San Frantzisko komentua (Durango)
San Frantzisko komentua[1] edo Santa Isabel eta San Antonio Paduakoaren komentua Durangon (Bizkaia) dagoen XVI. mendeko eraikina da.[2] Beategi moduan sortu zen eta ondoren, komentu bilakatu zen.[3] Neskentzako barnetegi eta eskola izan zen ere.
San Frantzisko komentua (Durango) | |
---|---|
Kokapena | |
Koordenatuak | 43°09′56″N 2°37′50″W |
Kontaktua | |
Helbidea | Komentukale, 25 |
Historia
Beategia
Santiago edota San Jacobo izena zuen beaten komunitate bat bezala hasi omen zen, eta ondoren, 1439ko azaroaren 29an Eugenio IV.a aita santuak emandako bula batean komunitate horren existentzia berretsi zen.[3] Hasierako izenari dagokionez, Donejakue bideko erromesentzako alberge baten ondoan sortzeagatik jaso zuen.[3]
XVI. mendean komunitateak bere izena aldatu zuen, oraingoan Santa Isabelgo beatak bezala izendatuta, eta Elvira Otaloraren, Juan Martínez de Arrazola merkatari eta prokuradorearen alarguna, emaria jaso zuten.[3] Otaloraren emariari esker, komunitatea kalebarriako etxe handiago batera aldatu eta eliza bat erakitzeko diru nahiko izan zuen. Otalora anderearen eskariz beatek Santa Catalinaren izena hartu zuten, baina izen hori ez zen errotu.[3]
1551ean hamabost beatek osatzen zuten emakumezkoen komunitate hau, María Sáez de Urquiaga (bikaria), María Pérez de Urquiaga, Ochanda de Lariz, María Fernández de Derendain, Mari López de Licona, Marina de Urquieta, Ana de Arrazola, Bernardina de Traña, Teresa de Urquiaga, Elena de Arilza, Agueda de Ibarguen, Francisca de Ercilla, Magdalena de Muncharaz, María Pérez de Muncharaz eta Mari Pérez de Marzana.[3] Kalebarrian zegoen eraikin hau 1554ko sutean erre omen zen eta eraikin berria harresiaren kanpoaldean egin zuten.[4]
1583an Fray Francisco de Arzubiagaren bisita jaso zuten, Trenton agindutakoaren arabera, klausuran bizi zitezen.[3] Beste komunitate batzuk ez bezala, Durangokoak klausura onartu zuten, borrokatu gabe, Otaloraren emariari esker erreformei aurre egiteko nahikoa dirua zutelako, besteak beste.[3] Hala ere, 1599an etxearen atzekaldean zituzten sagarrondo eta ortuak desjabetu zizkieten arte ez zen guztizko klausura eman, eta orduan egin zituzten egoera berrira egokitzeko obrak.[3]
Komentua
Era berean, 1612an Bigarren Arauarekin bat egin zuten, Francisca de Olave eta María de Otalora, Bidaurretako Santa Klara monastegi gipuzkuarreko kideak, sortzaile izan zirela.[3] Horrela isabelinoak ziren emakumeak klaratar bilakatu ziren eta Durangoko San Antonio komentua, Erdi Aroko zazpi komentu bizkaitar eta klaratarretako bat izan zen, Bilbon, Balmasedan, Gernikan, Urduñan, Portugaleten, Gordexolan eta Areatzan egon zirenekin batera.[3]
Independentzia gerraren testuinguruan, komentua Napoleonen aliatu ziren portugalgo tropen kuartel bilakatu zen 1809ko urtarrilaren 19tik 1813ko maiatzaren 17ra arte, non lur erreko estrategiaren ondorioz, alde egin aurretik komentua erre zuten.[4][5]
Barnetegia
XIX. mendean neskentzako eskola-barnetegi bat ireki zuten, 1867tik 1972ra bitartean funtzionatu zuena.[4] Eskola irekitzeko erabakia Mendizabalko desamortizazioarekin harremanduta egon zen.[6] Gerra Zibilean Durangokok pairatutako bonbardaketan ez zuen erasorik jaso eta 1973tik aurrera eskola moduan jarraitu zuen, baina barnetegirik gabe.[4] Santa Ritako eskola zuzentzen zuten Santa Susana komentuko agustindarrekin bat egitean, San Antonio-Santa Rita ikastetxea izatera pasa zen.[7] Ondoren, eskola kooperatiba bihurtu zen, eta mojetako batzuk zuzendaritza-batzordean egon ziren.[7]
