Santiago de Compostelako tren istripua
Santiago de Compostelako tren istripua 2013ko uztailaren 24an gertatu zen arratsaldeko 20:41etan, Santiago de Compostelako Angrois auzoan, Santiagoko geltokitik 3 kilometrora.[1] Renfe Operadora enpresaren Madril - Ferrol ibilbidea egiten zuen Alvia tren bat, bidaiarientzako zortzi kotxez eta kotxe-kafetegi batez osatuta, trenbidetik irten zen. Trenean 218 bidaiari eta 20 langile zihoazen eta gutxienez 79 pertsona hil eta 178 zauritu dira.[2][3][4]
Santiago de Compostelako tren istripua | |
---|---|
Istripuaren irudia. | |
Data | 2013ko uztailaren 24a |
Ordua | 20:41 h |
Lekua | PK 80,620 «A Grandeira bihurgunea» (Angrois, Santiago de Compostela) Galizia |
Istripu mota | Trena errailetik irtetea |
Jatorria | Madril-Chamartín |
Azken geldialdia | Ourense-Empalme |
Helmuga | Ferrol |
Linea | Olmedo - Zamora - Galizia Abiadura handiko linea |
Heriotzak | 79 |
Zaurituak | 178 |
Istripua Espainiar Estatuko abiadura handiko trenbide sarean gertatutako lehenengoa da,[5] eta lehenengo hipotesien arabera gehiegizko abiadurak trena trenbidetik irtetea ekarri zuen. Tren gidariaren esanetan, trena 190 km/h abiaduraz pasa zen 80 km/h abiadura maximoa daukan bihurgunetik.[6] Istripua Espainiako historian jazotako burdinbide istripuen artean larrienetariko bat da.
Gertaeren deskribapena
20:41ak aldera, Renfe Operadoraren Alvia 730 tren bat, Madril–Chamartin-Clara Campoamor geltokia jatorri eta Ferrolgo geltokia helmuga zuena, Santiago de Compostelako geltokitik 3 kilometrora dagoen A Grandeira izeneko bihurgunean trenbidetik irten zen 218 bidaiari eta beste 20 langilerekin, Olmedo-Santiago de Compostela abiadura handiko burdinbideko 80,620. puntu kilometrikoan. Errailetik irtetearen ondorioz trena osatzen zuten bi tren-makinak eta bederatzi kotxeak trenbidetik irten eta hiru kotxek su hartu zuten, gainontzekoak trenbidean barrena sakabanatuta gelditu zirela. Istripu bortitzak gutxienez 80 lagunen heriotza eta 140 zauritu ekarri zituen.
Aurrekariak
2011ko abenduan, istripua gertatutako Olmedo-Santiago de Compostela abiadura handiko burdinbideko Ourense-Santiago eta Coruña-Vigo abiadura handiko burdinbideko Coruña-Santiago tarteetaaren inaugurazioan Espainiako Sustapen Ministerioaren teknikariek A Grandeira bihurgunea «bihurgune zail» gisa katalogatu zuten.[7]
Renfe Operadorak zerbitzu bereziak ezarri zituen Santiago de Compostelan urtero uztailaren 25ean egiten diren ospakizunak ikustera joaten diren ehunka lagunentzako.
Biktimak
Hasierako orduetan hildakoak 35 zirela esan zen arren, Miguel Ángel Cadenas Galiziako Justizia Tribunal Gorenaren presidenteak, eta Alberto Núñez Feijóo Galiziako Xuntako presidenteak, hirurogeita bederatzira eguneratu zuten hildakoen zenbaketa. Hainbat zaurituren egoera larriagatik hildakoen zifrak gora egin ahal izatea ez zen baztertu, eta hala, orduak pasata, laurogei hildako eta ehun eta berrogei zauritu zeudela baieztatu zen, hildakoen artean euskal herritar emakume bat.[8][9]
Zergatiak
Txosten ofizialik ez dagoen bitartean, hipotesien arabera trenbidetik irtetearen zergatia istripua gertatutako A Grandeira bihurgunetik trenak zeraman gehiegizko abiadura da. Tren gidariak 190 km/h abiadura zeramala baieztatu zuen, tarte horretan abiadura maximoa 80 km/h-a den arren.[6] Santiago de Compostelako epaitegiaren nagusiak Polizia Judizialari eman zion tren gidariari aitorpena hartzeko betebeharra, istripua leporatuta.
Material mugikorra
Istripua pairatutako material mugikorra Renferen 730 Serieko automotorea da, Talgo eta Bombardier enpresek ekoitzia eta 130 Serietik datorrena.
Trenak mutur bakoitzean tren-makina bat zuen, eta tren-makinei lotuta diesel sorgailu bana. Muturren artean bidaiarientzako zortzi kotxe eta kafetegi-kotxea zeuden, guztira bederatzi kotxe.
Eragina trenbide zerbitzuetan
Istripuaren ondorioz trenbidea erabilezinik gelditu zen, eta Olmedo-Santiago de Compostela Ourense-Santiago eta Coruña-Vigo abiadura handiko burdinbideetako trafikoa bertan behera utzi behar izan zen. Hamar bat trenek ibilbidea aldatu behar izan zuten 2013ko uztailaren 25ean, beste trenbideetatik pasaz edota errepide bidezko garraio alternatiboz ordezkatuta.
Iruditegia
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) Renfe Operadora. «Renfe Avisos - Un tren Alvia que realizaba el trayecto Madrid-Ferrol ha descarrilado a la entrada de Santiago de Compostela» (Noiz kontsultatua: 2013-07-25).
- (Gaztelaniaz) Deia. «Un nuevo fallecimiento eleva a 79 los muertos en el accidente de Santiago» (Noiz kontsultatua: 2013-07-28).
- (Gaztelaniaz) Público. «Al menos 78 muertos y más de 140 heridos al descarrilar un tren Alvia en Santiago de Compostela» (Noiz kontsultatua: 2013-07-25).
- (Gaztelaniaz) La Voz de Galicia. Más de treinta muertos tras descarrilar un tren Alvia en Santiago. (Noiz kontsultatua: 2013-07-24).
- (Gaztelaniaz) El Mundo. «El tren siniestrado pudo casi triplicar la velocidad permitida» (Noiz kontsultatua: 2013-07-25).
- (Gaztelaniaz) El Economista. «El conductor del tren accidentado en Santiago reconoce: "¡Iba a 190!"» (Noiz kontsultatua: 2013-07-25).
- (Gaztelaniaz) El Mundo. «El tren siniestrado pudo casi triplicar la velocidad permitida - Técnicos de Fomento calificaron el punto como 'una curva difícil'» (Noiz kontsultatua: 2013-07-25).
- (Gaztelaniaz) EFE. «La Xunta eleva a 80 los muertos en el descarrilamiento del tren de Santiago» (Noiz kontsultatua: 2013-07-25).
- Berria. «Donostiako emakume bat dago Galizian hildako 80 lagunen artean» (Noiz kontsultatua: 2013-07-25).