Saxofoi

Saxofoia zurezko haize instrumentu konikoa da. Instrumentuaren gorputza kobre eta zink aleazio aldagarriz egina da. Horretan, metal edo ebonitazko pieza bat ahotzat kokatzen da, kanabera bakarra eusten duena, klarinetearen moduan

Saxofoi
Deskribapena
MotaZurezko haize instrumentu, single clarinets with conical bore (en) Itzuli eta single-reed instrument (en) Itzuli
Hornbostel-Sachs sailkapena422.212-71
Honen izena daramaAdolphe Sax
Hedadura
Jotzaileasaxofoi-jotzaile
AsmatzaileaAdolphe Sax
Asmakuntza-data1840

Adolphe Sax musika-tresnagile belgikarrak patentatu zuen 1846an eta bere izena eman. Metalezko instrumentuen indarra eta zurezkoen ezaugarri akustikoak lortu nahi zuen. Ez dago argi nondik etorri zitzaion instrumentu hau sortzeko ideia, baina uste zabalduenaren arabera, zuen klarinetean oinarrituta, metalezko instrumentuen indarra eta zurrezkoen ezaugarri akustikoak zituen musika-tresna bat egiten hasi zen, "metalezko klarinete" baten antzeko zerbait. Hala ere, sonoritate handiagoa eta metalikoagoa lortu nahian, eta hainbat proba eta lanketa handia egin ondoren, musika-tresna berri bat sortu zuela ohartu zen: saxofoia. Hasieran, armadaren joaldiak egiteko maiz erabili zen, jazz munduan arrakasta izugarri lortu baino lehen. Gerora herri-musikan eta big band-etan ere asko erabili da.

Zortzi tamainatakoak daude, afinazioaren arabera: sopraninoa fa edo mi bemolean, sopranoa do edo si bemolean, kontraltoa edo altua fa edo mi bemolean, tenorea do edo si bemolean, baritonoa fa edo mi bemolean, baxua do edo si bemolean eta kontrabaxua eta subkontrabaxua do edo si bemolean. Instrumentu transpositorea da.

Soinua argi eta distiratsua edota iluna eta leuna izan daiteke.

Deskribapena

Saxofoiaren gorputza mutur batean kanpai forman zabaltzen den tutu koniko eta estu batek osatzen du, letoizkoa normalean. Tutuan zehar neurri ezberdineko 20-23 tonu-zulo izan ohi ditu, horien artean bi oso txikiak zortziduneko goiko erregistroko notak jotzen laguntzeko, nahiz eta ez diren derrigorrezkoak erregistro hori jo ahal izateko. Zuloak estaltzeko teklek kuxin-estalki bat izan ohi dute sakatutakoan presioarekin zuloak hermetikoki zigilatzeko. Egonean dagoenean zulo batzuk irekita egon ohi dira eta estalita beste batzuk. Teklei eta giltzei bi eskuetako hatzekin eragiten zaie, eskuineko hatz lodia saxofoia orekan mantentzeko euskarri baten pean kokatuta dagoela. Saxofoiaren digitazioa oboearen digitazioaren eta Boehm-en sistemaren arteko konbinaketa da. Zeharkako flautaren digitazioaren edo klarinetearen goiko erregistroaren oso antzekoa. Instrumentu handiagoetan, notarik baxuenak jotzeko egin beharreko palanka (normalean bi eskuetako hatz txikiekin egin beharrekoa) handi samarra izan ohi da eta hargatik, nota hauek erpuruarekin jo ahal izateko giltza gehigarri batzuk gehitzen zaizkio.

Gorputz konikoak klarinetearenak baino oboearenaren antzekoagoak diren ezaugarriak ematen dizkio saxofoiari. Saxofoiaren diseinurik sinpleena kono-enbor formako tutu zuzena da eta normalean saxofoi sopranino eta sopranoek forma zuzen hau izan ohi dute. Nota baxuak dituzten instrumentuek ordea, erabat zuzenak balira funtzionala ez litzatekeen luzera-neurria izango luketenez eta arrazoi ergonomikoak medio, oro har U formako bihurgune bat izan ohi dute tonurik baxuenaren hirugarren zuloaren parean edo goraxeago. Instrumentuaren kanpaia erabat gorantz begirakoa izan ordez ordea, muturreko forma hori alakatua edo zertxobait aurrerantz etzana izan ohi da. Bihurgune hau saxofoi-familiaren ezaugarri ikoniko bihurtu da nolabait, kasu batzuetan beharrezkoa ez izan arren, saxofoi soprano eta sopraninoetan ere bihurgune honekin fabrikatzeraino besteak beste. Saxofoi altu eta tenore zuzenak ere, egon badaude, baina ez da ohikoena,[1] tonurik altueneko zuloaren gainaldean baina goiko zortzidunaren giltza baino beherago, bihurgunea izatea da normalena eta ahokoa berriz, angelu zuzena osatuz okertuta. Baritonoak, baxuak eta kontraltoak kalibrearen luzera handiagoa izan ohi dute bereziki sekzio honen bihurdura bikoitzagatik.

