Saori Kido

Saori Kido Masami Kurumadak idatzi eta marraztutako manga eta animea den Saint Seiyako pertsonaia bat da. Brontzezko bost zaldunekin batera, istorioko protagonista nagusietako bat da, Atenea jainkosaren haragitzea bait da.

Saori Kido
Saint Seiya universe (en) Itzuli
Argitalpena
SortzaileaMasami Kurumada
Ageri den obrak
Datu biografikoak
HerrialdeaGrezia
Sexuaemakumezkoa
Familia
Senideak
Bestelakoak
EtsaiakJulian Solo (en) Itzuli

Istorioa

Jatorrizko istorioa baino lehen

Hadesen aurkako gerra santu berri bat iristear dela eta, Atenea jaiotzen da Saori Kidoren gorputzean. Garaiko patriarka den Shion horretaz ohartzen da eta patriarka berri bat izendatzea erabakitzen du. Gainontzeko urrezko zaldunak gazteegiak zirela eta, nagusienak ziren biak deitzen ditu bere aurrera: Aioros Sagitariusekoa eta Saga Geminisekoa. Shionek, bere ondorengo bezala Aioros aukeratzen du.

Apur bat beranduago, Star Hillen, soilik patriarka egon daitekeen tokian, Shionek Sagarekin topo egiten du, eta honek erabaki horren zergatia zein den galdetzen dio. Shionek Sagari, honen bihotzean gaiztotasuna nabaritu duela erantzuten dio, eta horregatik aukeratu duela Aioros. Horren ondorioz, Sagak Shion hiltzen du, eta patriarkaren tokia hartzen du. Atenea hiltzeko asmoa du, baina Aioros sartzen da tartean. Sagak Sagitariuseko urrezko zalduna erasotzen du, baina, eraso horren ondorioz patriarkaren ganberako horma hautsia geratzen da eta handik ihes egiten du Aiorosek besoetan Atenea duela.

Bere ihesaldian, zenbait soldadu garaitzen ditu, baina laster Shura Kaprikorniokoarekin topo egiten du eta honekin borrokatu behar izaten du, Atenea lurrean utziz. Shuraren Exkalibur erasoa jasotzen du, eta, berehala, Aiorosek bere armajantzia janzten du. Beste Exkalibur eraso batekin Shurak amildegi batetik behera jaurtitzen du Aioros, baina honek berriz igotzea lortzen du, eta Atenea utzi duen tokian ez dagoela ikusten du, Shuraren inguruan baizik. Hau, une horretan, Atenea hiltzeko prestatzen da, baina ez du halakorik egiten eta handik aldentzen da.

Berriz Atenea besoetan hartuta, handik ihes egiten du. Sagitariuseko tenplutik igarotzen da eta han bere testamentua idazten du. Ondoren, bere bizitzako azken minutuetan, Mitsumasa Kidorekin topo egiten du, eta honi egokitzen dio Atenearen zaintza, bere biloba bailitzan hazten duena.

Jatorrizko istorioan

Saori, Mitsumasa Kidoren biloba bezala, honen negozioen oinordekoa da, baina laster nabaritzen du bera Atenea dela, eta Atenea bezala jokatzen hasten da.

Hamabi Etxeetan

Saori, Hyôga Beltxargakoa, Shun Andromedakoa eta Seiya Pegasokoa hegazkinean iristen dira santutegira. Han Shiryu Dragoikoarekin topo egiten dute. Aurrera jarraituz, habitu moduko batekin jantzita dagoen eta gidari papera egiten duen Ptolemy Gezikoarekin topo egiten dute, baina, aurrera jarraitzen utzi aurretik, bere habitua kendu eta brontzezko zaldunak eta Atenea erasotzen ditu. Brontzezko zaldunei gezi haiek irudikeri hutsa iruditzen zaizkie, baina bat Atenearen bularrean sartzen da, eta Ptolemyk, brontzezko zaldunei, Atenea salbatu nahi baldin badute hamabi ordu baino ez dituztela esaten die, hala, erlojupeko lasterketa bat hasiz. Azkenean, eta guztien artean bederatzi urrezko zaldunen aurka borrokatu ondoren, Atenea salbatzea lortzen dute, eta, saga honen amaieran, Saga Geminisekoak bere buruaz beste egiten du Atenearen aurrean.

