Santa Maria de Garoñako zentral nuklearra
Santa María de Garoñako zentral nuklearra —laburturik, Garoñako zentral nuklearra izenaz ezagunagoa— Santa María de Garoña herrian (Burgos, Espainia) dagoen zentral nuklearra da, 466 megawatteko BWR erreaktore bakarraz hornitua. 1971ko martxoaren 2an hasi zen sistema elektrikora argindarra ematen[1] —horrenbestez, 2006an Zoritako zentral nuklearraren jarduera behin betiko gelditu zutenetik, Espainiako estatuan alhan den zentral nuklearrik zaharrena da—, eta 2009 arte lanean izango zela ezarri zen hasierako baimenean. Gerora baimenaldia luzatu zioten, eta 2013ko uztailean bukatu zitzaion baimena. Geroztik, ez du argindarrik sortzen.
Santa Maria de Garoñako zentral nuklearra | |
---|---|
Kokapena | |
Estatu burujabe | Espainia |
Autonomia | Gaztela eta Leon |
Probintzia | Burgosko probintzia |
Udalerria | Valle de Tobalina |
Koordenatuak | 42°46′30″N 3°12′30″W |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 1966 |
Jabea | Nuclenor |
Kudeatzailea | Nuclenor |
Zerbitzu hasiera | 1971ko maiatzaren 11 |
Zerbitzu amaiera | 2017ko abuztua |
Potentzia instalatua | 466 megawatt |
Nuclenor enpresa da zentralaren jabea; eta Nuclenorren jabeak, berriz, Endesa eta Iberdrola dira, erdibana. Jabe horientzat, zentral nuklearrak urtean 250 milioi euroren mozkinak sortzen ditu, batez ere zaharra izateagatik (dagoeneko amortizatuta dago), Espainian energia nuklearrak dituen berezitasunengatik eta Espainiako argindar merkatuko disfuntzioengatik.[2]
Hainbat elkarte ekologistek eta alderdi politikok Garoñako zentral nuklearra ixteko eskatu zuten, zituen akatsengatik eta akatsok dakartzaten arriskuengatik. Akatsik aipatuena pitzadurena da, eta horregatik da ezaguna mila eta bat pitzadurako zentrala ezizenaz. Dena dela, beste motatako arazoak ere izan zituen. 1990ko abuztuaren 8an, sutea piztu zen zentral nuklearrean, esaterako. Hiru hilabetez erreaktorea kargatzeko geldirik egon ostean, espainiar sare elektrikora konektatzeko lanetan ari zirela piztu zen sua. Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak hirugarren mailako gertaera gisa katalogatu zuen. Laugarren mailatik gora istripu izendatzen dira.[3] Ekologisten iritziz, Europako zentralik arriskutsuenetakoa zen Garoñakoa.[4]
2017ko abuztuaren 1ean, Espainiako Gobernuak zentral nuklearra behin betiko itxiko zuela iragarri zuen[5].
Zentrala ixtea
Espainian martxan den zentral nuklearrik zaharrena izan arren, 2009ko ekainaren 5ean Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak (CSN) zentral nuklearra beste hamar urtez alhan izateko gomendioa eman zuen. 2009ko ekainaren 2an, ordea, Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak zentralaren jardueraren bukaera 2013an izango zela erabaki zuen,[6] nahiz eta hauteskunde-kanpainan Garoña berehala geldiaraziko zuela agindu.
