Salomon Uharteak
Salomon Uharteak[1] (ingelesez: Solomon Islands) Ozeaniako uharte-estatu burujabea da, Melanesiako 990 uhartez baino gehiagoz osatua, Papua Ginea Berriaren ekialdean eta Vanuaturen ipar-mendebaldean dagoena. Salomon uhartediko uharte guztiak hartzen ditu, Bougainville eta Buka izan ezik. 28.400 kilometro koadroko eremua dauka, eta 599.419 biztanle zituen 2016an.[2]
Salomon Uharteak | |||
---|---|---|---|
Solomon Islands | |||
Ereserkia: God Save Our Solomon Islands (en) | |||
Goiburua: To Lead is to Serve ("Gidatzea zerbitzatzea da") | |||
| |||
Geografia | |||
Hiriburua | Honiara 9°26′0″S 159°57′0″E | ||
Azalera | 28.400 km² (139.) | ||
Punturik altuena | Popomanaseu (2.335 m) | ||
Punturik sakonena | Ozeano Barea (0 m) | ||
Kontinentea | Ozeania | ||
Mugakideak | Fiji, Papua Ginea Berria, Vanuatu, Australia eta Frantzia | ||
Administrazioa | |||
Salomon uharteetako monarka | Charles III.a Erresuma Batukoa | ||
Prime Minister of the Solomon Islands (en) | Manasseh Sogavare (en) | ||
Legebiltzarra | National Parliament of Solomon Islands (en) | ||
Harreman diplomatikoak | Ikusi mapa Wikidatan | ||
Zeren kide | ikusi
| ||
Demografia | |||
Biztanleria | 611.343 (2017) (162.) 50.112 (2013) | ||
Dentsitatea | 21,53 bizt/km² (200.) | ||
Hizkuntza ofizialak | ikusi
| ||
Erabilitako hizkuntzak | ikusi
| ||
Ezkontzeko adina | genero guztiak: 18 | ||
Emankortasun-tasa | 3,966 (2014) | ||
Eskolaratu gabeko umeak | 48.080 (2007) | ||
Bizi-itxaropena | 70,726 (2016) | ||
Giniren koefizientea | 37,1 (2012) | ||
Giza garapen indizea | 0,564 (2021) | ||
Ekonomia | |||
BPG nominala | 1.303.453.616,1197 $ (2017) 70.754.475,7481 (2016) | ||
BPG per capita | 2.132 $ (2017) 76 (2016) | ||
BPG erosketa botere paritarioa | 1.483.682.119 nazioarteko dolar (2017) 73.347.902 (2016) | ||
BPG per capita EAPn | 2.426,923 nazioarteko dolar (2017) 74,088 (2016) | ||
BPGaren hazkuntza erreala | 3,2 % (2016) | ||
Erreserbak | 574.230.569 $ (2017) 60.269.618 (2016) | ||
Inflazioa | −3 % (2016) −3 (2015) | ||
Historia | |||
Sorrera data: 1978 | |||
Bestelako informazioa | |||
Aurrezenbakia | +677 | ||
ISO 3166-1 alpha-2 | SB | ||
ISO 3166-1 alpha-3 | SLB | ||
Ordu eremua | ikusi
| ||
Elektrizitatea | 220 V. 50 Hz.AS/NZS 3112 (en) eta BS 1363 (en) | ||
Internet domeinua | .sb | ||
solomons.gov.sb |
Geografia
Kokapena
Melanesian dago. Iparraldean Papua Ginea Berria eta Nauru ditu; ekialdean, Tuvalu; hego-ekialdean, Fiji; hegoaldean, Vanuatu; hego-mendebaldean, Australia; eta mendebaldean, Papua Ginea Berria.
Erliebea eta hidrografia
Salomon Uharteak ipar-mendebaldetik hego-ekialderako norabidean aurrez aurre jarritako bi uharte-ilara edo kate dira: Vella Lavella, Kolombangara, Georgia Berria eta Guadalcanal hegoaldean, eta Choiseul, Santa Isabel eta Malaita iparraldean. Bi ilarek bat egiten dute hego-ekialdean, San Cristobal uhartean. Uharte nagusi horiez gainera, beste uharte txiki eta atoloi asko daude.
