Samantha Smith
Samantha Reed Smith (1972ko ekainaren 29a – 1985eko abuztuaren 25a) Ameriketako Estatu Batuetako neska bat izan zen, bakearen aldeko aktibista eta aktore gisa jardun zuena. Manchesterren, Mainen, jaio zen, eta famatu egin zen Amerikako Estatu Batuen eta Sobietar Batasunaren arteko Gerra Hotza gertatu bitartean. 1982an, Smithek gutun bat idatzi zion hautatu berria zen Juri Andropov Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistako idazkari nagusiari. Erantzun pertsonala jaso zuen, Sobietar Batasuna bisitatzeko gonbidapenarekin batera, eta Smithek egin onartu zuen.
Samantha Smith | |
---|---|
(1983) | |
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Samantha Reed Smith |
Jaiotza | Houlton (Maine), 1972ko ekainaren 29a |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Heriotza | Auburn (Maine), 1985eko abuztuaren 25a (13 urte) |
Heriotza modua | istripuzko heriotza: hegazkin istripua |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | telebista-aktorea, haur-aktorea eta bakearen aldeko aktibista |
samanthasmith.info | |
«Borondate Oneko Enbaxadore» izenpean, Smithek hedabideen arreta handia erakarri zuen bi herrialdeetan; «Amerikako Enbaxadorerik Gazteena» izena ere eman zitzaion. Ondoren, hainbat bakegintza-jardueratan parte hartu zuen Japonian. Sobietar Batasunera egin zuen bidaiari buruz liburu bat idatzi zuen, Journey to the Soviet Union, eta, geroago, aktore-lanetan hasi zen. Aurkezlea izan zen 1984ko AEBetako hauteskunde presidentzialak zirela-eta Disney Channel kateak haurrentzat egindako programa berezi batean, eta Lime Street telesaileko protagonistetako bat izan zen. Bar Harbor airelineako 1808 hegaldiak izandako istripuan hil zen 1985eko abuztuaren 25ean.
Testuinguru historikoa
1982ko azaroan Yuri Andropovek Leonid Brezhnev Sobietar Batasuneko lider gisa ordezkatu zuenean, Mendebaldeko egunkari eta aldizkari nagusiek Andropovi buruzko artikulu eta azaleko argazki asko atera zituzten. Argitaratutako gehiena negatiboa zen, eta aditzera ematen zuten Mendebaldeko egonkortasunerako eraso bat izan zitekeela. Andropov Sobietar Enbaxadorea izan zen Hungarian 1956ko Hungariar Iraultza bitartean, eta KGB Errusiako Estatuko Segurtasun Komiteko lehendakaria izan zen 1967tik 1982ra. Mendebaldean ezaguna egin zen Pragako Udaberria geldiarazteagatik eta disidenteak bortizki zapaltzeagatik, hala nola Andrei Sakharov eta Aleksandr Solzhenitsin. Sobietar lider moduan jarduten hasi zenean, KGBren boterea handitu zuen, eta disidenteak zapaldu zituen. Andropovek honako hau adierazi zuen: «Sobietar Batasunaren oinarriak ahuldu nahi dituen konplot inperialistak aurpegi asko ditu, eta giza eskubideen aldeko borroka konplot horren parte da ». Sobietarrek nahiz amerikarrek orbitan zeuden sateliteetatik lehergailuak jaurti ahal izateko teknologia garatu zutela-eta, tentsioa handitu egin zen nazioartean. Bi gobernuek teknologia hori garatzeko ikerkuntza handia egin zuten eta garapen programak zituzten. Hala ere, bi nazioek gero eta presio handiagoa zuten proiektua bertan behera uzteko. Amerikan, armetan adituak ziren zientzialari estatubatuar batzuen presio-talde batek Ronald Reagan presidentea presiopean jarri zuen, eta, Errusian, gobernuak honako adierazpen hau zabaldu zuen: « espazioko militarizazioa ekiditea da gizarteak duen zereginik larrienetakoa». Garai hartan, protesta antinuklear asko egon ziren Europan eta Ipar Amerikan. Gainera, 1983ko azaroaren 20an, ABC telebista kateak The day after izeneko gerra post nuklearraren dramatizazioa proiektatu zuen, hamarkada hartan gehien espero izan zen ekitaldi mediatikoetako bat..