Nuclenorri 2012ko irailaren 5ean amaitu zitzaion Garoñako zentralaren jarduera luzatzeko eskaera egiteko epea. Eskaerarik aurkeztu ez zuenez, 2013ko uztailean itxi beharko zuen zentral nuklear hori. Zentrala behin betiko ixteko beharrezko diren txostenak aurkezteko eguna ere jarri zion CSNk Nuclenorri: enpresak azaroaren 6rako aurkeztu beharko zituen dokumentu horiek.[7] Dokumentuak ez ziren epe horren barruan aurkeztu. Nuclenor, hala ere, Espainiako Gobernuarekin negoziatzen aritu zen, zentrala 2013tik aurrera ere lanean izateko aukeren bila.[8]
Halaxe, zentral nuklearra irekita mantentzea onartu zuen Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak (CSN), 2013ko maiatzaren 24an emandako erabakiz. CSNko osoko bilkurak dituen bost kideetatik, Espainiako Alderdi Popularrak (PP) izendatutako biek eta Convergencia i Uniok (CiU) izendatutakoak erabaki horren alde bozkatu zuten; eta Espainiako Langile Alderdi Sozialistak (PSOE) izendatutako biek, aurka. Azken horietako batek, Cristina Narbonak, adierazi zuenez, zentral nuklearra ixteko dokumentu teknikoak prest zeuden ordurako, baina egin ziren presioen ondorioz CSNk presaz erabaki behar izan zuen Nuclenorrek epez kanpo eskatutako baimen hori onartzea. PPren Arabako bozeramaileak ohartarazi zuen PSOEk eta EAJk ez dutela zentral nuklearra itxi, ixteko aukera izan dutenean.[9]
Behin CSNren oniritzia jasota, azken erabakia Espainiako Industria Ministerioaren esku zegoela, ministerio horrek Garoñako zentral nuklearra uztailaren 6a baino lehen ixtea erabaki zuen, ez zegoelako denborarik Nuclenorren eskaera aurrera eraman ahal izateko lege betekizun guztiak garaiz egiteko. Industria, Energia eta Turismoko ministro José Manuel Soriak azaldu zuenez, itxierak ez du zerikusirik segurtasunarekin, arrazoi ekonomikoengatik itxiko da.[10] Ekologistak Martxan taldeak dioenez, ordea, indarretxe nuklear horren segurtasun arazo larriak konpontzeko xahutu beharko litzatekeen diru kopuru handiari zor zaio itxiera.[11] Dena dela, berriz irekitzeko aukerarik bada oraindik: ustiapen baimen berri bat eska lezake Nuclenorrek, edo ekonomia arrazoiengatik gelditutako zentral nuklearrak berriz alhan jartzeko baimen berezi bat (lortzen errazagoa) onar lezake Espainiako Gobernuak.[12]
Zentral nuklearraren argindar sorkuntzako jarduera behin betiko gelditutakoan, 40 urte inguru iraungo dute zentral nuklearra ixteko lanek.[13].
2014ko abenduaren 18an, Kongresuko oposizioko alderdiek zentral nuklearra ixteko konpromisoa hartu zuten[14].
Abenduaren 26an jakin zenez, Araba Garoñarik Gabe-k "mobilizazio handi bat" egingo zuen otsailaren 28an[15].
2015eko urtarrilaren 12an jakin zenez, Garoña irekitzeko dekretua Estrasburgora eramatea proposatuko zuen PSE-EEk Arabako Biltzar Nagusietan. Izan ere, zentral nuklearra irekitzearen ingurumen eragina ez aztertzea Europako zuzentarauen aurka zihoan[16].
2017ko abuztuaren 1ean, Espainiako Gobernuak zentral nuklearra behin betiko itxiko zuela iragarri zuen[5]. Izan ere, Espainiako Energia eta Turismo Ministerioak ukatu egin zion berriz zabaltzeko baimena. 2019ko bigarren seihilekoan eraisten hasteko plana dago. [17]
Erreferentziak
- Nuclenor: «Garoña: Construcción», Nuclenor.es.
- (Gaztelaniaz) Ekologistak Martxan: «El argumento para prolongar la vida de Garoña es falso», 2012-01-09.
- https://www.argia.eus/efemerideen-kanala/sutea-piztu-zen-garonako-zentral-nuklearrean
- Iñaki Petxarroman: «Mila pitzadurako zentrala», Berria, 2012-01-06.
- Garoña ixtea erabaki du Espainiako Gobernuak. 2017ko abuztuaren 1a. Berria.info
- Mikel Peruarena: «2013 arte zabalik egongo da», Berria, 2009-07-03.
- Mikel Peruarena: «Garoñaren alde, baina helegiterik gabe», Berria, 2012-10-04.
- Garikoitz Goikoetxea: «Garoñako zentralaren jarduna eten egingo dute igandean», Berria, 2012-12-11.
- «Garoña ixteko dokumentua prest zeukan CSNk, PSOEko ordezkariak azaldu duenez» Berria 2013-05-28.
- «Garoña uztailaren 6a baino lehen itxiko duela dio Espainiako Gobernuak» Argia 2013-06-19.
- (Gaztelaniaz) Ekologistak Martxan: «Garoña se cierra», 2013-06-19.
- (Gaztelaniaz) Juana Viúdez: «Soria confirma el cierre definitivo de Garoña el próximo 6 de julio», El País, 2013-06-19.
- «Bizitza erdi bat, zentrala husterako» Berria 2012-09-14.
- Oihan Vitoria, «Kongresuko oposizioko alderdiek Garoña ixteko konpromisoa hartu dute», Berria, 2014-12-19
- «Araba Garoñarik Gabe-k "mobilizazio handi bat" iragarri du otsailaren 28rako», Berria, 2014-12-26
- «Garoña irekitzeko dekretua Estrasburgora eramatea proposatuko du PSE-EEk» Berria 2015-01-13.
- Berria.eus. «2019ko bigarren seihilekoan hasiko dira Garoña eraisten» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-08-17).
Kanpo estekak
- (Gaztelaniaz) Garoñako zentral nuklearraren webgunea