Sanskrito
Sanskritoa[1] (sanskritoz: संस्कृता वाक्, saṃskṛtā vāk, edo laburtuta संस्कृतम्, saṃskṛtam), hizkuntza indoariar historiko bat da, hinduismoaren eta budismoaren liturgietako bat eta Indiako 22 hizkuntza ofizialetako bat.[2]
Sanskrito | |
---|---|
संस्कृतम् — 𑖭𑖽𑖭𑖿𑖎𑖴𑖝𑖦𑖿 | |
Datu orokorrak | |
Hiztunak | 2.212 (1971) 6.106 (1981) 49.736 (1991) 14.135 (2001) ama-hizkuntza: 26.490 (2011) |
Hizkuntza sailkapena | |
giza hizkuntza indoeuropar hizkuntzak Indo-irandar hizkuntzak Indoariar hizkuntzak Old Indo-Aryan (en) | |
Informazio filologikoa | |
Hizkuntza-tipologia | SOV hizkuntza eta hizkuntza fusionatzailea |
Modu gramatikalak | desiderative (en) , injunctive (en) , indikatiboa, agintera eta baldintzazko modua |
Genero gramatikalak | genero femeninoa, genero maskulinoa eta genero neutroa |
Kasu gramatikalak | nominatiboa, genitiboa, datiboa, akusatiboa, bokatiboa, instrumentala, ablatiboa eta lokatiboa |
Alfabetoa | Devanagaria, Kannada script (en) , Vatteluttu (en) , Sharada (en) , Siddhaṃ (en) , Nandinagari (en) eta Nāgarī (en) |
Hizkuntza kodeak | |
ISO 639-1 | sa |
ISO 639-2 | san |
ISO 639-3 | san |
Ethnologue | san |
Glottolog | sans1269 |
Wikipedia | sa |
IETF | sa |
Sanskritoaren aurreneko forma vedikoa da, K.a. 1500 inguruan jadanik Rig-veda testuan erabilia, egungo Indiako eta Pakistango iparraldean mintzo zen hizkuntzan oinarritua. K.a. V. mende inguruan Paninik eta beste gramatikari batzuek arautu eta finkatu zuten.[3]
Geroztik, sanskrito klasikoa, Paniniren eredutik zerbait aldendua, K.a. V. mendetik K.o. X.era loratu zen, eta goi klaseen artean ohiko kultura hizkuntza izan zen. Hartatik eratorri zen prakrito edo hizkuntza arrunta. Egun, sanskritoa, gutxi bada ere, devanagari idazkeran erabiltzen da, jakintza gizonen arteko komunikabide gisa, eta baita zenbait literatur testutan ere. Sanskrito klasikoaz idatzitako testu anitz gorde direnez, antzinako hizkuntzen arteko ezagunenetakoa da.[4]
Ezaugarri historiko, sozial eta kulturalak
Historia eta garapena
Ez dago ongi jakiterik Indiako iparraldean noiz hasi ziren hizkuntza indoeuroparrak hitz egiten. Normalean, Harappa kultura bezalako lehen erresumak indoeuroparrak ez ziren herriek osatu zituztela uste da. Rig-veda izeneko ereserki sakratuen liburuan, ariarrek utzi zuten aberria deskribatu zuten. K.a. II. milurtekoaren uneren batean, indoeuropar herriak India iparraldean sartu ziren. Hizkuntza indoeuroparretan idatzitako lehen lekukotasunetako bat, Vedak izeneko testuak, sanskrito vedikoan daude. Testu horiek, gutxienez, K.a. I. milurtekoan Indiako iparraldeko herenean hedatu ziren, brahmi izeneko idazkera batean.
Sanskritoa ez da, zehazki, hizkuntza hila, testuinguru jakin batzuetan Indiako hamarnaka mila lagunen ohiko komunikazio-hizkuntza baita. Izan ere, gaur egun India osoko eskola eta etxeetan irakasten, irakurtzen eta idazten dute, baina bigarren hizkuntza gisa. Gainera, brahman batzuek ama hizkuntzatzat hartzen dute. Eguneratutako txostenen arabera, tokiko hizkuntza gisa berbizitzen ari dira Shimoga hiritik gertu dagoen Mattur herrian (Karnatakan).[5] Hala ere, sanskritoz erraz egiten duten pertsona gehienek bigarren hizkuntzatzat dute.
