Santa Agata jaia

Santa Agata jaia edo Dona Agata jaia,[1][2] euskalkietan Santa Ageda bezpera, Agate Deuna jaia, Santa Ageda eskea eta Santa Ageda batzea izenez ere ezaguna, Euskal Herrian eta Espainiako zenbait tokitan ospatzen den jai herrikoi tradizionala da, Agata Cataniakoaren omenez otsailaren 5ean eta bezperan ospatzen dena, egun horretan Eliza Katolikoaren santutegiko santu haren omenezko eguna da.

Santa Agata jaia
Jatorria
Ezaugarriak
Genero artistikoaZortziko handia
Hizkuntzaeuskara
Santa Agatako gaua Donostiako Ibaetan.

Euskal Herriko herri askotan, ohitura da egun horretan edo bezperako egunean herrietan kopla zaharrak kantatzea makilekin lurra joaz erritmoa markatzeko, diru edo janari eskean, jantzi tradizionalekin eta kriseilua lagun. Koplako bertsoak koblakari bakar batek abesten ditu maiz, eta taldeak leloa. Antzina, mutil gazteak soilik ibil zitezkeen Santa Agata eskean, baina XX. mendeko azken hamarkadez geroztik emakumeek eta adin talde guztietakoek ere parte har dezakete.[3] Garai batean, urte horretan soldaduskara joan behar zuten mutil gazte edo kintoen bilerak ere egiten ziren egun horretan, eskean betiere; herri batzuetan, Eskoriatzan tradizio handiz, adin bereko gazteak biltzen dira ospakizun horri jarraipena emateko.[4]

Ospakizunaren jatorria

Agata Catanian, Sizilian, jaio zen 235. urtean. Tradizioak dionenez, Quinciano gobernadoreak berarekin ezkondu arteko onik ez omen zuen, baina Agatak nahi ez eta mendeku gisa kartzelatu zuen. Bularrak moztu eta hil arteko torturak sufritu izan zituen. Handik gerora, Eliza Katolikoak saindu izendatu eta otsailaren 5a aukeratu zuen bera omentzeko.

Hala ere, badirudi ospakizunak bere sustraiak kristautasuna zabaldu aurreko garaietan dauzkala. Aditu batzuen iritziz, Agataren inguruko festek zerikusi handia dute inauteriekin, inauste edo kimatze garaiko erritoekin.[5] Neguko solstizioaren ondoren, eguna luzatzen hasten denean, zuhaitz adarrak kimu berritzen hasten dira eta orduantxe izaten da zuhaitz adarrak kimatu edo inausteko garaia. Hala, naturaren esnatzea ospakizun bihurturik, mutilak kopla kantari ibiltzen ziren etxerik etxe janari eske, eta ondoren, bildutakoarekin, mutil eta neska denek batera afaltzen zuten.

Santa Agata askotan abere gisa irudikatzen da: ahuntz edo katu itxurarekin. Ablitasen, uste zuten Santa Agata bezperako gauean banatzen zirela hurrengo urtebeterako ekaitzak.[6] Kristautasuna Euskal Herrira zabaldu zenean, beste askorekin batera Santa Agata eguna ekarri zuen berekin. Elizak, aurreko errito eta ospakizunak bereganatu eta itxura berri bat eman zien. Lehengo errituak eta Santa Agataren omenezko ospakizunak nahastu egin ziren. Bi erritu edo jai horien nahasketatik dator egungo ospakizuna.

EAJko Gipuzkoako Buru Batzarreko ordezkariak, kantuan.

Hitzak

Santa Agataren koplen hitz hedatuenak, Gipuzkoan, hauek dira:

Zorion, etxe hontako denoi!
Oles egitera gatoz,
aterik ate ohitura zaharra
aurten berritzeko asmoz.
Ez gaude oso aberats diruz,
ezta ere oinetakoz.
Baina eztarriz sano gabiltza,
ta kanta nahi degu gogoz.