Asgarden

Asgarden saga Toei Animationek Masami Kurumadari Poseidonen saga amaitzeko astia emateko ekoitzitako saga bat da. Bertan, Asgardeko izotza urtzen ari da, eta Atenearen betebeharra izotzaren urtze hori geldiaraztea da. Bost brontzezko zaldunak Kanon Geminisekoak behartuta nibelungoaren eraztunaren aztikeripean dagoen Hilda Polarisekoaren agintepean dauden Jainko Gerlarien aurka borrokatu behar dute (Alberich Megrezekoa, Sigfrido Dubhe Alfakoa, Fenrir Aliothekoa, Syd Mizar Zetakoa, Budd Alcor Zetakoa, Thor Phecdakoa, Hagen Merakekoa eta Mime Benetnashekoa). Jainko gerlari hauek garaitu ondoren, Seiyak Hildaren aurka borrokatu behar du, zazpi Jainko Gerlarien armajantzietan zeuden zafiroak Odinen estatuan kokatuak izan ondoren Pegasoko zaldunak Odinen armajantzia jasotzen duelarik. Hildaren partetik zenbait eraso jasan ondoren, amaieran, ezpatakada baten ondorioz, Seiyak Hildari nibelungoaren eraztuna kenduz, hala aztikeria ezabatuz. Brontzezko zaldunak, Fler eta Hilda Ateneagana iristen dira, baina olatu handi batek Atenea eramaten du.

Poseidonen sagan

Poseidonen saga Julian Soloren hamaseigarren urtebetetzeko jaian hasten da. Bertan daude brontzezko eta urrezko zaldunak. Julian Solok ezkontzea eskatzen dio Saoriri, eta honek ezezkoa ematen dio. Une horretan, Sorrento Sirenakoa eta Aldebaran Taurokoaren arteko borroka hasten da, Sorrento garaile izanik. Julianek, jada Poseidonen izpirituaren eraginpean, bere itsaspeko erresumara darama Atenea. Berriz saiatzen da ezkontzeko eskariarekin, baina Ateneak, berriz ere, ezezkoa ematen dio, eta, honen ondorioz, erdiko zutabearen barnean ehorzten du. Brontzezko zaldunek Asgardetik gertu aurkitzen dute Poseidonen itsaspeko erresumarako sarrera, eta Poseidonen zazpi itsas generalen aurka borrokatu behar dute, horietako bakoitzak zaintzen duen zutabea suntsituz. Itsas general horiek Isaak Krakenekoa, Kanon Itsas Dragoikoa, Eo Eszilakoa, Kaça Lemnadesekoa, Sorrento Sirenakoa, Krishna Krisaorrekoa eta Bian Itsas Zaldikoa dira. Hauek garaituak izan ondoren, brontzezko zaldunak Poseidonengana doaz. Hasieran, Seiya bakarrik agertzen da, itsas jainkoa bere meteoroekin erasotzen duena, baina jainkoak meteoroak itzultzen dizkio. Ondoren gainontzeko zaldunak iristen dira, Shaina Ofiuchusekoa barne. Aiorosek bere armajantzia bidaltzen dio Seiyari eta honek zenbait alditan erasotzen du jainkoa Sagitariuseko geziarekin, lehen hiru saiakeretan, hurrenez hurren, gezikada Seiyak, Shainak eta Shiryuk jasotzen dutelarik. Baina, laugarren saiakeran, zaldun guztiek euren kosmosa gezian elkartzen dute, eta, Seiyak gezia jaurtitzerakoan, Poseidonek ezin du gezia kontrolatu, zauritua gertatuz.

