Santa Katalina kobazuloa
Santa Katalina kobazuloa, beste izenez Antzoriz I, Lekeition (Bizkaia) dago. Bertan duela 10.000-15.000 urte arteko bizi izandako giza komunitate baten arrastoak aurkitu dira. Aztarnategia erreferentziazkoa da, besteak beste bertan egin den arkeologia ikerketaren prozedura eredugarriarengatik; Europako arrantzaren testigantza zaharrena eta aberatsenetakoa delako; elur-oreinak Iberiar Penintsulan izan zuen bilakaeraren teoria aldatu duelako; itxas txorien aztarnak (iraungitako espezieenak barne) Europako bilduma aberatsenetakoa osatzen dutelako; eta jateko erabilitako ezkur aztarnak Europan aurkitutako zaharrenetakoak direlako.
Santa Katalina / Antzoriz I | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Herria | Lekeitio |
Koordenatuak | 43°22′36″N 2°30′34″W |
Ezaugarriak | |
Garaiera | 40 m. itsas-mailatik |
Sakonera | 11 metro |
Luzera | 130 metro |
Bisitagarria | Bai |
Margoak | Ez |
Aztarnak | Bai |
Erreferentzia | IS-008 Santa Katalina / Antzoriz I |
Katalogoa | ADES katalogoa |
Kokapena
Aztarnategia Antzoriz lurmuturrean dago, Lekeitioko herritik 1,5 kilometrotara. Lurmuturraren gaineko muinean Santa Katalina baseliza dago; haren azpian dauden Antzorizko kobetako batean dago aztarnategi hau. Haien azpiko aldean, metro gutxitara, Lekeitioko itsasargia dago.[1]
Ikerketen historia
1926 urtean, Lumentxako indusketa-kanpainan ziharduela, Telesforo Aranzadik eta Jose Miguel Barandiaranek Antzorizko itsas labarrak bisitatu zituzten, Eustasio Arritolak eta Juan Munduatek lagunduta; baina bertako marga harriak ikuskatzen eta fosilak jasotzen ibili baziren ere, ez zuten kobarik ikusi. Haien lehenengo albistea 1936ko udan jasoko zuen Barandiaranek: Lea-Artibai eta Mutrikuko aztarnategietan lanean zegoela, Nicolas Arroita informatzaileak esan zion Santa Katalina baselizaren azpiko aldean kobazulo handi bat zegoela. Ezin izan zuen orduantxe bisitatu, ordea: Espainiako Gerra Zibila abiatua zen, eta handik egun gutxira Lapurdira presaka ihes egitea tokatu zitzaion.[2]
1964ko maiatzaren 11an itzuli zen bertara, Alejandro Zamorarekin, Lumentxako kanpaina hasi baino egun batzuk lehenago. Sarreretan eginiko kalikata txiki banatan molusko eta silex tresna ugari aurkitu zituen, bere ustez Mesolito edo Goi Paleolitokoak; beraz aztarnategi prehistoriko bezala katalogatu zuen.[3] Indusketei ekin bitartean, Bilboko “Beti Goruntz” espeleologia taldekoek ere ikustaldi batean zenbait tresna aurkitu zituzten lurrazalean, 1975ean.[4]
Indusketak 1982an hasi ziren, José Luis Arribas eta Eduardo Berganza arkeologoen taldearen eskutik,[1] eta urteroko kanpainak eginez 2000 urtera arte luzatu ziren.
