San Mames
San Mames Euskal Herriko Bilbo hiriko Athletic Club taldearen San Mames (1913-2013) zaharra ordezkatu duen futbol estadio berria da. Herri hizkeran Katedrala ezizenez ezaguna da. Estadio honen eraikuntza eta ustiaketa kudeatzen duen elkartea San Mames Barria, E.M delarik. César Azkarate arkitektoak diseinatu eta IDOM enpresak proiektua kudeatu dute.
- Artikulu hau 2013an inauguratutako Bilboko Athletic Klubaren estadioari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Santi Mami».
San Mames | |
---|---|
Goian: San Mames estadioaren ikuspegia Zorrozaurretik. Behean: San Mamesen barnealdea eta zelaia. Irudi gehiago | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Herria | Bilbo |
Koordenatuak | 43°15′51″N 2°56′58″W |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 2013ko irailaren 16a |
Irekiera | 2014ko abuztuaren 25a |
Inaugurazioa | 2013ko irailaren 16a |
Jabea | Athletic Eusko Jaurlaritza Bizkaiko Foru Aldundia Bilbao Bizkaia Kutxa Bilboko Udala |
Kudeatzailea | Athletic |
Kirola | futbola |
Erabiltzailea | Athletic |
Edukiera | 53.289 |
Arkitektura | |
Arkitektoa | Idom César Azkarate |
Dimentsioak | 68 () × 105 () m |
Kontaktua | |
Helbidea | Rafael Moreno Pitxitxi, s/n, 48013 Bilbo, Bizkaia |
Webgune ofiziala | |
2015eko azaroaren 5ean, San Mames 2015. urteko munduko kirol-eraikin hoberena izendatua izan zen Singapurren ospatutako World Architecture Festival kongresuan.
Kokalekua
Olabeaga auzoan dago, Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola, Hesperia Zubialde hotela, Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoa eta Erruki etxearen alboan.
Historia
Aurreproiektuak
Athletic Club futbol taldeak bere historiako zatirik handienean San Mames (1913-2013) estadioan jokatu izan du, 1913an inauguratu zenetik hainbat eraberritze izan dituelarik. Estadio horren azken eraberritze handiak 1982ko Munduko Futbol Txapelketako egoitzetako bat izan zelako burutu zen. Halere, 1990eko hamarkadan zehar estadio berri bat eraikitzeko ideia gauzatzen hasi zen, zaharra garaiz kanpo gelditzeaz gain, bertako segurtasun neurriak eta sarbideak behar bezain egokiak ez baitziren. Horri, UEFAk askoz ere neurri zorrotzagoak eskatzen zituela gehitu behar zaio, tartean oinezkoen harmailak kentzea eta pertsona ezgaituentzako sargarritasuna.
1990eko hamarkadan Bilboko Udala proiektuen bidez hiria gaurkotzen edo modernizatzen hasi zen, 1995an Bilboko metroa irekiz, 1997an Guggenheim Bilbao Museoa eta 1999an Euskalduna jauregia eraikiz. Garai honetan Bilboko itsasadarraren ertzean dagoen Abandoibarra auzoan lekutuko zen proiektu baten gauzatzeko hausnarketa bati ekin zitzaion. Hau aprobetxatuz, Santiago Calatrava espainiar arkitektoak leku horretan futbol estadio baten eraikitzea proposatu zuen, aurretiko bere diseinu bat gehituz.[1] Baina udalak leku horretan estadiorik eraiki nahi ez zuenez proposamena baztertua izan zen.
Beste proposamenetako bat Norman Foster arkitektoaren eskutik etorri zen. Britainiar arkitekto ospetsu honek estadio berria Bilboko Nazioarteko Erakustazoka zegoen orubean kokatzea proposatu zuen, Fosterren proiektuak bi merkatalgune zituen 55.000 ikusleentzako estadioa eta tribunen azpian legokeen bulego-eraikin batez osatua zegoen. Baina proposamen hau ere arkitektura oztopoei ondorioz ez zen gauzatu.[2][3]
2000ko hamarkada hasieran, orduko taldeko Javier Uria presidentea nazioarteko erakustazokaren orubean estadio berri bat sortzeko aukerari modu serioan heldu zion, hortaz eremu honetan estadioa eraikitzeko azterketei hasiera eman zitzaien. Etorkizuneko ideia urteroko ohiko batzarrean bazkide konpromisarioei aurkeztu zitzaien. Modu honetantxe gerora gauzatuko zen proiektu bati hastapena eman zitzaion.
