Sasiakazia
Sasiakazia (Robinia pseudoacacia) zuhaitz espezie bat da, akazia itxura duena baina akazia ez dena. Jatorria Ipar Amerikan du; zehazki, Ameriketako Estatu Batuetako ekialdean eta erdialdean. Hala ere, klima epeleko beste hainbat lurraldetara zabaldu du gizakiak: Ipar Amerikara, Europara, Hegoaldeko Afrikara eta Asiara. Hala, bada, landare inbaditzailetzat hartzen da toki askotan.
Sasiakazia | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Fabales |
Familia | Fabaceae |
Leinua | Robinieae |
Generoa | Robinia |
Espeziea | Robinia pseudoacacia |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | Black Locust wood (en) , Black Locust seed (en) eta robinia (en) |
Habitata erreketatik hurbil dauden baso mistoak ditu, eta harizti azidofiloak ordezkatzen ditu Euskal Herrian.
Landare inbaditzailea Euskal Herrian
Ipar Amerikako zuhaitz hau XVII. mendean sartu zuten Europan. Apaingarritzat eta basogintzarako landatu zuten, eta, gaur egun, oso hedatuta dago Hego Euskal Herrian. Landare inbaditzailea da.
Klima atlantiko hezean garatzen da. Maldetan, baso-ertzetan edo basoen zabalgunetan kokatzen da, urkiaren eta sahats arruntaren nitxo ekologikoa okupatuz. Lurrazpiko sustrai-kimuen bitartez hedatzen da. Haritz kandudunaren garapena ere zailtzen du, maldak eta haritz horren ohiko lekuak okupatzen dituelako.
Hazkunde arina eta indartsua eta sustrai kimu berriak sortzeko ahalmen izugarria duenez, suteen edota mozketen ondoren aise hazten da berriro. Horregatik, oso ohikoa da maldetan, landutako lurzoruetan edo basogabetutako larreetan. Leku horietan baso sarriak garatzen ditu, eta bertako basoen garapena oztopatzen du.
Herbiziden aurreko erresistentzia handia du. Espezie hori kontrolatzeko bide biologikoak ez daude frogatuta orain arte. Urdaibain, bailaretako heze guneetan, ibai ertzetan eta errepideen ondoko maldetan ikusi da. Horrelako asko dago Zugastietan, Albizen, Belendizen, Arratzun, Morgarako igoeran eta Errigoitirako errepidean. Espezie honen inpaktu-maila esanguratsua da, hazkuntza arineko espezie baita eta bertoko formazioen hazkuntza zaildu eta berandutu egiten baitu. Horrela, oihanpeko floraren aniztasuna kaltetzen du nabarmen (Silvan, Campos, 2001).