Horrezkero, bi superpotentziek bertan behera utzia zuten détente egoera (su-etena), eta Reaganek gurutzaldi-misilak eta Pershing II misilak jaurti zituen Europara, Sobietarren SS-20en jaurtiketari erantzuteko.
Sobietar Batasunak hiru urte zeramatzan Afganistango gerran sartuta, eta horrek nazioarteko tentsioa handitu zuen. Giro hartan murgilduta zeudela, 1982ko azaroaren 22an, azalean Andropoven argazkia zuen ale bat argitaratu zuen Time aldizkariak. Smithek alea ikusi zuenean, honako hau galdetu zion bere amari: «Jendeak horrenbesterako beldurra badio, zergatik ez dio inork gutun bat idazten, eta galdetzen gerra nahi duen ala ez?». Amak honela erantzun zion: «Zergatik ez diozu zuk idazten?»
Bizitza
Samantha Smith 1972ko ekainaren 29an jaio zen, Kanada eta Estatu Batuen arteko mugan dagoen hiri txiki batean, Houltonen (Maine). Jane Goshorn eta Arthir Smith izan zituen guraso. Bost urte zituenean, Elizabeth II.a erreginari gutun bat idatzi zion, monarkari zion mirespena adierazteko. 1980ko udaberrian, Smithek lehen hezkuntzako bigarren maila bukatu zuenean, familiarekin Manchesterrera (Maine) joan zen bizitzera, eta Manchester Elementary School-en hasi zen ikasten. Aita Houltoneko Ricker College unibertsitatean aritu zen irakasle, eta, geroago, Augustako Maine unibertsitatean literatura eta idazkerako irakasle izan zen. Ama, berriz, Maineko Giza Zerbitzuen Departamentuko gizarte langilea zen.
1982ko azaroan, 10 urte zituela, Juri Andropov sobietar buruzagiari idatzi zion Smithek, Sobietar Batasunaren eta Estatu Batuen arteko harremana zergatik ote zen hain tirabiratsua ezin ulerturik:
« | Andropov jaun agurgarria:
Nire izena Samantha Smith da. Hamar urte ditut. Zorionak zure lanpostu berriagatik. Errusia eta Estatu Batuak gerra nuklear batean sartuko ote diren beldur naiz. Gerra bat egotearen alde egingo duzu ala ez? Ezetz baldin bada, esan nola lagunduko duzun gerra saihesten, mesedez. Ez diozu orain egingo dizudan galderari zertan erantzun, baina gustatuko litzaidake jakitea zergatik nahi duzun konkistatu mundu guztia, edo gutxienez, gure herrialdea. Jainkoak mundua sortu zuen guk partekatzeko eta zaintzeko. Ez berarengatik borrokatzeko edo pertsona talde bat denaren jabe izateko. Egin dezagun hark nahi zuena eta izan dadila mundu guztia zoriontsu, mesedez. |
» |
—Samantha Smith |
Smithen eskutitza Sobietar Batasuneko Pravda egunkarian argitaratu zuten. Samantha asko poztu zen bere eskutitza argitaratu zutela jakitean; hala ere, ez zuen erantzunik jaso. Orduan, Estatu Batuetako sobietar enbaxadoreari idatzi zion galdetzeko ea Andropov jaunak erantzuteko asmorik zuen. 1983ko apirilaren 26an, Andropoven erantzuna jaso zuen:
« | Samantha agurgarria:
Zure gutuna jaso nuen, eta zure herrialdetik eta mundu guztiko beste herrialde batzuetatik azkenaldian iristen zaizkidan gutun askoren antzekoa da. Zure eskutitzagatik uste dut neska ausarta eta zintzoa zarela, zure herrikide Mark Twainen liburu ezagunean agertzen den eta Tom Sawyeren laguna den Beckyren antzera. Gure herrialdeko neska eta mutiko guztiek ezagutzen eta atsegin dute liburu hori. Idatzi zenuen kezkatua zeundela gure bi herrien artean gerra nuklear bat piztuko ote zen. Eta gerra piztu ez zedin zerbait egiten ari ginen galdetzen zenidan. Arrazoimena duen edozein gizakik egin dezakeen galderarik garrantzitsuenetako bat da zurea. Egia erantzungo dizut. Bai, Samantha, Sobietar Batasunean denetarik egiten saiatzen ari gara Lurrean gerrarik egon ez dadin. Hori da edozein sobietarrek nahi duena. Hori da gure estatuko