San Miguel eliza (Urnieta)

San Miguel eliza Gipuzkoako Urnieta herriko eliza da, Eusko Jaurlaritzak eraikitako euskal ondare nabaritzat hartu duena. Urnietako eraikuntza erlijiosorik handiena da eta herriko plaza nagusian, San Juan plazan, kokatzen da, herriko etxea eta Santa Leokadia baselizarekin batera, besteak beste.

San Miguel eliza (Urnieta)
Euskal Herriaren barnealdeko Donejakue bidea Euskal Herriaren barnealdeko Donejakue bidea
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaUrnieta
Koordenatuak43°14′54″N 1°59′26″W
Map
Historia eta erabilera
EraikuntzaXVII. mendea - XVII. mendea
Izenaren jatorriaMikel goiaingerua
Erlijioakristautasuna
katolizismoa
ElizbarrutiaDonostiako elizbarrutia
Arkitektura
EstiloaBarrokoa
Arkitektura eklektikoa
Ondarea
2

    Ezaugarriak eta kokapena

    San Miguel eliza herriguneko gunerik altuenetako batean kokaturik dago. Parez pare du Santa Leokadia baseliza, ezkerraldean aldiz, herriko etxea du eta atzealdean, Sarobe arte eszeniko gunea, herriko zenbait ekitaldi (antzerki, zinema, kontzertu, etab.) eskaintzen diren gunea.

    Eliza XVII. mendean eraiki zen eta herriko gune erlijioso nagusi gisa erabili izan da ordutik. Estilo barroko, eklektikoa du, Aro Modernoan eraikitako eraikin bat delako, herriko udaletxea bezalaxe. Eliza hau da Urnietako arte erlijiosoaren bereizgarria.

    Harlanduz egina, habearte bat du, hiru ataletan banatuta dagoena, eta abside oktogonala eta kaperak alboetan. Estalkiak gurutze-gangak dira, eta bao zorrotz eta okuluz argiztatzen da. Tenpluaren elementurik zaharrena sarrera da, arku zorrotzeko portada gotikoa, hiru arkibolta dituena, dekoraziorik gabea. Eraikinak, horretaz gain, elizpea eta oinaldean dorrea ditu, kupula eta kupulatxoarekin, 1903an eginak. Irudi figuratiboa gargola isurkiek jartzen dute, gizakien eta animalien irudiekin. Eraikinaren bolumenak XVI. mendean eta XVII. mendearen hasieran berrikuntza nabari bat pairatu zuen, sute bat jasan behar izan zuelako. Ostera jazotako beste sute baten ondorioz, zenbait berrikuntza eta konponketa egin eta gaur egun ikusten den bezala geratu zen.[1]

    Barrualdean, erretaulak hartzen du absideak eskaintzen duen lekua. Erretaula hiru pisukoa izateaz gain, teilatupe bat ere badu eta hiru kaletan banatuta dago. Bertan, San Migelen tailu barrokoa aurki daiteke, eta mazoneria 1886 urtekoa da, Lorenzo Mújica donostiarraren lana. Altzari honen albo banatan, estilo bereko erretaulak horma-hobi bakar batekin daude, bata Haurra duen Ama Birjinarentzat da eta bestea San Frantziskorentzat. Elizak XVIII. mendeko zilarrezko krisma-ontziak ere baditu.[1]

    Erreferentziak

    1. «Urnieta - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-20).

    Kanpo estekak

    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.