San Mames (1913-2013)
San Mames Bilboko Athleticen futbol zelai zaharra zen. 40.000 pertsonentzako lekua zuen eta 103x68 m neurtzen zuen. 1913ko abuztuaren 21ean zabaldu zuten. 2013an San Mames estadio berriak ordezkatu zuen. Herri hizkeran Katedrala ezizenez ezaguna izan zen.
San Mames (1913-2013) | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Herria | Bilbo |
Koordenatuak | 43°15′51″N 2°56′58″W |
Historia eta erabilera | |
1982ko Munduko Futbol Txapelketa | |
Eraikuntza | 1913 |
Inaugurazioa | 1913ko abuztuaren 21a |
Jabea | Athletic |
Kudeatzailea | Athletic |
Kirola | futbola |
Erabiltzailea | Athletic |
Edukiera | 40.000 |
Suntsipena | 2013ko ekainaren 5a |
Arkitektura | |
Arkitektoa | Manuel María Smith |
Historia
1910ean Bilboko Athletic Klubentzat futbol zelai berria eraikitzeko beharra ikusi zen. Une hartaraino taldeak Jolasetako zelaian jokatzen zuen. Kokagune egokia San Mamesen aurkitu zuten, Bilboko Bide Nagusiaren amaieran. Antzina San Mames Zesareakoa omentzen zuen baseliza txiki bat zegoen tokian eraiki zuten futbol zelaia.
Guztira 50.000 pezeta behar izan ziren San Mames eraikitzeko[1]. Obrak 1913ko urtarrilaren 20ean hasi eta urte bereko abuzturako amaitu zituzten. Futbol zelaia Manuel Maria Smith arkitektoak diseinatu zuen. Manuel Ortuzar abadeak San Mames bedeinkatu ostean lehen partidua ospatu zen, 1913ko abuztuaren 21ean, Iruneko Racing eta Bilboko Athletic Klubaren artean.
Futbolerako ez ezik, kultura ekitaldietarako ere erabili izan zen San Mames. Adibidez, Euskaltzaindiak euskararen aldeko kontzientzia pizteko eta dirua biltzeko antolatu zuen Bai Euskarari kanpaina handiaren amaierako jaialdia San Mames futbol zelaian izan zen, 1978ko ekainaren 17an.[2]
Handitzeak
Inauguratu zenetik hainbat aldiz handitu behar izan zen futbol zelaia. Izan ere, 1913ean 3.500 bat pertsonarentzako tokia baino ez zeukan San Mamesek. Lehen handipena 1925ean egin zen, eta obrak amaitu zirenerako 9.500 pertsona kabitzen ziren San Mames hartan. Horretarako Kaputxinoseko harmaila berria eraiki zen.
1950eko hamarkadaren hasierarako San Mamesek 35.000 pertsonarentzako tokia zeukan jadanik. Hamarkada hartan eraiki zen futbol zelaia identifikatzen zuen arku famatua, zehazki 1952. urtean eraikia. Arkuarekin batera tribuna nagusia ere jarri zuten, eta horrela San Mamesen 47.000 lagunentzako tokia egin zen[3].
1982an Espainian ospaturiko Futboleko Munduko Koparako, markagailu elektroniko berriak instalatu ziren. Bilboko Athletic Kluba Txapeldunen ligarako sailkatzean FIFAk ezarritako arau zorrotzak zirela eta, estadioaren gehienezko edukiera, gaur egun dauden 40.000 jarlekuetara igaro zen, ipar eta behe harmailetan jarlekuak ipiniz. Horrez gain, tribunak eta futbol zelaia banatzen zituen hesiak kendu zituzten.
San Mames Barria
San Mames futbol zelai zaharkitua aspaldi geratu zitzaion txiki Bilboko Athletic Klubari. Batetik zelaiaren edukieraren mugaketak, bazkide gehiago izateak ekarriko lukeen diru-sarrera handiagoak ekiditen zituen. Eta bestetik, futbol-zelaiak ez zituen hainbat segurtasun arau betetzen. Horregatik, zelaia handitu eta birmoldatzeko Norman Foster britainiar arkitektoaren egitasmo bat aurkeztu zen 1990eko hamarkadaren erdialdera. Futbol zelaia berriak ikusle gehiagorentzako tokia izango zuenez, klubak bazkide gehiago egitea sustatu zuen «Sozio izateko apuntatu zaitez» kanpainarekin. Etorkizuneko bazkide izan nahi zutenei, 5.000 pezeta aurrez ordaintzeko eskatu zitzaien.
Ondorengo urteetan klubak Bilboko udalarekin hainbat tirabira izan zituen. Batetik, ez zegoen argi zelai berria non eraiki behar zen. Bilboko hiriak daukan leku falta dela eta, Zorrotzaurre izan zen taldeak pentsaturiko kokaguneetako bat. Baina futbol zelaiak Zorrotzaurreren etorkizuneko birgaitzea baldintzatuko zuelakoan, bertan behera geratu zen taldearen asmoa. Azkenik, kostuak hobesteagatik, eta ondo komunikaturik zegoen toki bat bilatzeagatik, San Mames zelai berria antzinako San Mames zegoen tokiaren ondoan altxatuko zela esan zuten, Bilboko Nazioarteko Erakustazokaren pabilioi izandakoen orubea erabiliz.
Idomen proiektua
2007an futbol zelai berriaren proiektua aurkeztu zen: San Mames Barria. Idomek diseinaturiko futbol zelai berriak 56.000 lagunentzako tokia du. San Mamesek zuen mendebalde-ekialde norabidea aldatuz, ipar-hego norabidea izango zuen zelai berriak. Horrela, tribuna nagusia zegoen tokian, futbol zelaiko hegoaldeko atea bihurtu zen.
Futbol zelaiaren tokia, EHUren campus handitzeak hartu zuen.
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) Moro Aguayo, Joseba. (2013). San Mamés. Memoria e historia de la Katedral.. Autoedizioa, 448 or. ISBN 9788461666782..
- «1978», Gure mendea: ehun urte euskal kulturan, Argia.com webgunea.
- (Gaztelaniaz) «Historia del arco de San Mamés, hito arquitectónico y emblema de Bilbao» Visit San Mames 2017-07-19 (Noiz kontsultatua: 2021-03-21).
Ikus gainera
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Bilbo |