Saladoko gudua
Saladoko gudua Tarifa inguruan 1340ko urriaren 30ean eginiko gudua izan zen.[1] Bertan Gaztelako eta Portugalgo kristau armadak marinien eta granadar osteak menderatu zituzten.[2]
Saladoko gudua | |||
---|---|---|---|
Errekonkista | |||
Santa María de Guadalupeko errege monasterioan dagoen XVII. mendeko olioa | |||
Data | 1340ko urriaren 30a | ||
Lekua | Salado ibaia, Tarifan 36°3′N 5°37′W | ||
Koordenatuak | 36°02′42″N 5°36′54″W | ||
Emaitza | Kristauen garaipen erabakiorra | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Salado izenekoa Cadizko probintziako erreka da, Tarifa udalerrian jaioa eta haran txiki bat zeharkatu ondoren Lancesko badian itsasoan ahoratzen dena.
Aurrekariak
1292ko irailaren 21ean kristauek Tarifa marinien eskuetatik konkistatu zuten, Antso IV.a Gaztelakoak eta Muhammad II.a Granadakoak egindako ituna hautsiz.[3] Alonso Pérez de Guzmán gobernadore izendatu eta mariniek 1294an egindako setioa kale egin zuen.
Mariniek Magreb bateratzeko bere ahaleginetan 1337an Tilimsen hartu zuten[4] eta hurrengo urteko udaberrian Alfontso XI.a Gaztelakoak Gibraltarko itsasartean bere itsas-armada mobilizatu zuen.[5]. Gainera, Petri IV.a Aragoikoarekin Madrilgo ituna sinatu,[6] eta biek elkarrekin nasriak, mariniak eta hafsidarrak borrokatu zituzten.
Jofre Gilabert de Cruïlles almirantea 1339ko ekainaren 1ean lau galeratan atera zen Bartzelonatik. Valentzian beste sei galera eta galiota bat gehitu, eta itsasorantz jo zuen.[5] Ceutako itsas-guduan hamahiru marokoar galera eta genovatar bat menderatu zituen.[7]
1340ko apirilaren 4an, Algecirasko badian, Getaresko gudua gertatu zen, non mariniek gaztelar itsas-armada menderatu zuten eta Alonso Jofre Tenorio hil zen.[8] Itsasoa galduta, nasriek eta mariniek berriro Tarifa setiatu zuten. Alfontso XI.a Gaztelakoa eta Alfontso IV.a Portugalgoa urriaren 15ean Sevillan batu ziren setioa bukatzeko asmotan.[9] Musulmanen komandanteak Yusuf I.a Granadakoa errege nasria eta Abu al-Hasan Ali sultan marinia ziren. Kristau armada ailegatu zenerako, musulmanak setioa utzi eta erreka aldera kokatu ziren, kristauak inguratzeko asmoagaz.
Gudua
Abangoardia zuzentzen zuen Don Juan Manuel gaztelar infantea, beste alditan egin zuen moduan, Salado erreka zeharkatu behar zuen baina, behin borroka hasita, uko egin zuen; Lasso de la Vega anaiek, berriz, egoera aldatu zuten eta 800 zaldun hartuta, 3.000 magrebtar zaldun defendatzen zuten zubi txiki bat eraso zuten; Musulmanek kristauak atzera bota arren, bigarren eraso batean kristauek lerroa hautsi zuten.
Tartean, Portugalgo erregeak granadar zelaia eraso eta Tarifako garnizioak irteera egin eta gudaroste hautatuez osaturiko musulmanen erdialdea eraso zuen. Egoera aprobetxatuz, Alfontso XI.a Gaztelakoak armadaren zati handiena hartu eta marokoar armada eraso zuen. Gorputzez gorputz borrokatu zuten eta hainbat erori izan ziren.
Kristauen garaipena erabatekoa izan zen eta Alfontso XI.ak aventajado capitán edo kapitan gailen titulua bereganatu zuen: elementu geografikoak aprobetxatu zituen bere gudarosteak kokatzeko.
Ondorioak
Marokoko erregeak Algeciras aldera ihes egin zuen, handik bere erresumara itzultzeko. Era berean, Granadakoa Marbellarantz alde egin zuen eta handik hiriburura. Kristauek gerrako harrapakin handi bat bereganatu eta Benedikto XII.a aita santuari etsaien zutoihal bidali zizkioten. Musulmanen etsipena handia izan zen eta mariniak Iberiar Penintsula konkistatzeko ahalegina egin zuten azken leinua izan ziren.
Erreferentziak
- (Katalanez) Ferrer i Mallol, Maria Teresa. (1988). La frontera amb l'Islam en el segle XIV cristians i sarraïns al País Valencià. Editorial CSIC, 148 or. ISBN 8400068149..
- (Gaztelaniaz) Huitzi Miranda, Ambrosio. (2000). Las grandes batallas de la reconquista durante las invasiones africanas. Granada: Granadako Unibertsitatea ISBN 84-338-2659-X..
- (Gaztelaniaz) Rábade Obradó, María del Pilar; Ramírez Vaquero, Eloísa; Utrilla Utrilla, Juan F.. (2005). La dinámica política. Akal, 131 or. ISBN 8470904337..
- (Gaztelaniaz) Sánchez Martínez, Manuel. (2003). Pagar al rey en la Corona de Aragón durante el siglo XIV. CSIC Press, 246 or. ISBN 8400081935..
- (Gaztelaniaz) Lopez Fernandez, Manuel. (2008). «Algunas precisiones sobre la aplicación del Tratado de Madrid de 1339, entre Aragón y Castilla» Espacio, Tiempo y Forma, Serie III, Historia Medieval (21): 187..
- (Gaztelaniaz) Segura González, Wenceslao. (2007). Batalla naval de Guadalmesí (año 1342). 4 Al Qantir, 8 or..
- (Gaztelaniaz) Claudi Girbal, Enric. (1866). Guia - Cicerone de la inmortal Gerona. Gerardo Cumané y Fabrellas, 139 or..
- (Gaztelaniaz) Calderon Ortega, J.M.; Díaz González, F.. (2011). «Los Almirantes del siglo de oro de la marina castellana medieval» Revista en la España Medieval (24): 311-364..
- (Gaztelaniaz) García Valdecasas, José Guillermo. (2007). Las artes de la paz. CEEH, 472 or. ISBN 8493606014..