Eusko Langileen Alkartasuna

Eusko Langileen Alkartasuna (ELA) Euskal Herriko sindikatu abertzaleetako bat da. Hastapenetan, EAJ alderdi politikoari lotua egon zen arren, gaur egun jarrera horietatik urrun dagoen sindikatua da. 1911ko uztailaren 23an sortu zen, Bilbon. Gaur egun, Euskal Herriko sindikaturik handiena da, 100.000 afiliatu baino gehiagorekin. Idazkari nagusia Mitxel Lakuntza da.

Artikulu hau ELA sindikatuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «ELA (argipena)».
Eusko Langileen Alkartasuna
Datuak
Motasindikatua
HerrialdeaEspainia
IdeologiaEusko abertzaletasuna
Jarduera
Kide kopurua109.318
Agintea
LehendakariaMitxel Lakuntza
Historia
Sorrera1911
Sortzailea
Koloreak    
webgune ofiziala
Inguma: ela-sindikatua

Historia

Hastapenak

Euskal langileen kontra Bilboko zinegotzi sozialista baten adierazpenak piztutako protesta (1911ko abendua)

1911ko uztailaren 23an, Euzko Alderdi Jeltzaleko jarraitzaile batzuek langile sindikatu bat eratzea erabaki zuten, Solidaridad de Obreros Vascos edo SOV izenarekin.[1] Lehen batzarrak Bilboko Posta kaleko 17an izan ziren. Horrela, Sabin Aranaren nahi bat bete zen, argi ikusten baitzuen honek euskal langileak antolatzea zela, bai burgesen "zapalketa despotikoari" eta baita langile etorkinen eta erakunde sozialisten "zapalketa maketoari" aurre egiteko.

ELAren lehen jarraitzaileak eraikuntza sektoreko langileak eta Bilboko industria siderurgiko eta metalurgikoko langileak izan ziren nagusiki. Aldiz, ez zuen arrakasta handirik izan mehagintzan, langile etorkinak baitziren nagusi. Apurka-apurka, Bizkaia eta Gipuzkoako industria guneetan eta inguruko herrietan hazten joan zen.

Primo de Riveraren diktadura hasierarako, ELAk UGTk adina jarraitzaile lortu zituen, bai egindako lanari, baita azken honek 1921-1923 bitartean bizi izandako krisiaren ondorioz. Hala ere, garai horretan ELAk ez zituen langile etorkinak onartzen, afiliatzeko lehen lau abizenetatik bat gutxienez euskal jatorrikoa izatea eskatzen baitzuen oraindik.

1923-1930 bitarteko diktadura garaian (Primo de Riveraren diktadura) klandestinitate egoera bizi arren, gizartean zabaltzen joan zen. 1926an Gobernuak onartutako lan harreman korporatiboen errege dekretuaren alde mintzatu zen, klase arteko borroka ezabatu eta lan harreman harmoniatsuak ezarriko zituelakoan. Hala ere, dekretu horren aplikazioa salatu zuen, sindikatu sozialisten aldera erabili izan baitzuten.

Bigarren Errepublika eta ELAren gorakada

1929an ospatu zen ELAren lehen Biltzarra Eibarren. Bertan onartu zen ELAren lehen programa ideologikoa, eta bi urtez behin kongresua egitea erabaki zen. Espainiako Bigarren Errepublikan ELAk gorakada nabarmena izan zuen Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Araba eta Nafarroan taldeak osatu zituzten. Bestalde, arrantzale eta nekazariak ere sindikatuan sartzen hasi ziren, eta ELA gizarteko sektore abertzaleetako eragile esanguratsuenetakoa bihurtu zen. Horrela, Lizarrako Estatutuan jasota geratu ziren ELAk gizarte eta lan alorretan egiten zituen errebindikazio ugari. Garai hartan, ELAk bere kontura antolatu zituen babes sozialerako neurriak, besteak beste, langabeentzako laguntzak, jantoki sozialak (Emakume Abertzale Batzako kideekin batera), etab. Hala ere, ELA ez zen laguntza sozialerako sindikatu izatera mugatu, eta jarrera errebindikatiboek indarra hartzen jarraitu zuten, besteak beste, grebetan parte hartuz. Garai hartan, ELA eta EAJk harreman estuak zituzten: ELAko kide gehienak EAJren botoemaileak ziren, Eusko Abertzale Ekintzako batzuk kenduta.

