Sasi artean Elgeta
Sasi artean Elgeta Jazinto Rivas 'Elgeta' trikitilariaren biografia ilustratua da. 2021ean Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak argitaratu zuten. Koldo Izagirrerena da gidoia, Dani Fanorenak marrazkiak eta Ekaitz Agirrerena koloreztatze-lana ("Garluk").[1]
- Jazinto Rivas 'Elgeta'
Sasi artean Elgeta | |
---|---|
Datuak | |
Idazlea | Koldo Izagirre, Dani Fano eta Ekaitz Agirre |
Argitaratze-data | 2021 |
Argitaletxea | Ikastolen Elkartea |
ISBN | 978-84-124067-6-4 |
Jazinto Rivas
Musikarako sen apartekoa zuen Elgetak. Trikitilari gehienek aitortzen dute Jazinto Rivasen garrantzia soinu txikiaren jarraipenean eta bilakaeran. Orduko trikitilarien errepertorio urria aberastu izana aitortzen diote adituek. Dantza loturako tresna egin zuen trikitia. Mito eta legenda asko sortu dira gero Elgeta-ren inguruan. Musikatik atera nahi izan zuen bizimodua soinua inon ikasterik ez zegoen garaietan eta lana zenik ere inork uste ez zuen sasoi batean.[2][3]
Hurrengo belaunaldietako irakasle, baserriz baserri ibili zen maisu moduan (bere ikasleak izan ziren Laja handia, Maltzeta, Sakabi, Auntxa, Epelarre eta Zialtzeta, esaterako) 1950eko hamarkadan ospetsu bilakatu zen.
Argumentua
Liburua ez da biografia oso eta zehatz bat, gidoia Elgetaren bizitzako hainbat pasarte bitxirekin osatu zuen Koldo Izagirrek. Esaterako hauek: umezurtz bizizalea zenekoa, langile-kontzientzia garatu zuenekoa, gerran faxisten kontra borrokatzeko boluntario aurkeztu zela, gerraondoan preso eman zituen urteak...
Erromerietan jendea liluratzen zuten hamar abestietako bertsoak txertatuta azaltzen dira komikian, eta nabarmenduta azaltzen dira irudien artean pasarteen indarra azpimarratzeko, eta Elgetaren trikiak sortzen zuen lilura nolabait adierazteko.
Ez omen zuen lana maite baina. Trikiarekin oso trebea zenez gero, berehala utzi zituen peoi lanak eta baserri-giroa ere. Joko zalea ere bazen: goizeko 5ak aldera arte solitarioak egiten aritzen omen zen irakasle bezala hartzen zuten baserrietan eta gero eguerdi aldera arte egiten omen zuen lo. Eskatzen zuen jornalaren barruan sartzen ziren eguneko 5 duro, bere mantenua eta hiru puru. Hala ageri da argazki gehienetan, purua ahoan duela.
Komikian azaltzen diren abesti batzuetako dira hauek:
Umezurtz bizizalea | Gerran boluntarioa | Preso gerraondoan | Langilea |
---|---|---|---|
Aittamabako nintzan
mundu hontan hasi protesta kantatzeko nik zenbat garrasi ai, ai, ai nik zenbat garrasi soinua joz egin neban bizitza ikasi |
Faxistak esan zesten
Agirre es un puerco... horrekin batu baino hila edo muerto |
Lehen Dueso eta orain
Santamaiko Puerto hamabi urte barru hezurrak ugerto |
Gora Euskadi eta
gora mundu guztian bere izardixakin bizi dan jentia |
Izenburuaz
Jazinto Rivas 'sasikoa' izan zen, umezurtza. Hortik etor daiteke Sasi artean, Elgeta izenburua. Donostian jaio, baina Bergarako Intxuzabal baserrian hazi zen. Eibarren hasi zen lanean gero, eta Eibarko herriko bandako musikariei esker ikasi zuen musikan.[4] [5]
Jaio eta bi astera Donostiako Buen Pastor parrokian abandonatu zuten, eta bertan, Jacinto Maria Rivas Sanz zena, Baldomero Erlaitz Irazoki bataiatu zuten. Baina berak 1927an Jacinto María Rivas Sanz izena berreskuratu zuen, bere egunerokoan erabiltzen zituen izen deiturak zirela argudiatuta.
Jaio eta hiru hilabetera Zumarragako baserri batean hartu zuten haurra, baina astebetera, arrazoi jakinik gabe, itzuli egin zuten. Astebete geroago Bergarako Intxuzabal baserrian hartu zuten.
Handik urtebetera ordea, ama biologikoa zenak erreklamatu zuen haurra. Epaiketa izan zen orduan eta lortu bazuen ere, haurra Intxuxabalera itzuli zen gerora eta han hazi eta hezi zuten bertatik bere kabuz joan zen arte.
Erreferentziak
- Imaz, Andoni. (2021). «Elgetaz ez dakiguna gehiago denez dakiguna baino, libre aritu gara» Xabiroi (61. zenbakia) (Ikastolen elkartea - Issuu): 10-11. (Noiz kontsultatua: 2023-01-10).
- Izagirre, Koldo. (2001). Sasiaren sustraiak : Jazinto Rivas Sanz, "Intxuzabal", "Elgeta" (1905-1964). Euskal Herriko Trikitixa Elkartea ISBN 84-607-3357-2. PMC 433054617. (Noiz kontsultatua: 2022-11-08).
- Zeberio Lekuona, Larraitz. (2019-01-25). «Jazinto Rivas 'Elgeta' izango dute gogoan, Ferixa Nagusiko jaietan - Elgeta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-09).
- Agirre, Joxean. «Hoy hace cien años que nació Elgeta, un trikitilari de leyenda» Gara.
- «Una Pequeña Historia de La Trikitixa Castellano | PDF | Música folk | Entretenimiento (general)» Scribd (Noiz kontsultatua: 2022-11-08).
Bibliografia
- ELGETA, Sasiaren sustraiak. Koldo Izagirre. Soinuaren liburutegia. ISBN 84-607-3357-2.
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- Jacinto Rivas ”Elgeta” - Kepa Junkera & Sorginak, (2014, Trikitixaren Historia Txiki Bat / Una Pequeña Historia De La Trikitixa).
- (Gaztelaniaz) «Jazinto Rivas ELGETA + CD» acordeonesdumboa.es/ (Noiz kontsultatua: 2022-11-09).
- FASIO -KALEJIRA-(JACINTO RIVAS ELGETA ) ERRENTERIA MUSIKAL AKORDEOI TALDEA (josanov, Youtube)