Saguenay–Lac-Saint-Jean
Le Saguenay–Lac-Saint-Jean Quebeceko eskualde administratiboa da. 02 kodea erabiltzen da eskualde hau identifikatzeko eta bandera duen Quebeceko eskualde bakarra da. Hiri nagusia 2002ko Quebeceko udalerrien fusioen barruan Chicoutimi, Jonquière eta beste batzuen batasunaz sortutako Saguenay da. Batzuetan ofiziala ez den Sagamie izena ematen zaio, Saguenay eta Piékouagami -Saint-Jean aintzira- leku izenekin osatutako neotoponimoa.
Saguenay–Lac-Saint-Jean | ||
---|---|---|
Kanada | ||
Administrazioa | ||
Estatu burujabe | Kanada | |
Probintzia | Quebec | |
Hiriburua | Saguenay | |
Zatiketa | ||
Geografia | ||
Koordenatuak | 49°52′N 71°45′W | |
Azalera | 95.893 km² | |
Mugakideak | Mauricie, Nord-du-Québec eta Capitale-Nationale | |
Demografia | ||
Biztanleria | 275.552 (2021) −1.383 (2020) | |
Dentsitatea | 2,87 bizt/km² | |
saguenaylacsaintjean.gouv.qc.ca |
4 "Eskualdeko konderriko udalerritan" (municipalités régionales de comté, MRC) eta 49 udalerritan banatuta dago; 95 893 km²ko azalerarekin Quebeceko eskualde administratiboen artean hirugarren handiena da baina bere 274.919 (2008) biztanleen gehiengo handia oso lur-eremu mugatuan bizi da.
Geografia
Eskualdeari izena ematen dioten bi elementuek markatzen dute Saguenay–Lac-Saint-Jeaneko geografia, populazioaren gehiengoa bizi den eremukoa bederen.
Saguenay San Laurendi ibaiaren adar nagusietakoa da eta ibaiadarren artean bigarren arroa, Outaouais ibaiaren atzetik; eskualdearen bihotza dela esan daiteke. Saint-Jean aintziran (innueraz Pekuakami deitzen diote) hasten da bere ibilbidea, laku horretara bere urak isurtzen dituzten ibai guztien batuketaz. Aintziraren ingurumariak lauak dira. Hortik behera eskualdeko hiri handienetatik pasatzen da: lehen Almatik eta gero bere izena eman zaion hiriburutik. Beti ere mendebaldetik ekialderako norabidean, Saguenay hiria osatu duten udalerri-ohien artean garrantzitsuena den Chicoutimi gainditu eta gero asko zabaltzen da eta Saguenayko fiordoa sortzen du; hegoaldeen dagoen munduko fiordotzat jotzen da eta bere urak zuzenean itsasoratzen ez dituen bakanetakoa da[1].
Mugakideak
Bere auzokide guztiak Quebeceko beste eskualde administratibo batzuk dira:
- ekialdean marra erabat zuzenak Labrador penintsulako (eta innu herriaren bizitokia diren) lurrak banatzen ditu; beste aldean Côte-Nord eskualdea dago.
- ipar eta ipar-mendebaldean Nord-du-Québec.
- hegoaldean Capitale-Nationale.
- hego eta hego-mendebaldean Mauricie.
Historia
Europarrak baino lehenagoko biztanleak innu herrikoak izan ziren; San Laurendi ibaiaren estuariotik hegoaldera bizi ziren herriekin tratuan aritzen ziren.
Ipar Amerikako frantsesen kokaleku zaharrenen artean Tadoussac dago, Saguenay ibaiaren bokalean; administrazio aldetik Côte-Nord eskualdean kokatu duten Tadoussac frantsesen eta bakailaoa eta baleak arrantzatzera joandako euskaldunen arteko topalekua izan zen 1560-1600 aldian[2]. Eskualde honetaz frantses zein britainiarrek zuten interesa animalien azalen trafikoarekin hasi zen XVII. eta XVIII. mendean. Hala ere kolonizazioa batez ere XIX. mendean garatu zen.
Zerrategiak eta papergintza izan ziren XX. mendearen hasieran eskualdearen motoreak. 1920ko hamarkadan urtegiak eraiki ziren ibai nagusietan energia elektrikoa ekoizteko eta horren ondorioz aluminio lantegiak ezarri ziren. Eskualdea Quebeceko industria gune inportantea bilakatu zen.
Demografia
- Biztanleria: 274.919 (2008)
- Azalera: 95.893 km²
- Dentsitatea: 2,9 bizt./km²
- Jaiotza-tasa: ‰ 9,5 (2004)
- Heriotza-tasa: ‰ 7,5 (2003)[3]
Saguenay-Lac-Saint-Jeaneko biztanleria administrazio aldetik udalerritan antolatutako espazioan ia erabat kontzentratuta dago, hau da eskualdearen azaleraren % 11 suposatzen duten Saguenay ibaiaren eta Saint-Jean aintziraren inguruetan. 2008an 274.919 biztanleen % 53 eskualdeburuan bizi ziren, % 11 Alman, % 5 Dolbeau-Mistassini eta % 4na Saint-Félicienen eta Robervalen.
Eskualdean quebectarren % 3,8 bizi dira[4].
Hizkuntzak
Eskualdeko frantsesak nortasun handia du Quebeceko hizkeren artean.
Jatorriko herriak
Innu (Ilnu, Montagnais-Naskapi) herriak bere lurraldeari Nitassinan deitzen dio eta orain biztanle aldetik europarren gehiengo erabatekoa duen eskualde hau jatorriko herri honen lurraldearen barruan dago. Egun innu komunitate gehienak Côte-Norden eta Labradorren (Ternua eta Labrador) daude eta bakarra geratzen da Saguenay–Lac-Saint-Jeanen: Mashteuiatsh, Saint-Jean aintziraren ertzean[5].
Banaketa administratiboa
Eskualdeko konderriko udalerriak (MRC)
Lau MRCtan banatuta dago; MRCa eta hiriburua:
- Lac-Saint-Jean-Est: Alma.
- Le Domaine-du-Roy: Roberval.
- Le Fjord-du-Saguenay: Saguenay (baina hiria ez dago MRCren barruan).
- Maria-Chapdelaine: Dolbeau-Mistassini.
MRCren baliokidea den udalerria
MRCtik kanpoko udalerri autoktonoa
- Mashteuiatsh.
Erreferentziak
- Fjord du Saguenay Kanadiar entziklopedian.
- Victor Tremblay: Histoire du Saguenay depuis les origines jusqu'à 1870, 1938 (lehen edizioa), 1968.
- Quebeceko estatistika institutua.
- Eskualdeko demografia Quebeceko estatistika institutuan.
- Mashteuiatsheko museoaren webgunea.
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- (Frantsesez) Saguenay–Lac-Saint-Jeaneko ataria.
- (Frantsesez) Eskualdea Quebeceko estatistika institutuan.
- (Frantsesez) Dokumentazio zerbitzua.
- (Ingelesez) (Frantsesez) Informazio turistikoa.
- (Frantsesez) Saguenay–Lac-Saint-Jean Encyclobecen.