sortzaile bikainak, Vladimir Leninek, erakutsi ziguna. Sobietarrok ongi dakigu zein izugarria den gerra bat. Duela 40 urte, Alemania nazia mundu guztiaren gaineko nagusitasuna lortzen saiatu zen, eta gure herrialdeari eraso egin zion, milaka herri eta hiri erre eta suntsitu zizkigun, eta milioika gizon, emakume eta haur sobietar hil zituen. Gerra hori guk irabazi genuen, eta Estatu Batuekin aliantza bat egin genuen: inbaditu gintuzten nazietatik jendea askatzeko elkarrekin borrokatzea. Espero dut zure eskolako historiako klaseetan hau ikasi izana. Eta, benetan, gaur egun bakean bizi nahi dugu, eta mundu honetako bizilagun guztiekin salerosi eta elkarlanean aritu, gertukoekin nahiz urrutikoekin. Eta, noski, baita hain herrialde bikaina den Estatu Batuekin ere. Amerikan eta gure herrialdean arma nuklearrak daude, momentu batean milioika pertsona hil ditzaketenak. Baina guk ez dugu nahi arma horiek sekula erabili daitezen. Horixe bera adierazi zuen Sobietar Batasunak mundu osoan zehar, ez zituela arma nuklearrak lehenik erabiliko beste herrialdeen kontra. Oro har, gure proposamena honako hau da: haien ekoizpena etetea eta munduko erreserba guztiak debekatzea. Iruditzen zait hori nahikoa dela zure bigarren galderari erantzuteko: «zergatik abiarazi nahi duzu gerra bat mundu osoaren, edo, gutxienez, Estatu Batuen kontra?» Guk ez dugu horrelakorik nahi. Gure herrialdeko inork (ez langileek, ez nekazariek, ez idazleek, ez medikuek, ez helduek, ez haurrek, ezta gobernuko kideek ere) ez du ez gerra handirik ez txikirik nahi. Bakea nahi dugu; izan ere, baditugu gure zereginak: garia ereitea, eraikinak egitea eta asmakuntza berriak sortzea, liburuak idaztea eta espaziora joatea. Guretzat bakea nahi dugu, bai eta planetako pertsona guztientzat ere. Gure haurrentzat eta zuretzat, Samantha. Etor zaitez gure herrialdera, zure gurasoek baimena ematen badizute. Horretarako garairik onena aurtengo uda da. Gure herrialdeari buruz gauza berriak ikasteaz gain, zure adineko jendea ezagutuko duzu, eta nazioarteko haur pioneroentzako kanpamendu bat bisitatuko duzu, Artek. Ikus ezazu zuk zeuk: Sobietar Batasunean jende guztia dago bakearen eta laguntasunaren alde. Mila esker zure gutunagatik. Onena opa dizut zure bizitza gaztean. |
» |
—J. Andropov |
Zirku mediatikoaren ondorioz, Tedd Koppelek eta Johnny Carsonek, beste batzuen artean, elkarrizketa egin zioten Samantha Smithi. Gertakari horiek gaueko berrietan agertu ziren Amerikako katerik garrantzitsuenetan. 1983ko uztailaren 7an, Samanthak Moskura bidaiatu zuen bere gurasoekin, eta Andropoven gonbidatu izan ziren bi astez. Bisitaldi horretan, Mosku eta Leningrad ezagutzeaz gain, Arteken pasatu zuen denbora. Artek pioneroen kanpamendu nagusia zen, Krimeako penintsulako Gurzuf hirian zegoena. Samanthak bere liburuan idatzi zuen bera eta bere familia Leningraden harrituta geratu zirela jendearen harrerarekin eta pertsona ugarik eman zizkieten opariekin. Moskun egindako prentsaurreko batean, adierazi zuen errusiarrak «gu bezalakoak» zirela. Arteken, Samanthak erabaki zuen sobietar haurrekin egon nahi zuela, eta ez zituen onartu eskaini zizkioten pribilegio guztiak. Komunikazioa errazteko, ingelesez ondo aritzen ziren irakasleak eta haurrak bidaltzen zizkioten bizileku zuen eraikinera. Samanthak logela partekatzen zuen beste bederatzi neskarekin, eta igeri egiten, hizketan eta errusiar abestiak ikasten pasatzen zuen denbora. Egonaldian lagun asko egin zituen, haien artean, Leningradeko Natasha Kashirina, zeina ingelesez ondo aritzen baitzen.
