Seán Mac Diarmada
Seán Mac Diarmada, jaiotzez Seán MacDermott (1883ko urtarrilaren 27a, Kiltyclogher, Leitrim konderria – 1916ko maiatzaren 12a, Kilmainham Gaol, Dublin) irlandar errepublikar bat izan zen, bai eta 1916ko Pazko Matxinadako buruzagietako bat eta Irlandako Errepublikaren Aldarrikapenaren zazpi sinatzaileetako bat ere.
Seán Mac Diarmada | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Kiltyclogher, 1883ko otsailaren 28a |
Herrialdea | Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua |
Heriotza | Kilmainham Gaol, 1916ko maiatzaren 12a (33 urte) |
Hobiratze lekua | Arbour Hill Cemetery (en) |
Heriotza modua | heriotza zigorra: bala zauria |
Jarduerak | |
Jarduerak | iraultzailea eta politikaria |
Kidetza | Irlandar Anaitasun Errepublikarra |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Pazko matxinada |
Biografia
Corranmore herrixkan jaio zen, Leitrim konderriko Kiltyclogher udalerritik hurbil, eremu txiro eta zapaldua. Anai Irlandarrekin ikasi ondoren 1908an Dublinera joan zen, bertan irlandar erakunde independentista ugaritako kide egin zen, tartean Sinn Féin, Irlandar Anaitasun Errepublikarra (IRB) eta Liga Gaelikoa. Lasterrera IRBko Kontseilu Nagusiko kide hautatua izan zen, eta gerora idazkari gisa.
1910an Irish Freedom ("Irlandar Askatasuna") egunkariaren argitaratzailea izan zen, berak, Bulmer Hobson eta Denis McCulloughek sortua. IRBko antolatzaile nazionala ere izan zen, kargun honetan Tom Clarke feniar beteranoaren babespean, adiskide banaezinak bilakatuz. Handik gutxira poliomielitisa jasan eta gaixotasunaren ondorioz handik aurrera makuluekin oinez ibiltzera derrigortua egon zen.
1913ko azaroan, Mac Diarmada Irlandar Boluntarioak erakundeko kide sortzaileetako bat izan zen, eta erakunde berri hori IRBren kontrolpean mantentzeko lanean jarraitu zuen. 1915eko maiatzean Tuam udalerrian jendaurrean Britainiar Armadaren erreklutamentuaren aurkako hitzaldia emateagatik eta Realm Act agiriaren baitan atxilotua izan zen. Irailean aske utzi zuten, eta IRBko Batzorde Militar sekretura elkartu zen, hain zuzen ere, 1916ko Pazko Matxinada antolatzeaz arduratu zen saila.
- Seán Mac Diarmadaren jaiotetxea.
Pazko matxinada
Pazko matxinadako antolatzaile edo buruzagietako bat izan arren, Mac Diarmadak bere helbarritasuna zela eta ez zuen 1916ko Pazko Matxinadan zuzeneko ia inongo partehartze fisikorik izan, baina halere matxinatuen koartel nagusia izan zen Dublingo Posta Bulego Nagusian beti egon zen. Errendizio unean zauritua zegoenez gainontzeko matxinatuen artean nahastu zen, baina Daniel Hoey poliziak nor zen ezagutu eta 1916ko maiatzaren 12an Kilmainham espetxean fusilatu zuten. Gerora, eta jada Anglo-Irlandar Gerran zehar, MacDiarmadaren heriotzaren mendeku gisa Michael Collinsen agindupeko IRAren Hamabi Apostuluak izeneko taldeak Daniel Hoey tiroz hil zuen. Bestalde, Mac Diarmada fusilatzea gindu zuen Lee-Wilson britainiar ofiziala ere, Collinsen aginduz Cork hirian preso hartu eta exekutatua izan zen.
Ondarea
Gaur egun, Dublinen Seán Mac Diarmada omenez izena daraman kale bat dago. Sligo udalerrian Sligo Mac Diarmada tren geltokia dago. Carrick-on-Shannon udalerrian Elkarte Atletiko Gaelikoaren Páirc Seán Mac Diarmada estadioa dago. Ballymun udalerrian Sean MacDermott dorrea dago, 2005ean erautsia, hura ere bere omenez izendatua. Kiltyclogher udalerriko bere jaiotetxea Monumentu Nazionala izendatua dago.