatik Soriarako 101. km.an, kamioi trailer batera aldatu ziren, azpiko ate ezkutu batetik sartuz. Kamioia iheslariak eramateko prestaturik zegoen, espazio itxi eta zabal batean, egurrez guztiz inguraturik.[a 30] 18:30etako kontrolean konturatu ziren espetxean presoak falta zirela; ordurako kamioia Burgos inguruan zegoen.[a 31]
Iheslariak Auritzera (Nafarroa) joan eta kamioiaren barruan geratu ziren muga oinez zeharkatzen lagundu behar zien mugalariaren zai. Mugalariak, ordea, huts egin zuen eta ez zen azaldu. Beraien artean eztabaidatu ondoren, kamioitik jaitsi eta laguntzarik gabe muga pasatzen saiatu ziren.[9] Apirilaren 6ko goizaldeko 01:00 inguruan mendira abiatu ziren, denak batera ilara bat osatuz. Ordu erdira, mugatik oso gertu, Guardia Zibilaren patruila batekin egin zuten topo ezustean eta lehenengo tiroketa bat izan zen. Horren ondorioz, Manuel Isasa larriki zauriturik geratu zen eta bertan atxilotu zuten. Zaurien ondorioz eskua ebaki behar izan zioten hurrengo egunetan. Une horretan guardia zibilek ezin izan zuten beste inork atxilotu. Beste iheslariak zenbait taldetan sakabanatu ziren, mugaren bila. Guztiz noraezean zebiltzan, ordea, lainoaz gainera inguru horietan mugaren lerroa bihurria delako. Goizaldean beste tiroketa bat izan zen Ibañeta inguruan eta beste iheslari bat atxilotu zuten. Goizeko 11:30etan, tiroketa baten ondoren Oriol Solé Sugranyes hil eta beste 11 iheslari atxilotu zituzten Sorogain izena duen parajean, mugatik seiehun bat metrora. Testigantza zenbaiten arabera, guardia zibilek nazioartean debekaturik zeuden gurutze formako dum-dum balak erabili zituzten, zauri larriak eragiten dituztenak.[10] Iheslari batzuk Auritzeko Lazperena izeneko gizon baten etxera jo zuten laguntza bila, gosez eta hotzez, eta euren burua agintarien esku uzteko asmoa adierazi zioten. Gizon honek apaizarengana eramanda, herrian bertan atxilotu zituen Guardia Zibilak. Azkenean, apirilaren 6ko arratsalderako iheslari eta ihesean laguntzen ibili ziren komandoko kide gehienak atxilotu zituzten, Auritzen herrian bertan, inguruetan eta Luzaiden. Iturbe Totorika iheslaria, arinki zauriturik, egun oso batez 23 km oinez ibili ondoren atxilotu zuten Itoitz inguruetan eta apirilaren 7an atxilotu zuten. Apirilaren 8an, Garitanonaindia eta Gesalaga atxilotu zituzten Luzaiden. Guardia Zibilaren operazioa Atares jeneralak zuzendu zuen; operazioan, espainiar armadaren bi konpainiaren laguntza ere izan zuten, horietako bat txapel berdeek osaturikoa.[a 32][11][12]
Lau presok (Mikel Laskurain, Koldo Aizpurua eta Jesus Mari Muñoa etakideek eta FAC erakundeko Carles García Solék) eta komando laguntzaileko kide batek (Miren Amilibiak) baino ez zuten lortu ihesa burutu eta Frantziara heltzea.[13] Hamar egunetan zehar Aurizberriko txalet batean ezkutatuta egon ziren, jabeak itzuli ziren arte. Mehatxupean, autoa lapurtu eta ihes egitea lortu zuten, lehendabizi Altsasura eta hortik Tolosara joanez. Babespean, muga igarotzea lortu zuten, Segoviatik ihesi eta hogei egunetara. OFRA errefuxiatu eta herrigabeen laguntzarako erakundeak emandako eskutitzekin, poliziaren aurrean aurkeztu ziren. Poliziak denbora batez erretenitu baina berehala Yeu uhartean konfinatu zituen maiatzaren 1ean, baina handik ere ihes egin zuten azkenean.[a 33][7]
Espainian atxilotuak espetxe gogorrenetara eraman zituzten. 1977ko amnistia aplikatu ez zitzaien arren, haien aurkako epaiketa ez zen inoiz egin eta urtebetera denak aske ziren.[a 34] Ihesaldiak oihartzun zabala izan zuen hedabideetan, Espainian[14] nahiz nazioartean; esate baterako, Frantziako Le Monde egunkariak azaleko La grande évasion (euskaraz, Ihesaldi handia) lerroburu nagusiarekin eman zuen ihesaldiaren berri. Oriol Solé hil zen lekuan, Sorogainen, haren aldeko oroigarri bat altxatzen da egun, non haren familia eta iheslari izandako zenbait bildu izan diren.