Hala ere, Andropovek ez zuen aukerarik izan Samantharekin elkartzeko, baina telefonoz hitz egin zuten. Beranduago jakingo zen Andropov larriki gaixotu zela, eta, horregatik, ez zela jendaurrean agertu tarte horretan. Nolanahi den, Samanthak Valentina Tereshkova kosmonautaren telefono deia jaso zuen. Tereshkova munduan zehar orbitatu zuen lehenengo emakumea izan zen. Baina norekin ari zen ez zekienez, elkarrizketa labur baten ostean, Samanthak telefonoa eskegi zuen. Komunikabideek etengabe jarraitzen zioten: bidaian zehar eta horren ostean, sobietar egunkari eta aldizkari garrantzitsuenek Samanthari buruzko argazkiak eta artikuluak argitaratu zituzten. Hala, ezagun bihurtu zen sobietar hiritarren artean, eta horietako askok iritzi ona zuten neskatoari buruz. Hala ere, Estatu Batuetan istorio guztiak susmoak piztu zituen, eta askok uste zuten «amerikar erara egindako fartsa bat zela, harreman publikoak hobetzea helburu » zela.
1983ko uztailaren 22an, Smith AEBetara itzuli zen, eta Maineko biztanleek ospatu egin zuten, arrosak, alfonbra gorria eta limusina eta guzti.; izan ere, neskatoa gero eta famatuagoa zen Amerikako Estatu Batuetan. Hala ere, kritikari asko mesfidati ziren, Smith, maleziagabe, propaganda sobietarraren tresna bihurtu zela pentsatzen baitzuten. 1983ko abenduan, «Estatu Batuetako Enbaxadorerik Gazteenaren» eginkizunei segida eman, eta Japoniara gonbidatu zuten, non Yasuhiro Nakasone lehen ministroa ezagutu eta Koben antolatutako Haurren Nazioarteko Sinposiora bertaratu baitzen. Sinposioan eman zuen hitzaldian proposatu zuenez, AEBetako eta Sobietar Batasuneko buruzagiek urtero trukatu beharko lituzkete, bi astez, beren bilobak, lehendakariek ez luketelako bidaliko lehergailurik beren bilobak bisitan dauden herrialdeetara. Samantha Smithen bidaiak beste hainbat haurren Borondate Oneko Enbaxadore bidaiak bultzatu zituen, hala nola hamaika urteko Katya Lycheva sobietarrak AEBetara egin zuena. Geroago, Smithek Journey to the Soviet Union (Bidaia Sobietar Batasunera) liburua idatzi zuen, zeinaren azalean idazlea bera agertzen baitzen Artek pioneroen kanpaldian, alegia, bidaiako bere parterik gogokoena izan zen tokian. Hedabideetan ospetsu bihurtuta, 1984an «Berriemaile Berezi» aritu zen Disney Channelen saio batean, Samantha Smith Goes To Washington...Campaign '84 (Samantha Smith Washingtonera doa… ‘84ko kanpaina) izenekoan, alegia. Politikari buruzko saio bat zen, eta Smithek 1984ko lehendakaritza-hauteskundeetako zenbait hautagai elkarrizketatu zituen, haien artean, George McGovern eta Jesse Jackson. Urte hartan bertan, Charles in Charge telesailean artista gonbidatu gisa agertu zen Kim izeneko pertsonaia antzezten, Julianne McNamara artista gonbidatuarekin batera. Hain ospetsu bihurtu zen Smith, ezen Robert John Bardo jazarlearengandik babestu behar izan baitzuten. Izan ere, Bardo Mainera joan zen Smithekin elkartu nahian, baina poliziak gelditu eta etxera eraman zuen bueltan. Jazarle horrek, gerora, My Sister Sam telesaileko antzezle Rebecca Schaeffer jazarri eta erail zuen. Urte bat geroago, Smith, Robert Wagnerrekin batera, Lime Street telesaileko protagonista izan zen.
