Segi
Segi ezker abertzaleko gazte erakunde bat izan zen, Euskal Herriko independentzia eta sozialismoa aldarrikatzen zituena. Jarrai eta Gazteriak erakundeen elkartzeak sortu zuen Haika erakundearen oinordeko gisa jaio zen, Iruñean eginez bere aurkezpen publikoa 2001eko ekainaren 16an.[2] 2002tik legez kanpo utzi zuen Hego Euskal Herrian Espainiako Auzitegi Nazionalaren epai batek, ETAren zatia izateagatik;[3] eta gerora talde terroristatzat hartu ere egin zuten Espainiako epaitegiek, ezker abertzaleko erakundeen aurka abiarazitako "dena da ETA" doktrinari jarraiki.[4] Ildo horretatik, 2009tik operazio polizial eta judizial zabala abiarazi zen Segiko kideen aurka: 34 gazte atxilotu, eta guztira 68 gazte epaitu zituzten, legez kanpoko Segirekin zerikusia zutelako akusaziopean. 2015eko azaroan, azkenik, Espainiako Epaitegi Gorenak 68 gazte haietatik bi soilik jo zituen erruduntzat eta bina urteko kartzela-zigorra ezarri zien ondorioz; hala eta guztiz ere, guztira 85 urtetik gora egin zituzten preso auziperatutako gazteek, gerora gehienak absolbituak edo kargurik gabe geratu arren.[5] Ordurako Segi deseginda zegoen, 2012 urtean erakundeko kideek beraiek hartutako erabakiaren ondorioz, tresna politiko gisa amaitu zela iritzita.[6]
Segi | |
---|---|
Sorrera | 2001ko ekainaren 16a[1] |
Desegitea | 2012ko ekainaren 15a |
Ideologia politikoa | Sozialismo Iraultzaile Abertzaletasuna Ezker abertzalea Independentismoa Feminismoa Euskaltzaletasuna |
Segiren autodefinizioa
Gazte eragilea
Segik bere burua gazte erakunde bat bezala definitzen zuen gazte jendez osatua egoteaz gain, Euskal Herriko gazteriaren arazoak lantzen zituelako[erreferentzia behar]. Gazteria jendarte sektore berezitua den bezala, arazo propio eta espezifikoak ditu, eta Segi "arazo horiek borrokatu eta alternatibak eraikitzeko bitarteko gisa" irudikatzen zuten. Segiren jarduera ez zen bakarrik, horrela, "gazte erakundearen proiektu politikoarekin bat egiten duten gazteetara mugatzen, Euskal Herriko gazteria osoari zuzenduta dago". Segik "Euskal Herriko gazte guztien mesedera egin nahi du lan". Gazteen arazoak jendartearen arazo bilakatu, gazteek Euskal Herriaren askapen prozesuan kolektibo berezitu gisa dituzten kezka eta arazoen abiapuntutik, jendartean dauden gazteengana helduz.[7]
Euskal Herriko erakundea
Mugen gainetik, Euskal Herri osoan zehar eta errealitate guztietan lan egin zuen: auzoetan, herrietan, hiriburuetan eta eskualdeetan lan egiten zuen Segik. Errealitate ezberdinak kontuan hartuz, bere jarduera garatzen.[7]
Erakunde independentista
Segi erakunde independentista zen, eta honela justifikatzen zuen:[7]
« | Euskal Herriaren biziraupenerako aukera bakarra, herri honek askatasuna, hau da, independentzia eskuratzea izango da. Segi, erakunde abertzale eta independentista da eta bere jarduera, praktika independentista batean oinarritzen da. | » |
Erakunde iraultzailea
Segi erakunde iraultzailea zen, eta honela adierazten zuten:[7]
« | Segik jendarte eredu berri baten aldeko apustua egiten du. Sistema kapitalistaren hatzaparretatik kanpo egongo den gizarte baten eraikuntzan lan egiten du Segik. Ama lurraren defentsa, elkartasuna, sexu askatasuna, parekidetasuna eta ondasunen banaketa lantzen dugu egunez egun. Gure herriaren independentzia borrokatzen dugun bezala, herritarren independentzia pertsonala ere borrokatzen dugu. Ez dago herritar askerik gabeko herri askerik. Segik herrien arteko harremana eta elkartasuna bultzatu nahi du. Nazio eta jendarte askapen borrokan dauden herriekin bat egiten du gazte erakundeak. Munduko iraultzei Euskal Herriak egin diezaiekeen ekarpenik handiena Independentzia eta Sozialismoa lortzea da. | » |
