Sare hiltzaile

Sare hiltzailea edo kortinario hiltzaile gorria (Cortinarius orellanus) kortinarioen familiako perretxiko hilgarria da. Bere ezaugarriak oso arruntak direnez, identifikatzeko zaila izaten da eta pozoitzeak eragiteko aukera handitu egiten da. Gainerako kortinarioek bezala, gortina edo errezela daukate gaztetan txapelaren eta hankaren artean, baina galdu egiten dute partzialki edo erabat ale zaharragoetan.[1]

Sare hiltzailea
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaFungi
KlaseaAgaricomycetes
OrdenaAgaricales
FamiliaCortinariaceae
GeneroaCortinarius
Espeziea Cortinarius orellanus
(Fr. 1838
Mikologia
 
orriak himenioan
 
txapel ganbila
 
gero titi-formakoa
 
himenioa sabeldua da
 
edo adnatua da
 
hankak gortina dauka
 
espora marroiak dauzka
 
mikorrizak eratzen ditu
 
hilgarria da

Oharra: ez fidatu soilik orri honetan ematen diren datuez perretxiko bat identifikatzeko orduan. Inolako zalantzarik izanez gero, kontsultatu aditu batekin.

Abizena amerindiarrek aurpegia margotzeko erabiltzen zuten orella substantzia gorritik datorkio.

Morfologia

Txapelak 3 eta 10 zentimetro inguruko diametroa dauka. Hasieran ganbila da eta gero zapala, baina ia beti titidun formakoa. Marroi kolorekoa da, hasieran gorriagoa eta gero laranjaxka.

Orri zabalak dauzka, adnatuak, bakanak, laranja kolorekoak edo marroiak.

Hanka haritsua dauka, txapela baino pixka bat argiagoa eta oinarrian estuagoa. Gortina horixka da, denborarekin desagertzen dena.

Espora marroiak.

Ekologia

Udan eta udazkenean hazten da, hostoerorkorren basoetan (gehien bat harizti eta pagadietan), lurzoru azidoetan. Ez omen da oso arrunta gure artean, baina badirudi Europa aldean gehiago agertzen dela.

Ez da erraza espezie jangarri arruntenekin nahastea, baina kontuz ibili behar da kortinario jangarriak biltzeko ohitura edukiz gero.

Jangarritasuna

Onddo hau hilgarria da. Saguetan dosi hilgarria 2 gramo kilogramokoa dela behatu da, eta beraz, gizaki heldu bat 100-150 gramo janda hil daiteke. Bere konposatu toxiko nagusia orellanina da. Toxikotasun handiaz gain, heriotza eragiteko arrazoi nagusietakoa sortasun luzea da: lehen sintomak ez dira agertzen perretxikoa jan eta 2-3 egun igaro arte, eta zenbaitetan 3 aste ondoren ere ager daitezke.

Sare hilgarriak sindrome orellanikoa deritzona eragiten du. Lehen sintomak gripearen antzekoak dira (goragalea, urdaileko mina, buruko mina, etab.). Gero giltzurrunak huts egiten du (egarri handia, txizalarria, mina giltzurrunen inguruan), eta azkenerako txiza egiteko ahalmena galtzen da eta giltzurrunen hutsegite orokorra gertatzen da. Azkenean heriotza etortzen da. Ez dago antidotorik orellanina pozoitzearen aurka, baina zenbait kasutan ospitaleratze goiztiarrak heriotza galarazi eta kalte larriak arindu ditzake.

Espeziearen egoera

Aranzadi Elkartearen arabera, Sare hiltzailea desagertzeko arriskuan dauden onddoen eusko-kantauriar Zerrenda Gorrian dago.[2] Azken urteotan mikologia adituek onddo batzuen beherakada kuantitatibo eta kualitatibo handia egon dela ohartarazi dute. Adituen esanetan, egoera honek hainbat eragile ditu, tartean klima aldaketa, pestiziden erabilera eta bilketa masiboak.

Erreferentziak

  1. Euskal Herriko perretxiko eta onddoak, 2013, 2014, 2016, 2017, Fernando Pedro Pérez, Kultura Saila, Eusko Jaurlaritza     Bizkaiko Perretxiko eta Onddoak, A.D.E.V.E., 2012     Euskalnatura     Euskal Herriko Onddoak. 5 tomos, Luis García Bona, Kriselv, 1987     Catálogo micológico del País Vasco, Aeranzadi, 1973     Mendizalearen Hiztegia [mikologia], Ostadar Mendi Taldea.
  2. Zerrenda Gorria, Aranzadi Zientzia Elkartea

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.