Santa Ageda bezpera degu
Euskal Herriko eguna,
etxe guztiak kantuz pozteko
aukeratua deguna.
Santa maitea gaur hartu degu
gure bideko laguna.
Haren laguntzaz bete gentzake
egun hontako jarduna.

Iruditeria

Bertsio berriak

Maialen Lujanbio (2016)

2016an Maialen Lujanbiok Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan Beti Bezperako Koplak 'Santa Ageda' kopla berezia bota zuen. Genero-indarkeriaren salaketa gordina egin zuen. Bertsoz bertso, indarkeria matxistaren agerpen ezberdinak salatu, bai eta hura gainditzeko ezintasuna ere. Gero hogei artista gaztek sortze-lan kolektibo batean animazio teknika ezberdinak erabiliz Lujanbioren gogoeta osatu zuten.[7][8][9] Horra 13 kopletariko lau:

Santa Ageda eguna
beti bezpera deguna
ohitura batzuei ez zaie inoiz
iristen biharamuna.
[...]
Beste zulo bat kiroldegian
aldagela ohi den gizondegian.
Zulo bat berriz kiroldegian
aldagela bat den andrategian.
Begi nini bat zulo erdian
iltze zorrotz baten punta begian.
[...]
Kalashnikov, bonba, makil...
bizitza merkeegi dabil
gerran gizonak hiltzen dituzte
andreak bortxatu ta hil.
[...]
"Adios" orain esaten diot
santa honekin batean
beti bezperan bizi gaitezen
zorionez ta pakean.

La Kora (2020)

Bilboko La Kora abesbatza feministak 2020ko Agate Deuna bezperan Bilboko kaleetan barna kopla berriak abestu zituzten, Ageda bezpera pagano eta feminista aldarrikatuz.[10]

La Kora Ageda bezpera adierazpena (2020)

Maddalen Arzallus (2021)

Maddalen Arzallus-ek beste bertsio bat plazaratu zuen 2022an. Agataren heriotzaren larria gogoratu eta gero, gaurko indarkeria matxistarekin lotu zuen:[11]

[...]
Gaur egun ere bada munduan
hamaika andre martiri
behar denean ez da ordea
salbaziorik agiri
Makilak hartu, lurra kolpatu
ta egin dugu zati bi
ta makilkadak ematen gabiltz
zu niri, eta zu niri
Santa Agedaz dantza ditzagun
gure aho eta mihi
lotan dagoen gizarte baten
esnagarri izan bedi

Erreferentziak

  1. 66. araua: Santutegiko izen ohikoenak. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2010-12-06).
  2. 125. araua: San, santu, done eta besteren erabilera. Euskaltzaindia.
  3. (Gaztelaniaz) Agirre Sorondo, Antxon. (2000-02-04). «Santa Ageda» Euskonews & Media 65.
  4. «Eskoriatzako kintoak, ohitura jarraitzeko prest» Goiena.eus 2016-01-22.
  5. Sorazu, Emeterio. (1999-02-05). «Inauteriak nekazal munduan» Euskonews & Media 20.
  6. Mariano Estornés Lasa: «Santa Águeda», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  7. «Maialen Lujanbioren 'Beti-bezperako koplak', arrakastatsu» EITB Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2021-04-09).
  8. «Beti bezperako koplak» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-04-09).
  9. «'Beti-bezperako koplak', Maialen Lujanbiok Faktoria irratsaioan» sustatu.eus (Noiz kontsultatua: 2021-04-09).
  10. Makeip. (2020-02-09). Euskara: Abesbatzaren adierazpena 2020ko Ageda bezperanEspañol: Comunicado del coro feminista en víspera de Santa Ágeda 2020. (Noiz kontsultatua: 2021-04-09).
  11. Euskal Karaokeak. (2022). Santa Ageda (Maddalen Arzallus). (Noiz kontsultatua: 2023-02-05).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.