Ihes egindakoen zerrenda
ETAko kideak
- Koldo Aizpurua Berasategi
- Angel Amigo Quincoces
- Victor Arana Bilbao
- Ramon Aurtenetxe Marco
- Jose Begiristain Aranzasti
- Iñaki Gartzia Aranbarri
- Jose Luis Garcia Fernandez de Luko
- Carmelo Garitaonaindia Garnacho
- Iñaki Garmendia Otamendi
- Manuel Gaztelumendi Zabaleta
- Enrike Gesalaga Larreta
- Josu Ibargutxi Sampedro
- Manuel Isasa Iturriotz
- Juantxu Iturbe Totorika
- Fernando Izagirre Izagirre
- Patxi Jaka Aranalde
- Mikel Laskurain Mantilla
- Jesus Maria Muñoa Galarraga, Txaflis
- Iñaki Orbeta Berriatua
- Bixente Serrano Izko
- Mikel Unanue Lobato
- Josemari Yarza Etxenike
- Luis Armando Zabalo Bilbao
- Juan Mari Zubimendi Imaz
Beste erakundeetako kideak
- Carlos García Solé (FAC)
- Ramón Llorca López (FAC)
- José Luis Pons Llobet (MIL)
- Oriol Solé Sugranyes (MIL)
- Frederic Sánchez Juliachs (PCE(i))
Kanpoko laguntzaileen zerrenda
- Miren Jasone Amilibia Urcelay
- Santiago Arrospide Sarasola
- Eduardo Lertxundi Aranguena
- Izaskun Rekalde Goikoetxea[12]
Kultura eragina
Segoviako ihesa filma
Gertakaria Imanol Uriberen zuzendaritzapean zinemaratu zuen 1981ean egindako Segoviako ihesa filmean, ihesaldian parte hartu zuen Angel Amigok 1978 urtean ihesaldiari buruz idatzi zuen Operación Poncho liburuan eta georago berak filmerako espreski idatzitako fikzioa eta errealitatea nahasten dituen gidoi batean oinarrituta. Ihesaldian zeharka parte hartu zuten Patxi Biskert eta Imanol Gaztelumendi ere aktore izan ziren. Segoviako espetxean errodatzeko baimena eskuratu ez zenez, espetxeko instalazioetako sekuentziak Tolosako Eskolapioak ikastetxean burutu ziren.
Gertakari errealetan oinarritzen bada ere, filma genero dramatiko eta akziozkoaren ikuspuntutik eratua dago. Hala eta guztiz ere, badira erreferentzia politiko garbiak. Filmaren hasieran preso batek idatzitako gutuna irakurtzen da, non Txiki eta Otaegiren epaiketa eta bere herria «errepresio faxistaren mendean» dagoela salatzeko, gose greba bati ekiten diola adierazten duen, «Euskadirentzat eta hala eskatzen duten nazio guztientzat independentzia eta sozialismoa» eskatuz. Abertzaletasunetik baino, ikuspuntu antifrankista batetik antolatutako ekintza moduan agertzen dela ere aipatu da. Hala eta guztiz ere, ezin daiteke esan oro har film politikoa denik.[8]
La fuga de Segovia dokumentala
2005 urtean TV3 Kataluniako telebistarako 33 minutuko dokumentala zuzendu zuen Francesc Escribanok non protagonista zenbaiten testigantzak jasotzen dira, horietako batzuk Segoviako espetxearen aurrean eta iheslarien erorketa gertatu zen Nafarroako parajeetan. Gertakariak kontatzeaz gainera, orduko eta egungo egoera politikoak alderatzen dituzte iheslari izan zirenek.
