Sai
Saiak edo putreak hildako abereez elikatzen diren hegaztiak dira. Hildako abererik egon ezean, animaliak hiltzeko gai dira baita ere. Putreak munduko kontinente guztietan existitzen dira Antartikan eta Ozeanian izan ezik, baina hizkuntzaren arabera zeintzuk diren putre aldatzen da. Euskaraz sai arre eta sai zuria bereizten dira, Euskal Herrian bizi diren espezie nagusiak. Munduko beste 23 espezieri ere sai edo putre izena ematen zaie, kondorra barne. Ameriketan bizi diren zazpi espezieak Cathartidae familiakoak dira. Sai guztiak dira burusoilak, lumarik gabea. Uste denez, honek abantaila ematen die jaten ari diren bitartean, garbiagoa baita sarraskijale batentzat, baina termoerregulazioan ere eragina du[1].
Taxonomia
Mundu Berriko eta Mundu Zaharreko saiek antza handia badute ere, ez dute harreman taxonomikorik. Euren antza eboluzio konbergentearen adibide bat da. Antza hori dela eta, lehen biologoek talde berberean sartu zituzten. Lineok guztiak Vultur generoan sartu zituen, baita Harpia harpyja arranoa ere. Beranduago, Mundu Berrikoak Cathartidaen sartu zituen Frédéric de Lafresnaye ornitologoak. Beranduago, suborden hori familia gisa sailkatu zen.
XX. mendearen amaieran biologo batzuek proposatu zuten mundu berriko putreak Ciconiiformes familian sailkatu behar zirela, amiamoko eta koartzekin, baina ikuspegi hau atzera bota da ikerketa sakonagoen ostean.
Elikadura
Saiak sarraskijaleak dira, hau da, hildako animaliak jaten dituzte. Ozeanoetatik at, saiak dira ezagutzen diren derrigortutako sarraskijale bakarrak[2]. Oso gutxitan erasotzen dituzte animalia osasuntsuak, baina hil ditzakete gaixo edo zaurituta daudenak. Hildako bat oso handia denean euren mokoekin zatitzeko, itxoiten dute beste animalia handiago batek bidea ireki arte[3]. Jaterakoan bete arte egiten dute, paparoa puztu arte eta, ondoren, esertzen dira, logura, digestioa egiteko.
Erreferentziak
- (Ingelesez) «Why do vultures have bald heads? The role of postural adjustment and bare skin areas in thermoregulation» Journal of Thermal Biology 33 (3): 168–173. 2008-04-01 doi: . ISSN 0306-4565. (Noiz kontsultatua: 2021-06-11).
- Ruxton, Graeme D.; Houston, David C.. (2004-06-07). «Obligate vertebrate scavengers must be large soaring fliers» Journal of Theoretical Biology 228 (3): 431–436. doi: . ISSN 0022-5193. PMID 15135041. (Noiz kontsultatua: 2021-06-11).
- «Vulture Facts and more at WebVulture.com, your Online Vulture Resource» web.archive.org 2011-07-18 (Noiz kontsultatua: 2021-06-11).