Scherzo

Scherzoa (italierazko pluralean scherzi) sinfonia edo sonata bat bezalako lan handiago baten mugimendu batzuei edo zenbait musika lanei ematen zaien izena da. Italieraz txantxa esan nahi du. Batzuetan, musika notazioan scherzando hitza erabiltzen da, zati hori modu alai eta jostalarian jo behar dela adierazteko.

Scherzoa minuetotik abiatuta garatu zen, eta pixkana honen ordezkoa hartu zuen sonataren, hari laukotearen, sinfoniaren eta antzeko beste lan batzuen hirugarren (edo bigarren) mugimenduan. Tradizionalki, minuetoaren 3/4ko konpasa eta forma hirutarra mantentzen du, baina nabarmenki azkarragoa da. Sarritan, baina ez beti, izaera alaikoa da. Badaude 3/4ko konpasean ez dauden scherzoak, adibidez Beethovenen pianoarentzako 18. sonatan. Izatez, scherzoa forma bitar bat da (lehen gai bat erakusten da, batzuetan dominatzailea edo erlatibo nagusi/minorra bezalako ondoko tonalitate batera modulatzen da, ondoren tonalitate berrian sortutako gai berri batek jarraitzen du eta lana lehen gaiaren itzulerarekin amaitzen da); baina, minuetoan bezala orokorrean hirukote batek laguntzen du, jarraian scherzoa errepikatuz, ABA edo forma hirutar bat sortuz. Batzuetan, zati bakoitza bi aldiz edo gehiagotan jotzen da (ABABA). B gaia hirukote bat da, testura arinagokoa musika tresna gutxiagorentzat. Ez dago derrigorrez hiru musika tresnentzat idatita, izenak adierazten duen bezala.

Joseph Haydnek scherzoen izaeratik oso gertu dauden minuetoak idatzi zituen, baina Ludwig van Beethoven eta Franz Schubert izan ziren forma hau askotan erabili zuten lehenak, bereziki Beethovenek, minuetoaren erritmo gortetarra dantza biziago bihurtzen zuena, batzuetan basatia.

Beethovenen scherzo askotan, 6. sinfoniakoan kasu, hirukotea bi aldiz agertzen da, bigarrena batzuetan bariatua dago, eta horren ondoren, scherzoaren gaia sarritan askoz laburrago eta koda batekin itzultzen da. Bi hirukotedun egitura 4. 5. eta 7. sinfonietan ere agertzen da. Robert Schumannek, Cedrci Thorpe Daviek ikusi zuen bezala, sarri erabiltzen zituen bi hirukote, ezberdinak zirenak, Wolfgang Amadeus Mozarten zenbait minuetotan bezala.

Scherzoak sinfonian eta antzeko lanetan XX. mendean zehar mugimendu estandar bat izaten jarraitu zuen. Konposatzaileak scherzoak lan independente bezala sortzen ere hasi ziren, forma honen mugak luzatuz. Oso ezagunak diren Frédéric Chopinen pianoarentzako lau scherzoak ilun eta dramatikoak dira, eta oso zaila da hauek "txantxa"tzat hartzea. Schumannek honakoa esan zuen Chopinen lau scherzo hauei buruz: "Nola jantzi behar da seriotasuna txantxa oihal ilunekin igarotzen bada?". Mendelssohnenak arinak izaten ohi dira, Brahmsenak bareak edo pasiotsuak izaten diren bitartean. Anton Brucknerren sinfonietan, scherzoak, batzuetan, izaera bortitz, deabruzko edo apokaliptiko bat hartu zuen. Gustav Mahler eta Dmitri Shostakovichenetan izaera grotesko eta tragikomiko bat dute.

Aipaturikoarekin harremanik ez duen erabilera bat Pizkunde garaiko madrigaletan gertatzen da, batzuetan scherzi musicali deitu zirenak. Adibidez, Claudio Monteverdik bi lan koaderno idatzi zituen izenburu honekin, lehena 1607an eta bigarrena 1632an.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.