Rutherforden eredu atomikoa
Rutherforden eredu atomikoa Ernest Rutherfordek 1911n formulaturiko teoria atomikoa da. Zazpi urte lehenago proposaturiko Thomsonen eredu atomikoa ordezkatu zuen.
Aurrekariak
1897an Joseph John Thomsonek (Rutherforden irakasleak) elektroia aurkitu zuen. Beronen ereduaren arabera negatiboki kargaturiko elektroiak positiboki kargaturiko atomo batean sakabanaturik zeuden, "mahaspasak pastel batean" ezizena eman zitzaion ereduari.
Saiakuntza
Atomoaren benetako egitura finkatu nahian, 1909an Ernest Rutherfordek bere lankide ziren Hans Geiger eta Ernest Mardsenekin batera urrezko xaflaren saiakuntza burutu zuen. Urrezko xafla oso fina alfa izpiez bonbardatu zuen eta pantaila fluoreszente baten bidez izpi hauen desbideraketa aztertu zuen. Esperotako desbideraketa 2º ingurukoa bazen ere hainbat kasutan desbiazioa handiagoa zen, baita ia 180ºkoa ere.
Eredu atomikoaren formulazioa
- Atomoa ia hutsik dago. Alfa izpi gehienek atomoa zeharkatu dute desbideraketa minimoaz.
- Atomoaren erdigunean atomoaren masaren %99a kontzentratzen da eta karga positiboa du. Bestela ezin da azaldu izpi batzuek atzerantz errebotatu izana.
- Karga negatibodun elektroiek atomoaren "azalean" biratzen dute.
Ereduaren arazoak
Rutherforden ereduak Thomsonena nabarmen gainditzen bazuen ere, oraindik azalpenik ez zuten hainbat galdera berri sortarazten zituen.
- Nola da posible hain toki txikian hainbeste karga positibo elkarrekin mantentzea? Erantzuna 1970ean Elkarreragin nuklear indartsua aurkitzean iritsi zen.
- Fisika klasikoaren arabera nukleoaren inguruan biraka dauden elektroiek erradiazio elektromagnetikoa sortu ahala energia galduko dute eta gutxinaka nukleora eroriko dira. Nola da posible atomoa egonkor mantentzea? Bohren eredu atomikoak eman zion azalpena.