SIADECO
SIADECO (gaztelaniaz Sociedad de Investigación Aplicada para el Desarrollo Comunitario) 1967. urtean sortutako kooperatiba mugatua da. Egoitza hasiera-hasieratik Donostian (Gipuzkoa) ukan du.
Ibilbidea
SIADECOren hazia garapen komunitarioaz egindako jardunaldi batzuetan ernatu zen Donostiako Gizarte Laguntzaileen Eskolan. Bertan izan zen Marco Marchioni italiar soziologoa eta garapen komunitarioa delakoa desarrolismoaren alternatiba gisa aurkeztu zuen. Jardunaldien azken saioan, lagun talde batek Euskal Herrian zerbait egitea erabaki zuen.
Frankismoaren garaiak ziren 1967 inguruan eta Euskal Herrian ez zegoen inolako aurrekaririk, ezta girorik ere, Garapen Komunitarioaren eremuan; gizarte-arlo guztietan desarrolismoa beste konturik ez baitzegoen. Oinarrizko industriak garatzen ari ziren, lan astunak ziren, esku-lan merkea baliatzen zen eta nonahi eraiki ziren etxebizitzak. Horren guztiaren ondorioz lurraren espekulazio izugarria egon zen.
Ordukoa da halaber inmigrazioa, kanpokoak uholdeka etorri baitziren Euskal Herrira eta ahal zuten moduan eta ahal zuten lekuan kokatzen ziren. Ondorioz, bertako kultura eta hizkuntza desagertzeko zorian zeudela sentitzen hasiak ziren gizarteko hainbat lagun.
SIADECOren sortzaileek sozio-ekonomia arlora eta hirigintzarekin lotuta zeuden kontuetara jo zuten. Egoeraren diagnostikoa egitetik abiatu ziren, argi baitzeukaten haien egitekoa irtenbideak proposatzea zela. Hori zen SIADECOk hasieratik bere gain hartu zuen funtzioa.
Lehenbiziko lanak hirigintza arlokoak izan ziren, eta gero herri eta eskualdeetako azterketa sozio-ekonomiko eta estruktural orokorrak egiten hasi ziren. Haien asmoa Euskal Herriko egoera berriari irtenbide batzuk aurkitzea izan zen, bai ekonomian, bai industrian, hirigintzan eta gizarte zerbitzuetan. Hor ere agertu ziren euskararen egoerari buruzko azterketak.
Ikerketa-taldean, hasiera-hasieratik, herri edo eskualdekako azterketak egiten zituztenean, beti izaten zuten kontuan euskarari buruzko informazioa jasotzea. Hori eginez, artean izenik eman gabe, nola-halako soziolinguistika aplikatua gauzatzen ari ziren. Artean, baina, gutxi landutako tresnekin zebiltzan.
"Soziolinguistika" izena aipatuz egin zuten lehen ikerketa 1975-1978 bitartekoa izan zen. Lan horien emaitzak Euskararen liburu zuria (1978) eta Hizkuntz borroka Euskal Herrian (1979) liburuetan daude.
Geroztik, berrogei urte luzetan, hainbat arlotara zabaldu dituzte ikerketa soziologiko, plangintza- eta aholkularitza
-lanak, hala nola: gizarte hirigintza, gizarte ekonomia, soziolinguistika, formazioa, kultura, gizarte ongizatea, gazteria, genero berdintasuna, komunikazioa eta marketinga, garapen iraunkorra, gizarte iritzia eta merkatu ikerketak.
Bezero nagusiak udalak, aldundiak, Eusko Jaurlaritza eta beste erakunde sozial batzuk izan ditu.
Kooperatiban aritu dira, besteak beste, Xabier Agirre, Ramon Iruretagoiena, Iñaki Larrañaga eta Andoni Lekuona soziologoak; Juan Jose Gabiña eta Juan Jose Rodriguez ingeniari industrialak; Jabier Unzurrunzaga arkitektoa; Ramon Gorostidi ekonomista; Maria Pilar Unzueta gizarte laguntzailea; Rosi Aranburu administraria, eta Kike Amonarriz eta Jose Maria Sanchez Carrion filologoak ere bai.[1].