Indusketak
Aztarnategia 1982-2000 artean industu zen; zehazki, indusketak IS-008 Antzoriz I edo Santa Katalina izeneko kobazuloaren ekialdeko sarreran egin ziren, 9 m karratuko azaleran. Bertako lanetan maila desberdinak identifikatu dira, horietatik hiru arkeologikoki esanguratsuak:[3] bat Azildarra (duela 12.000-10.000 bat urtekoa, lurrazaletik hurbilen) eta bi Madelein aldikoak (duela 15.000-11.000 bat urte ).[5]
Maila hauetan mota askotako aztarnak errekuperatu dira: moluskoak, gizakiak erabilitako animali hezurrak, harrizko eta hezurrezko tresnak (mota askotako harpoiak barne), sutegien arrastoak (erregai gisa batez ere egurra erabili zutenak, baina baita hezurrak ere[6]), harrizko eta hezurreko arte lanak, zenbait giza hagin (bi 10 urteko haurrarenak, eta bat pertsona helduarena[7]) eta iduneko baten piezak.[8]
Indusketa hauen emaitza batzuek hainbat aldizkaritan argitaratu baziren ere, haien sintesiaren lehen zatia 2014an argitaratu da (landare, animali eta giza aztarnei buruz); argitalpen honetan autoreek bigarren monografia bat argitaratzeko asmoa erakutsi dute, gizakiak eginiko tresneriari buruz.[9]
Esan beharra dago aztarnategi honetako material paleontologikoarekin egin den bilketa eta klasifikazioa exhaustiboa izan dela, beste aztarnategi batzuetan egindakoaren aldean; horrek esan gura du Santa Katalinako datuek, seguraski, beste ikerketetarako eredutzat balioko dutela etorkizunean.[10]
Animalien aztarnak
Santa Katalinako aztarnategiko arrastoen artean 120 bat animali espezie desberdin identifikatu dira, maila bakoitzean ugariagoak edo urriagoak direnak ezaugarri klimatikoen arabera. Haien artean nabarmentzekoak:[5]
- Arrainak: Santa Katalinakoa Europako Atlantikoko historiaurreko arrantzaren testigantza zaharrena eta aberatsenetakoa da (53 espezie eta azpiespezie). Honen barruan ugarienak izokin / amuarrainak, pleuronektiformeak (platuxen familiakoak) eta makailaoa dira. Lekeitioko aztarnategi honek Paleolitoko arrantzari buruzko zenbait aurreiritzi puskatu ditu, hala nola sasoi horretan arrantza salmonidoetan oinarritzen zela; hain zuzen ere, Santa Katalinan makailaoaren kopurua guztien artean nagusitzen da, tamaina eta pisu handiko aleekin gainera (metrotik gora, 15 kg inguru...). Datu hauek arrantza mota honen lehen froga argia dira, eta ez dute parerik Europako Atlantikoko historiaurrearen ikerketan (hurrengo datuak Mesolitokoak dira, Norvegiako Kotedalen aztarnategikoak). Bestalde, aztarnategi honetan aurkitutako muxarra aztarnak ere (nahiz eta kopuru txikia izan) Europan aurkitutako zaharrenak dira.[11]
- Ugaztun ungulatuak: itxuraz Santa Katalinako ehiztarien helburu nagusia ziren, aztarna guztien %95a osatzen baitute. Guztien artean oreina nagusitzen da (Kantauriko aztarnategi gehienetan legez). Elur-orein aztarnek, berriz, aztarnategi hau Iberiar Penintsula osoan bakana bihurtzen dute hainbat arrazoirengatik: hezurrak ugariak direlako; ehiza mota honi buruzko usteak aldatu dituelako; Penintsulako aztarna berantiarrenak direlako –Azildar arokoak-; eta haien sekuentziak aldaketa paleoklimatikoari buruz informazioa garrantzitsua eman duelako. Kobazuloan hiena aztarnak ere agertu dira: Penintsulako berantiarrenak hauek ere (Madelein aldia). Hortaz gain zaldia, bisonte / uroa, basa-ahuntza, sarrioa, orkatza, basurdea, hartza, otsoa, azeria, katamotza, basakatua, hudoa, azkonarra eta erbia ere dokumentatu dira Santa Katalinan, eta baita ezohiko espezie bat ere: itsas txakurra (Kantauri aldean Altamiran, Tito Bustillon eta La Fraguan baino ezagutzen ez zena).[12]
- Txoriak: Santa Katalinakoa Europako Goi Pleistozenoko aztarnategi aberatsenetakoa da. Itsas txori asko aurkitu dira (lehorreko txorien aldean gutxi ikertu direnak) eta horien barruan jada desagertutako hiru espezie: Puffinus holeae (duela 2.000-3.000 urte iraungia), Puffinus olsoni (XIV mendean iraungia), eta Pinguinus impennis (XIX mendean iraungia; Santa Katalinakoa da espezie honen aztarnategi aberatsena Europan). Espezieen artean ugarienak antzarren familiakoak dira (aztarnen ia %40a); hortaz gain prozelaridoak (matxiplaken familiakoak), charadriiformeak (pottorro, kaio eta kulisken familiakoak), hontzak, lagopodoak (eper zuriaren familiakoak) eta ahateak (Stellerren eiderraren lehen aztarna fosil paleartikoa barne[13]). Hezurrok duten markek adierazten dute jateko eta tresnak egiteko erabili zituztela. Deigarriak dira hontzaren erpeen erabilpena, agian erritualetarako, eta kaio hezurretatik ezpal txikiak ateratzeko lanak, ezagutzen ez den helbururen baterako.[14][15]
