Sause
Sause[1] (gaztelaniaz eta ofizialki, Sos del Rey Católico; aragoieraz, Sos d'o Rei Catolico) Aragoiko (Espainia) ipar-mendebaldeko udalerri bat da, Zaragozako probintziakoa, Nafarroa Garaiarekiko mugan kokatua, Cinco Villas eskualdean. Feliciana haitzak burutzen duen muinoaren gainean dago eraikia.
Sause | |||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Espainiako udalerria | |||||||||||
Administrazioa | |||||||||||
Estatu burujabe | Espainia | ||||||||||
Autonomia | Aragoi | ||||||||||
Probintzia | Zaragozako probintzia | ||||||||||
Alkatea | Jesús María Iso Echegoyen (en) | ||||||||||
Izen ofiziala | Sos del Rey Católico | ||||||||||
Posta kodea | 50680 | ||||||||||
INEk ezarritako kodea | 50248 | ||||||||||
Herriburua | Sos del Rey Católico | ||||||||||
Geografia | |||||||||||
Koordenatuak | 42°29′50″N 1°12′57″W | ||||||||||
Azalera | 216.624807 km² | ||||||||||
Altuera | 652 m | ||||||||||
Mugakideak | Xabier, Zangoza, Undoze Lerda, Urriés, Navardún, Petilla Aragoi, Uncastillo, Castiliscar, Zarrakaztelu eta Kaseda | ||||||||||
Demografia | |||||||||||
Biztanleria | 583 (2023) 225 (2022) | ||||||||||
| |||||||||||
Dentsitatea | 2,69 bizt/km² | ||||||||||
Informazio gehigarria | |||||||||||
Ordu eremua | UTC+01:00 | ||||||||||
Hiri senidetuak | Palermo | ||||||||||
Matrikula | Z | ||||||||||
Hizkuntza ofiziala | gaztelania | ||||||||||
sosdelreycatolico.com |
Eskualdeko hiriburu izan zen, eta orain biztanle gutxien dituen udalerria da, 614 biztanle baitzituen 2015ean.
Historia
Sausek Errekonkista garaian hartu zuen garrantzia, mugako herri gisa, kokaleku estrategikoa baitzuen. Horregatik, X. mendekoak dira lehenengo aipamenak. Hartara, Iruñeko lehenengo errege Antso I.a Gartzeitzek Sause birpopulatu zuen, eta herria sortu, 907. urtean[2] edo 908. urtean.[3] Izan ere, Errekonkistako gatazka armatu sarriek ingurua jendez hustua zuten. Iruñeko bigarren errege Gartzea I.a Sanoitzek, 970. urtearen inguruan, gaztelua eraikiarazi zuen Feliciana haitzean, musulmanen erasoetatik babesteko asmoz.
1044an, Sausek Nafarroako herria izateari utzi zion, Ramiro I.a Aragoikoak bereganatu eta Aragoiko erresuman sartu baitzuen. Baina handik lasterrera, 1076an, Antso V.a Nafarroakoarekin Nafarroako eta Aragoiko erresumak batu ziren, eta Sausek mugako herria izateari utzi zion.
Alfontso I.a Nafarroakoa hiltzean, 1134. urtean, berriz banandu ziren Nafarroako eta Aragoiko erresumak, eta Ramiro II.a Aragoikoak berriz eraikiarazi zuen Sauseko gaztelua 1137an; Aragoik huraxe izan zuen defentsarako gunerik garrantzitsuena, Nafarroarekin hurrengo urteetan izandako gerretan.
Hala ere, 1452an gertatu zen Sauseko historiako gertakari aipatuena, urte hartako martxoaren 10ean Sausen jaio baitzen Fernando II.a Aragoikoa, goitizenez Errege Katolikoa. Horregatik, gerora, herriari izena aldatu zioten gaztelaniaz eta aragoieraz (ordu arte Sos zen, soilik). Fernandoren ama Joana Enrikez Sausen egotearen arrazoia, Nafarroako Gerra Zibila izan zen.
Ekonomia
Sauseko ekonomiaren oinarria nekazaritza izan da aspaldiko mendeetan. Industriarik apenas duen, eta merkataritza askorik ere ez. XX. mendearen azkenaldetik aurrera, garrantzi handia hartu du turismoak, Erdi Aroko kaleak eta eraikinak gorde dituen alde zaharraren xarmari eta lasaitasunari esker. Turismo paradorea eta bestelako hainbat ostatu ditu.
Interesguneak
1968. urteaz geroztik, multzo historikoa da Sauseko alde zaharra, oso ondo gorde baititu Erdi Aroko egitura eta hainbat eraikin.
Harresia
Sauseko herrigunea harresiek inguratua zegoen, eta oraindik zutik daude harresi haietako zazpi ate:
- Portal de Zaragoza: ate nagusia, hortik abiatzen da Fernando el Catolico kalea, alde zaharreko kale nagusia.
- Portal de la Reina.
- Portal de Sangüesa.
- Portal de Jaca.
- Portal de Uncastillo.
- Portal de Levante.
- Portal de Poniente edo Portal del Mudo.
Beste interesgune batzuk
- San Esteban eliza: XI. mendean eraikitzen hasitako kriptan, horma pintura gotikoak ditu. VIII. mendeko bataiarria du.
- Gazteluko dorre nagusia (torre del homenaje): Feliciana haitzaren gainean XII. mendean eraikitako gaztelutik iraun duen hondarra. Jatorrizko X. mendeko gaztelutik ez da ia arrastorik geratu, zurezkoa baitzuen egitura.
- Udaletxea.
- Sada jauregia: Sada familiaren jauretxea. Han jaio zen Fernando II.a Aragoikoa, Errege Katolikoa. Jauregiari atxikita dago San Martin de Tours baseliza, XIII. mendekoa.
- Español de Niño jauregia: Español de Niño familiaren jauretxea, XVI. mendearen bukaerakoa.
- Isidoro Gil de Jaz eskola.
- Erdi Aroko lonja.
Zinema
1985ean udalerri honetan filmatu zen Luis García Berlangak zuzendutako La vaquilla ("Bigantxa") filma.
Erreferentziak
- Euskaltzaindia: 149. araua: Euskal Herri inguruko exonimoak.
- Juan Briz Martínez: Historia de la fundación y antigüedades de San Juan de la Peña, Zaragoza, 1620. Ikus 9. kapitulua, 312. folioa.
- Pascual Madoz (1846-1850): Diccionario geográfico-estadístico-histórico de España y sus posesiones de Ultramar, Establecimiento tipográfico de P. Madoz y L. Sagasti.
Kanpo estekak
- (Gaztelaniaz) Sauseko Udalaren webgunea. Webguneko historia ataletik atera dira artikulu honetako historiari buruzko daturik gehienak, bai eta interesguneei buruzkoetako asko ere.