Pio X.a
San Pio X.a[1] (latinez, Pius PP. X), jaiotzaz, Giuseppe Melchiorre Sarto (Riese, Lombardia-Veneto, gaur egungo Italia, 1835eko ekainaren 2a - Erroma 1914ko abuztuaren 20a), Eliza Katolikoko Aita santu izan zen 1903ko abuztuaren 4tik bere heriotza egunera arte.
Familia eta ikasketak
Giovanni Battista Sarto postariaren eta Margarita Sanson jostunaren hamar seme-alabetatik bigarrena izan zen. Jaio eta hurrengo egunean bataiatu zuten. Familia apalekoa izan arren, haren gurasoek heziketa ona baloratzen zuten.
Lehen ikasketak herriko ikastetxean egin zituen. Egunero sei kilometro ibili behar zituen eskolara iristeko. Herriko parrokoarekin hasi zen latina ikasten. 1846an Venetoko Liceo Classicora bidali zuten. 1850ean Trevisoko gotzainak diru-laguntza bat eman zion ikasketetan segi zezan.
1858an apaiztu zen. Tomboloko parroko izan ostean, kanonigo, seminarioko errektore eta bikario izendatu zuten, besteak beste.
Gotzain eta kardinal
Leon XIII.ak Mantuako apezpiku izendatu zuen 1884an. 1893an kardinal eta Veneziako patriarka izendatu zuen Aita Santuak.
Aita Santu
Leon XIII.a hil zenean, konklabera deitutakoen artean izan zen. Lau egun behar izan zituzten Giuseppe Sarto Aita santu izendatzeko.
Sendotasunez gidatu zuen Eliza Katolikoa sekularizazioa indartzen zihoan garaian. Modernismoa ere gero eta esanguratsuagoa zen, baita ikasketa biblikoen alorrean ere. Gauzak horrela, modernismoa gaitzetsi zuen Pascendi Dominici gregis entziklikan (1907ko irailaren 8an).
Liturgian erreforma sakonak egin zituen, kristauek Eukaristian parte hartzea bultzatuz. Besteak beste, haurrek lehen jaunartzea egin zezaten agindu zuen, kristau ikasbidea behar beste ikasi ondoren. Zuzenbide kanonikoko kodea idatziz eta batuta argitaratzeko agindu zuen.
1904ko konstituzioaren bidez, estatu katolikoek Aita santua aukeratzeko konklabeetan zuten beto eskubidea deuseztu zuen. Pio IX.aren Non Expedit entziklika leundu egin zuen, kristau italiarrei beraien estatuko politikan parte hartzeko eskubidea emanez.
Heriotza eta kanonizazioa
1914ko abuztuaren 20an hil zen Erroman. Vatikanoko Grutetan hilobiratu zuten, 1951n beatifikatu zuten arte; ordutik aurrera haren gorpua San Petri basilikan dago fededunek benera dezaten.
1951ko ekainaren 3an beatifikatu zuen Pio XII.ak, eta 1954ko irailaren 3an santu izendatu zuen. Haren jaieguna abuztuaren 21ean da. Erromes gaixoen zaindaria da.