Salustiano Olotzaga
Salustiano Olotzaga Almandoz (Oion, Araba, 1805eko ekainaren 8a - Paris, Frantzia, 1873ko irailaren 26a) militarra, gaztelaniazko idazlea, abokatua eta politikaria zen.
Bizitza
Filosofia ikasi zuen Zaragozan eta Madrilen, eta Zuzenbidea Madrilen. Liberal sutsua, Cadizko Gorteen alde egin zuen. Fernando VII.a Espainiakoa itzuli zenean, Donibane Lohizunera ihes egin behar izan zuen.
Fernando VII.a hil zenean itzuli eta Merkataritzako Arautegia berrikusteko batzordeko kide izendatu zuen alderdi liberalak. Mendizabalek Madrilgo Gobernadore Zibil izendatu zuen Olotzaga. Gero diputatu hautatu zuten, eta kargu hori izan zuen 1836tik 1873ra, hainbat etenaldirekin. 1837ko Espainiako Konstituzioa idazten lagundu zuen, eta Isabel II.a adingabearen tutore bihurtu zen.
Baldomero Esparteroren alde egin zuen, eta 1840an Parisa joan zen enbaxadore. Espartero erori eta Elisabet II.ak tronua lortu eta gero, Ministro Kontseiluko presidente izendatu zuten, koalizio aurrerazale-moderatuaren eskutik. Gobernu aurrerazale bat eratu zuen bere zuzendaritzapean, baina Parlamentuan eztabaida gogorrak gertatu ziren eta Elisabet II.a erregina gaztearen laguntzaz (14 urte besterik ez zituen erreginak) indargabetu zuen legebiltzarra. Moderatuek erreginaren gaztetasunaz baliatu zela leporatu zioten Olotzagari, eta kargua utzi behar izan zuen lehenik, eta Europara erbesteratu behar izan zuen ondoren.
Frantzian eman zituen zenbait urte, 1847an itzuli arte. Urte hartan diputatu hautatu zuten, eta hurrengo urtean aurrerazaleen buru zen Parlamentuan. Berriro enbaxadore izan zen Parisen. Unión Liberaleko batasunaren aurkako agertu zen, eta 1868an Madrila itzuli zenean uko egin zion behin-behineko gobernuan parte hartzeari eta Parisko enbaxadore izendatu zuten hirugarren aldiz. Han hil zen, Errepublika aldarrikatu eta handik gutxira. Hizlari bikaina izateaz gainera, Real Academia Española, Real Academia de la Historia eta Real Academia de las Ciencias Morales y Políticas akademietako kide izan zen.
Bibliografia
- Aurelio Matilla, Olózaga. (El precoz demagogo), Compañía Ibero Americana de Publicaciones, S.A, Madril, 1933.
Erreferentziak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Salustiano Olotzaga |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.