Heriotza
1985eko abuztuaren 25ean, Lime Street telesaileko zati bat grabatu eta gero, Smith eta bere aita etxera bidean ziren Bar Harbor airelineako 1808 hegaldian. Auburneko (Maine) Lewiston-Auburn aireportuan lehorreratzen ari zirela, Beechcraft 99 hegazkinak zuhaitz batzuen kontra jo zuen (lurreratze-pistatik 1.221 metrora) eta istripua izan zuen; ondorioz, sei bidaiariak eta tripulazioko bi langileak hil egin ziren. Istripuaren jatorriak hautsak harrotu zituen. Sobietar Batasunean zurrumurrua zabaldu zen, ez zela benetako istripua izan, eta ikerketa bati ekin zitzaion AEBetan, baina argitaratutako txosten ofiziala istripuaren bertsioarekin bat etorri zen. Txostenaren arabera, istripua EDT ekialdeko ordu-eremuko 22:05ean gertatu zen, eta talkaren gunea aireportutik 1,6 kilometrora izan zen, hego-mendebaldeko norabidean, zehazki, 44°02′22″N 70°17′30″W koordenatuetan. Gainera, txostenak zioen hegazkinaren norabideak zeraman jauzi nabarmena zela-eta, jarrera (zerumugarekiko hegazkinak duen orientazioa, norabidea, etab.) eta abiadurara zela-eta, ezinezkoa zela istriputik bidaiderik bizirik irtetea. Txostenaren ideia nagusiaren arabera, gaua euritsua zen, hegazkina pilotatzen ari ziren pilotuak ez zeuden oso trebatuta eta, gainera, lurreko radar batek ohikoa den eta normalean arriskutsua ez den akats bat izan zuen. Augustan (Maine) egin zen hiletan, 1.000 pertsona inguruk egin zuen Samantha Smithen heriotzaren dolua; Moskun, berriz, bakearen alde borrokatzen duten irabazleen moduan goraipatu zuten. Hiletan, Robert Wagner antzezle estatubatuarra eta Washingtongo sobietar enbaxadakoa zen Vladimir Kulagin egon ziren, besteak beste. Azken horrek Mikhail Gorbacheven mezu bat irakurri zuen, doluminak eskaintzeko. Samantha Smith ezagutu zuen Sobietar Batasuneko edonork betirako gogoratuko du neskatxa estatubatuarra, zeinak, sobietar gazteen moduan, SESB eta AEBen arteko bakearekin eta adiskidetasunarekin amesten baitzuen. Ronald Reagan lehendakari estatubatuarrak doluminak eman zizkion Smithen amari gutun bidez: Beharbada, bihotza arinduko dizu jakiteak milioika estatubatuarrek –milioika pertsonak– partekatzen duela zure atsekabea. Haiek ere gogoan izango dute Samantha, bere irribarrea, bere idealismoa eta bere espirituaren gozotasun tolesgabea.
Samantha Smithen eta bere aitaren gorpuzkiak erraustu eta Eastbrook hilerrian lurperatu zituzten, Aroostook Countyn (Maine).
