Sare sozialak

Sare sozialak edo gizarte sareak (Ingelesez Social Networking Services,[1] SNS) web plataforma bitartez gizakien arteko harremanetarako zerbitzuak eskaintzen dituzten Internet-zerbitzuak dira. Hainbat talde, zerbitzu, gidari, programa, transmisore eta errezeptorez osatuta dago, baina batez ere, nolabaiteko harremana, laguntasuna nagusiki, daukaten pertsonek osatzen dute. Interneten hamaika zerbitzu daude, jendearen arteko gizarte sareak sortzeko.[2][3]

Gehienetan, beste herrialdetako jendearekin komunikatzeko erabiltzen dira, posta elektronikoak eta beste hainbat zerbitzuk dituzten mugak ez dituztelako.

Gizarte sareetako zerbitzuen erabilera ordenagailu, tableta edo telefono adimendunen bitartez egiten da.[3]

Oinarrizko egitura

Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Sare sozialak eta algoritmoak.

Gizarte sareak web-ean oinarritzen diren zerbitzuak dira: hor, sistema mugatu batean erabiltzaile erdi publiko edo publiko bat sor daiteke. Horretaz gain, konexioa elkarbanatzen den erabiltzaileekin zerrenda da bat osatzen du eta beste erabiltzaileen zerrenda ere ikus daiteke, beti ere sistema berean egin badira elkarren arteko konexioak. SNS-i esker munduko edozein lekutako jendea ezagutzeko aukera daukagu.[3]

Sare sozialetako zerbitzu guztien erabilera egiteko erabiltzaileak kontua sortu beharko du, baita erabiltzaile profila ere. Hala ere, SNS gehienek hauek bisitatzeko aukera ematen dute, bertako irudiak eta informazioa kargatuz kontua izan ez arren. Bi maila orokorretan bereiz daitezke sare sozialetarako zerbitzuak:

  • Kanpo gizarte sareak: (ESN ingelesez): webeko erabiltzaileentzat eskuragarri dagoen sare irekia, iragarleak erakartzeko diseinatua. Erabiltzaileek "lagun" rola hartzen dute beste erabiltzaileekin, nahiz eta askotan aldez aurreko harremanik ez eduki elkarren artean.

Gizarte sareetarako zerbitzu gehienetan erabiltzaileen arteko kontaktu "birtual"aren eskakizun edo gonbidapenaren aurrean, erabiltzaileek lagunak direla baieztatu (edo ezeztatu) beharko dute, konexio "birtual" hori egon dadin. Gainera, gizarte sareetan pribatutasun kontrolak egoten dira: erabiltzailearen esku uzten da nork ikus dezakeen haren profila eta nork ez, edo nork hitz egin diezaiokeen, beste hainbat gauaren artean. Horretaz gain, plataforma askok like funtzioa ('atsegin dut', ingelesez) daukate, erabiltzaileen artean bakoitzak hodeira igotzen duen edukia balioztatzea ahalbidetzen duena.[3]

Erabilerak

Negozioa

Sare sozialek pertsonak konektatzen dituzte kostu baxuan, horregatik, onuragarria izan daiteke ekintzaile nahiz enpresa txikientzat. Sare sozialak, produktuak eta zerbitzuak saltzen dituzten enpresa eta bezeroen arteko harremana kudeatzeko tresnak izan daitezke. Gainera, enpresek ere, plataforma hauek erabil ditzakete haien iragarkiak igotzeko publizitate gisa. Bestetik, oso baliagarriak dira ere munduko edozein parteko bezeroekin kontaktua mantentzeko, izan ere, enpresa askoren merkatua mundu mailakoa da.[3]

Hala ere, garrantzitsua da buruan izatea web plataforma hauen jatorri soziala. Horregatik, salerosketak sare sozialen bitartez burutzen saiatzea, erabiltzaileek enpresaren lotura ezabatzea sor dezake. Zentzu honetan, sare sozialek enpresei bezeroekin harremanak izan ditzaten baimendu diezaiekete elkarren arteko mesfidantza saiesteko. Horrela, konplizitate-harremana sor daiteke erosle-saltzailearen artean salerosketa estrategiko "on line"-a burutzen lagunduko diena.[3]

Gaur egun, enpresa handi nahiz txikiek sare sozialak erabiltzen dituzte bezeroekin komunikatzeko eta horrela, bere web orrialdeetan trafiko handiagoa eragiteko, pertsonak haien denda "on-line"-an kontsumitzera helbideratzeko, edota saltzen dituzten produktu nahiz zerbitzuak haien bezeroek sustatu ditzaten lagunen artean loturak zabalduz edo sare sozialetan partekatuz.[3]

Gainera, enpresa bateko produktu baten erosketa egin aurretik, bezeroak haien artean komunikatu daitezke, sare sozialen bitartez ere. Horrek konfiantza sor dezake erasoketa egiterako orduan: izan ere, enpresaren iritzia eta publizitateaz gain, beste erosleen lekukotasuna lor daitekeelako produktu edo zerbitzu baten inguruan.