Arkaismoak
Sanskritoan arkaismoak, bereziki sistema kontsonantikoan, antzinako beste hizkuntza batzuekin alderatzen denean antzematen dira, latina, greziera edo baita arkaismo ugari gordetzen dituzten hizkuntza modernoak ere, lituaniera kasu. Hizkuntza horiek guztiek aldaketa fonetiko eta gramatikal nabariak izan badituzte ere, egitura aitzinindoeuropar klasikotik aldendu dutenak, antzekotasun esanguratsuak dituzte. J. P. Malloryk lituaniar esaera zahar bat erabiltzen du (sanskritoz, lituanieraz eta latinez idatzia) dituzten antz handia erakusteko:[6]
- Sanskritoz: «Devas adadāt datás, Devas dat dhānās».
- Lituanieraz: «Dievas davė dantis, Dievas duos duonos».
- Latinez: «Deus dedit dentes, Deus dabit panem».
- Euskaraz: «Jainkoak hortzak eman zizkigun, Jainkoak ogia emango digu».
Sailkapena
Sanskritoa, beste indo-ariar hizkuntzak bezala, irandar hizkuntzekin hertsiki lotua denez, indo-irandar edo indo-ariar hizkuntzen adartzat jotzen da. Zenbait alderditan, hizkuntza kontserbatzailetzat hartzen da, aitzinindoeuropera berrienaren zenbait ezaugarri bereziki ongi islatzen dituena. Sanskritoa Indiako indo-ariar hizkuntza modernoen aurrekotik hurbil dagoen hizkuntzatzat har dezakegu. Kronologikoki, hona hemen sanskritoaren ondorengo beste hizkuntza indo-ariar batzuk: antzinako Indiako prakritoa[7] —Pāli kanonaren hizkuntza—, hindi-urdua, bengalera, nepalera eta Indiako beste eskualde hizkuntza batzuk (horien artean, kaxmirera, marathera, gujaratera, assamera edo punjabera, besteak beste). Jatorrian Europa eta Ipar Afrikako ijitoek hitz egiten zuten erromaniera ere oso lotuta zegoen aurreko hizkuntzekin.
Denbora luzez, sanskritoa hizkuntza horien jatorria zela pentsatu zuten, baina gaur egungo frogek sanskritoa ez dela hizkuntza indo-ariar modernoen aurrekari zuzena edo ama hizkuntza: aitzitik, adar paralelo batena iradokitzen dute (nolabait esateko, hizkuntza modernoenen "ama-izeba" moduko bat da). Hizkuntza moderno gehienak tokiko prakritoaren ondorio bide dira.
Linguistika
Fonologia
Sanskritoak 36 fonema inguru bereizten ditu. Hala ere, alofonia batzuk daudenez, devanagari alfabetoak 48 soinu bereizten ditu (ez denak oposizio fonologikoan, noski). Hona hemen ordena alfabetiko tradizionala: bokalak, diptongoak, anusvāra eta visarga, oklusiboak (a espartzua) eta sudurkariak (azken bi talde horietan aho-traktuaren atzealdetik aurrealderantz hasita) dira, eta, azkenik, urkariak eta frikariak. IAST sisteman (Transliterazio Sanskritozko Nazioarteko Alfabetoa) idazkeran transkribaturiko soinuak honakoak dira:
- a ā i ī u ū ṛ ṝ ḷ ḹ ; e ai o au
- ṃ ḥ
- k kh g gh ṅ; c ch j jh ñ; ṭ ṭh ḍ ḍh ṇ; t th d dh n; p ph b bh m
- y r l v; ś ṣ s h
Beste ordena alfabetiko tradizional bat ere badago, Pāṇini gramatikariaren Shiva-sutra izenekoa.
