Saguzar buztanluze
Saguzar buztanluzea (Tadarida teniotis) molossidae familiako saguzarra da, Eurasia osoan, tartean Euskal Herrian, bizi dena[1].
Saguzar buztanluze | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Chiroptera |
Familia | Molossidae |
Generoa | Tadarida |
Espeziea | Tadarida teniotis (Rafinesque, 1814)
|
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Habitat | baso |
Eguneko zikloa | gaueko |
Euskal Herriko isurialde mediterranearrean aurki daitekeen saguzar hau Europako handienetariko bat da gau-saguzar handiarekin (Nyctalus lasiopterus) batera. Orain gutxi arte espezie arraroa zela uste zen arren, azken urteotako ikerketek mediterraneo inguruan nahiko ohikoa dela adierazi dute. Izan ere, irisgarritasun eskaseko inguruetan aurkitu ohi baita.
Deskribapena
8,4 - 9,4 cm inguruko luzera eta 5,7 - 6,4 cm-ko hego-luzera duen saguzar honek, 4,8 - 5,6 cm inguruko buztan luzearen ondorioz jaso du izena. Belarri zabal eta luzeak ditu, barne-ertzaren bidez oinarrian loturik daudenak eta, aurrealderantz bota ditzake begiak eta aurpegia estaliz. Goiko ezpainean ildaska nabarmenak bereiz daitezke. Ilajea leun eta dentsoa da, ile motzez osatua. Kolore gris-arrea izan ohi du eta tripa aldean kolore argiagoak bereizten zaizkio. Hegoak luze eta estuak ditu eta plagiopatagioa orkatilan txertatzen da. Uropatagio motza du eta buztana aske gelditzen da bere luzeraren erdialdetik aurrera. Hankak motz eta sendoak ditu eta oinetan molosidoen familiako bereizgarria den zurda batzuk ditu.
Bere hortz-formula honakoa da:
Banaketa
Iparraldeko Afrikan, Europa eta Asia hegoaldean, Taiwanen eta Japonian aurki daitekeen saguzarra da. Europan mediterraneo inguruan bizi da, Espainia, Frantzia hegoaldea, Suitza hegoaldea, Italia, Balkanak, Grezia, Albania eta Bulgarian. Mediterraneoko ia irla guztietan ere aurki daiteke, eta baita Atlantikoko Madeira eta Kanariar uharteetan ere. Iberiar penintsula ia guztian aurki daiteke, baina askoz ere ohikoagoa da hegoaldean.
Euskal Herrian mediterranear isurialdean aurki daiteke, batez ere, Araba eta Nafarroako lurretan.
Habitata
Iristeko zailak diren inguruetan bizi ohi den animalia da, oso ingurune malkarretan. Harkaitzetako arrakaletan egiten du habia, normalean, baina kobazulo, eraikuntza eta zuhaitzetan ere aurkitu izan da. Altitudeari dagokionez, 300 metrotik hasi eta 1.200 metro bitarteko altueran aurkitu izan da Euskal Herrian, nahiz eta itsas mailatik 2.400 metroko altueraraino aurkitu izan den beste hainbat lekutan. Gehienak, ordea, 500 - 600 metro inguruan aurkitu izan dira.
Elikadura
Ingurune oso ezberdinetan ikusi dira espezie honetako banakoak intsektu ehizan. Hiriguneetan argiak erakarritako sitsez elikatzen da, batez ere. Basoetan adaburuen gainetik ehizatu ohi dute eta ingurune bertsuak erabili ohi dituzte ehizarako. Bakarka edo talde txikitan ehizatzen dute eta espeziekideei intsektuen berri emateko oihuak jaurtitzen dituzte. Elikatzeko, koloniak 30 km-ko erradioan mugi daitezke, nahiz eta, normalean ez diren 5 km baino gehiago urruntzen. 50 km/h abiaduraz mugi daitezke eta 10 ordu luzez hegan ibili gelditu gabe.
Lepidopteroez elikatzen dira, batez ere, baina neuroptero eta koleopteroak ere ehizatzen dituzte.
Ugalketa eta ontogenia
Aktibitate sexualak gaina jotzen du udaberrian eta abuztuaren ondoren, edoskitzaroaren ostean harenak berriz ere batzen direnean. Erditze garaia ekaina eta uztaila aldera izan ohi da baina aldaketa handiak behatu dira koloniatik koloniara. Kumeak jaio eta hiru hilabetera hasten dira hegan.
Bizimodua
Molossidae familiako saguzarren artean bizi-luzetasun handiena dutenak dira, 13 urteko banakoak aurkitu izan baitira. Orohar, ordea, molosidoak gainerako saguzarrak baino bizitza laburragoa izan ohi dute. Oso garai jakinetan hibernatzen du, eta denbora motzez. Baliteke aldaketa fisiologiko hau izatea molosidoek gainerako saguzarrek baino bizitza laburragoak izatearen arrazoia. Sexuen arteko nagusitasuna ez dago batere argi, nahiz eta harrapatutako banako gehienak arrak izan. Izan ere, baliteke lurraldea zaintzeko hegaldiak arren esku egotearen ondorio izatea harrapaketa desproportzionatuaren zergatia. Araldian, gauez hegan egiten dute lurraldea kontrolatzeko eta eguna hastearekin batera itzultzen dira koloniara.
Autore batzuek migratzaileak direla aipatu duten arren, beste batzuek sedentarioak direla diote. Behaketa gehienak apirila eta urria bitartean egin direnez, ez da batere ziurra espezie honetako animalien portaera.
Kolonien egitura konplexua dela uste dute adituek. Normalean, ar bat eta hainbat emez osaturiko harenak sortzen dituzte eta arrek sutsuki defendatzen dute beren lurraldea. Apioaren antzeko usaina jariatzen dute arrek, ziurrenik, beren lurraldea markatzeko eta, udaberri eta udazkenean ar dominatzaileek oihu sozialak egiten dituzte emeak erakartzeko.
Espezieen arteko elkarrekintzak
Saguzar arrunt (Pipistellus pipistrellus), baratze-saguzar (Eptesicus serotinus) eta sorbeltz arruntekin (Apus apus) eraikuntza bera partekatu dezaketela ikusi da, nahiz eta bizileku zehatza ez den bera izaten.
Hegazti harrapari askoren harrapakina da. Belatz handia (Falco peregrinus) eta belatz gorriaren (Falco tinnunculus) harrapakina da, baita hontz zuria (Tyto alba) eta urubiarena (Strix aluco) ere.
Ez da espezie batere parasitatua, nahiz eta akaro, arkakuso eta zorriak aurkitu izan zaizkien.
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).