Ondarea
Smithen ekarpenak hainbat omenaldirekin izan dira ohoratuak, bai Errusian, baita bere jatorrizko estatuan, Mainen. Moskun estatua bat eraiki zuten haren omenez. Artek pioneroen kanpaldian, bide bati Samantha Smith izena eman zioten 1986an. Ordea, 1991ean Sobietar Batasunaren desegitearekin batera, metal-lapurrek Samantharen omenez eraikitako monumentua lapurtu zuten 2003an. Urte berean, Valenti Vaulinek, Voronezh hiriko erretiratu batek, monumentu bat eraiki zion gobernuaren laguntzarik gabe. Sobietar Batasunak Samantharen aurpegia zuten zigiluak inprimatu zituen. 1986an, Lyudmila Chernykh astronomo sobietarrak 3147 asteroidea aurkitu eta 3147 Samantha izena jarri zion. 1985ean, Per Nørgård izeneko konpositore daniarrak «Remembering Child» izeneko biola kontzertua idatzi zuen, Smithen omenez. Samantha izena jarri diete Siberian aurkitutako diamante bati, Sobietar Batasun ohiko mendi bati, tulipa eta dalia kultibo bati eta itsasontzi bati. Mainen, ekaineko lehenengo astelehena, estatuko legez, Samantha Smith eguna da. Augustako Maine Estatuko Museotik hurbil brontzezko eskultura bat dago, zeinak Samantha Smith uso bat askatzen irudikatzen baituen, hartz-kume bat oinetan duela. Hartz-kumeak Errusia eta Maine irudikatzen ditu. Sammamishen (Washington) eta Jamaikan (New York) dauden bi lehen hezkuntzako eskolak Samantha Smith izena hartu dute. 1985eko urrian, Smithen amak Samantha Smith fundazioa sortu zuen, ikasle-trukeak egiteko Amerikako Estatu Batuen eta Sobietar Batasunaren artean (eta, 1991ko abendua eta gero, Sobietar Batasunaren ondorengo estatuekin), baina jarduerarik gabe gelditu zen 1990eko hamarkadaren erdialdera . Fundazioa, formalki, 2014an disolbatu zen, hogei urtez jarduerarik gabe egon eta gero.
Estatu Batuetako Urrezko Neskak (The Golden Girls) izeneko komedian agertzen den «Letter to Gorbachev» izeneko kapituluak Smithen bizitza du oinarri. Gainera, 1987ko Superman IV: The Quest for Peace filman agertzen den eszena batean, mutil batek Supermani gutun bat idazten dio armamentu nuklearraren norgehiagoka gelditzeko eskatuz. Christopher Reeve-ren arabera, eszena hori ere Smithen bizitzak iradoki zuen. 1980ko hamarkadaren erdialdera, Samantha Smithen heriotza eta gero, The Samantha Smith Story izeneko telefilmerako gidoia idatzi zuten eta Robert Wagner aritu zen errealizadore lanetan. Columbia Pictures Televisionek eta R.J. Wagner Productionsek elkarrekin zuzenduko omen zuten filma NBC katerako, eta, gainera, Sovin Film izeneko konpainiak haiekin batera koproduzitzeko interesa zuen. Azkenean, Columbia Pictures Televisionek ez filmatzeko erabakia hartu zuen, ez zegoelako filmean interesa zuen telebista-katerik.
Samanthak heldua izaterakoan zer egingo zuen irudikatzen hasi zen jendea, baina Janek, haren amak, baliogabetu egin zituen hipotesi haiek guztiak 2003an, esan baitzuen ezin erantzun zitekeen galdera zela hura. Izan ere, Samanthak soilik 13 urte zituen hil zenean, eta haren nahiak askotarikoak izan ziren, hala nola animaliekin lan egiten zuen albaitari edo tutu eta pantiak janzten zituen ballet-dantzari izan nahi zuen. 2008an, Smithek Bake Abadiaren Kontzientziaren Baliorako hilondoko saria jaso zuen, «[AEBetako eta SESBeko] jendearen elkar-ulertzea laguntzeagatik, eta, ondorioz, gerra nuklear batean sartzeko prest zeuden superpotentzien arteko tirabira gutxitzeagatik». Era berean, Bake Abadiak Samantha Smithen Omenezko Bake Literatura Proiektua proposatu zuen «ikasleak bakearen inguruan hezteko eta eskola-adina duten haurrengan bakeren inguruko literatura sustatzeko, Estatu Batuetan hautatutako 50 ikastetxe pilotuetan». 2013an argitaratu zen Elliott Hoten You Are One of Them eleberriak Samantha Smithen bizitza hartzen du inspirazio gisa fikziozko pertsonaia batentzat. 2015ean, hegazkin istripuaren 30. urteurrenean, Maineko Estatuko Museoak Samantharekin lotutako materialen erakusketa berri bat ireki zuen. Arteken egon zeneko argazkiak, eman zioten arropa errusiarra eta Samantha azalean zuen Soviet Life aldizkariaren ale bat jarri zituzten ikusgai.