Segmentu (hizkuntzalaritza)
Hizkuntzalaritzan, segmentua "mintzoan, dela fisikoki edo dela belarriz, identifikatu daitekeen unitate diskretua" da. [1] Termino hau inon baino gehiago fonetika eta fonologian erabiltzen da, hotsei erreferentzia egiteko, baina edozein alorretan erabil daiteke alor horretan esanguratsua den gutxieneko unitateari buruz hitz egiteko, hala nola silabari, morfemari edo keinu hizkuntzetako keremari buruz.
Segmentuak "diskretu" direla esaten da bereiziak eta banakoak direlako (adibidez, hala kontsonanteak nola bokalak zein bere aldetik hauteman ohi ditugu) eta bakoitza bere ordenan agertzen direlako (esate baterako, bake hitza entzunez gero, lehenik b entzungo dugu, gero a, eta abar). Mintzoaren beste osagai kontrastiboak hainbat segmenturekin batera agertzen dira, hala nola prosodia (tonua, azentua), baita batzuetan artikulazio bigarrenkariak ere, hala nola sudurkaritzea (hau zer den jakiteko gogoan har ditzakegu zubereraren bokal sudurkariak, esaterako). Batera agertzen direnez, ezin dira diskretuki ordenatu euren artean, beste segmentu bat balira bezala. Honegatik osagai hauek suprasegmental (hots, nolabait esanda, "segmentu gaineko") deituak dira.
Erreferentziak
- Crystal, David (2003), A Dictionary of Linguistics & Phonetics, Blackwell.