Kontsumitzaileak ohiko publizitatetik urruntzen ari dira (telebista, egunkaria, irratia, aldizkariak...), ordez, berehalako informazioa lortzeko asmoz. Hori dela eta, geroz eta gehiago jotzen dute komunikabide sozialetara, era librean kontsumitu nahi dutena bilatzeko edo-ta informazioa lortzeko, hau da, erosketa erabakiak hartzeko. Erosleentzat komunikabide sozialak produktu edo zerbitzu baten inguruko enpresen iragarkiak baino fidagarriagoak izaten dira.[3]

Osasunerako erabilera

Osasunari buruzko profesionalek geroz eta gehiago erabiltzen dituzte sare sozialetarako zerbitzuak ezagupen instituzionalak zabal ditzaten.[3]

Ikerketa juridikoak

Gizarte sareen zerbitzuen gorakadaz geroztik behin baino gehiagotan erabili ditu poliziak eta auzitegi gorenak sarean partekatutako probak ikerketetarako edota leporaketak egiteko.

Hezkuntza

Sare sozialak web 2.0 zehaztapenaren zerbitzuen barne daude, hori dela eta, hezkuntzarako oso baliagarriak izan daitezke. web 2.0 zerbitzuaren teknologiek ikasleei haien ikaskuntza prozesuan murgiltzen laguntzen die, prozesuaren sortzailea eta hartzailea izaten eskainiz aldi berean. Ikasleak sare sozialen erabilera ohituta daude, horregatik hezkuntza, alor honetara ekartzeak ez du arazorik eragiten, izan ere, aldez aurretik daukaten Know how-a baliatu daiteke.

Sare sozialen zerbitzuen erabilera hezkuntzan, ikasle eta irakasleen arteko komunikaziorako onuragarria izan daiteke, gainera taldelana erraztu dezake eta ikasle bakoitzaren autonomia handitu dezake. Ikaskuntza, ezagupenen eraikuntza kolektiboa da. Konektibismo-aren arabera, kaosaren teoriaren, sareen, norberaren antolamenduaren eta zailtasunaren oinarri batzuk biltzen ditu.[3] Besteak beste:

  • Blogak: Alfabetatze digitalean maila ezberdineko iruzkin eta idazketak daude, idazketa periodistiko gisa hartzen badira eta sindikazioaren bidez (RSS/ATOM) edukien eguneratzea errazten badute. Modu honetan, irakasleak ikasleen eguneratzeen berri izan dezake.[3]
  • Wiki: Ikaskuntza kolektiboa garatzeko aukera ematen duten web orrialdeak dira. Ikasleek batak bestearen informazioa editatu eta osatu dezakete, hala nola, historiala kontsultatu edo denen artean dokumentu kolektibo bat osatu.
  • Twitter / X: mugikor nahiz ordenagailuentzat eskuragarri dago eta sare sozial gisa dago izendatua. Gehienez ere 280 karaktereko mezuak bidali edo jaso daitezke argazkiak, bideoak, etiketak, hiperestekak edo hashtagh-ak gehitzeko aukera emanez. Beraz, erabiltzaileen artean sortzen den komunikazioak, sareko ikaskuntza soziala bultzatzen du.[3]
  • Periscope: ​Tresna horrek streamingaren bidez pertsonak elkarren artean distantziatik konektatzeko aukera ematen du aurrez-aurre egon gabe.[3]
  • Facebook: Facebookek hezkuntza proiektu bat jarri zuen martxan, bikoteka lan egiteko plataforma bat aztertzen duena. Lan honen ondorioz, iruzkin eta ikus-entzunezko lanak sortu ziren. Helburuen barruan ikaste-irakaste tresna berriekin esperimentatzea zegoen elkarlanera zuzendua zegoena.[3]
  • Ning: gizarte sareak sortzeko beste plataforma bat da. Horizon Edición Iberoamerican 2010eko txostenaren arabera, Ning plataforman irakasle eta ikertzaile asko elkartzen dira, hainbat alor eta garapen pertsonala sustatzeko.
  • Haurrentzako gizarte sareak ere sortu dira. Helduek egiten dituzten gauza asko egin ditzakete, baina gainera, lagunekin jolas daitezke eta jolastuz lagun berriak egin ditzakete.[3][3]

