Salbatore Mitxelena
Salbatore Mitxelena Lazkano, «Iñurritza» eta «Abendats» ezizenez, (Zarautz, Gipuzkoa, 1919ko urtarrilaren 18a - La Chaux-de-Fonds, Suitza, 1965eko abenduaren 28a) euskal olerkaria izan zen. 36ko gerraren ostean Hego Euskal Herrian argitaratutako euskarazko lehen liburuaren egilea.[1]
- Artikulu hau euskal idazleari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Mitxelena (argipena)».
Salbatore Mitxelena | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Zarautz, 1919ko urtarrilaren 18a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | La Chaux-de-Fonds, 1965eko abenduaren 28a (46 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | fraidea, idazlea eta kapilau militarra |
Izengoitia(k) | Iñurritza eta Abendats |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Espainiako Gerra Zibila |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa |
Erlijio-ordena | Anaia Txikien Ordena |
Bizitza
Apaiz frantziskotarra zen. Arantzazun, Zarautzen eta Foruan egin zituen apaiz ikasketak. Erriberrin Filosofia ikasten ari zela, Espainiako Gerra Zibila hasi eta soldadu ibili zen. 1943an egin zen apaiz Arantzazun. Ondoren, Donostian egon zen hamar urtez. Frankismoaren lehen urteetan Espainiako Eliza ofizialak jarraitzen zuen ildoarekin ados ez zegoenez, bere burua erbesteratzea erabaki zuen. Horrela, 1954an, berak eskatuta, Montevideora bidali zuten. Montevideon, Asuncionen eta Kuban ibili zen misiolari, harik eta, Castroren iraultzak aginpidea eskuratu zuenean, alde egin behar izan zuen arte. Hego Amerikako lurraldeetan ibili zen gero, eta, 1962an, Suitzara bidali zuten, Espainiatik hara lan bila joandako langileen kapilau. Han hil zen handik hiru urtera ebakuntza baten ondorioz.
Ibilbide literarioa
Mitxelenaren idazlanak euskararekiko eta Euskal Herriarekiko samin arduraz beterik daude. Francoren diktadura garaian, itota ikusten zuen hizkuntzaren eta hiztunen egoera, eta horregatik eskatu zuen Amerikara joatea. Beste aldetik fedeak asko kezkatzen zuen, eta bi ardura horiek, Euskal Herria eta fedea, uztartzen saiatu zen. Horren adierazpide dira Erri bat guruzpidean, Confixus, Guruzpidea, Euskal Samiñaren guruzpidea olerki bildumak. Lehen olerki bilduma argitaratua Arantzazu (1949) izan zen. Bilduma hura izan zen gerra ondoren Euskal Herri barruan argitaratu zen lehen liburua. Liburu hartan, zentsura arazoak zirela medio, poemaren hirugarren partea, Bizi nai izenekoa, argitaratu gabe gelditu zen (gero Euzko Gogoan argitaratu zen). Atzerrian bere literatur lanari jarraitu zion. Beste olerki bilduma batzuen izenburuak dira: Arraun ta amets (1955), Ogei kanta Arantzazuko, Aberriak min dit. Hitz lauz: Ama-semeak Arantzazuko kondairan (1951) eta Unamuno eta Abendats (1958). 1977an, Mitxelenaren Idazlan Guztiak argitaratzen hasi ziren (bi liburukitan), hari buruzko azterketa lan jakingarriez lagunduta. Estiloari dagokionez, Mitxelenaren olerkigintza bertsogintza tradizionaletik oso hurbil dago, eta olerki asko kantatzeko idatziak izan ziren.
Lanen zerrenda
Antzerkia
- Herri bat guruzbidean (1958)
Saiakera
- Ama-semeak Arantzazuko kondairan (1951, EFA)
- Unamuno eta Abendats (1958, Darracq)
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Gurrutxaga Uranga, Amagoia. (2019-01-18). «Salbatore Mitxelena. Gerra ondoko eguzki izpi - Zarautz» Zarauzkohitza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-28).
Ikus, gainera
- Zarauztar ospetsuen zerrenda