Sumendi jatorriko uharte menditsuak dira gehienak. Mendi garaiena Guadalcanal uharteko Popomanaseu da: 2.330 metro. Sumendiak ere daude, horietako batzuk aktiboak. Batzuetan lurrikarak izaten dira. Uharte handienetan ur emari lasterreko ibai txikiak daude.
Klima eta landaredia
Salomon Uharteek klima bero hezea dute, urtean zehar ia gorabeherarik ez duena: 27 °C eta 3.000 mm euri. Haize-erauntsiak izaten dira. Klima mota hori dela-eta, basoak lurraldearen %90 hartzen du. Ustiatutako basoak hazkunde bizkorreko zuhaitzez landatzen dira.
Historia
Garai koloniala
1568an iritsi zen lehen europarra, Alvaro Mendaña de Neira, Espainiako erregeren zerbitzura ari zen esploratzailea. Erreketan urrea aurkitu zuelarik, izen bibliko bat ezarri zien huharteei: urre meategiak zituen Salomonen irlak.[3] Espainiarrak ez ziren uharteetan finkatu; laster galdu zuten uharteekiko interesa, uste zituzten aberastasunak aurkitu ez zituztelarik. Geroago, herbehereetar, frantses eta britainiar esploratzaileak joan ziren. Lehenik misiolari katolikoak joan ziren eta, geroago, misiolari anglikanoak. 1870 ingurutik XX. mendearen hasiera arte, blackbirder-ek uharteko jatorriko biztanleak lanera behartu zituzten Fiji eta beste uharte batzuetako lursailetan. 1886an, alemaniarrek eta britainiarrek hitzarmen bat izenpetu zuten, eta iparraldeko uharteak Alemaniaren babespean geratu ziren eta hegoaldeko uharteak Britainia Handiarenean.
1899an, Alemaniak Britainia Handiaren babesean utzi zituen iparraldeko uharteak, Bougainville eta Buka izan ezik, hari Mendebaldeko Samoa uharteak utzi izanaren ordainez. Lehen Mundu Gerran, Australiako gudarosteek gainerako uharteak hartu zituzten. 1942an, Bigarren Mundu Gerran, japoniarrek hartu zituzten Salomon uharteak, eta Ozeano Bareko gudu latzenetako batzuk, Guadalcanalgo gudua esate baterako, izan ziren inguruko uharte eta itsasoetan. Protektoratuko hiriburua, Tulagi, suntsitua geratu zen. Gerra amaitu ondoren, hiriburu berri bat eraiki zen Guadalcanal uhartearen iparraldean: Honaira. Handik aurrera, pixkanaka, uharteei gero eta autonomia zabalagoa eman zitzaien, eta 1978an burujabetza osoa erdietsi zuten.
Salomon Uharteak independenteak
Burujabetasuna lortu zuenez gero, lehen ministroen aldaketa etengabea izan da Salomoneko ezaugarri nagusietako bat; izan ere, hiru urte inguru iraun izan dute beren karguan, eta politikako harremanak gorabehera pertsonaletan oinarrituak dira, alderdi politikoen arteko gorabeheretan baino areago. 1981ean, Peter Kenilorea lehen ministroaren kontrako zentsura mozioa sartu ondoren, Salomon Mamaloni izendatu zuten gobernuburu. Mamalonik arma nuklearrak garraiatzen zituzten edo energia nuklearrez zebiltzan itsasontzi edo hegazkinak herrialdean sartzeko debekua ezarri zuen. 1986-1989 bitartean Ezekiel Alebua egon zen agintean, baina 1989an berriro ere Mamalonik hartu zuen kargua. Bigarren agintaldian, Estatu Batuetako konpainia batek hondakin nuklearretarako biltegi gisa Salomoneko eremua erabiltzeari ezetza eman zion. 1994an, Francis Billy Hilly izendatu zuten lehen ministro, baina urrian legebiltzarrak kargutik eraitsi zuen, eta Mamalonik hartu zuen berriz kargua. 1997an, Bartholomew Ulufa'alu aukeratu zuten lehen ministro; ekonomia eta finantzen alorra eraberritzeko eta arrazionalizatzeko neurriak hartu zituen, eta helburu horiek izan ziren bere politikaren ardatzak. Nazioarteko politikari dagokionez, 1992an, istiluak izan ziren Salomonen eta Papua Ginea Berriaren artean, Bougainvillek Papua Ginea Berriarengandiko burujabetasuna aldarrikatu zuela-eta. Bestalde, garrantzi handiko zeregina bete zuten Salomon Uharteek Ozeano Barearen hegoaldeko politikan eta, azkenik, babesa eman zioten Kaledonia Berriaren burujabetasunaren aldeko mugimenduari.