Erakunde euskalduna eta euskaltzalea
Euskara Euskal Herriaren hizkuntza izanik, Euskal Herri osoko gazteria elkar komunikatzeko tresna bakarra eta baliotsua dela uste zuten. Euskara, gainera, hizkuntza batetik harago nortasuna, izaera, kultura eta balore multzoa da. Segik, Euskal Herriko gazteria eta oro har euskal herritar guztiak euskalduntzeko konpromisoa zuen, eta gazte erakundearen kanpo zein barne jarduera euskaraz egin ohi zuen.[7]
Erakunde feminista
Segik feministatzat zuen bere burua, eta bereziki «emakume gazteek pairatzen dituzten zapalkuntzei aurre egiteko» asmoa erakutsi zuen. Parekidetasunean oinarritutako gizarte eraiki nahi zuen.[7]
2010eko sarekada
2010ko urriaren 22an, Espainiako Poliziak hamabost gazte atxilotu zituen Euskal Herrian, Segi gazte mugimenduko kide izatea egotzita. 300 agentetik gorak parte hartu zuten operazioan eta gerora Espainiako Barne Ministro izango zen Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu zuen sarekada. Hedabide espainiarrek ETArekin lotu zituzten militante gazteak. Atxilotuetako askok torturak salatu zituzten. Hainbati karguak erretiratu zizkioten gerora, eta zazpiri seina urteko espetxe zigorra ezarri zieten. Ertzaintza gazteen abokatuek kondena ezagutu aurretik atxilotzen saiatu zen, legez kanpo, elkartasuna antolatzea ekidin asmoz. Hiruk ihes egitea lortu zuten, eta Gasteizko herri harresia altxatu zen haien defentsan. 2015ean Konstituzio Epaitegiak ebatzi zuen legez kanpoko atxiloketak izan zirela.[8]
Segiren desegitea
2012ko ekainaren 15an Gara eta Berria egunkarientzako egindako elkarrizketetan gazte erakundea desegitea erabaki zutela jakitera eman zuten Segiko kideek. Alta, gazteen arazoak bere horretan mantentzen zirela eta lanean jarraituko zutela adierazi zuten nahiz Segi tresna bezala desegin.[6][9]
Segiren desegitea eta gero, Euskal Herriko gazte independentista eta sozialistak batu zituen Gazte ZukGua prozesua martxan jarri zen, eta prozesua amaitutzat eman zen Ernai gazte antolakundea aurkeztu zenean 2013ko martxoaren 2an.[10]
Erreferentziak
- 2001. urtean Haika legez kanporatu ondoren sortutako Gazte Bilgunea eta gero sortutako erakundea.
- «33 urteko bidea» gaztezulo.eus 2012-07.
- (Gaztelaniaz) «Garzón declara ilícitas Askatasuna y Segi por formar parte de ETA», El Mundo, 2002-02-05.
- (Gaztelaniaz) «El Supremo enmienda a la Audiencia Nacional y considera terroristas a Jarrai-Haika-Segi», Noticias de Navarra, 2007-01-20.
- «Gorenak Segirekin lotuta zigortutako zazpi gazteetatik bost absolbitu ditu» berria.eus 2015-11-25.
-
«Txomin Catalogne eta Amaia Elixiri, Segiko kideak: "Segi, tresna gisa, amaitu da, baina guk lanean jarraituko dugu"» Berria 2012-06-15 (Noiz kontsultatua: 2016-06-02).
- Segi: «Zer gara».
- https://www.argia.eus/efemerideen-kanala/espainiako-poliziak-hamabost-gazte-atxilotu-zituen-euskal-herrian-segi-gazte-mugimenduko-kide-izatea-egotzita
- «Txomin Catalogne eta Amaia Elixkiri, Segiko kideak "Segik bide oparoa egin du, baina egun tresna agortua da"» Gara 2012-06-15 (Noiz kontsultatua: 2016-06-02).
- «Zer da?» Ernai (Noiz kontsultatua: 2016-06-02).