Sarre
Sarre edo Saarland[1] (alemanez: Saarland, ˈzaːɐ̯lant ahoskatua; frantsesez: Sarre, saʁ ahoskatua) Alemaniako hego-mendebaldeko estatua. Saarbrücken da hiriburua. Gainontzeko hiri nagusiak Neunkirchen, Homburg, Sankt Ingbert, Saarlouis eta Völklingen dira.
Sarre/Saarland Saarland | |||
---|---|---|---|
| |||
Administrazioa | |||
Herrialdea | Alemania | ||
Hiriburua | Saarbrücken | ||
Land burua | Annegret Kramp-Karrenbauer (CDU) | ||
ISO kodea | DE-SL | ||
Bozak Bundesraten | 3 (69tik) | ||
Geografia | |||
Koordenatuak | 49°23′N 6°53′E | ||
Azalera | 2.569 km² | ||
Demografia | |||
Biztanleria | 986.887 biztanle | ||
Dentsitatea | 384.15 bizt/km² | ||
Informazio gehigarria | |||
https://www.saarland.de/ |
Geografia
Muga hauek ditu: iparraldean eta ekialdean, Renania-Palatinatua; mendebaldean, Luxenburgo; hegoaldean, Frantzia.
Sarre ibaiak eratutako haranak hartzen du estatua. Haranaren iparraldean Hunsrück mendialdea dago, eta, hegoaldean, Lorrenako mendiak (695 m ditu mendi garaienak). Blies eta Prims ibai txikiek Sarre ibaian isurtzen dute ura. Klima kontinentala da, eta 800 mm euri-ur egiten du urtean batez beste.
Historia
Herri zeltak bizi ziren Sarre aldean erromatarren garaian, eta franko germaniarrak zabaldu ziren K.o. II. mendetik aurrera. Karolingiar inperioaren ekialdeko lurraldea izan zen, eta Berant Erdi Aroan jaurgo ugari osatu ziren.
Westfaliako bakearen ondoren (1648), Frantziako koroaren eraginpean egon zen; 1684-1697 bitartean, Frantzia barneko lurralde bihurtu zuten, eta, 1792-1815 bitartean, Frantziako departamendu izan zen. 1815-1870 bitartean Renaniari lotuta egon zen, eta, 1871. urtetik aurrera, industria azkar garatu zen hango ikatz-hobiei esker.
Lehen Mundu Gerraren amaieran (1918), beretzat eskatu zuen Frantziak Saarland, baina aliatuek ez zuten horrelakorik onartu eta Nazioen Ligaren babespean geratu zen. Frantsesen eskuetara igaro ziren, hala ere, ikatz-hobiak. 1935ean biztanle gehienek (% 90etik gora) Alemaniako Reich-ean sartzea aukeratu zuten erreferendumean. 1945ean frantses-armada sartu zen Sarren, eta 1947an Sarreko lurralde autonomoa eratu zuten Frantziari loturik. 1955ean, ordea, biztanle gehienek (% 68k) autonomia haren aurka eta Alemania Federalarekiko batasunaren alde eman zuten botoa erreferendumean. 1957ko urtarrilaren 1ean Alemania Federaleko 10. land edo estatu bihurtu zen.
Banaketa administratiboa
Barrutiak
Sei landa-barrutik (Landkreise) osatzen dute Sarre:
- Merzig-Wadern
- Neunkirchen
- Saarbrücken
- Saarlouis
- Saarpfalz
- Sankt Wendel
Hiri handienak
Datuak 2010ko abenduaren 31koak dira.
- Saarbrücken (175.810 biztanle)
- Neunkirchen (47.398)
- Homburg (43.808)
- Völklingen (39.626)
- Sankt Ingbert (37.195)
- Saarlouis (37.136)
Gizartea
Biztanleak katolikoak dira, oro har. Hizkuntza ofiziala alemana den arren, frantses-hiztun asko daude.
Politika
2012ko martxoaren 25an izan ziren Sarreko parlamenturako azken hauteskundeak eta CDU alderdiak dezente galdu arren, alderdi bozkatuena izatea lortu zuen.
Honako hauek izan ziren hauteskundeetako emaitzak:
Alderdia | Bozkak | Ehunekoak | Diputatuak |
---|---|---|---|
Alemaniako Batasun Demokrata Kristaua (CDU) | 169.594 | % 35'2 | 27 |
Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata (SPD) | 147.160 | % 30'6 | 17 |
Ezkerra (Die Linke) | 77.612 | % 16'1 | 9 |
Alemaniako Alderdi Pirata | 35.646 | % 7'4 | 4 |
90 Aliantza/Berdeak | 24.248 | % 5'0 | 2 |
Alemaniako Familiaren Alderdia (FAMILIE) | 8.393 | % 1'7 | 0 |
Alderdi Demokratiko Askea (FDP) | 5.871 | % 1'2 | 0 |
Alemaniako Alderdi Nazionaldemokrata (NDP) | 5.604 | % 1'2 | 0 |
Freie Wähler (Hautesle askeak) (FW) | 4.172 | % 0'9 | 0 |
Gainontzeko alderdiak | 2.949 | % 0'6 | 0 |
Ekonomia
Ikatz-arro garrantzitsua eta oparoa izan da, Saarlouisetik Saarbrückenera eta Saarbrückenetik Neunkirchena luzatzen diren ardatzak batez ere. Hala eta guztiz ere, XX. mendearen erdialdetik aurrera, nabarmen murriztu da ikatz-ekoizpena, eta industria (altzairugintza, metalurgia, tresneria elektrikoa eta mekanikoa, beiragintza, janari-industria, zurgintza, papergintza, industria kimikoa) da, egun, ekonomia-jarduera nagusia.
Pertsona famatuak
- Erich Honecker (1912-1994), Alemaniako Errepublika Demokratikoaren estatu burua 1976 eta 1989 bitartean.
- Oskar Lafontaine (1943- ), politikaria.
- Sandra Cretu (1962- ), pop abeslaria.
- Claudia Kohde-Kilsch (1963- ), tenislaria.
- Timo Bernhard (1981- ), auto gidaria, besteak beste Le Manseko 24 Orduen irabazlea.
Gizateriaren Ondare
Völklingengo burdingintza izenarekin UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen Völklingen hiriaren ondoan dagoen burdin lantegia.
Irudi galeria
- Saarbrücken gauez
- Saarbrückengo Ludwigskirche eliza
- Neunkircheneko Santa Maria katedrala
- Sarre ibaiaren meandroa Mettlach ondoan
- Bostalsee aintzira
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Euskaltzaindia. (2008-05-30). 154. araua: Europako eskualde historiko-politiko nagusiak. .