Etnien arteko gatazka (1998–2003)
1980ko hamarkadan, Guadalcanalera lekualdatu ziren beste uharteetako jende asko, jaiotze tasa sendoa eta aldi berean ekonomia oso atzeratua dituen Malaitako biztanleak batik bat. Baina 1990eko hamarkadan mundu osoan lehengaien prezioek behera egin zutenean, liskarrak sortu ziren. Guadalcanalgo biztanleek kanpora bidali nahi izan zituzten gainerako herritarrak, batzuk hil eta askoren ondasunak kixkaliz. Ondorengo istiluetan bi milizia gorpuztu ziren: Isatabu Freedom Movement, Guadalcanal uharteko jatorrizko herritarren haserrea biltzen zuena, eta Malaita Eagles Force, besteek hildako herritarren mendekua eta bortxaz etxea eta ondasunak utzi behar izan zituzten 20.000 herritarren itzultzeko eskubidearen alde ari zena.[3]
2000an, Malaita Eagles Force-ko kideek lehen ministroa bahitu aurrena eta agintetik bota zuten gero. 2000ko urrian sinatu zuten bi miliziek eta Honiarako gobernu zentralak bake akordioa, baina hori paperetik egia izatera iristerik ez zen lortu.[3] 2003an, zikloi batek uharteak erraustu zituen. Urte berean, gobernatzaile jeneralak laguntza deia egin zion nazioarteko komunitateari estatuaren agintea berrezartzeko. 2.200 polizia eta militar iritsi ziren gehienbat Australia eta Zeelanda Berritik, baita Ozeano Bareko 20 nazio desberdinetatik. Helpem Fren izenez ezagutzen da operazio hau. 2007an, tsunami batek 20 hildako, ehunka zauritu eta kalte handiak eragin zituen.
Gobernua eta administrazioa
Politika
Salomon uharteek monarkia konstituzionala osatzen dute, Commonwealth erakundearen barruan. Estatuburua, beraz, Britainia Handiko errege edo erregina da, eta gobernadore batek betetzen ditu haren ordezkoak. Aginpide betearazlea lehen ministroaren esku dago, eta lau urtez behin aukeratzen da kargu hori, legegintza ahalmenak dituen legebiltzarreko 38 kideren botoen bidez.
Banaketa administratiboa
Administrazioari dagokionez, herrialdea bederatzi probintziaz eta hiri nagusi batez osatua dago. Hona hemen egungo probintziak:
Zbk. | Probintzia | Hiriburua | Azalera (km²) | Biztanleria 1999ko errolda | Biztanleriaren dentsitatea (2009) | Biztanleria 2009ko errolda |
---|---|---|---|---|---|---|
1 | Erdialdeko probintzia | Tulagi | 615 | 21.577 | 42,4 | 26.051 |
2 | Choiseulgo probintzia | Taro Island | 3.837 | 20.008 | 6,9 | 26.371 |
3 | Guadalcanalgo probintzia1 | Honiara | 5.336 | 60.275 | 17,5 | 93.613 |
4 | Isabelgo probintzia | Buala | 4.136 | 20.421 | 6,3 | 26.158 |
5 | Makira-Ulawako probintzia | Kirakira | 3.188 | 31.006 | 12,7 | 40.419 |
6 | Malaitako probintzia | Auki | 4.225 | 122.620 | 32,6 | 137.596 |
7 | Rennell eta Bellonako probintzia | Tigoa | 671 | 2.377 | 4,5 | 3.041 |
8 | Temotuko probintzia | Lata | 895 | 18.912 | 23,9 | 21.362 |
9 | Mendebaldeko probintzia | Gizo | 5.475 | 62.739 | 14,0 | 76.649 |
- | Hiriburu-lurraldea | Honiara | 22 | 49.107 | 2.936,8 | 64.609 |
Salomon Uharteak | Honiara | 28.400 | 409.042 | 14,7 | 515.870 |
Oharra: 1 Honiara Hiriburuaren lurraldea izan ezik.
