Sagarmatha Parke Nazionala

Sagarmatha Parke Nazionala (nepaleraz: सगरमाथा राष्ट्रिय निकुञ्ज) Nepalgo Sagarmatha Gunean kokaturiko Parke Nazionala da, Himalaiaren hegoaldean eta Nepalen ekialdean kokaturik dagoena. Parkerako sarrera Namche Bazaar herrixkan dago.

Sagarmatha Parke Nazionala1
UNESCOren gizateriaren ondarea

MotaNaturala
Irizpideak vii
Erreferentzia 120
Kokalekua Nepal
Eskualdea2Asia-Pazifikoa
Izen ematea1979 (III. bilkura)
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua)
2 UNESCOren sailkapena

Sorrera

1976an sortu zuten eta 1979an UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen. Sagarmatha parkearen barruan dagoen Everest mendiaren izen tradizionala da eta berak ematen dio eremu guztiari izena. Sanskritoz sagar zerua da eta matha burua.[1] Everest mendiaz gain Lhotse eta Cho Oyu zortzimilakoak ere hartzen ditu parkeak.

Deskribapena

Parkeak 1.148 km² da luze-zabal eta altuera desberdintasuna oso handia da, 2.845 metroko garaieratik 8.848 metrotaraino iristen baita. Lurraren %69 5.000 metroko garaieratik gora dago eta erabat soila da, gehiena elur eta izotzaren azpian dagoelarik, parkearen %28a belarrak estaltzen du eta %3an baino ez dago basoa. Etengabeko izotzen maila 5.750 metrotik gora kokatzen da.

Flora eta fauna

Basoek estaltzen duten eremuan urkiak, ipuruak, pinuak, izeiak, banbua eta errododendroak dira nagusi. Zuhaitzak normala baino txikiagoak izaten dira. Altueran gora egin ahala likenak eta goroldioa baino ez dira aurkitzen.

Basoetan 118 hegazti espezie bizi dira eta hainbat ugaztun espezie endemiko ere aurkitzen dira, hala nola, elur-pantera, Himalaiako hartz beltza eta panda gorria. Oxigeno maila txikiarekin bizitzera moldaturiko animaliak dira eta larru sendoa dute berotasuna mantentzeko.

Erreferentziak

  1. Turner, R. L.. (1931). A comparative and etymological dictionary of the Nepali language. Londres: K. Paul, Trench, Trubner.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.