Santiago Carrillo

Santiago José Carrillo Solares (Gijón, Asturias, Espainia, 1915eko urtarrilaren 18a- Madril, 2012ko irailaren 18a) espainiar politikari komunista izan zen, Espainiako Alderdi Komunistaren buru 1960tik 1982 arte. Espainiako Gerra Zibilean hartu zuen parte eta Frankismoaren aurkako oposizioa (erbestean) eta Espainiar Transizioan pertsonaia garrantzitsua izan zen.

Santiago Carrillo


Espainiako Diputatuen Kongresuko diputatua

1982ko azaroaren 12a - 1986ko apirilaren 23a
Barrutia: Madril
Hautetsia: 1982ko Espainiako hauteskunde orokorrak

Espainiako Diputatuen Kongresuko diputatua

1979ko martxoaren 21a - 1982ko abuztuaren 31
Barrutia: Madril
Hautetsia: 1979ko Espainiako hauteskunde orokorrak

Espainiako Diputatuen Kongresuko diputatua

1977ko uztailaren 1a - 1979ko urtarrilaren 2a
Barrutia: Madril
Hautetsia: 1977ko Espainiako hauteskunde orokorrak

PCEren Idazkari Nagusia

1960ko uztailaren 3a - 1982ko abenduaren 10a
Dolores Ibarruri - Gerardo Iglesias Argüelles (en) Itzuli

General Secretary of the Unified Socialist Youth (en) Itzuli

1936ko ekainaren 15a - 1947ko ekainaren 20a

Q62590023 Itzuli

1934ko maiatzaren 10a - 1936ko ekainaren 15a
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakSantiago José Carrillo Solares
JaiotzaGijón, 1915eko urtarrilaren 18a
Herrialdea Espainia
HeriotzaMadril, 2012ko irailaren 18a (97 urte)
Heriotza modua: bihotz-gutxiegitasuna
Familia
AitaWenceslao Carrillo
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria eta idazlea
Lantokia(k)Madril
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Espainiako Alderdi Komunista
Workers' Party of Spain – Communist Unity (en) Itzuli

IMDB: nm0140531 Find a Grave: 97346045 Edit the value on Wikidata

Biografia

Santiago José Carrillo Solares Gijónen jaio zen, Asturiasen, 1915eko urtarrilaren 18an eta hantxe izan zituen lehen urteak, ondoren, Madrilera joan zirelarik.

Aita Wenceslao Carrillo Alonso-Forjador izan zuen, fundizioko langilea eta ama, berriz, María Rosalía Solares Martínez eta bikoteak 5 seme-alaba izan zituen.

1924an, Espainiako Langile Alderdi Sozialista (PSOE) eta Langileen Batasun Orokorra edo UGT erakundeetako buruzagi izendatu zuten aita eta sendiak Madrilera joan behar izan zuen bizitzera. Cuatro Caminos auzo langilean egokitu ziren, zailtasun ekonomikoak atzean utzi gabe, bere aitak erakunde langilean irabazten zuenak ez baitzuen familia handi haren beharrak asetzeko ematen.

Santiago Madrilera joan zenean, Angel Llorcak zuzendutako Cervantes eskolara joan zen, Institución Libre de Enseñanza delakoaren menpekoa zena. Askotan esan zuen Santiago Carrillok garaiko Espainiako eskolarik onenean ikasi zuela. Batxilergoa burutzeko hautatua izan zen, baina bere familiak ezin izan zuen azterketa egiteko eskubidea ordaindu eta ikasketak utzi behar izan zituen; horrela, inprenta batean hasi zen lanean ikastun modura. Hortik denbora gutxira, Langileen Batasun Orokorreko (UGT) eta Juventudes Socialistas de España erakundeko kide egin zen.

1930ean, hamabost urte zituelarik, kazetari modura hasi zen kolaboratzen El Socialista aldizkarian eta 1931ko apirilaren 14an, Errepublika aldarrikatzean, informazio parlamentarioaren ardura eman zioten. Carrillo beste egunkarietako informazio parlamentarioaren kazetari arduradun garrantzitsuenekin egon zen harremanetan: Victor de la Serna (Informaciones), Wenceslao Fernández Flórez (ABC) eta Manuel Azaña (El Sol) beste batzuen artean.

