Sare (mugimendua)
Sare euskal preso politikoak babesteko mugimendu anitza da. 2014ko ekainaren 15ean bere burua publiko egin zuen.
- Artikulu hau herri mugimenduari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Sare (argipena)».
Mugimenduaren sorrera
2014ko martxoa: San Telmoko adierazpena
2014ko martxoaren 15ean, euskal gizarteko hainbat pertsona ezagunek hurrengo manifestu hau argitaratu zuten[1][2]:
« | Siglak atzean utzi nahi ditugun euskal hiritarrak gara giza eskubideen alde egiteko elkartu garenak. Hau ez delako gutxi batzuen ardura. Giza eskubideak denon ardura dira. Eta alderdikeriak alde batera utzi behar direlakoan gaude bakea erabat gauzatzeko bidean aurrera egin nahi bada. Horregatik norberaren etxearen goxoa utzi eta plazan gaituzue konponbide baten bila egin beharreko lanean gure aletxoa eskaintzeko asmoz. Eta horretarako jar gaitezen ados gutxieneko batzuetan behintzat.
Presoak preso dira epaituak izan direlako, epaitu gabe espetxean aurkitzen direlako edota zigor bat betetzen ari direlako. Bestelako bideak bazter utzita, legeriak ematen dituen aukerak modu pertsonalean erabiltzea onartu dute. Bere eskubideak errespetatuak izan behar dute. Beraien ingurune sozial afektibotik gertuen dagoen espetxean zigorra betez, gaixotasun larriak dituztenen kaleratzeari bide emanez eta bizi osorako zigorra ahalbidetzen duten neurriak indargabetuz. Eta presoak bezala iheslariak eta deportatuak ere. Haiek herriratu daitezen bideak bilatu behar direlakoan gaude. Horretarako giza eskubide hauek urratzen dituzten legeak aldatu behar badira aldatu daitezela. Zergatik ezin dugu gutxieneko hauetan ados jarri? Utziko didazue Twitterren ikusitako txio hau irakurtzen. Brian Currin galdekatzen zuen polizia frantsesak: “ez dut ulertzen zergatik gobernuek ez duten ezer egiten prozesuaren alde”. Guk ere ez dugu ulertzen gobernu desberdinek, legearen barruan egin daitekeena ez egitea. Pertsona guztien giza eskubideak errespetatuak izan daitezen urratsik ez ematea. Ez dugu ulertzen konponbidea elikatu beharrean oztopoak jartzea. Eta ez ulertzeaz gain ez dugu onartzen. Ezin dugu zain segitu. Herri honek zilegi du giza eskubideen aldeko jarduna. Horregatik gaude hemen. Hasierako nitasunetik, norberaren etxeko goxotik, euskaldunok hain maitea dugun gutasunera pasatuz, gaur plaza honetan eta bihar Euskal Herria osoan. Eta “gu” honetara borondate berdina duten hiritar guztiak gonbidatu nahi ditugu sare indartsu eta geldiezin bat osatzeko. Nahiko genukeelako gaurkoa ez izatea “beste” argazki bat. Eta horretarako, sare hori adostasunean eraikitzeko, apirilaren 12an Eskoriatzako unibertsitatean Herritar Topaketak burutuko dira. Gure indarra hitza bada erabil dezagun. Entzun dadila. GIZA ESKUBIDEAK.KONPONBIDEA.BAKEA |
» |
Geroztik, hainbat topaketa egin zituzten, herritarrei sarea eratzen ere parte hartzeko aukera emateko. 2.800 lagun inguru aritu ziren horretan. "Topaketa oparoak izan dira, anitzak parte hartzean, eta aberasgarriak ideia zaparradan", adierazi zuen Todak[3]. Ordura arteko eztabaidetan lau ondorio nagusi nabarmendu zituzten:
- Bake agertoki bat eraiki nahi bazen, beharrezkoa zela preso eta iheslarien afera konpontzea.
- Sakabanaketa eta "bizi osorako espetxe zigorra ahalbidetzen duen legedia" amaitu, gaitz larriak zituzten presoak etxeratu, eta deserrian edo deportazio egoeran zeuden herritar guztien oinarrizko eskubideak errespetatu behar zirela.