- San Mames eta Bilboko ikuspegia.
- Kanpoaldeko LED pantailaren Armarria.
- San Mames estadioaren ipar-ekialdeko ikuspegia Bilboko itsasadarraren gain, Zorrozaurretik ikusita.
- San Mames estadioaren hegoaldeko ikuspegia.
Eraikitzea
2004tik aurrera Fernando Lamikiz presidentea buru zuen zuzendaritzak proiektua hasteko kudeaketekin hasi zen, hura eraikitzeko leku gisa aurrez nazioarteko erakustazoka zegoen orubea aukeratu zelarik, jada Barakaldon BEC erakustazoka berria bazegoenez, orubeak bere jatorrizko erabilgarritasuna galdua baitzuen. 2006ko apirilaren 7an Bilboko Udalak Basurtu-San Mames auzoko eremua eraberritzeko plana eraldatzen zuen erakunde akordioa aurkeztu zuen, modu honetan estadio berria eraikitzeko gunea erreserbatzen delarik.[4] Urte hartako azaroaren 28an, Bilboko Udalak San Mames auzoko hiri eraberritzearen plan berezia idaztetik amaitu zuen. Plan honek Athletic Club taldearentzat 50.000 eta 55.000 ikusleentzako estadio baten eraikitzea ahalbideratu zuen, antzinako estadioak zuen 21.500 m2 azaleraren aurrean, berriak 29.634 m2 izango zituelarik. Estadio berria zegoena ordezkatuko zuela adostu zen, eta antzinako erakustazokaren orubea EHUren campus berriarekin elkarbanatuko zuela.[5]
2006ko abenduaren 28an antzinako erakustazokaren erakusketari hasiera eman zitzaion, gerora birziklatzeko asmoz materialaren banaketa zorrotzaren ondorioz, prozesua 2007ko urria arte luzatu zelarik.[6] 2007ko urtarrilaren 19an San Mames Barria elkartea sortu zen, berau Athletic Club, BBK eta Bizkaiko Foru Aldundiak osatzen zutelarik, hots, Bilboko Udalarekin batera estadio berriaren jabeak izango zirenak. Athletic Club eta Bizkaiko Foru Aldundiak lursaila eta estadio berriaren kostuaren zati handi bat jarri zuten, aldiz BBKak kostuaren beste zatia ordaintzeaz gain finantzaketa formulak alabideratu zituen.[7]
2007ko martxoaren 7an estadio berriaren oinarrizko proiektua aurkeztu eta San Mames Barria elkarte mugatuaren sorrera sinadura ekitaldia burutu zen.[8] ACXT-IDOM estudioko César Azkarate euskal herritar arkitektoak estadio berriaren ezaugarriak azaldu zituen: estadioaren kanpoaldeko azala kristalezko ezkatez estalia egongo zen, sare moduko metalezko egitura batez eutsia. Estalki hau Municheko Allianz Arena estadioaren antzeko LED lanpara argiztaketa kode konplexu baten bidez modu iraunkorrez argiztatua legoke, argiztapen hau lau egoera ezberdin lituzkeelarik: egunez gardena (hiriarekin bat eginez), gauez hiriaren erdian legoke faro gisa argiztatua, partidu egunetan kolore zuri-gorriz argiztatua, eta azkenik, Athletic Club taldeak gola sartzen zuen aldiko flash-txinpartak piztuko lituzke. Gainera, estadioak 3 eraztunetan sakabanatutako 56.000 ikusle lituzke, azken laugarren eraztun txiki bategaz, bertan 100 eserlekuz osatutako V.I.P harmaila legoke.[9] Urte hartako martxoaren 23an Athletic Club taldeko bazkide konpromisarioek estadio berriaren eraikitzea onartzeko batzar orokor bereziaren deialdia burutu zuten. Behin bozketa egin ostean, bazkideen %70ak proiektuari baietza eman zion.[10]
