Salbia sendakari
Salbia sendakaria edo sendagarria (Salvia officinalis), Lamiaceae familiako landare-espeziea. Hizkera arruntean, salbia deritzo. Lineok sailkatu zuen 1753an.
Salbia sendakari | |
---|---|
Salvia officinalis. Franz Eugen Köhler, Köhler's Medizinal-Pflanzen (1887). Irudi gehiago | |
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Lamiales |
Familia | Lamiaceae |
Leinua | Mentheae |
Generoa | Salvia |
Espeziea | Salvia officinalis |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | sage leaf (en) eta Dalmatian sage oil (en) |
Mediterraneoan du jatorria, mundu osoko lekuetara egokitu bada ere. Tradizionalki, asko erabili da bai medikuntzan bai sukaldaritzan; gaur egun, aldiz, lorategiak apaintzeko baliatzen da, bereziki.
Mende askoz landatu da Mundu Zaharrean, janaria gozatzeko eta botikak prestatzeko, eta sendatzeko dohain miraritsuak ere egotzi zaizkio. Officinalis epitetoa, izan ere, medikuntza-erabileratik datorkio (latinez, officina), senda-belar gisa banatzen baitzuten Erdi Aroko monasterioetan.
Sendagarri gisa, ezaugarri hauek ditu: izerdiaraztearen eta hipoglumeziaren kontrakoa da, estimulatzailea, espasmoen kontrakoa, idorgarria eta antiseptikoa. Sukaldaritzan, aldiz, haragi koipetsuak, gazta eta edari batzuk prestatzeko erabiltzen da.
Deskribapena
Usain-belar bizikorra da, eta 70 cm-rainoko garaierara hel daiteke. Zurtoin zutituak eta pubeszenteak ditu, eta hostoak, berriz, peziolatuak, oblongoak eta obalak, zeinak ongi markatua baitute zain-egitura. Lore zuri-biolazeoak ematen ditu luku eran, 3 cm-rainoko koroladunak; kaliza korola baino txikiagoa da, purpura-kolorekoa.
Kokapena eta habitata
Mediterraneo ingurua du habitata, itsas mailatik hasi eta mendietaraino. Leku harritsu eta belardi lehorrak ditu gustuko, lur ez-emankorrak, batez ere. Espainian, lavandulifolia izeneko barietatea da ohikoena.