- Gizarteari protagonismoa eman behar zitzaiola, "pertsona bakoitzak egin zezakeenari".
- Jardun hori antolatzeko tresna bat behar zela: "Sare herritar, eraginkor eta irudimentsua".
2014ko apirila: Eskoriatzako topaketa
2014ko apirilaren 12an, «Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea» lemapean, euskal preso eta iheslarien eskubideak defendatzea helburu zuen sarea osatzeko topaketak burutu zituzten Eskoriatzan[4].
170 bat lagun batu ziren Eskoriatzako HUHEZI unibertsitatean. Martxoaren 15ean kultura eta politika arloko aurpegi ezagun ugarik Telmo Deuna museoan aurkeztutako adierazpenari jarraipena emanez, topaketak burutu zituzten euskal presoen eskubideen defentsan sare herritar bat osatzeko.
Ekimenaren bultzatzaileak izan ziren Teresa Toda eta Joseba Azkarragak azaldu zutenez, topaketa hauen helburua eztabaida bat abiaraztea izan zen «aktibazio soziala» lotzeko euskal presoen eskubideen defentsan. Horrekin batera, helburu hori aurrera eramateko «tresna» bat sortu beharra zegoela ondorioztatu zuten eta lehen pausua sakabanaketarekin bukatzea izan behar zuela.
Sortzen ari diren sarearen erronka nagusienetakoa gaia gizarteratzea zela ondorioztatu zuten eta aldi berean, Madrilgo eta Parisko gobernuengan eragitea. Azaldu zutenez, topaketetan minimo adostu batzuen gainean eztabaidatu zuten eta hauen gainean bide komun bat marrazteko helburuz. Horretarako, 10 lantalde desberdinetan banatu ziren parte hartzaile guztiak, osatu nahi zen herritarren sarearen inguruko ezaugarritzea lantzeko.
2014ko ekaina: Zuloaga plazako aurkezpena
2014ko ekainaren 15ean, hiru hilabeteko bidea egin zuen KonpONbidea prozesuaren ondoren, Donostian aurkeztu zuten herritar sarea[5]. Herritarrei konponbidearen parte izateko deia egin zieten sustatzaileek. Zuloaga plazan elkartu ziren lagunek sarea irudikatu zuten.
Sareren helburua "euskal preso eta iheslarien etxeratzea ahalbidetuko duen herri sare bat ehuntzea" izan behar zuen. Xede horretan, herritarren sareak "itxaropenaren atea" zabalik zuten.
Aurkezpenean esan zutenez, konponbiderako pausoak eman zirela esan zuten, besteak beste, 2011ko urriaren 17ko Aieteko Adierazpena, handik hiru egunera ETAk jarduera uztea erabaki izana, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Bake eta Bizikidetzarako Plana, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak eta Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak edo nazioarteko komunitateak egindako "ekarpenak" aipatuz.
Herritarrek ere aurrera egiteko nahia adierazi zutela nabarmendu zuten, joan den urtarrilean Giza Eskubideak. Konponbidea. Bakea lelopean Bilbon egindako manifestazioa adibide jarrita.
Egun berean, herri ekimen helburuak ere zehaztu zituzten[6]. Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko herritar sarearen helburuak. «Urratsez urrats, guztien etxeratzea» sustatu behar zuten.
Presoak
- Sakabanaketa. «Presoentzat ez ezik, beren ingurune hurbilarentzat ere sufrimendua eta ondorio larriak dakartza, heriotza barne. Mendekuan oinarritutako neurria izan zen sakabanaketa. Garai berri honetan, neurri politiko berri batekin, sufrimendua amaitu beharda».
- Bakartzea. «Presoa pertsona gisa suntsitzea ahalbidetzen duten bakartze egoerak amaitzea».
- Kaleratzeak. «Gaitz larriak dituzten presoak, 70 urtetik gorakoak, eta zigorraren 3/4 eta 2/3 beteak dutenak kaleratzea».
- Bizi osoko zigorrak. «Bizi osoko zigorra eta espetxealdi luzapena ahalbidetzen duten lege eta egoerak indagabetzea».