Digitazio errazagatik saxofoi modernoa ikasteko erraza den musika-tresnatzat hartzen da, bereziki beste zurezko haize instrumentu bat jotzen duenarentzat. Dena dela, praktika eta lanketa handia behar da soinu garden eta ongi afinatua lortzeko.

Ahokoa

Saxofoiak klarinetearenaren antzeko kanabera bakar bat izan ohi du, klarinetearena baino handiagoa eta barrualdean hutsarte borobildu edo lauki zabalagoa duena.Saxofoiaren ahokoak, klarinetearenaren aldean ez dauka kortxozko mihiztadurarik, saxofoiaren tudela edo tutua zuzenean ahokoan sartzen da.

Saxofoi tenorearentzako bi ahoko, ezkerrean ebonitazkoa eta eskuinean metalezkoa. Zurik, kanabera babesteko estalkia.

Ahokoak material ugaritakoak izan daitezke, metalikoak edo ez metalikoak. Metalikoak ez direnak ebonitazkoak, plastikozkoak edo kautxu gogorrekoak izan ohi dira. Batzuetan zurezkoak ere bai eta kasu gutxi batzuetan kristalezkoak, portzelanazkoak edo baita hezurrezkoak ere. Batzuen arabera, metalezko ahokoek soinu bereizgarria dute, ez metalikoek baino "dirdiratsuagoa". Musikari batzuen arabera, plastikozko ahokoek ez dute tinbre egokia sortzen. Beste saxofoi-jotzaile batzuek diotenez —Larry Teal[2] irakasleak, esate baterako—, materialak soinuan eragin gutxi edo batere ez du, ahokoaren neurri fisikoak dira tinbrearen ezaugarrietan eragiten dutenak.

Ganbera ahurra duten ahokoak Adolphe Saxen jatorrizko diseinura gehien gerturatzen dira eta interpretazio klasikoek oso emaitza ona dute, soinu leunagoa edo laztasun gutxiagokoa sortzen baitute. Jazzean eta herri-musikan, ordea, kanabera lasaiarekin eta ahoko irekiekin jotzen da. Ahokoaren baflea edo "sapaia" kanaberatik gertuago egoteko egokituta egoten da. Hori dela eta, airearen fluxua azkarragoa da eta, horren eraginez, soinu gardenagoa sortzen dute, big band batean edo instrumentu anplifikatuen artean egon daitezkeen ezberdintasunen aldeak txikituz. Irekigune handia eta soinuaren nolakotasuna ahoko metalikoekin lotzen diren arren, edozein ahokok izan dezake. Horri esker, afinatzerako orduan malgutasun handiagoa dago eta bending bezalako efektuak, jazzean eta rockean oso ohikoak, egin daitezke. Musikari klasikoek normalean kanabera gogorragoak, irekigune estuagoko eta ganbera baxuagoko ahokoak aukeratzen dituzte. Horrela soinu ilunagoa eta egonkorragoa (biolinarenaren tankera handiagoa duena) lortzen dute.

Kanaberak

Saxofoi altu eta tenore baten mihi sinpledun bi kanabera.

Klarineteek bezala, saxofoietan kanabera edo mihi bakarra erabiltzen da baina klarineteetakoa baino zabalagoa eta motzagoa izan ohi da. Mihiak kanabera arruntez egindakoak izan ohi dira, baina XX. mendetik beira zuntzezkoak ere egin dira. Bigarren hauek iraunkorragoak dira baina soinuaren kalitatea okerragoa dela esan ohi da. Kanaberaren neurria saxofoiaren araberakoa ere izan ohi da (sopranoa, altoa, tenorea, baritonoa, baxua, kontraltoa, etab.).

Kanabera komertzialen artean etxe, estilo eta gogortasun askotarikoak daude. Saxofoi-jole bakoitzak bere ahokora, ahokadurara eta interpretaziora ongien egokitzen den kanabera aurkitzeko gogortasun eta material ezberdinetakoak probatzen ditu. Gogortasuna, oro har, 1etik 4rako eskalarekin (tarteko graduak kontuan hartuta) neurtzen da. 4a da gogorrena eta 1a bigunena (saxofoi baritonoen kasuan izan ezik, hauentzako kanaberen eskala 5erainokoa baita). Hasiberriei tarteko gogortasunekoa gomendatu ohi zaie, alegia, 2 1/2-koa. Kanaberak ahokora lotzeko brida bat erabiltzen da eta honi esker, jotzerakoan ez da mugitzen.

Materiala

Saxofoi baten beheko aldea. Nakarrezko giltzak eta kuxintxoak (berdeak) bereiz daitezke.