2008tik aurrera eta krisiaren ondorioz, proiektua atzeratu eta azkenean estadioaren eraikuntza hainen garestia izan ez zedin osoki aldatua izan zen. Estadioari buruzko berririk jakin gabe hainbat hilabete egon ondoren, 2009ko amaiera aldera proiektu berria aurkeztu zen, bertan jatorrizko zenbait elementu garrantzitsu kendu zirelarik, esate baterako, hirugarren armaila, beirazko ezkatez osatutako kanpoaldea eta beste gauza batzuk gehiago. Honek bazkideen artean ezinegona piztu zuen, batzarrean aurkeztu eta haiek onartutako hasierako proiektuarekiko aldaketa nabarmena izan baitzen. Hala eta guztiz ere, urte hartako Fernando García Macua presidenteak zelaiaren eraikuntza lanen kudeaketekin jarraitu zuen. Berriz ere erakiuntza-lanak zehaztu arte denboraldi luzea igaro zen; Honela, 2010eko maiatzaren 26an lehenengo harriaren ezartze-ekitaldia burutu zen,[11][12] eta ekainaren 25an lehen eraikuntza-lanei ekin zitzaien, lursailaren egokitzeak, lur-mugimenduak, etab... izan zirelarik. Ondoren hilabete batzuetako etenaldia egon zen, 2011ko martxoan eraikuntzaren lehen faseari ekin zitzaiolarik, azkenean 2013ko udan programatua zegoen moduan estadioaren 3/4ak amaituz.
Estadio osoa 2014ko abuztuaren 15ean amaitua egonen dela iragarri zen. Azkenean, Athletic Clubeko jokalariek zelaia osoko eraikita burutu zuten beren lehenbiziko entrenamendua abuztuaren 22an ostiral goizez izan zen eta lehenbiziko entrenamendu irekia, jada lehenbizikoz bazkideak sartu zirenekoa, abuztuaren 25ean astelehen goizez izan zen.
2014ko abuztuaren 27an arratsaldeko 20:45etan Athletic Clubak osoki eraikitako zelaian jokatutako bere lehenbiziko partidua UEFAko Txapeldunen Ligan SSC Napoli talde italiarraren aurka jokatu eta 3-1eko emaitzaz garaitu zuen.
- Estadioaren hegoaldeko harmailaren eraikuntza lanak, 2014ko uztailaren 18a.
- Estadioaren hegoaldeko harmailaren eraikuntza lanak, 2014ko uztailaren 18a.
- Estadioaren hegoaldeko harmailaren eraikuntza lanak, 2014ko uztailaren 18a.
Lehen partida
Athletic Club
2013ko irailaren 16an, astelehena, gaueko 22:00etan, San Mames estadio berrian Athletic Club eta Vigoko Celtaren artean estreineko futbol partidua jokatu zen, 3-2ko emaitzaz euskaldunak nagusitu zirelarik. Estadio honetako lehen gola Celta taldeko Charles Dias brasildar futbolariak sartu zuen, galiziar taldea aurretik jarriz, baina handik minutu eskasera, Mikel San José futbolariak banakakoa ezarri zuen, estadio honetan gola satu zuen Athletic Clubeko lehen jokalaria bilakatuz. Bidarren denboran, Andoni Iraola eta Beñat Etxebarriak gol bana sartu zituzten, azkenik Celtako Santi Minak 3-2ko azken emaitza ezarriz.
- Athletic Club: Iago Herrerín; Andoni Iraola, Mikel San José, Carlos Gurpegi, Aymeric Laporte; Erik Morán, Beñat Etxebarria (Óscar De Marcos, 81. min.), Ander Herrera (Mikel Rico, 69. min.); Susaeta, Aduriz eta Iker Muniain (Ibai Gómez, 73. m.).
- Vigoko Celta: Yoel; Hugo Mallo, David Costas, Fontás, Toni; Oubiña, Alex López (Madinda, 71. min.), Rafinha; Augusto (Santi Mina, 71. min.), Charles eta Nolito (Orellana, 75. min.).