- Bestelako eskubideak. «Espetxean egoteak ahalbidetzen dituen eskubide urraketei amaiera ematea: ama, aita eta umeen eskubideak, intimitate eskubidea, euskaraz mintzatzekoa, ikastekoa, emakume presoen eskubideak...».
Deportatu eta iheslariak
- Itzulera prozesua. «Deportatu eta iheslariak Euskal Herrian libre bizitzea ahalbidetuko duen prozesu bati bide ematea».
- Oinarrizko eskubideak. «Bitartean, oinarrizko eskubideak bermatzea: osasun laguntza, lanpostu duin bat izateko eskubidea, eta eskubide zibil eta politikoak».
Historia
2014ko irailaren 3an argitara eman zenez, Sarek irailaren 20rako antolatutako ekitaldia debekatu nahi zuen Urkijok[7]. Irailaren 6an, irailaren 20an sakabanaketaren "harresia" eraistera deitu zuen Sarek. Plataformak jakinarazi zuen baimena zuela Miribillako pabiloian euskal presoen eskubideen aldeko ekitaldia egiteko[8].
Irailaren 10ean, Bilboko Udalak 'Sare' preso eta iheslarien eskubideen aldeko herritarren sareari Miribilla uzteko obligazioa zuela adierazi zion Ibon Areso Bilboko alkateak Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn zuen ordezkariari[9]. Irailaren 11ean, AVTk Espainiako Auzitegi Nazionalari esan zion debeka zezala euskal presoen sakabanaketaren aurka Sare egitasmoak prestatu zuen ekitaldia. Elkartearen arabera, mobilizazioaren helburua ETAko kide izateagatik zigortutakoei gorazarre egitea zen. Beraz, «terrorismoa goratu» eta «biktimak umiliatuko» zirela zioen[10].
Irailaren 12an, Sarek ekitaldi jendetsua eta askotarikoa aurreikusten zuen sakabanaketaren aurka. Antolatzaileek ez zuten pentsatu ere egin hilaren 20ko mobilizazioa debekatzeko aukeran, "sinestezina litzatekeelako"[11].
Irailaren 29an, Sarek salatu zuen bakartzeak eta sakabanaketak "okertu" egiten zituela gaixotasun larri eta sendaezinak. Ibon Iparragirreri zigorra etxean betetzea ukatu izana gaitzetsi zuen mugimenduak[12].
Azaroaren 1ean, Sarek prest zituen 'Dispertsioaren liburuxka'-ren 500.000 ale, sakabanaketari buruz informatzeko[13].
Azaroaren 28an, sakabanaketaren kontrako manifestazioa antolatuko zuela Bilbon esan zuen eta mobilizazioa oso jendetsua eta parte-hartze handikoa izatea nahi zuen[14].
Abenduaren 1ean, Sarek ondo ikusi zuen 'Zuzen Bidean' proposamena[15].
Abenduaren 12an jakin zenez, urtarrilaren 10eko mobilizazioa isila izango zen eta pankartarik gabekoa. Giza eskubideen alde zeuden herritar guztiak bildu nahi zituen Sarek, sigla eta ideologietatik haratago eta parte hartzaile bakoitzak argi bat izango zuen, eta denek batera piztuko zuten[16].
Abenduaren 13an, ehunka lagun bildu ziren Gasteizen, Sarek deitutako «lurrikaran» parte hartzeko[17].
Abenduaren 18an, Sarek "kezkagarritzat" ikusi zuen EAJ presoen eskubideen aldeko martxara ez joatea. Bere ustez, alderdi jeltzaleko militante ugarik hartuko zuten parte mobilizazioan[18].
Abenduaren 19an jakin zenez, Xabier Arzalluzek babesa emango zion Azkoitiko Sareri abenduaren 20an[19]. Egun berean, manifestaziora deitzeko bideoa aurkeztu zuen Sarek eta Now Euskal Herrira! lemarekin Bilbon egingo zuten protestan parte hartzeko deia luzatu zuen[20].
Abenduaren 20an, Sarek presoen hurbilketaren aldeko martxa aurkeztu zuen Azkoitian. Anariren, Xabier Arzalluzen eta Joseba Azkarragaren babesa izan zuen ekitaldiak[21].