Bokalak
Hona hemen devanagarizko bokal-inbentarioa: lehenengo zutabean, letra espezifikoak, hitzaren hasieran erabiltzeko; bigarrenean, प् (/p/) kontsonantearen marka diakritikoa; hirugarrenean, NAF alfabetoaren araberako ahoskera; eta laugarrenean, IAST sistemara egindako transliterazioa:
Letra | प् | NAF | IAST |
---|---|---|---|
अ | प | /ɐ/ o /ə/ | a |
आ | पा | /äː/ | ā |
इ | पि | /i/ | i |
ई | पी | /iː/ | ī |
उ | पु | /u/ | u |
ऊ | पू | /uː/ | ū |
ऋ | पृ | /ɽ/ | ṛ |
ॠ | पॄ | /ɽː/ | ṝ |
ऌ | पॢ | /l̪/ | ḷ |
ॡ | पॣ | /l̪ː/ | ḹ |
ए | पे | /eː/ | e |
ऐ | पै | /(aːɪ)/ | ai |
ओ | पो | /oː/ | o |
औ | पौ | /(aːʊ)/ | au |
Kontsonanteak
Hona hemen sanskritoaren inbentario kontsonantikoa, devanagarizko alfabetoan irudikatua, haren ohiko transkripzioan IAST (Transliterazio Sanskritozko Nazioarteko Alfabetoa), NAFko baliokidearekin batera, Stiehlek emana:
Ezpainkaria ओष्ठ्य oṣṭhya |
Horzkaria दन्त्य dantya |
Erretroflexua मूर्धन्य mūrdhanya |
Sabaikaria तालव्य tālavya |
Belarra कण्ठ्य kaṇṭhya |
Glotala | ||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Herskaria स्पर्श sparśa |
Hasperengabea अल्पप्राण alpaprāṇa |
p प [p] | b ब [b] | t त [t̪] | d द [d̪] | ṭ ट [ʈ ] | ḍ ड [ɖ ] | c च [ʨ] | j ज [ʥ] | k क [k] | g ग [ɡ] | ||
Hasperenduna महाप्राण mahāprāṇa |
ph फ [pʰ] | bh भ [bʱ] | th थ [t̪ʰ] | dh ध [d̪ʱ] | ṭh ठ [ʈʰ] | ḍh ढ [ɖʱ] | ch छ [ʨʰ] | jh झ [ʥʱ] | kh ख [kʰ] | gh घ [ɡʱ] | |||
Sudurkaria अनुनासिक anunāsika |
m म [m] | n न [n̪] | ṇ ण [ɳ ] | (ñ ञ [ ɲ]) | ṅ ङ [ŋ] | ||||||||
Erdibokala अन्तस्थ antastha |
v व [v] | y य [j] | |||||||||||
Urkaria ढ्रव drava |
l ल [l̪] | r र [ɽ] | |||||||||||
Frikaria ऊष्मन् ūṣman |
s स [s̪] | ṣ ष [ʂ] | ś श [ɕ] | ḥः[x] | h ह [ɦ] |
Gramatika
Sanskritoa, K.a. I. milurtekoko beste indoeuropar hizkuntza batzuk bezala, hizkuntza malgukari eta sintetikoa da, SOV eta preposizioaren oinarrizko ordena duena (nahiz eta postposizio gutxi batzuk egon).
Izenek eta adjektiboek zortzi kasu morfologiko (nominatiboa, bokatiboa, akusatiboa, genitiboa, datiboa, ablatiboa, lokatiboa eta instrumentala), hiru numero gramatikal (singularra, duala eta plurala) eta hiru genero (maskulinoa, femeninoa eta neutroa) bereizten dituzte. Aditzak antzinako grezieraren ia kategoria flexibo berberak ditu.
Maileguak
Euskaraz ere, Indiako erlijio eta kulturekin lotutako hitz asko sanskritotik hartu ditugu: asana (yoga-posizioa), avatar (ava-tara, ‘jaisten duena’), ayurveda (medikuntza), bodhisattva, brahman (apaiza), Buda, guru (maisu), karma, mandala, mantra, Nirvana, svastika (su astika, igarpen onekoa), txakra (energia-gune), eta abar.
Erreferentziak
- 47. araua - Hizkuntza hilak eta klasikoak. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2010-12-23).
- Lur entziklopedietatik hartua.
- Lur entziklopedietatik hartua.
- Lur entziklopedietatik hartua.
- TimesOfIndia.IndiaTimes.com (Ingelesez)
- Mallory, J. P.. (1992). «In Search of the Indo-Europeans / Language, Archaeology and Myth» Praehistorische Zeitschrift (Walter de Gruyter GmbH) 67 (1) doi: . ISSN 1613-0804..
- Woolner, Alfred C.. (1986). Introduction to Prakrit. Motilal Banarsidass, 6 or. ISBN 978-81-208-0189-9..