- Golak: 0-1, 14. min.: Charles; 1-1, 18. min.: Mikel San José. 2-1, 61. m.: Andoni Iraola. 3-1, 68. min.: Beñat Etxebarria. 3-2, 79. min.: Santi Mina.
- Epailea: Gil Manzano (Extremadurako Federazioa). Bost txartel hori atera zituen: Athletic Clubeko Iago Herrerín eta Mikel San José futbolariei eta, Vigoko Celtako Nolito, Hugo Mallo eta Rafinha futbolariei.
- Ikusleak: 36.000 bazkideak.
Euskal Herriko selekzioa
2013ko abenduaren 28an, larunbata, gaueko 20:45etan, Euskal Herriko futbol selekzioak estadio honetan bere lehenbiziko partidua jokatu zuen, Perukoaren aurka, eta 6-0 irabazi. Golegile izan ziren Aritz Aduriz (12. eta 40. m.) eta Imanol Agirretxe (48. eta 52. m.), bina golekin, eta Roberto Torres (22. m.) eta Markel Susaeta (80. m.).
- Euskal Herriko futbol selekzioa: Iraizoz (Zubikarai, 53. m.); Iraola (Oier, m. 46.), Ansotegi (Ekiza, m. 46.), Iñigo Martinez (San José, m. 46.), Aurtenetxe (Balenziaga, m. 46.); Iturraspe (Illarramendi, m. 46.), Beñat (Markel, m.53); Xabi Prieto (Susaeta, m. 46.), De Marcos (Tokero, m. 53.), Roberto Torres (Ibai, m. 46.); eta Aduriz (Agirretxe, m.46).
- Peruko futbol selekzioa: Delgado (Penny, m. 46.); Walter Vílchez (Gambetta, m. 57.), Ramos (Merino, m. 46.), Balbín; Cruzado, Oscar Vílchez, Advíncula (Rafael Farfán, m. 83.), Yotun; Bazán (Céspedes, m. 74.), Benavente (Aparicio, m. 86.) eta Chávez.
Euskal Derbia
2014ko maiatzaren 4ean estadio honetan jokatutako lehenbiziko Euskal derbian Athletic Kluba eta Errealak Muniain eta Agirretxeren golekin bana berdindu zuten.
Edukiera
Eserleku mota | Edukiera |
---|---|
Eserleku orokorrak | 49 063 |
Eserleku orokor desmuntagarriak | 1270 |
Mugikortasun mugatuko pertsonak | 260 |
Laguntzaileak | 260 |
V.I.P. eserlekuak | 824 |
Premium eserlekuak | 2130 |
Ohorezko palkoa | 192 |
Kazetariak | 162 |
Denera | 53 289 |
Instalakuntzak
- Barnealdeko ikuspegi panoramikoa.
- Harmaila.
- San Mames estadioaren barnealdearen ikuspegi panoramikoa, Euskal futbol selekzioa eta Kataluniako futbol selekzioaren partiduaren ondorengoan. 2014ko abenduaren 28a.
Zelai berria bertako zaletuen abesti eta ohiuek sortu ohi zuten atzinako estadioaren giroa berezia mantendu eta hobetzeko helburu nagusiaz eraiki zen. Estadioak 53.000 eserleku, VIP 122 palko eta lurrazpiko 301 aparkaleku ditu, UEFAren Estadioetako Azpiegituren Erregulazioak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen ditu, hortaz bertan Txapeldunen Liga, Munduko Futbol Txapelketaren finalak eta beste hainbat nazioarteko ekitaldi ospatu ahal izango dira. Estadioaren kanpoko aldea metalezko egitura batek sostengatutako beirazko ezkatez osatua dago. Jatetxea, klubaren museo handia, txokoa, gimnasioa, palkoa, VIP guneak eta aparkalekua ditu. (Ikus estadio berriaren bideoa)
Kanpoaldetik, itxuraz futbol estadio bat da. Eusko Jaurlaritzaren adostutako akordioa eta dirulaguntzaren baldintzen arabera, sotoetan honako 5434 m² azalerako instalakuntzak ditu. Instalakuntza hauek ez zuten izan proiektu orokorrean inongo eraginik, kostuaren igoera arina besterik ez zuten suposatu eta kanpoaldetik ez dira nabarmentzen.