Hauez gain, aztarnategian beste hainbat animalien arrasto ere aurkitu dira: mikrougaztunak (saguzarra, satorra, satitsua, muxarra, arratoia, sagua[16]), narrasti / anfibioak (arrabioa, uhandrea, apoa, igela, muskerra, eskinkoa, zirauna, sugea, itxuraz ez gizakiak baizik eta animali haragijaleek bertara ekarriak[17]), ekinodermoak eta krustazeoak (itsas trikuak, lanpernak eta karramarroak[18]) eta moluskoak (gehienbat inguruko hondartzetako lapak eta mangolinoak, baina baita lehorreko barraskiloak ere). Espezieen aniztasuna handia da, batzuk espreski jateko hartutako animaliak dira, eta beste batzuk berriz kobazuloko biztanleek hartzen zituzten algekin batera ekarriak.[10]
Landareen aztarnak
Azterketa palinologikoa (landareen mikroaztarnak)[19] datu klimatikoekin eta makroaztarnekin erkatuz, aintzinako landarediaren eboluzioa zein izan zen jakin da:[5]
- Madelein berantiarrean landa eremu zabalak ziren nagusi, gurbitzez eta koniferaz (leherra eta ipurua, batez ere) osatutako baso txikiekin. Tundra itxurako ingurugiroa izan zitekeen.[9]
- Madelein amaieran urkia eta Quercus familiako zuhaitzak ugalduz joan ziren, landa eremuak desagertu gabe.
- Azildarreko berotze klimatikoarekin, haritz eta arte baso handiak gailendu ziren, beste zuhaitz eta landare espezie asko ere ugalduz.
Santa Katalinako aztarnategian egur aztarna ugari aurkitu dira, sutarako zein ehizarako eta prestatzeko prozesuekin lotuak; eta baita ezkur arrastoak ere, segur aski bertako gizakiak jateko erabiliak; azken hauek Europa osoan aurkitu diren zaharrenetakoak dira.[5]
Paleoklimatika datuak
Aztarnen eta sedimentuen erkaketak ere Madelein berantiarretik Azildar arora izandako klima aldaketei buruzko informazio zehatza eman du.[11][14]
Horretara, ikusi da Antzoriz I / Santa Katalina aztarnategiaren indusketan aztertutako sedimentu zaharrenak azken glaziazioan pausatu zirela (oraindik kobazuloan gizakirik bizi ez zela); Okupazio prehistorikoak, berriz, Pleistozeno amaieran hasi ziren (duela 15.000 bat urte). 5.000 bat urtean zehar, Antzorizen bizi ziren gizakiek klima aldaketa garrantzitsuei aurre egin behar izan zieten: hasieran 600 bat urte egonkor igaro zituzten, klima onarekin; hurrengo 1.600 urteetan berotze/hozte faseak txandakatu ziren, hozteko joera orokorraren barruan; gero Dryas Berria izeneko aldia bizi izan zuten (1.400 urte iraun zuen izoztea); eta, Holozenoa hastearekin batera, azken 1.500 urteetan Antzorizko biztanleek klima gozoa izan zuten, duela 10.200 urte kobazuloa utzi zuten arte.[5][9][20]
Kontuan hartu behar da aro geologikoetan zehar itsasoaren maila ez dela beti bera izan. Holozenoaren aurretik gaur egunean baino beherago zegoen: gizakia Antzoriz inguruan bizitzen hasi zenean, itsasertza gaurko kostaldetik bi kilometro ingurura aurkitzen zen, 120 bat metro beherago.[10] Lea ibaia, beraz, ez zen egungo puntu berean itsasoratzen: urpeko plataformaren azterketa geomorfologikoak erakutsi du ubide zaharra gaur eguneko kostaldearen paraleloa zela, Antzoriz lurmuturreraino, eta hortik iparralderantz jarraitzen zuela, itsasoraino ailegatu arte. Horretara, Paleolitoan bertan bizi izandako gizakiek, ez zuten beheko aldean itsasorik, baizik eta EM norabideko ordoki zabala, muinoz, basoz eta sakonunez estalita, eta padurak ibaiaren inguruan.[3][9] Santa Katalina eta bestelako aztarnategi kantabriarren azterketaren ondorioz, ikerlariek uste dute orain urpean dagoen plataforma hau animalien migrazio bide garrantzitsua izan zela; besteak beste elur-orein saldoek erabiliko zutela uste da, Landen eta Iberiar Penintsularen arteko urteroko bidea egiteko.[12]
Aztarnategiaren egoera
Lan arkeologikoek iraun duten dituen urteetan, eta baita gero ere, indusketa furtiboak behin baino gehiagotan detektatu dira; honen eraginez sedimentu geruza ugari hondatu dira, hauetan zeudekeen aztarna arkeologikoak galduz.[3]
2015 urtean, indusketen emaitzen lehen zatia argitaratzearekin batera, Bizkaiko Foru Aldundiak aztarnategia txukuntzea enkargatu zion AGIRI arkeologia eta ADES espeleologia elkarteei; lan hauetan aztarnategiaren egoera berrebaluatu zen; furtiboek hondeatutako lurra bahetu zen (milaka silex zati txiki errekuperatuz); kobazuloaren prezisiozko topografia egin zen; hondatutako sare metalikoa erretiratu zen; eta induslekua arlita geruza batekin babestu zen.[21]
Erreferentziak
- Marcos, José Luis. (1982). «Carta arqueológica de Vizcaya. Primera parte. Yacimientos en cueva.» Cuadernos de Arqueología de Deusto (8): 154..