Demografia
Biztanleria
2016an 599.419 biztanle zituen.[2] Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %34,6 dira, 15-24 urte bitartekoak %20, 25-54 urte bitartekoak %36,5, 55-64 urte bitartekoak %4,6 eta 65 urtetik gorakoak %4,3. Bizi itxaropena 75,6 urtekoa da; 72,9 urtekoa gizonezkoena eta 78,3 urtekoa emakumezkoena (2017ko zenbatespenak). 3,16 haur emakumeko da ugalkortasun-tasa osoa.[4]
Banaketa etnikoa
Uharteetako biztanle gehienak, %95,[4] melanesiarrak dira. Polinesiarrak gutxiengoa dira, %3, eta uharte nagusietatik urrun dauden atoloietan bizi dira.
Hizkuntzak
Hizkuntza ofiziala ingelesa da, baina biztanleen %1-2k bakarrik erabiltzen du; biztanle gehienek ingelesa oinarri duen pidgina erabiltzen dute, eta beste 80 melanesiar hizkuntza eta dialekto baino gehiago ere mintzatzen dira.[3]
Hizkuntzak | Hiztunak | Eskualdea |
---|---|---|
Pijin | 24.390 (1. hizk.)307.000 (2. hizk) | |
'Are'are | 17.800 | Malaita |
Arosi | 6.750 | Makira |
Baeggu | 5.900 | Malaita |
Baelelea | 8.800 | Malaita |
Bauro | 3.420 | Makira |
Birao | 5.900 | Guadalcanal |
Bughotu | 4.048 | Santa Isabel |
Dori'o | 2.406 | Malaita |
Fagani | 902 | Makira |
Fataleka | 6.703 | Malaita |
Gela | 11.876 | Nggela uharteak |
Ghari | 12.119 | Guadalcanal |
Gula'alaa | 1.568 | Malaita |
Kahua | 5.170 | Makira |
Kwaio | 13.249 | Malaita |
Kwara'ae | 32.433 | Malaita |
Lau | 16.937 | Malaita |
Lengo | 13.752 | Guadalcanal |
Longgu | 1.894 | Guadalcanal |
Oroha | 38 | Malaita |
Owa | 3.069 | Makira |
Sa'a | 11.519 | Malaita |
Talise | 12.525 | Guadalcanal |
Toqabaqita | 12.572 | Malaita |
Wala | 6.978 | Malaita |
Malango | 4.135 | Guadalcanal |
Kiribatiera | 1.230 | Gizo, Choiseul |
Tanema | 1 | Vanikoro |
Asubuo | 10 | Utupua |
Amba | 593 | Utupua |
Äiwoo | 8.400 | Reef uharteak |
Lovono | 4 | Vanikoro |
Nanggu | 210 | Nendö |
Natügu | 4.280 | Nendö |
Nalögo | 1.620 | Nendö |
Tanibili | 15 | Utupua |
Teanu | 800 | Vanikoro |
Rennellera | 3.191 | Rennell eta Bellona probintzia |
Luangiua | 2.367 | Ontong Java |
Sikaiana | 731 | Sikaiana |
Tikopia | 3.324 | Tikopia, Vanikoro |
Vaeakau-Taumako | 1.142 | Duff uharteak, Reef uharteak |
Anuta | 267 | Anuta uhartea |
Lungga | 2.767 | Ranongga |
Marovo | 8.094 | New Georgia |
Mono | 3.337 | Shortland uharteak, Treasury uh. |
Ririo | 79 | Choiseul |
Roviana | 9.871 | New Georgia |
Babatana | 5.600 | Choiseul |
Blablanga | 1.772 | Santa Isabel |
Cheke Holo | 10.840 | Santa Isabel |
Dororo | 0 | New Georgia |
Duke | 2.312 | Kolombangara |
Ghanongga | 2.508 | Ranongga |
Guliguli | 0 | New Georgia |
Hoava | 459 | New Georgia |
Kazukuru | 0 | New Georgia |
Kokota | 530 | Santa Isabel |
