Sakhalin
Sakhalin (errusieraz: Сахалин, translit.: Sakhalin; japonieraz: 樺太, Karafuto; txinera tradizionalez: 庫頁; pinyinez: Kuye) Errusiako ekialdeko uhartea da, Okhotskeko itsasoan kokatuta eta Hokkaidotik La Pérouseko itsasarteak banatuta. Administratiboki Sakhalingo oblastean dago eta hiriburua Yuzhno-Sakhalinsk du.
Sakhalin | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Garaiera | 1.609 m |
Mota | uharte eta botere betearazle |
Luzera | 950 km |
Zabalera | 160 km |
Azalera | 72.492 km² |
Geografia | |
Koordenatuak | 50°30′N 143°00′E |
UTC ordua | UTC+11:00 |
Estatu burujabe | Errusia |
Errusiako oblastak | Sakhalin oblasta |
Ur-gorputza | Japoniako itsasoa Ipar Ozeano Barea |
Mendizaletasuna |
Luzea da oso: iparraldetik hegoaldera 1000 km inguru ditu eta ekialdetik mendebaldera, 30 - 160 km; guztira, 76.400 km² ditu eta 580.000 biztanle inguru (2005).
Historia
Sakhalinek biztanleak zituen Harri Arotik, hiru etnia nagusitan banatuta: ainuak hegoaldean, orokak erdialdean eta nivkhak iparraldean. Txinako Ming dinastiak uhartea (Txinan Kuyi edo 苦兀 eta Kuye edo 庫頁 izenaz ezaguna) hartu zuen, japoniarrek haien herriaren aurka erabil ez zezaten, baina okupazioak ez zuen luzaro iraun.
XVII. mendean, esploratzaile errusiarrak uhartera iritsi ziren, japoniarrekin batera. XIX. mendean zehar, biek eskualdearen jabetza partekatu zuen baina San Petersburgoko 1875 urteko Itunaren ondoren, Errusia bihurtu zen jabe bakarra.
1905eko Errusia-Japonia Gerraren ondoren, herrialde biek Sakahlin banatu zuten: 50. paralelotik hegoaldera japoniarrentzat eta bestea, errusiarrentzat. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, SESBak uharte osoaren jabetza berreskuratu zuen. Gaur egun, Errusiaren jabetzak oraindik dirau, nahiz eta Japoniak 1990eko hamarkadan erostea proposatu.
Geografia
Mamiya edo Tartariako itsasarteak kontinentetik banantzen du eta, Hokkaidotik, Soya edo La Pérouse itsasarteak. Iparraldetik hegoaldera 948 km eta ekialdetik mendebaldera 25 - 170 km inguru izanda, Errusiako uharterik handiena da.
Oso menditsua da eta mendilerro nagusi bi ditu: Mendebaldeko Sakhalin mendiak (altuena 1.481 metroko Itxara da) eta Ekialdeko Sakhalin mendiak (nagusia Lopatin mendia da, 1.609 metrokoa). Erdialdean Tim-Poronaiskaia harana dago; hegoaldean, Susuanaiski eta Tonino-Anivski mendilerroak eta iparraldean, Ipar-Sakhalin ordokia.
Demografia
XX. mendearen hasieran, 32.000 errusiar (haietako 22.150 presoak ziren) bizi ziren, milaka bertokoekin batera. 2005eko erroldaren arabera, 580.000 biztanle zituen: % 83 errusiar, % 5,5 korear (30,000), ukrainar eta tatariar; haiekin batera, bertoko 2.000 nivkh, 750 orok, 200 evenk eta zenbait jakut bizi ziren.
Yuzhno-Sakhalinsk hiriburuak 175.000 biztanle inguru ditu. Korear gutxiengoa hantxe bizi da: Sakhalingo korearrak esaten zaie eta japoniarrek Bigarren Mundu Gerran ikatz meategietan eramandakoen ondorengoak dira. Beste hiri nagusiak Kholmsk eta Korsakov dira, 40.000na biztanlekoak.
Sakhalingo 400.000 japoniarrak (bertoko ainuak tartean) 1945ean uhartetik kanporatu zituen gobernu sobietarrak.