Saxofoi gehienak, garai batekoak zein gaur egungoak, letoizkoak izan ohi dira baina, hala ere, zurezko haize-instrumentu gisara sailkatzen dira metalezko haize-instrumentu gisara sailkatu ordez. Batetik, soinu-uhinak, metalezkoetan ez bezala, kanabera oszilatzaileak sortzen dituelako eta ez musikariaren ezpainek ahokoan eragindako presioak, eta bestetik, giltzak itxiz eta irekiz nota ezberdinak sortzen direlako. Letoia instrumentuaren gorputza, kuxintxoen euskarriak, kuxinak giltzekin batzen dituzten hagak, giltzak beraiek eta hagak eta giltzak instrumentuaren gorputzera lotzen dituzten euskarriak fabrikatzeko erabiltzen da. Hagak euskarrietara lotzeko erabiltzen diren torlojuak eta giltzak askatutakoan hasierako posiziora itzularazten dituzten malgukiak altzairu herdoilgaitzekoak izan ohi dira. 1920tik, saxofoi gehienek ukimen bidezko plastikozko edo nakarrezko giltzak dituzte (hatzak pausatzeko instrumentuak dituen pieza lau apaingarriak).

Fosforo-brontzezko saxofoia.

Saxofoiak beste material batzuekin fabrikatzeko arrakasta maila ezberdineko saiakerak egin dira, esate baterako, 1950ean fabrikatutako Grafton plastikozko saxofoia. Yanagisawa [3]eta Bauhaus Walstein [4]bezalako enpresek, fosforo-brontzezko modeloak (%3,5etik 10era bitarteko kobre aleazioa fosforo portzentaje altuarekin, %1 baino gehiago) fabrikatu izan dituzte material honen tonu.ezaugarriak zertxobait ezberdinak direlako. Adibidez, diseinu berbera baina metal ezberdinarekin fabrikatutako fosforo-brontzezko Yanagisawa A992 eta T992ak, ​letoizko A991 eta T991ak baino apur bat soinu "ilunagoa" ateratzen dute. Fosforo-brontzezko saxofoia letoizkoa baino pisutsuagoa da, kobre gehiago duenez masa handiagoa duelako.Yanagisawak zein beste ekoizle batzuek Sterling zilarrezko (lege-zilarra, % 95 zilar eta kobre aleazioa), kobrezko, alpakazko edo material sintetikozko saxofoi-lepoak edo instrumentu osoak fabrikatu dituzte. Salt Lake City-ko (Utah) Canonballeko[5] saxofoiek nagusiki kobrerik gabeko metalak erabiltzen dituzte beraien fabrikazioko prozesuetan, adibidez, nikel beltz anodizatuzko estaldura[6]. Julius Keilwerth-ek, zeharkako txirulena bezala, alpakazko gorputza zuen saxofoi bat garatu zuen nikel beltzezko estaldura batekin.

Instrumentua osatu ondoren, fabrikatzaileek normalean laka akrilikozko estaldura fin bat aplikatzen diote edo zilarrez xaflatzen da letoi biluzia. Lakak edo xaflatzeak herdoiltzetik babesten dute metala eta bere itxura dirdiratsua mantentzen laguntzen diote. Urteen joanean, instrumentuaren gainazalerako hainbat kolore eta estaldura mota erabili dira. Nikelez edo urrez [7]estaltzea ere zilegi da, baina urrezko estaldura prozesu garestia da, urrea ez baitzaio zuzenean metalari itsasten. Lehenbizi zilarrez estali behar da (metalari zuzenean itsasten baitzaio) eta ondoren, zilarrezko geruza hori urrez estali behar da.

Saxofoi-jotzaile ezagunak

  • Charlie Parker (19201955).
  • John Coltrane
  • Sonny Rollins
  • Wayne Shorter
  • Ornette Coleman
  • Anthony Braxton
  • Lester Young
  • Coleman Hawkins
  • Dexter Gordon
  • Michael Brecker
  • Albert Ayler
  • Joe Farrell (1937-1986)
  • Paul Gonsalves
  • Zoot Sims
  • Jan Garbarek
  • Melissa Aldana
  • Sonny Stitt
  • Gene Ammons
  • Pharoah Sanders (1940)

Euskal Herrian

Erreferentziak

  1. «Jay C. Easton: Saxophone Family Gallery» www.jayeaston.com (Noiz kontsultatua: 2022-03-25).
  2. Teal, Larry. (1963). The art of saxophone playing. Summy-Birchard ISBN 0-87487-057-7. PMC 25681889. (Noiz kontsultatua: 2022-03-25).
  3. «Yanagisawa Saxophones» web.archive.org 2009-06-16 (Noiz kontsultatua: 2022-03-25).
  4. «Saxophones & Saxophone Accessories, Saxophones at great Prices for Students & Professional Saxophone Players» web.archive.org 2017-10-04 (Noiz kontsultatua: 2022-03-25).
  5. «Saxophone Finishes - Cannonball Musical Instruments» web.archive.org 2009-04-13 (Noiz kontsultatua: 2022-03-25).
  6. (Ingelesez) «Home - Buffet Crampon» Buffet Crampon - Paris 2016-04-22 (Noiz kontsultatua: 2022-03-25).
  7. (Ingelesez) «Brands and Horns | JazzBariSax.com» jazzbarisax.com 2012-03-13 (Noiz kontsultatua: 2022-03-25).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.