Sociedad Española Mercantil e Industrial

Sociedad Española Mercantil e Industrial (laburki SEMI; euskaraz, Merkataritza eta Industriarako Espainiako Sozietatea) Espainiako finantza- eta inbertsio-erakunde bat izan zen, 1856ko urtarrilaren 15ean sortua, estatu horretan onartu berri zuten banku-legedi berria baliatuz.[1] Burdinbidearen negozioak sortutako aurreikuspenek bultzatuta, James Rothschildek (en) 76 milioi pezetako hasierako kapitala bideratu zuen elkarte berrirako. XIX. mende erditik XX. mende erdialdera luzatzen den epean, eragin handiko sozietatea izan zen Espainian.

Sociedad Española Mercantil e Industrial
Datuak
Motanegozioa
Jarduera sektoreainbertsioko banka
HerrialdeaEspainia
Agintea
Legezko formasozietate anonimoa
Historia
Sorrera1856ko urtarrilaren 15a
Alejandro Mon, SEMIko presidentea, parlamentaria eta Espainiako ogasun ministroa

James Rothschild bultzatzaile nagusiak zuzenbidez Pariseko Etxetik aparte funtzionatuko zuen elkartea zuen asmotan. Nolanahi ere, SEMI sortzeko arrazoi nagusia sozietate paralelo baten bitartez Pereire anaien Crédito Mobiliariori aurre egitea izan zen, eta Espainiako ekonomian eragina ez galtzea.[1] Horretarako, Daniel Weisweiller eta Ignacio Bauer Madrilgo bere agenteak baliatu zituen, eta askotariko negozioetan zebiltzan Madrilgo finantza-gizonak erakarri zituzten luze gabe sozietate berrira. Haien artean zeuden Bayo, J.M. Collado, Antonio Álvarez, M. Pérez Hernández, Ventura Cerrajería, Ramón Pelayo, Tapia, Bayo y Cía, F. Fernández Casariego, R. Soriano, Estanislao Urkixo, Antonio Gaviria, José Ortueta, Antonio G. Moreno eta Antolín Udaeta.[1]

Artean SEMI egitasmo zehatzik gabe zegoela, James Rothschildek Grand Central konpainiako (en) Auguste Mornyren proposamen bat jaso zuen Espainiako sozietate berria dinamizatzeko. Auguste de Mornyk (fr) eta Grand Centraleko bere kideek hitzarmen bat sinatu zuten 1855eko abuztuan Salamancarekin hari Madril-Almansako burdinbide tartea erosteko. Bada, hitzarmenak indarrean jarraitu zuen, baina 1856an Parisko Rothschild Etxea bildu zitzaien, eta hitzarmenean promesa egin zitzaion Mornyri eta haren bazkideei Alacanterainoko burdinbide tartea esleituko zitzaiela. Mornyk, gainera, asmo irmoa agertu zuen Madrildik Frantziara burdinbide adar bat eskuratzeko, eta gobernuarekin bazuen jada Zaragozaraino heltzen zen esleipen bat jasotzeko aurrehitzarmen bat.[1]

SEMI izan zen MZA burdinbide konpainiako hiruko aginte-egiturako organoetako bat sorrera unetik, eta MZAren bankari teoriko eta kontratista lanak egiten zituen. SEMI MZAko akzidodun nagusietako bat izan zen, 500 libera frantseseko 64.000 akzio eskuratuz. SEMI aritu zen MZAren kreditu-emaile lanetan, teorikoki, eta konpainiaren kontratista-lanetan.[2] Sozietateak utzi egin zion bere sortzaileentzat baliagarritasunik izateari finantza eta kontratazio plataforma gisa, eta 1867an desegin egin zuten.

Erreferentziak

  1. López-Morell, Miguel A. (2015), 143-145. or.
  2. López-Morell, Miguel A. (2015), 150-151. or.

Bibliografia

  • López-Morell, Miguel A.. (2015). Rothschild. Una historia de poder e influencia en España. Madrid: Marcial Pons, Ediciones de Historia, S.A. ISBN 978-84-15963--59-2..

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.