- Barandiaran Aierbe, Jose Miguel. (2005). Diario Personal. Volumen I (1917-1936). Desde los primeros trabajos científicos, hasta el inicio del exilio.. José Miguel de Barandiaran Fundazioa.
- BERGANZA GOCHI, Eduardo. ARRIBAS PASTOR, José Luis.. (2014). «La intervención arqueológica en el yacimiento de la cueva de Santa Catalina. Pp:7-24. In. BERGANZA, ARRIBAS et alii. 2014. La Cueva de Santa Catalina (Lekeitio, Bizkaia): La intervención arqueológica. Restos vegetales, animales y humanos.» Kobie Serie BAI (Bilbo) (4).
- Fernandez Ibañez, Carmelo. «Materiales prehistóricos procedentes de la caverna de Santa Catalina I (Lekeitio, Vizcaya).» Ixiltasun Izkutuak (Bilbo) (3): 7..
- RUIZ-ALONSO, Mónica. UZQUIANO OLLERO, Paloma. ZAPATA PEÑA, Lydia.. (2014). «Macrorrestos vegetales de Santa Catalina (Lekeitio, Bizkaia): Carbones y bellotas del Tardiglaciar. Pp:75-92. In. BERGANZA, ARRIBAS et alii. 2014. La Cueva de Santa Catalina (Lekeitio, Bizkaia): La intervención arqueológica. Restos vegetales, animales y humanos.» Kobie Serie BAI (4).
- BERGANZA GOCHI, Eduardo. ARRIBAS PASTOR, José Luis.. (2014). «Estructuras de combustión. Pp:33-48. In. BERGANZA, ARRIBAS et alii. 2014. La Cueva de Santa Catalina (Lekeitio, Bizkaia): La intervención arqueológica. Restos vegetales, animales y humanos.» Kobie Serie BAI (Bilbo) (4).
- ALBISU ANDRADE, Claudio. ETXEBERRIA GABILONDO, Francisco. HERRASTI ERLOGORRI, Lourdes.. (2014). Kobie Serie BAI (Bilbo) (4).
- BERGANZA, Eduardo. RUIZ-ALONSO, Mónica. RUIZ IDARRAGA, Rosa. (2018). «Cuentas de madera magdalenienses de la cueva de Santa Catalina (Lekeitio, Bizkaia, España)» Munibe (Donostia) (69).
- BERGANZA GOCHI, Eduardo. ARRIBAS PASTOR, José Luis,. (2014). «El entorno físico de las ocupaciones de Santa Catalina. Pp:367-378. In. BERGANZA, ARRIBAS et alii. 2014. La Cueva de Santa Catalina (Lekeitio, Bizkaia): La intervención arqueológica. Restos vegetales, animales y humanos.» Kobie Serie BAI (Bilbo) (4).
- VÁSQUEZ SÁNCHEZ, Víctor F. ROSALES THAM, Teresa E.. (2014). «Malacofauna de la cueva de Santa Catalina. Pp:119-150. In. BERGANZA, ARRIBAS et alii. 2014. La Cueva de Santa Catalina (Lekeitio, Bizkaia): La intervención arqueológica. Restos vegetales, animales y humanos.» Kobie Serie BAI (Bilbo) (4).