1976ko kongresua eta zatiketa

1976an kongresua egin zuen ELAk. Bertan sindikatuaren alor batek, joera ez-sozialistakoak eta EAJrekin lerratuak, sindikatua uztea erabaki zuen eta Eusko Langileen Alkartasuna (Askatuta) sindikatua sortu zuten. Eszisio honek 1990 arte iraun zuen, non ELA(a) berriz integratu zen ELA nagusian.

2021eko kongresua

2021ean, ELAk 15. Kongresu konfederala egin du "Benetan garrantzitsuak diren gauzak; Aktibatu, Lortu, Zaindu" lelopean, eta bertan, datozen urteetarako helburua nagusiak finkatu ditu sindikatuak: eraldaketa sozial, ekologiko, demokratiko eta feministan sakontzea; estatu independentearen alde, kultura errepublikanoaren alde egitea; bestelako negoziazio kolektiboa garatzea lan prekaritateari behar bezala aurre egiteko; militantzia integrala antolatzea; eta aliantza eta sinergiak ehuntzea.[2]

Idazkari nagusiak

Jose Elorrieta, ELAko idazkari nagusi ohia.
Idazkari nagusien zerrenda
2019-Mitxel Lakuntza
2008-2019Adolfo Muñoz
1988-2008Jose Elorrieta
1976-1988Alfonso Etxeberria

XIV. Batzorde Eragilea

  • Adolfo Muñoz: Idazkari nagusia.
  • Amaia Muñoa: Idazkari nagusiaren albokoa, diruzaina eta Iparralderako arduraduna.
  • Iván Giménez: Komunikazioa.
  • Xabier Anza: Formakuntza arduraduna.
  • Laura Gonzalez de Txabarri: Nazioarteko harremanak.
  • Pello Igeregi: Negoziazio Kolektiboa, Euskara eta Lan Osasuna.
  • Mitxel Lakuntza: Nafarroako Idazkari Nagusia.
  • Mikel Noval: Gizarte politika, azterketen bulegoa eta ingurumena.
  • Leire Txakartegi: Planifikazio Estrategikoa, Genero Berdintasun Politikak, Gizarte Ekintza eta Immigrazioa.
  • Eustakio Uranga: Antolakuntza.
  • Joseba Villarreal: Afiliazioa, hauteskunde sindikalak eta sindikalizazioa.
  • Amaia Aierbe: Zerbitzu juridikoak.

Erreferentziak

  1. Estornes Zubizarreta, Idoia. (2010). «Entre partido y sindicato. Eusko Langileen Alkartasuna-Solidaridad de Trabajadores Vascos (Movimiento Socialista de Euskadi, 1969-1976)» Historia contemporánea: 41. ISSN 1130-2402..
  2. «Kongresua» Plone site (Noiz kontsultatua: 2021-12-12).

Bibliografia

  • ANSEL, Dario: «Del Congreso de Vitoria a la evolución sindicalista de Solidaridad de Trabajadores Vascos. 1933-1936», Sancho el Sabio, 31. zenbakia, 2009 (ISSN 1131-5350)
  • ANSEL, Dario: ELA en la Segunda República, Txalaparta, 2011 (ISBN 978-84-8136-482-8)
  • ESTORNÉS ZUBIZARRETA, Idoia: «Abandonando la casa del padre. Eusko Langileen Alkartasuna-Solidaridad de Trabajadores Vascos (Movimiento Socialista de Euskadi, 1964-1969)», Historia contemporánea, ISSN 1130-2402, 40. zenbakia, 2010.
  • ESTORNÉS ZUBIZARRETA, Idoia: «Entre partido y sindicato. Eusko Langileen Alkartasuna-Solidaridad de Trabajadores Vascos (Movimiento Socialista de Euskadi, 1969-1976)», Historia contemporánea, ISSN 1130-2402, 41. zenbakia, 2010.
  • ESTORNÉS ZUBIZARRETA, Idoia: Cuando Marx visitó Loyola: ELA-STV, un sindicato vasco durante el periodo franquista, Erein, 2017.
  • GARDE, María Luisa: ELA a través de dos guerras (1936-1946), Pamiela, 2001.
  • LETAMENDIA, Francisco: ELA (1976-2003) - Sindicalismo de contrapoder, Manuel Robles-Arangiz Institutua, 2004.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Politika
Euskal Herria
Artikulu hau Euskal Herriko politikari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.