Abenduaren 23an, 101 atxikimendu lortu zituen urtarrilaren 10eko mobilizaziorako Sarek. Tartean zuedne Jagoba Arrasate, Josep Lluis Carod Rovira Kataluniako Generalitateko lehendakariorde izanak, Toti Martinez de Lezea idazleak, Joane Somarriba txirrindulari ohiak edo Iñaki Zarraoa Getxoko alkate ohiak[22].
Abenduaren 30ean, Garbiñe Biurrunek eta Gemma Zabaletak bat egin zuten presoen aldeko martxarekin[23].
Ikus, gainera
- Joseba Azkarragari Sareren inguruan egindako elkarrizketa
Erreferentziak
- http://www.naiz.info/actualidad/noticia/20140315/invitan-a-la-ciudadania-vasca-a-crear-una-red-en-defensa-de-los-derechos-de-los-presos Naiz.info, 2014-03-15
- https://web.archive.org/web/20140714113207/http://www.herritarrentopaketa.net/adibide-orrialdea/ Herritarren Topaketa
- http://www.berria.info/albisteak/92391/cafek_125_milioiko_kontratu_bat_lor_dezake_eskozian.htm%5B%5D Berria
- http://www.naiz.info/actualidad/noticia/20140412/sakabanaketarekin-amaitzeko-sare-herritarra-ehuntzen-hasi-dira Naiz.info, 2014-04-12
- http://www.berria.info/albisteak/92930/sare_izena_izango_du_preso_eta_iheslarien_eskubideen_aldeko_herritarren_sareak.htm%5B%5D Berria, 2014-06-15
- http://www.berria.info/paperekoa/1915/011/385066/2014-06-14/helburuak.htm%5B%5D Berria, 2014-06-15
- Jon Olano, «Sarek irailaren 20rako antolatutako ekitaldia debekatu nahi du Urkijok», Berria, 2014-09-04
- «Irailaren 20an sakabanaketaren "harresia" eraistera deitu du Sarek», Berria, 2014-09-06
- «'Sare'ri Miribilla uztera behartuta dagoela esan dio Aresok Urkijori», EiTB, 2014-09-10
- «Sare hilaren 20an Bilbon egitekoa den ekitaldia debekatzeko eskatu du AVTk», Berria, 2014-09-12
- Aitziber Laskibar Lizarribar, «Sarek ekitaldi jendetsua eta askotarikoa aurreikusten du sakabanaketaren aurka», Berria, 2014-09-12
- «Sarek salatu du bakartzeak eta sakabanaketak "okertu" egiten dituela gaixotasun larri eta sendaezinak», Berria, 2014-09-30
- Jon Rejado, «Eskubideen aldarria, mundura», Berria, 2014-11-02
- «Sarek sakabanaketaren kontrako manifestazioa antolatu du Bilbon», EiTB, 2014-11-28
- «Sarek begi onez hartu du 'Zuzen Bidean' proposamena», Berria, 2014-12-02
- Aitziber Laskibar Lizarribar, «Urtarrilaren 10eko mobilizazioa isila izango da, eta pankartarik gabea», Berria', 2014-12-13
- «Sakabanaketaren aurka, ehunka lagunen «lurrikara»», Berria, 2014-12-14
- «Sarek "kezkagarritzat" jo du EAJ presoen eskubideen aldeko martxara ez joatea», Berria, 2014-12-18
- Enekoitz Esnaola, «Arzalluzek babesa emango dio Azkoitiko Sareri, bihar», Berria, 2014-12-19
- «Urtarrilaren 10eko manifestaziora deitzeko bideoa aurkeztu du Sarek», Berria, 2014-12-19
- «Sarek presoen hurbilketaren aldeko martxa aurkeztu du Azkoitian», EiTB, 2014-12-20
- «101 atxikimendu urtarrilaren 10eko mobilizazioari», Berria, 2014-12-23
- «Biurrunek eta Zabaletak bat egin dute presoen aldeko martxarekin», EiTB, 2014-12-30
Kanpo lotura
- https://web.archive.org/web/20140714144640/http://www.herritarrentopaketa.net/ Herritarren Topaketa