112 metro luze eta 12 metro zabalerako atletismo modulu estalia: 60 metroko pista laua eta altuera jauzia, jauzi hirukoitza, luzera, pertika jauzi eta pisu jaurtiketarako instalakuntzak. |
Kirol berrikuntza zentroa. |
Kirol medikuntza zentrua. |
Udal kiroldegia: igerilekua, gimnasioa, fitness, SPA,... |
Beste instalakuntzak |
---|
4 aldagela (240m²) |
40 bulego (50m²) |
48 palko V.I.P. |
Klubaren museoa |
Klubaren denda ofiziala |
Jatetxea |
Kafetegia |
Ekitaldietarako aretoa |
Bilera aretoa |
Hitzaldi aretoa |
Finantzaketa
Estadioaren eraikuntzaren finantzaketa San Mames Berria S.L.-k burutu du. Elkartea 5 bazkideek osatzen dute eta bakoitzak ondorengo diru-kopurua eman du:
Bazkidea | Emandako dirua |
---|---|
Athletic Cluba | 50.000.000 € |
Eusko Jaurlaritza | 50.000.000 € |
Bizkaiko Foru Aldundia | 50.000.000 € |
BBK | 50.000.000 € |
Bilboko Udala | 12.000.000 € |
Garraiobideak
Zerbitzua | Geltokia | Distantzia estadiotik |
---|---|---|
Bilboko Metroa | San Mames; eta lineak | 200 m. |
Autobusa | Termibus geltokia | 200 m. |
Bilboko Renfe Aldiriak | San Mames geltokia; eta lineak. | 200 m. |
Tranbia | Sabino Aranako geltokia; linea | 150 m. |
San Mames geltokia; linea | 300 m. | |
Trena (Renfe Operadora) | Abandoko Indalecio Prieto geltokia | 1,8 Km. |
Trena (FEVE) | Basurtu-Ospitalea geltokia | 600 m. |
Trena (EuskoTren) | Atxuriko geltokia | 2,6 Km. |
Bilboko aireportua | Sondika-Loiuko geltokia | 16 Km. |
Taxia | Termibus geltokia | 200 m. |
Erreferentziak
- Calatravaren diseinuaren argazkia. 2010eko uztailaren 26a. Sanmames.org
- Norman Fosterren proiektua. 2010eko ekainaren 26a. sanmames.org
- Norman Fosterren proiektua 2. 2010eko ekainaren 26a. sanmames.org
- Erakunde Akordioaren aurkezpena. 2010ko azaroaren 2a. sanmames.org
- Plan Bereziaren Aurkezpena. 2010eko azaroaren 2a. sanmames.org
- Antzinako Erakustazokaren erakusketa. 2010eko azaroaren 2a. sanmames.org
- San Mames Barria elkartearen aurkezpena. 2010eko azaroaren 2a. sanmames.org
- Sinadura eta prentsaurrekoa. 2010eko azaroaren 2a. Athletic Club
- Oinarrizko proiektuaren aurkezpena. 2010eko azaroaren 2a. sanmames.org
- San Mames Barria: Bozketa. 2010eko azaroaren 2a. Athletic Club
- Datorren udaberrian San Mames berriaren lehen harria jarriko dute. Berria.info. 2009-10-19.
- San Mames Barriaren eraikuntzari 2010an hasiera emango zaio. EITBko bideoa.
Ikus gainera
Kanpo estekak
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Bilbo |
- San Mames estadio berriaren webgune ofiziala. Athletic-Club.eus
- San Mames estadioaren barnealdeko 3D ikuspegia edozein eserlekutik ikusgai. 3ddigitalvenue.com (Ingelesez)
- San Mames estadio berriaren webgune ez ofiziala. Sanmames.org
- San Mames horrelakoa da, San Mames estadio berriari buruzko dokumental-bideoa ikusgai. Youtube.com (Gaztelaniaz)
- San Mames berria airetik. Eitb.com (Gaztelaniaz)