Bere militantzia politikoan, Alderdi Sozialistako gutxiengo iraultzaileenen artean egon zen (gehiengo erreformista baten aurrean). Segituan nabarmendu zen zeukan analisiA gaitasunagatik eta baita dialektika erraztasunagatik ere. Renovación aldizkariaren zuzendaritzatik bere jarrera iraultzailea defendatu zuen, gazteei bere ideiak zabalduz.

Carrillo Tolosako zezen plazan Errepublika garaian

1934an, Espainiako Sozialista Gazteen (Juventudes Socialistas) erakundeko idazkari izendatu zuten. Garaiko PSOE alderdian, bi korronte nabarmentzen ziren. Hasieran, nagusi izan zena, erreformistena izango zen, buruak Besteiro eta Indalecio Prieto izan zituelarik. Beste taldea, era berean ugaria, iraultzaileena izan zen, Largo Caballero buruzagi. Carrillo Largo Caballerorekin elkarlanean aritu zen eta, denbora gutxian, honen estimazioa irabazi zuen, bere "delfina" izatera iritsi arte. Gazte langileen batasunaren aldekoa, gaztedi sozialista eta komunistak batu zitezen saiatu zen eta erakunde horiek manifestaldi eta mitinak antolatu zituzten era bateratuan. Izaera trotskista zuen Espainiako Ezker Komunista PSOE alderdian sartzeko ahaleginak ere egin zituen eta, gerora, PSOE bera Internazional Komunistan sartzearen aldekoa izan zen.

1934ko Asturiasko Iraultzako mugimendu iraultzailean hartu zuen eta, horregatik, kartzelara sartu zuten, aita, Largo Caballero eta beste hainbat buruzagi sozialistekin batera. 1936ko otsailaren 16ko hauteskundeetan, Herri Frontea garaile izan zenean, askatuko zuten. Kartzelan egon zen garaian, Largo Caballerorengandik urrundu zen, bere jarrera politikoa moderatua zela kontsideratu baitzuen.

Kartzelatik atera zenean, Espainiako Internazional Komunistako ordezkariek bidaia bat proposatu eta antolatu zioten Moskura, Gaztedi Sozialista eta Komunistarekin beraien bateratzea negoziatzearren. Moskun, Santiago Carrillo liluraturik gelditu zen iraultzarekin eta gazte komunistak eta sozialistak Juventudes Socialistas Unificadas delakoan batzea proposatu zuen. Oinarria Federación de Juventudes Socialistasena izango zen, PSOErekin harremanetan jarraituko zuena. Internazional Komunistara jarraitzaile modura atxikiko zitzaizkien, erakunde trostkistekin zeukaten edozein erlaziori uko egingo zitzaion eta helburu nagusia bi alderdi langileen batasuna izango zen, beti ere, Moskuren pean.

Espainiara itzuli zenean, Hernández Zarzalejoren eta Juventudes Socialistaseko beste hainbat zuzendariren oposizioa izan arren, bateratzea ezarri egin zen eta, prozesu honetan, afiliatu kopurua izugarri hazi zen.

Gerra Zibila

Parisen zela, uztailaren 18ko altxamendu militarrak ustekabean harrapatu zuen Santiago Carrillo. Berehala itzuli zen Espainiara: muga Irundik igaro zuen eta Donostian errepublikako armadara gehitu eta erreboltariek okupatutako hotel baten erasoan parte hartu zuen. Handik zutabe batekin atera zen, Aguilar de Campoorantz Madrileraino iristeko asmoz, baina ez zuen hori lortu eta, aste batzuk Ubide mendietan borrokatu ondoren, Frantziara itzuli zen Kataluniako mugatik sartzeko eta, horrela, Madrilera itzuli zen. Bertan, kapitain graduarekin mendilerroko frontean borrokatu zen.