The Segovia Big Band
2013 urtean The Segovia Big Band: conversaciones con sus protagonistas dokumentala plazaratu zen, non ihesaldiko protagonista batzuk elkartzen ziren ihesaldia gogoratzeko. Dokumentala Gemma Serrahimak zuzendu zuen, Oriol Solé Sugranyesen iloba, ihesaldian hildako bere osabari buruzko jakinminak bultzatuta. Dokumentala bereziki zirkuitu alternatiboetan zabaldu zen.
Oharrak
- Iñaki Pérez Beotegi, Wilson, zen orduko ETA(pm)ko komandoen arduraduna, baina Bartzelonan beste zereginetan zebilenez, beste kide batzuei eman zien operazioaren ardura.
Erreferentziak
Operación Poncho: las fugas de Segovia
- 17 orr.
- 31 orr.
- 33 orr.
- 42-43 orr.
- 67 orr.
- 77 orr.
- 78 orr.
- 92-93 orr.
- 86 orr.
- 94 orr.
- 112-115 orr.
- 97-110 orr.
- 111 orr.
- 122 orr.
- 140 orr.
- 154-155 orr.
- 128 orr.
- 144-145 orr.
- 207 orr.
- 153 orr.
- 158 orr.
- 158 orr.
- 164 orr.
- 160orr.
- 166 orr.
- 173 orr.
- 154 orr.
- 154 orr.
- 34 orr.
- 189 orr.
- 183 orr.
- 212 orr.
- 232-235
- 236 orr.
Beste erreferentziak
- (Gaztelaniaz) GARA egunkaria. (2006-04-08). Segovia, 30 años desde la evasión que dio impulso renovado a la amnistía. (Noiz kontsultatua: 2014-09-03).
- (Gaztelaniaz) «Diez intentos de fuga de los reclusos etarras» ABC 1976-04-07.
- (Gaztelaniaz) «Diez fugas y decenas de intentos frustrados» El Mundo (Noiz kontsultatua: 2011-09-04).
- (Gaztelaniaz) El Periódico de Catalunya. (2005-03-11). La fuga de la cárcel de Segovia. Un total de 29 presos, la mayoría de ETA, escaparon en abril de 1976 por un túnel excavado durante seis meses. .
- (Gaztelaniaz) The Segovia Big Band dokumentaleko testigantza.
- (Katalanez) «“Rossinyol que vas a França”» Directa 2014-04-11.
- (Gaztelaniaz) «Los evadidos de Segovia cuentan su fuga» El País 1976-05-15.
- (Gaztelaniaz) Barrenetxea Marañón, Igor. (2008). «La Transición y ETA: La fuga de Segovia (1981)» Quaderns de Cine (2).
- 188 orr.
- (Gaztelaniaz) Solidaritat aldizkaria, 35. 1976-09.
- (Gaztelaniaz) Portell, José María. Euskadi: Amnistía arrancada. , 5. kapitulua or..
- (Gaztelaniaz) «Cuatro de los fugados de Segovia aún no han sido capturados» ABC 1976-04-11.
- (Gaztelaniaz) «De Segovia a Sorogain, Oriol Solé gogoratuz» Noticias de Navarra 2014-04-14.
- (Gaztelaniaz) «Por aquí se fugaron» ABC 2014-04-07.
Bibliografia
- Agirre, Julen (seudonimoa): Prisión de Segovia. El por qué, el cómo y el después de un tunel que se hundió., Mugalde, Hendaia, 1976.
- Amigo, Angel: Operación Poncho. Las fugas de Segovia. Hordago. Donostia, 1978.
Kanpo estekak
- (Gaztelaniaz) THE SEGOVIA BIG BAND: Conversaciones con sus protagonistas.
- (Katalanez) (Gaztelaniaz) La Fuga de Segovia, Dies de transició saileko dokumentala, TV3, 2005.