Sare sozialen erabilera hezkuntzan oso onuragarria da formazio prozesurako eta etorkizun profesionalerako, izan ere, enpresa gehienek aplikazio ezberdinak erabiltzen dituzte haien gaikuntzarako, gainera, etengabeko formazioa edukitzeko aukera irekitzen du. Sare sozialek helburu pedagogiko bat izan ditzaten garrantzitsua da sare itxiak sortzeko aukera izatea.

Sare sozialen garrantzia hezkuntzan

Sare sozialak gizartean informazioa partekatzen errazten duten tresnak dira, elkarren arteko komunikazioa errazten dutena, taldekakoa nahiz banakakoa. Hezkuntzan ere onuragarriak dira, momentuan momentuko informazioa partekatu daitekeenez talde-lana errazten baitu.[3][3]

Sare sozialak hezkuntzan:[3][3][3]

  • Ikaskuntza autonomoa
  • Sareko ikaskuntza garatzeko aukera ematen diete ikasleei, ezagupenak bertatik elkarbanatuz.
  • Ikaslean oinarritutako ikaste metodoak erabiltzen dira.
  • Konpetentzia digitalak garatzen laguntzen dute.
  • Ikasle-irakasleen arteko rol aldaketa sustatzen dute.
  • Ikaste metodo edo esperientziak WEB-arekiko erabilgarritasunaren arabera diseinatzen dira.
  • Elkarren arteko komunikazio sinkroniko eta asinkronikoa ahalbidetzen dute globalizazio testuinguru honetan.

Hezkuntzan sare sozialen erabilera egin ahal izateko ezinbestekoa da ekipamendu teknologikoa eskuragarri izatea, adibidez, internet.[3]

Kazetaritza

Gaur egungo gizartean, zeina duela hainbat urte baino askoz azkarrago doan, komunikazio era berriek pertsonen arteko harremana ahalbidetzen dute. Baina sare hauek aurrez-aurreko komunikazio zuzena ordezka al dezakete? Jende askok ordenagailuaren pantaila komunikazio mundu berri eta ezberdin gisa ikusten du, hauek gabe ezinezkoa izango litzatekeena. Beste askorentzat ordea, Tuenti, Facebook edo Twitter mundu ezezaguna da, hauetan dagoen informazioa sinesten kostatzen zaiena.[3]

Sare sozialek kazetaritza tradizionala osa dezakete, eta batzuetan ordezkatu ere egin dezakete Hoy egunkariaren arabera: "Blog-ek, sare sozialek eta egunkari digitalek kazetaritza birdefinitzen dute", Blog-ak gaur egungo informazio sorleku izanik. Interneten sortzen diren giza komunitateek eta egunkari digitalen informazio proiekzioek gaur egun, munduko komunikazioa helbideratzen dute. Ondorioz, kazetari nahiz kazetaritza tradizionalek eraberritzeko apustua egin behar dute bizirauteko.

Salaketak eta aktibismoa

Sare sozialetan sortutako bandera

Sare sozialetarako zerbitzuak komunikabide erraldoietan bilakatu dira gorakada handiaren ondorioz. Erabiltzaileen edukiak ikusgai daude eta aldi oro dira sortzaile, partaide eta kritiko. Sare sozialen bidezko salaketek gizartea kontzientziatu dute, belaunaldi kolektibo solidario kritiko bati bide emanez.

Beraz, beste komunikabide handi eta kontrolatu askok lortu ez duten zerbait lortu dute sare sozialek; informazio gordina zabaltzea inongo manipulazio motarik gabe eta jende askorengana iristea. Informazio demokratizatuaren sareak bihurtu direnez, ongi arrazoituak dauden kontu etikoak salatzeko tresna apartak dira. Momentuan momentuko informazioa dagoenez, manipulazioa zailagoa da, horregatik, erabiltzaileek kontzientzia garatzen dute eta parte hartzeko, hala ez hartzeko erabakia hartzen dute. Askatasuna, balio etiko eta balio moralak erabiltzaileek erabakitzen dituzte, ohiko komunikabideen interes politiko, komertzial eta beraz, manipulazioetatik urrunduz.