1988. urtean taldearen zati bat banandu eta Prospektiker sozietate anonimoa sortu zuen.
Bibliografia
- Arrasate eta bere etorkizuna. Gipuzkoako industri herri baten azterketa sozio-urbanistikoa eta etorkizuna (1972).
- Goiherri Bailara industrigintza bidean (1974).
- Oria Hibaiarroaren aurreazterketa sozioekonomiko eta teknikoa (1975).
- Euskararen Liburu Zuria (1977).
- Hizkuntz borroka Euskal Herrian (1978).
- Euskara gizarte bizitzan (1984).
- Euskara Donostian (1986).
- E.I.F.E. Euskararen Irakaskuntza: Faktoreen Eragina. (1986).
- Euskara Bergaran (1988).
- Enquête sociolinguistique sur l'état de la langue basque dans les provinces de Soule, Basse-Navarre et Labourd Intérieur (1989).
- Soziolinguistikazko mapa. 1986. Urteko erroldaren araberako Euskal Autonomi Elkarteko Azterketa Demolinguistikoa (1989).
- Euskararen egoera Bortzirietan (1990).
- Euskara Beasainen (1991).
- Euskara Bilbon (1992).
- Euskara Errenterian (1992).
- Euskal Autonomi Elkarteko zerbitzu turistikoetako sarbideei buruzko gidaliburua (1993).
- Euskara Lezon (1994).
- Empleo con apoyos en la C.A.P.V. (1994).
- Euskarak badu etorkizunik. Getxoko azterketa soziolinguistikoaren laburpena (1995).
- Donostiako Euskaldunon Gida 1995 (1995).
- EAEko lan merkatuan emakumeek duten partehartzeari buruzko diagnostikoa eta jarduera-proposamenak (1997).
- EAE-ko kontsumoko plan estrategikoa: proposamenak (1997).
- Errenteriako gazteak eta euskara (1997).
- Gipuzkoako gazteentzako ekipamendu plangintzarako jarraibideak (1997).
- Euskararen erabilera erreala Andoainen (1999).
- Gipuzkoako gazteriari buruzko ikerketa (2000).
- Tolosako Abastos Merkatuaren Diagnostikoa eta Jarduera Proposamenak (2001).
- 2001eko Ekobarometro Soziala (2001).
- Euskarak badu etorkizunik. Getxoko azterketa soziolinguistikoaren laburpena (2001).
- Galdakaon komertzioa ikusgai (2002).
- Hiri komertziala-Tolosa-Villa comercial (2002).
- Sagardun Partzuergoari zuzendutako eskuliburua (2003).
- Zumaiak du hitza - Gurasoentzako gida (2003).
- Lasarte-Oria. Merkataritza Indartzeko Plan Berezia (MIPB): Etorkizuneko proiektua (2004).
- Ordiziako Plan Estrategikoaren laburpena (2004).
- 2004ko Ekobarometro Soziala (2004).
- 2004ko Eskualde eta Udal Ekobarometroak (2004).
- Tolosaldeko turismoko plan estrategikoaren laburpena (2005).
- Euskal gazte lankideen bizi-ibilbideak (2005).
- Hernani: Indar Komertziala (2005).
- Blagan nere erara goazimizia (2005).
- Ulerbide - Enpresen hizkuntza normalkuntzarako aholkularitza (2006).
- "Irun= 2 + 1. Combíen de langues dakizkizu? Muchas. Gracias" (2006).
- Mungia: hiri komertziala (2007).
- 2007ko industria-ekobarometroa. Euskal enpresen ingurumen-jarrera eta -konpromiso (2008).
Ikus, gainera
Erreferentziak
- Hizkuntz borroka Euskal Herrian ISBN 84-300-0504-8 , liburuaren sarreran, 1979 urtean argitaratua, 19. orrialdean, aipatzen dira orduko kideak.
Kanpo estekak
- (Gaztelaniaz) (Ingelesez)(Frantsesez) SIADECOren web gunea