Hasierako aste horien ondoren, gazte sozialista eta komunisten arteko batasun plana bertan behera utzita, bi erakundeetako buruzagiak berriro elkartu ziren. Kongresu batera deitzeko ideia alboratu eta, irailaren 20an, zuzendaritza batzorde bat sortu zen zazpi sozialista eta zazpi komunistaz osatuta. Santiago Carrillo haren buru eta idazkari nagusi izan zen. Hasiera-hasieratik, Juventudes Socialistas Unificadas taldea bereziki gogotsu agertu zen, altxamenduaren aurka fronte eta unitate guztietan borrokatu zuelarik.

Madrilgo defentsa eta Paracuellosko fusilamenduak

Sakontzeko, irakurri: «Paracuellosko sarraskiak»

Urriko hilabetean zehar, indar erreboltariek aurrera egin zuten eta, azaroaren 6an, Madrilera iritsi ziren. Gobernuak etsi egin zuen Madril galduko zutelakoan eta Valentziara aldatu zuten egoitza. Bi gutun azal entregatzeko astia izan zuen bakarrik, Miaja jeneralari horietako bat, Madrilgo defentsa antola zezan eta, Pozas jeneralari bestea, Kuartel Nagusia hiritik urrundu zezan. Egun horretan bertan, Santiago Carrillo Espainiako Alderdi Komunistan afiliatu zen.

Berehalaxe, Madrilgo Defentsa Batzordea sortu zen. Goizeko ordu txikietan bilduta jarraitu zuten, errebeldeen aurrerapena gerarazi nahian. Santiago Carrillo Ordena Publikoko kontseilari izendatu zuten. Batzordeak ez zekien zenbaterainoko indarra zuten, baina bazekiten gutxiegi zirela eta gaizki hornituak zeudela. Jendea bildu eta antolatu behar zuten, hiriaren egitura eta gobernuak Madrildik alde egin zuenez jakitun zen herritarren kemena mantentzearren. Gainera, hiria erortzean, arerioa indarberritzen laguntzeari ere ekidin nahi zitzaion eta, beste neurri batzuen artean, kartzeletako presoak eta altxamenduaren aldeko militarrak eta zibilak ebakuatzea erabaki zuten.

Hurrengo goizean, irailaren 7an, Madrilek abiazio eta artilleriaren bonbardaketak jasan zituen. Aurrez aurre egin behar izan zuten borroka eta presoak zeramatzan autobus taldea Paracuellos de Jarama aldera joan beharrean izan zen eta bertan zihoazen presoak fusilatuak izan ziren. Handik bi egunetara, gauza bera gertatu zen Torrejón de Ardozen. Abenduaren 4ra arte, konboi guztiak ez ziren helmugara iritsi. Guztira 2.396 eta 5.000 preso artean, zibil eta militarrak, fusilatu ziren eta beren gorpuak hobi komunetan lurperatu zituzten.

Hogei urte baino gehiago igaro ondoren, Carrillo PCEko Idazkari Nagusi izendatu zuten eta erregimen frankistak Carrillo egin zuen sarraski horien erantzule, hilketak babestu zituelako Ordena Publikoko Kontseilari zen heinean. Historialarien artean eztabaida oraindik pil-pilean dago, Carrilloren postuan ezjakintasuna ezinezkoa kontsideratuz nahikoa kontsentsua badago ere, azaroaren 7koan, behintzat. César Vidal buru duen autore talde batek, berriz, zuzeneko partaidetza esleitzen dio hilketen antolaketan, Ian Gibson edo Ángel Viñas bezalako autoreen ustez, froga garbirik ez badago ere. Carrillok beti ukatu du partaidetza edo erantzukizuna.

1936ko abenduaren 24an, Madrilgo frontea egonkortu zenean, Santiago Carrillok JDM utzi zuen, eta bere indar guztiak JSU alderdiko zuzendaritza politikoan jarri zituen. Erakunde hau bereziki borrokalaria agertu zen gerran zehar, afiliatuen gehiengoa (20.000 baino gehigo) errepublikako armadan integratuta zegoelarik. 1937an, PCE alderdiko idazmahaiko partaide izatera igaro zen, ordezko kide modura.