- ROSELLÓ IZQUIERDO, Eufrasia. MORALES MUÑIZ, Arturo.. (2014). «Las ictiofaunas de Santa Catalina (Lequeitio, Vizcaya): Un registro singular para la Prehistoria Cantábrica. Pp:161-262. In. BERGANZA, ARRIBAS et alii. 2014. La Cueva de Santa Catalina (Lekeitio, Bizkaia): La intervención arqueológica. Restos vegetales, animales y humanos.» Kobie Serie BAI (4).
- CASTAÑOS UGARTE, Pedro. (2014). «Estudio de los macromamíferos del yacimiento de Santa Catalina. Pp:331-360. In. BERGANZA, ARRIBAS et alii. 2014. La Cueva de Santa Catalina (Lekeitio, Bizkaia): La intervención arqueológica. Restos vegetales, animales y humanos.» Kobie Serie BAI (Bilbo) (4).
- Elorza, Mikelo. (2005-2006). «First paleartic fossil record of Polysticta stelleri (Pallas) 1769» Munibe (Donostia) 1 (57): 297-301..
- ELORZA ESPOLOSIN, Mikelo.. (2014). «Explotación de aves marinas en el Tardiglacial del Golfo de Bizkaia: Las aves de Santa Catalina. Pp:263-296. In. BERGANZA, ARRIBAS et alii. 2014. La Cueva de Santa Catalina (Lekeitio, Bizkaia): La intervención arqueológica. Restos vegetales, animales y humanos.» Kobie Serie BAI (Bilbo) (4).
- LAROULANDIE, Véronique.. (2014). «Traitement et utilisation des ressources aviaires au Tardiglaciaire dans la grotte de Santa Catalina. Pp:297-330. In. BERGANZA, ARRIBAS et alii. 2014. La Cueva de Santa Catalina (Lekeitio, Bizkaia): La intervención arqueológica. Restos vegetales, animales y humanos.» Kobie Serie BAI (Bilbo) (4).
- PEMÁN MONTERDE, Eduardo.. (2014). «Los micromamíferos del yacimiento de Santa Catalina (Lekeitio, Bizkaia). Pp:93-102. In. BERGANZA, ARRIBAS et alii. 2014. La Cueva de Santa Catalina (Lekeitio, Bizkaia): La intervención arqueológica. Restos vegetales, animales y humanos.» Kobie Serie BAI (Bilbo) (4).
- BAILÓN, Salvador. GARCÍA-IBAIBARRIAGA, Naroa.. (2014). «Herpetofauna tardiglaciar y holocena de Santa Catalina (Lekeitio, Vizcaya). Pp:103-118. In. BERGANZA, ARRIBAS et alii. 2014. La Cueva de Santa Catalina (Lekeitio, Bizkaia): La intervención arqueológica. Restos vegetales, animales y humanos.» Kobie Serie BAI (Bilbo) (4).
- GUTIÉRREZ ZUGASTI, Igor.. (2014). «El aprovechamiento de recursos costeros durante el Tardiglaciar: Los equinodermos y crustáceos de la cueva de Santa Catalina (Lekeitio, Bizkaia). Pp:151-160. In. BERGANZA, ARRIBAS et alii. 2014. La Cueva de Santa Catalina (Lekeitio, Bizkaia): La intervención arqueológica. Restos vegetales, animales y humanos.» Kobie Serie BAI (Bilbo) (4).
- IRIARTE-CHIAPUSSO, Maria José.. (2014). «El Tardiglaciar en la cueva de Santa Catalina (Lekeitio, Bizkaia). Evaluación del medio vegetal a través del registro polínico. Pp:59-74. In. BERGANZA, ARRIBAS et alii. 2014. La Cueva de Santa Catalina (Lekeitio, Bizkaia): La intervención arqueológica. Restos vegetales, animales y humanos.» Kobie Serie BAI (Bilbo) (4).
- ARESO BARQUÍN, Pablo. URIZ GALARRAGA, Ana.. (2014). «Estudio sedimentológico del depósito arqueológico de la cueva de Santa Catalina (Lekeitio, Bizkaia). Pp:49-50. In. BERGANZA, ARRIBAS et alii. 2014. La Cueva de Santa Catalina (Lekeitio, Bizkaia): La intervención arqueológica. Restos vegetales, animales y humanos.» Kobie Serie BAI (Bilbo) (4).
- ADES. «Antzorizen oporretan (Lamiña D'Or)» http://actualid-ades.blogspot.com (Noiz kontsultatua: 2018ko maiatzaren 29a).