Sega-ingude

Sega-ingudea, dailu-ingudea edo sega pikatzeko ingudea ingude mota berezi bat da, alboan eramateko bezain arina, sega pikatzeko erabiltzen dena. Metal goria tratatzeko ingude handiak ez bezala, mailuaz metala jotzeko azalera txikia du gainaldean tresna honek, eta ez da metal goriarekin erabiltzen, sega edo igitai amaituarekin baizik[1].

Sega-ingude
ingudea eta agricultural tool (en) Itzuli
Ingudea subilean, Aizkorbe (Araotz), bertako euskaran, junguria eta supilla.

Euskaraz ingude handiak duen izen bera jasotzen du tresnak oro har, bere barietate lexiko anitzean: [2]: Enkude, inguda, txinburi, txingura, txungurre, ukude, ungide, unguru, ünküdü, jungura, xingudi, xinguri, zinguri...

Erabilpena

Jotzen ez den aldetik, behekaldetik, punta zorrotza du tresnak, lurrean edo enbor batean gogor sartu eta tinkaturik erabiltzen baita. Oñati eta inguruetan, adibidez, ohitura da enbor edo subil batean sartuta egotea ingudea, eta subil bera erabiltzea segalariak bertan eseri eta pikatzeko lana egiteko ("junguria ta supilla"[3]).

Sega zorrozteko ezinbesteko lehen urratsa da ingudean pikatzea, segaren ahoa berdintzea. Ondoren, segapotoan gordetzen den arraitz edo segarriarekin pasatzen da berdindutako metal ertza[4].

Erreferentziak

  1. «Sega pikatzeko ingudea eta mailua - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-20).
  2. Orotariko Euskal Hiztegia, Euskaltzaindia. «OEH - Bilaketa - Ingude» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-20).
  3. Izagirre, Kandido. (1970). El vocabulario vasco de Aranzazu-Oñate y zonas colindantes. Euskaltzaindia, 144 or. (Noiz kontsultatua: 2021-03-20).
  4. «Sega, erreminta moderno hori» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-03-20).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.