PCE alderdian sartu zenetik, Carrillok diziplinaz obeditu zituen alderdiaren aginduak. Ez zuen desadostasun nabarmenik mahaigainertu eta Internazional Komunistako kontsigna guztiak onartu zituen.

Carrillo 1963an Berlinen

Erbestea eta klandestinitatea

Paris

Gerra amaitutakoan Frantziara ihes egin zuen Kataluniako muga zeharkatuz.

1936an, Asunción Sanchez de Tudelarekin, ezizenez Chon, ezkondu zen. Honekin, gaixo jaio zen Aurora izeneko alaba bat izan zuen, oso goiz hil zena. Enrique Líster komunistak dioenez, Chonek, Dolores Ibarruriren Parisko etxeko lorategian lurperatuta amaitu zuen.

Paristik Belgikara bidaiatu zuen eta Internazional Komunistak Moskurako bidaia prestatu zion. Herrialde ezberdinetara bidaiatu zuen IJC antolatzearren. Jose Díaz, PCEko idazkari nagusiaren heriotzaren ondoren, Kubatik, PCEko gehiengo erantzukizuna hartzeko gai zen bakarra Dolores Ibarruri zela aldarrikatu zuen, Pasionaria eta, handik gutxira, iragarpen guztien aurka, Dolores idazkari nagusi izendatu zuten, Vicente Uribe espero zenari aurre hartuz.

Aljerren zegoen PCE alderdiko arduradun nagusia izendatu eta Espainiako PCEko antolakuntzaren erantzule egin zutenean. Handik Parisera joan zen, ezkutuko bidaiari modura Frantziako gerra barku batean.

1944an, Parisen, Arango haranaren inbasioa geldiaraztea erabaki zuen, disparatea iruditu zitzaiolako hainbeste gerrillari heriotza ziur baterantz bidaltzea. Erretiratzea agindu zuen eta makiak antolatu zituen, 1949an, desagertu ziren arte.

1948an, Carrillok Tito bisitatu zuen gerrillarako armak eskatzeko. Handik gutxira, alderdiko zuzendaritzak, Santiago Carrillo barne, Stalinen eskaerari erantzunez, berarekin elkarrizketa bat izan zuen. Gerrillaren esfortzu antzuen aurrean, Stalinek, frankismoari aurre egiteko, Sindikatu Bertikalean infiltratzea aholkatu zien. PCEko zuzendaritza ez zegoen konbentzituta langileen artean ospe-galtze handia zuen erakunde batean sartzearen ideiarekin, baina, azkenean, Stalinen gomendioak jarraitzeko prest agertu ziren. Stalinek horrelakorik ez bazuen esan ere, sindikatu bertikaletan infiltratzeko ideiarekin batera, borroka armatuarekin amaitzea ere erabaki zuten. Carrillori esleitu zioten estrategia berria aurkeztea eta Nuestra Bandera aldizkari komunistan egin zuen.

1949an, Parisen, Carmen Menéndez Menéndezekin ezkondu zen eta hiru seme izan zituzten: Santiago, José (Pepe) eta Jorge. Familia nortasun faltsu baten pean bizi izan zen eta Santiagok komertzial lanbidean justifikatzen zituen bere absentziak. Semeentzat ere ezezaguna izan zen haren benetako nortasuna eta Giscard sendiaren zama Carmenek eraman zuen, ekonomia, heziketa edo zaintza PCEren militantzia lanekin batera eramanik.

Idazkari nagusi

1950eko hamarkadan, Pasionaria eta Carrilloren arteko harremana hoztu egin zen, Parisen alderdiaren antolakuntzan erakutsitako ezberdintasunak zirela-eta. Carrillok PCEren bigarren buruzagi Uriberen gestio txarra seinalatu zuen. Aurrez, beste buruzagi batek kritika berak eginak zituen eta zuzendaritzatik bereizi eta Varsoviara bidali zen hura.