Sare sozialak politika, ekonomia, gizarte eta kultura gaiez informatua eta kontzientziatua egoteko aukera emateaz gain, parte hartze aktibo eta kolektiboa dagoen espazio dira ere. Horrela, gai baten inguruko erabiltzaileen arteko iritziak, eztabaidak eta analisiak elkarbanatzen eta zabaltzen direnez, irakurleek berezko argumentua edo iritzia garatzeko aukera dute. Gaur egun, hain zabalduta daude sare sozialak, non gizarte aktibismoa egiteko tresna bikaina bilakatu diren.

Sare sozial deszentralizatuak eta federatuak

Gehiago jakiteko, irakurri: «Fedibertso»

Badaude algoritmoetan[4] oinarritutako zentralizatutako hainbat sare sozial erraldoi: Twitter, Facebook, TikTok, YouTube, Instagram, eta abar. Enpresa handien zerbitzari erraldoietan daude fisikoki kokaturik eta erabiltzaileen datuak biltzen dituzte, datu horiekin negozioak egiteko, publizitatea pertsonifikatzen edo datu horiek prozesatzen eta hirugarren batzuei saltzen[5][6][7][8][9].

Horietatik kanpo, badaude instantzia txiki askotan, zerbitzari txiki askotan, fisikoki deszentralizatua baina federatua, ActivityPub protokoloari esker[10], beste hainbat sare sozial: Mastodon[11], PixelFed[12], PeerTube[13], Lemmy[14], Paperjale.eus[15], eta abar. Horietako askok badute euskal instantziarik, Euskal Herriko zenbait enpresa[16], lagun talde[17] edo norbanakok[18] kudeatuta.

Erreferentziak

  1. (Ingelesez) Social networking service. 2020-04-28 (Noiz kontsultatua: 2020-04-29).
  2. Rojas, Joxe. (2023-07-08). Sare sozialak 2023an, 10 galdera errazetan | Teknopataren txokoa. (Noiz kontsultatua: 2023-08-09).
  3. (Gaztelaniaz) Servicio de red social. 2020-04-30 (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
  4. "Zer da algoritmo bat?" Sare sozialak 2023an, 10 galdera errazetan | Teknopataren txokoa. 2023-07-08 (Noiz kontsultatua: 2023-08-09).
  5. (Ingelesez) «Facebook sued over Cambridge Analytica data scandal» BBC News 2020-10-28 (Noiz kontsultatua: 2023-08-11).
  6. (Ingelesez) «Meta settles Cambridge Analytica scandal case for $725m» BBC News 2022-12-23 (Noiz kontsultatua: 2023-08-11).
  7. (Ingelesez) Wong, Julia Carrie. (2019-03-18). «The Cambridge Analytica scandal changed the world – but it didn't change Facebook» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2023-08-11).
  8. (Ingelesez) Smith, David. (2022-02-11). «Declassified documents reveal CIA has been sweeping up information on Americans» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2023-08-09).
  9. (Ingelesez) Editorial. (2021-10-07). «The Guardian view on Facebook: the anti-social network» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2023-08-09).
  10. «Sare sozialen etorkizuna | Kontaizu» kontaizu.eus (Noiz kontsultatua: 2023-08-09).
  11. Mastodon sare sozial federatua gero eta indartsuago dabil – Ikusi-makusi. 2023-03-09 (Noiz kontsultatua: 2023-08-09).
  12. «PixelFed.eus» PixelFed.eus (Noiz kontsultatua: 2023-08-09).
  13. «PeerTube.eus» peertube.eus (Noiz kontsultatua: 2023-08-09).
  14. «Lemmy.eus - Euskarazko web-foro libre eta federatuak. Euskalmemeak, software librea, fedibertsoa, etimologiak...» lemmy.eus (Noiz kontsultatua: 2023-08-09).
  15. «Paperjale.eus jaio da: euskal liburuzaleen sare soziala» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-08-09).
  16. «mastodon.jalgi.eus» Mastodon mastodon.jalgi.eus domeinuan ostatatua (Noiz kontsultatua: 2023-08-09).
  17. «Abaraska taldea» PeerTube.eus (Noiz kontsultatua: 2023-08-09).
  18. «PixelFed.eus» PixelFed.eus (Noiz kontsultatua: 2023-08-09).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.