Kusaghe | 2.395 | New Georgia |
Simbo | 2.701 | Simbo |
Ughele | 1.202 | Rendova |
Vaghua | 1.960 | Choiseul |
Vangunu | 907 | Vangunu |
Varisi | 5.161 | Choiseul |
Gao | 1.215 | Santa Isabel |
Laghu | 15 | Santa Isabel |
Zabana | 3.355 | Santa Isabel |
Zazao | 10 | Santa Isabel |
Lavukaleve | 1.783 | Russell uharteak |
Savosavo | 2.415 | Savo |
Touo | 1.874 | Rendova |
Bilua | 8.740 | Vella Lavella |
Erlijioa
Erlijio nagusiak protestantea, %77,5 (%34 anglikanoak) eta katolikoa, %19,2, dira, baina bietan agertzen dira bertako erlijioen ezaugarriak eta eragina.
Hiri nagusiak
Honiara hiriburua da hiri bakarra; Ginzo, Auki eta Kira Kira dira beste herri aipagarriak.
Ekonomia
Salomon herrialde txikia da, azpigaratua. Bertako biztanle gehienak nekazaritzatik, arrantzatik eta basoak ustiatzetik bizi dira. Esportaziorako lantzen dira kokondoa, olio-palmondoa eta kakao arbola, baina bizibidea ateratzeko batata, taroa, ñamea, arroza, bananak eta barazkiak lantzen dituzte. Arrantzari dagokionez, atun txikia da gehiena harrapatzen dena, baina aipagarria da Salomonek bere eskumenean duen itsas eremuan arrantza egiteko Ozeano Bareko potentziei, eta batez ere Japoniari, baimenak saltzetik ateratzen den dirua. Industria jarduera nagusia zuraren lanketa da, eta zura da, hain zuzen ere, gehien esportatzen den gaietako bat. Lurpeko aberastasun handiak daude, batez ere beruna, zinka, nikela eta urrea, baina ez dira behar bezala ustiatzen.
Galera handiak izan ziren Asiako hego-ekialdeko krisiaren eraginez , eta ekonomiak %10eko beherakada izan zuen 1998an (bertako diruaren balioa %20 murriztu zen). Gobernuak neurri gogorrak hartu behar izan zituen egoera kontrolatzeko, zerbitzu publikoen gastua eta beste gastu batzuk murrizteko. Dena dela, gobernuak defizita du, eta arazoak sortzen ari dira basoen soiltzearen eraginez. Atzerriko jabeen esku daude, bestalde, bertako ekoizpen eta finantzagune nagusiak. Biztanleko barne produktu gordina oso txikia da, 2.100 dolar ingurukoa 2017an.[4]
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013-7-14 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- World Population Prospects: The 2017 Revision, esa.un.org
- Zubiria Kamino, Pello. Salomon Uharteetan su hartu du paradisuak. Argia astekaria, 2003-7-20, argia.com, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Moldatu gabea (CC BY-SA 3.0) lizentzia (Noiz kontsultatua: 2018-7-19).
- The World Factbook: Solomon Islands. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2018-7-21).
Kanpo estekak
- Lehen ministroaren webgunea, pmc.gov.sb
- (Ingelesez) CIA - World Factbook Geografia, biztanleria, politika eta ekonomia datuak.