1954an, Txekoslovakian ospatutako PCEko V. Kongresuan, Carrillok alderdiaren demokratizazioa proposatu zuen.

1955ean, Espainia Nazio Batuen Erakundean sartu zen Ameriketako Estatu Batuen proposamenarekin eta SESBen aldeko botoarekin. Stalin 1953an hil zen eta distentsio prozesu bat hasi zen. Ameriketako Estatu Batuek eta SESBek proposamen bat egin zuten, batak eta besteak esandako herrialdeak Nazio Batuen Erakundean sar zitezen onartuz. Santiago Carrillok Paristik artikulu bat argitaratu zuen Nuestra Bandera aldizkarian sarrera hura onetsiz eta nazio-adiskidetze politika proposatuz. PCEko zuzendaritzak, berriz, artikuluaren existentziaz ezer jakin gabe, aurkako deklarazioak egin zituen. Carrillo, artikulua oraindik inprentan zegoenean ohartu zen aitorpen horietaz, baina ez zuen ezer egin erretiratzeko. Ondorioz, alderditik ia kanporatzear egon zen.

Santiago Carrillok sortutako gatazka larria izan zen. Espainiako PCEko arduradun politiko gorena zen, erakundea kontrolatzen zuena. Zuzendaritzak ezin zuen botere guztia kontroletik alde egiten zuen baten eskuetan egotea onartu eta Santiagoren jarrera goi-mailako traizio kontsideratu zuen.

Une hartan, Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren XX. kongresua ospatu zen, baina Carrillo alderdi komunistako ordezkaritzatik kanpo utzi zuten, Parisen ezinbestekoa zen aitzakiaz. Biltzar artean, PCEko zuzendaritzak, Pasionaria buru, Carrilloren aurka egin zuen eta, bazirudien, Carrillo alderditik botako zutela; hau horrela, Pasionariak Nikita Khrustxeven txosten sekretua ikusi zuen, jardute estalinistak gaitzestuz eta Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren egitura berraztertuz. Pasionariak garaiak aldatzen ari zirela ulertu zuen eta ingurukoen jarrera berrazterrarazi zuen.

Handik gutxira, Santiago Carrillok Budapestera bidaiatu zuen, alderdiko zuzendaritzak deituta. Kanporatua izango zelakoan bidaiatu zuen, baina, ustearen kontra, Idazkari Nagusi Birtual modura itzuli zen Parisa, Dolores Ibarrurik bere esku utzi baitzituen bere ardura guztiak. PCEko VI. kongresuan, Carrillo Idazkaritza Nagusian sartu zen eta Pasionaria presidentetzan.

Carrilloren zuzendaritzapean, PCE frankismoari oposizioa egin zion erakunde beligeranteena bilakatu zen. Carrillok Paracuellosko hilketengatik PCEn protagonismoa lortu zuenean, frankismoak propaganda ugari egin zuen heriotza horiek leporatzeko.

Idazkaritza Nagusian hasi zenean, ekintza estalinistak ez ziren desagertu, baretu baizik. 1964an, Fernando Claudín eta Jorge Semprúnen arteko ezberdintasunak konpondu egin ziren eta, hainbat salaketa aurkeztu ondoren, alderditik bota zituzten. Santiago autoritatez aritu zen Idazkaritza Nagusian. Carrillo zuzendaritzan egon zen bitartean, Alderdi Komunistak ez zuen lortu barne-demokrazia arazoak konpontzea. Desakordioak ez ziren naturaltasunez onartzen eta, kasu gehienetan, gutxiengoaren jarrerarengatik izan ziren konponduak.

1968 geroztik, Txekoslovakiako sobietar inbasioei eginiko kritiken ondoren, SESBeko babesarengandik urrundu zen eta Italiako Enrico Berlinguer lider komunistarekin eta Georges Marchais frantsesarekin batera, Moskurekiko independentea zen joera hartu zuten eurokomunismorantz.

