San Joan Bataiatzailearen eliza (Cintruénigo)
San Joan Bataiatzailearen eliza Cintruénigoko tenplu katolikoa da, Gotikoaren eta Pizkundearen arteko estiloak nahasten dituena. Euskal Herriko eliza kolumnario nabarmenen artean dago. XVI. mendeko lehen urteetan hasi baziren ere eraikuntza-lanak, hainbat alditatik igaroz mende beraren bukaera arte luzatu ziren. Erretaula nagusia nafar errenazimenduko lanik aipagarrienetakoa da. Bakearen Amabirjina gurtzen duen irudi bat bada elizaren barruan, herriaren zaindaria; XIV. mendeko egurrezko eskultura da.
San Joan Batailatzailearen eliza | |
---|---|
Cintruénigoko San Joan Batailatzaileren eliza | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Nafarroa Garaia |
Udalerria | Cintruénigo |
Koordenatuak | 42°04′57″N 1°48′27″W |
Izena | Joanes Bataiatzailea |
Arkitektura | |
Ezaugarriak
Aurreko eliza erraustu ondoren, lau tartetako eliza berri bat bururatu zuen Iñigo Zarraga maisuari dagokio lehen diseinua. Lehen etapa hau, lana tasatu zenean, 1520an amaitu zen, eta eraikuntza-lanak 1577ra arte gelditu ziren. Orduan, Pedro Aulesti markinarraren zuzendaritzapean hasi ziren berriro lanak, Martin Urizar eta Pedro Nabaskuesen laguntzarekin eta hauek, gangak eta estalkiak modu egokian bukatzen dituzten tasatzaileen iritziz. Dudarik gabe maisu hauei zor zaie eraikinaren egungo itxura; nahiz eta elizari, XIX. mendean, tarte bat gehiago erantsi eta habearte nagusian zegoen korua kendu zitzaion, presbiterioaren eskuinetara eramanez.
Gaur egungo egoeran baditu altuera bereko hiru habearte, hamar zutabe zilindrikoz markaturiko bost tarte, atikadun harroinak dituztenak, plinto altuak eta kapitel toskanoak. Zutabeek 1’55 metroko diametroa dute. Erdiko habearteak 8’75 metro neurtzen ditu eta alboetakoek 5’95 metro. Habearteak ia 6 metrora iristen dira, eta presbiteriotik gertuenekoak 8 metrokoak dira. Alboetako habearteen burualdeek 3’45 metroko sakonera dute.
Aurreko mendeetako Euskal Herriko ohiko elizekin alderaketak eginez harrigarria gertatzen den espazio hau izar gurutze-gangaz estalirik dago, tarte bakoitzean diseinu ezberdin bat duten nerbio zuzen eta okerdunak txandakatuz. Absidea poligonala du, Esteban Obrayren Errenazimentuko erretaularekin.
Eliza handi honek bi sarbide ditu: bata habearte nagusiaren atzealdean eta bestea epistolako habeartean.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Euskal Herri Enblematikoa entziklopediako Euskal artearen historia II liburutik txertatu zen 2015-08-25 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, liburu hori eta entziklopedia horretako beste zenbait Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.