2014an Bizkaiko Foru Aldundiak Durangoko klaratarren historia biltzen zuen liburu bat argitaratu zuen, Franciscanas Clarisas de Durango. Klausuratik herrigintzan izenekoa.[8]
Bizkaian mojen 14 komentu baino ez dira geratzen.[9] Durangon zeuden Santa Susanako Agustinak eta Karmeldar Oinutsen komentuak itxi ziren[9] eta egun, klaratarrak dira Durangon jarraitzen duten moja bakarrak, hamabost bat.[10][11][12][13][14] Komentuko mojak gozogintzan aritzen dira eta besteak bete, San Frantziskoren ukabil goxoak eta Santa Clarako ogia prestatzen dituzte.[15][16]
Irudi galeria
Ikus, gainera
Erreferentziak
- «Toponimia de Durango : Fichas» www.durango-euskaraz.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
- (Gaztelaniaz) informatika. (2015-08-10). «Curiosidades sobre los monasterios de las clarisas de la diócesis de Bilbao» Bilboko Elizbarrutia - Diócesis de Bilbao (Noiz kontsultatua: 2024-03-19).
- Intxaustegi Jauregi, Nere Ione. (2017-06-22). Conventualidad femenina en el País Vasco: las Franciscanas de Vizcaya en la Edad Moderna. (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
- «'Chascarrillos' y 150 años de San Antonio» MugaKultura (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
- (Gaztelaniaz) DÍAZ, MANUELA. (2013-06-05). «Gerediaga rememora la destrucción del convento de San Antonio hace 200 años» El Correo (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
- (Gaztelaniaz) GOROSTIZA, JOSEBA. (2017-03-11). «Un siglo y medio de experiencia para mirar al futuro» durangon.com (Noiz kontsultatua: 2024-03-25).
- (Gaztelaniaz) Ruiz, Yolanda. (2017-02-15). «San Antonio-Santa Rita, primer colegio en la comarca, cumple 150 años» El Correo (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
- (Gaztelaniaz) Caballero, Un reportaje de Begoña. (2014-12-14). «Recuerdos de unas monjas volcadas con Durango» Deia (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
- (Gaztelaniaz) Rodríguez, Arantza. (2017-02-19). «En Bizkaia perviven catorce conventos con cerca de 150 monjas de clausura» Deia (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
- (Gaztelaniaz) DÍAZ, MANUELA. (2019-10-09). «Durango pierde órdenes religiosas» El Correo (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
- (Gaztelaniaz) ZABALA, AITOR. (2018-03-22). «Cuenta atrás para el adiós de las Clarisas tras 485 años en Elgoibar» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
- Mugalari. (2014-09-22). «Las últimas monjas de Durango se pasan a la incineración de sus religiosas fallecidas» MugaKultura (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
- (Gaztelaniaz) Gorriti, I.. (2012-01-12). «Una religiosa de dulce simpatía» Deia (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
- (Gaztelaniaz) Gorriti, I.. (2017-11-02). «Decana del monasterio San Francisco de Durango» Deia (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
- (Gaztelaniaz) dalberdi. (2022-08-11). «Las clarisas de Durango volverán a repartir `panecillos de Santa Clara´» Bilboko Elizbarrutia - Diócesis de Bilbao (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
- (Gaztelaniaz) «Puños de San Francisco-San Frantziskoren ukabil goxoak - Blog» www.turismodurango.net (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).