Rafael Alberti eta Carrillo, 1978an

Trantsizio demokratikoa

1976an, Francoren heriotzaren ondoren, Espainiara itzuli zen ezkutuan. Ekintza bat eragin zuen gobernua alderdiaren existentzia eta indarra onartzera bultzatu nahian eta askatasunen aldeko borroka sustatu nahian eta atxilotu egin zuten.

Itzulera honen aurretik, elkarrizketak mantendu zituen Adolfo Suárezen gobernuarekin, hirugarren pertsona batzuen laguntzarekin. Carrillok bere militanteen moderazio bermea eskaini zuen eta erregimen monarkikoa eta bandera nazionala onartu zituen, alderdi sozialistak baino lehen. Bere ekintzak eta pentsamoldeak, alderdikoen gehiengoarena baino ireki eta arretatsuagoa izateagatik, historialari askok Espainia demokraziara iristea posible egin zuten pertsonalitatea izan zela kontsideratzen dute.

1977ko urtarrilaren 24an gertatu zen Atochako sarraskia eta eskuin-muturrekoek PCEra afiliatuta zeuden lau abokatu hil zituzten; gertaera honen ostean, Carrillok Espainiako gizartearen eta Adolfo Suárezen gobernuaren behin betiko sostengua lortu zuen. Egun bat geroago, Bigarren Errepublikaz geroztik lehen aldiz, alderdi komunistarekin eta gertatuarekin elkartasunean, lehen manifestaldi jendetsua egin zuen ezkerrak, astebeteko geldialdia eta manifestaldi baketsuak egin ondoren.

Urtarrilaren 27an, Carrillo Suárezekin aurkitu zen eta PCEk, alderdiaren legeztatzearen truke, errepublikaren aldarrikapenak albo batera utziko zituela zin egin zuen. Martxoaren 2an, Madrilen ospaturiko bilera batean, Carrillok era ofizialean aurkeztu zuen mugimendu eurokomunista.

Apirilaren 9an, Suárezen gobernuak PCE legeztatu zuen. Honek hainbat tentsio sortu zituen eta Marina Ministroak dimisioa aurkeztu zuen. Carrillok gertatutakoaren berri izan zuenean, hauxe adierazi zuen:

« Acabo de conocer la legalización del PCE. La noticia me produce la misma satisfacción que van a sentir millones de trabajadores y demócratas en España. Es un acto que da credibilidad y fortaleza al proceso de marcha hacia la democracia. Ahora lo indispensable es que los demás partidossean también legalizados y que se llegue a una auténtica libertad sindical. La clase obrera y los trabajadores de la cultura van a poder hablar, por fin, en nuestro país, con su auténtica voz. Yo no creo que el presidente Suárez sea un amigo de los comunistas. Le considero más bien un anticomunista, pero un anticomunista inteligente que ha

comprendido que las ideas no se destruyen con represión e ilegalizaciones. Y que está dispuesto a enfrentar a las nuestras, las suyas. Bien, ése es el terreno en el que deben dirimirse las divergencias. Y que el pueblo, con su voto, decida. Para ello hace falta que la legalización de los partidos esté acompañada de auténticas libertades y de un trato no discriminatorio en los medios de comunicación estatales.

 »

Urte batzuk geroago, hauxe izan zen Carrilloren balorazioa:

« ...la legalización del PC en España ha coincidido históricamente con la caída de la Unión Soviética y con la crisis mundial del comunismo. Era muy difícil que el PCE pudiera evitar esa crisis. Pero los comunistas españoles pueden tener la satisfacción de haber contribuido significativamente al restablecimiento de la democracia en España. Y eso es un capital, que está ahí.[1]'  »

Demokrazia

Ekainaren 15ean, lehen hauteskunde demokratikoak izan ziren eta Carrillo Legebiltzarrerako diputatu hautatu zuen Madrilek. Konstituzio berria idazteko prozesuan parte hartu zuen.

