Segida ekologiko
Segida ekologikoa ekosistema baten komunitate biologiko batean denboran zehar gertatzen den espezie egituraren aldaketa da[1]. Ingurumenaren asaldura bat gertatzen delarik, edo eremu berri bat kolonizatzeko erabilgarri geratzen bada, lehenik espezie aitzindariak agertzen dira. Ondoren, elkarren segidan, gero eta konplexutasun handiagoko ordezkapen komunitateak garatzen dira. Segida ekologikoaren azken etapa klimaxa da, komunitatearen egoera egonkorra, hain zuzen ere[2].
Bi segida mota bereizten dira[3][4]:
- Segida primarioa: Izaki bizidunik ez dagoen lurzoru biluzik sortu berri batetik abiatuta gertatzen dena. Hots, inoiz okupatuta ez diren tokietan gertatzen da. Adibidez, itsasoko dunetan, edo eremu bolkaniko batean.
- Segida sekundarioa: lehen beste komunitate bat zegoen eremuan gertatzen dena, baina arrazoi batengatik (hondamendi naturala, sutea...) espezie gainartzaileak desagertu egin dira, segida berri bat hasiz. Eratutako komunitate berria lehenengoaren berdina ala desberdina izan daiteke. Honen adibideak: sute edo uholde baten ondorioz hondatutako lurrak, bertan behera utzitako lursailak, etab.
Segida primario batean ekosistema klimaxera iristen da 1.000 urte geroago hasierako kolonizazio biologikoaren ondoren. Segida sekundario batean, zuhaitz-klimax lursail abandonatu batean 200 urteetan lortzen da, eta belar-klimax 30 urte inguruan [5]
Ingurumen faktore askok eragin nabarmena dute segidetan, horien artean klima nabarmenena izanik.
Segida ekologikoa gertatzen da ekosisteman klimaxera iritsi arte, hots, oreka-maila lortu arte. Klimaxera heltzen denean, ekosistema baten biozenosia nekez izango da ordezkatuta eta lekualdatua beste batengatik, asaldura oso bortitzak (geologikoak, klimatikoak edo biotikoak) gertatu ezean.
Bestalde, segida ekologiko batean bizidunak agertzen dira ekosistemaren maila trofikoaren arabera: segida horretan agertzen diren lehenengo kolonizatzaileak organismo autotrofo ekoizleak dira: hainbat bakterio eta likenak, belarrak, zuhaixkak eta gero zuhaitzak. Landareen ostean, animalia heterotrofoak agertzen dira, landareen menpe daudenak. Klimaxera helduta, animalia zein landareen populazioa egonkortu egiten da.
Erreferentziak
- Ecological succession Global.britannica.com
- Segida ekologiko Euskalterm. Euskara.euskadi.net
- Segida primario Euskalterm. Euskara.euskadi.net
- Segida sekundario Euskalterm. Euskara.euskadi.net
- Planas Mestres, J.: Elementos de Biologia Ed. Sever-Cuesta (1975): 434-435
Kanpo estekak
- Ohiane LAKAR IRAIZOZ: Biodibertsitaterantz, txandaka Elhuyar aldizkaria. Zientzia.net