Zaldunek aurrera jarraitzen dute, baina Poseidon bere kosmosa areagotuta itzultzen da eta zaldunak lurrera botatzen ditu. Camus Akuariokoak eta Dohko Librakoak Hyôga eta Shiryuri euren urrezko armajantziak bidaltzen dizkiete, eta Hyôga da jainkoaren erasoari erantzuten lehena bere Aurora Exekuzioarekin, baina ez da nahikoa eta Shiryu jartzen da bien artean, Librako armajantziko ezkutuetako bat erabilita Hyôga babestuz. Laster iristen da Ikki Fenixekoa eta bera da jainkoaz arduratzen dena, Seiyak Hyôga eta Shiryuri Aurora Exekuzioa eta Dragoi Sorkariarekin bera erdiko zutabera bultzatzeko eskatzen die, aurretik Librako ezkutu batekin zutabea suntsitzea ez bait zuten lortu. Bigarren saiakera honetan, baina, arrakasta izan zuten eta zutabea haustea lortu zuten, Atenea salbatuz eta Poseidonen izpiritua aldez aurretik Kanonek behar baino lehenago irekitako pitxerrean harrapatuz.

Hadesen sagan

Hadesen sagan, jatorrizko istorioaren amaiera dena, Hadesek garaiko urrezko zaldunak zirenak berpiztu zituen hamabi orduko epean Atenea hiltzeko betebeharrarekin. Betebehar horretan, Camus Akuariokoa, Saga Geminisekoa eta Shura Kaprikorniokoa Virgoko tenplura iristen dira eta bertan Shaka Virgokoaren aurka borrokatzen dute. Honek, azkenean, Tenbu Hôrin edo Zeruko Altxorrarekin erasotzen ditu bere hiru arerioak, hortik irteteko modu bakar bezala Ateneak berak debekatutako teknika den Atenea Deiadarra erabiltzea dela abisatuz. Halaxe egiten dute eta Shaka hil egiten da, Hadesen inframundura joanez Araiashiki edo Zortzigarren zentzuaren bidez.

Era berean, Ateneak bere buruaz beste egiten du Sagak zenbait urte lehenago bera hiltzen saiatzeko erabili zuen daga berarekin, eta hala Hadesen inframundura iristen da. Brontzezko zaldunak ere hara abiatzen dira, Hades Shunen gorputzaren jabe egiten delarik. Ikki Fenixekoak jo eta jo egiten du bere anaiaren gorputza duen Hades, baina Atenearen odola da Shunen gorputza Hadesen izpiritutik askatzen duena. Hala, eta aurretik inframunduko beste presondegietako batzuetatik igaroz, Inframunduaren gainontzeko lurraldea Eliseo Zelaietatik banatzen duen Aieneen Harresira iristen dira brontzezko zaldunak. Aurretik, Shaka bere kabuz saiatu da harresia suntsitzen. Atenearen erabakiz, urrezko zaldunak berpiztu egiten dira eta guztiak Aieneen Harresiaren aurrean elkartzen dira, guztien kosmosa Aiorosen gezian jarriz. Brontzezko zaldunak urrundu egiten dira, eztandaren eraginik ez jasateko. Harresia suntsitua geratzen da eta brontzezko zaldunek harresian utzitako zuloa zeharkatzen dute. Ikkik izan ezik, honen armajantziak ez baitzuen Atenearen odola jaso, eta Pandoraren laguntzarekin iristen da Eliseo Zelaietara. Han ikusten du Atenearen odolarekin bustitako harri bat eta harekin bustitzen du bere armajantzia.

Brontzezko zaldunek Thanatos eta Hipnosen aurka borrokatzen dute, baina euren armajantziak suntsituak geratzen dira. Orduan, Aiorosek, Shakak, Dohkok, Aioriak eta Camusek euren urrezko armajantziak bidaltzen dizkiete Seiya, Shun, Shiryu, Ikki eta Hyôgari, baina armajantzi hauek ere suntsituak geratzen dira. Azkenean, Atenearen odolaren eraginez, brontzezko zaldunek euren jatorrizko armajantzien Jainkotiar bertsioa jasotzen dute. Lehenik Seiyak, hala Thanatos garaitzen duena.

Behin Hadesen aurrean, Atenea da zuzenean Hadesi aurre egiten diona, baina une horretan oraindik ez du bere armajantzia eta Seiyak eramaten dio. Hala jarraitzen du Hadesen aurkako borroka, baina, honen eraso baten ondorioz, Seiya bien artean sartzen da, eta, bere eraso batekin, Hades kaltetzea lortzen du, baina Hadesen ezpata Seiyaren bihotzean sartuta geratzen da, jatorrizko istorioa hemen amaituz.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.