1979 eta 1982ko hauteskunde deialdietan, berriro hautatu zuten. Hala ere, emaitzak ez ziren onak izan eta alderdi berritzaileko izaeran hainbat aldaketa gertatu ziren. Horrengatik guztiagatik, idazkaritza nagusia Gerardo Iglesiasen eskuetan utzi zuen 1982ko azaroaren 6an. Iglesias gazteagoa zen eta alderdi berritzailearen kide. Hainbat liskarren ondoren, 1985eko apirilaren 15ean, Carrillo eta bere jarraitzaileak alderditik kanporatu egin zituzten.

Hurrengo urtean, alderdi berri bat sortu zuen: Partido de los Trabajadores de España-Unidad Comunista (PTE-UC). Ezin izan zuen botorik erakarri eta PSOE barnean sartu zen azkenean eta buruzagi gehienak ere bai. Ez horrela Santiago Carrillo, militante komunista izan ondoren, ez baitzuen PSOEn sartzea onartu.

2005eko urriaren 20an Doctor Honoris Causa titulua eman zion Madrilgo Unibertsitate Autonomoak. Aurrean izan zuen aurkari talde bat, ekitaldian bortizki protestatu zuena. Haietako batzuk bandera frankista eskuan sartu ziren aretoan eta Carrillo iraindu zuten. Hilabete batzuk lehenago, apirilaren 16an, eskuin muturra saiatu zen Carrillori eraso egiten Madrilgo liburutegi batean solaskide zenean, Santos Juliá idazlearen Historias de las dos Españas liburuaren aurkezpenean.

2006ko otsailaren 23an, antzeko gertaera gertatu zitzaion Madrilgo Complutense Unibertsitateko Informazioaren Zientzien fakultatean, estatu kolpearen 25. urteurrenean[2].

Azken urteetan, El País eta Cadena SER bezalako komunikabideekin aritu zen lanean.

Heriotza

2012ko irailaren 18an hil zen lo zegoen bitartean. 97 urte zituen. 25.000 pertsona inguru joan ziren azken agurra egitera irailaren 19an Langile Komisioko Marcelino Camacho auditoriora. Espainiako politikako buruzagiak joan ziren hiletara, hala nola, Joan Karlos erregea eta Mariano Rajoy lehendakaria. Erregeak Carrillo oso maitatua eta trantsizio eta demokraziarentzat ezinbestekoa izan zela adierazi zion prentsari.

Lanak

  • ¿Adónde va el Partido Socialista? (Prieto contra los socialistas del interior) (1959)
  • Después de Franco, ¿qué? (1965)
  • Eurocomunismo y Estado (1977)
  • El año de la Constitución (1978)
  • Memoria de la transición: la vida política española y el PCE (1983)
  • Problemas de la transición: las condiciones de la revolución socialista (1985)
  • El año de la peluca (1987)
  • Problemas del Partido: el centralismo democrático (1988)
  • Memorias (1993), 2007an berreditatu zuten
  • La gran transición: ¿cómo reconstruir la izquierda? (1995)
  • Un joven del 36 (1996)
  • Juez y parte: 15 retratos españoles (1998)
  • La Segunda República: recuerdos y reflexiones (1999)
  • ¿Ha muerto el comunismo? Ayer y hoy de un movimiento clave para entender la convulsa historia del siglo XX (2000)
  • La memoria en retazos: recuerdos de nuestra historia más reciente (2004)
  • ¿Se vive mejor en la república? (2005)
  • Dolores Ibárruri: Pasionaria, una fuerza de la naturaleza (2008)
  • La crispación en España. De la Guerra Civil a nuestros días (2008)
  • Los viejos camaradas (2010)
  • La difícil reconciliación de los españoles (2011)
  • Nadando a contracorriente (2012). (El Paíserako idatzitako artikuluen bilduma den E-booka)
  • La lucha continúa (2012)

Telebista

  • Cuéntame cómo pasó seriean agertu zen bere buruaren papera eginez. 10. denboraldiaren 178. kapitulua izan zen, Antes morir que perder la vida.

Kanpo estekak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Santiago Carrillo Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.