Rudyard Kipling
Joseph Rudyard Kipling (Mumbai, India, 1865eko abenduaren 30a – Londres, Britania Handia, 1936ko urtarrilaren 18a) Indian jaiotako britainiar idazlea izan zen.[1]
Rudyard Kipling | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Joseph Rudyard Kipling |
Jaiotza | Mumbai, 1865eko abenduaren 30a |
Herrialdea | Erresuma Batua Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua |
Lehen hizkuntza | ingelesa |
Heriotza | Londres, 1936ko urtarrilaren 18a (70 urte) |
Hobiratze lekua | Westminster abadia Golders Greeneko Erraustegia |
Heriotza modua | : ultzera |
Familia | |
Aita | John Lockwood Kipling |
Ama | Alice MacDonald Kipling |
Ezkontidea(k) | Caroline Starr Balestier (en) (1892 - ezezaguna) |
Seme-alabak | ikusi
|
Anai-arrebak | ikusi
|
Familia | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | United Services College (en) |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, poeta, eleberrigilea, gerra-berriemailea, haur literatura idazlea, autobiografialaria, gidoilaria, kazetaria eta zientzia-fikzio idazlea |
Enplegatzailea(k) | St Andrews Unibertsitatea |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | ikusi
|
Influentziak | Robert Louis Stevenson |
Kidetza | Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademia Errege Literatura Elkartea |
| |
Kontakizunak, eleberriak, poesia eta haur literatura idatzi zituen. Haren lanik esanguratsuenak ondorengo hauek dira: Oihaneko liburua, 1894an argitaratua (jatorrizko izenburua: The Jungle Book), Kim (1901) espioitza eleberria, eta Errege izatekoa zen gizona (The Man Who Would Be King) istorio laburra. Rudyard Kipling eta familia Indian, Ipar Amerikan eta Britainia Handian bizi izan ziren. India, bere jaioterria, maite zuen bereziki; indiar jendea, paisaia eta ohiturak agertzen dira haren idazlanetan.
1907an Literaturako Nobel saria jaso zuen.
Haurtzaroa (1865-1882)
Rudyard Kipling Alice Kipling eta John Lockwood Kiplingen semea izan zen. Ama emakume bizia zen;[2] aita, britainiar armadako ofiziala, eskultore aditua eta ontzigilea. Aitak eskultura arkitektonikoa irakatsi zuen[3] Bombayko Jejeebhoy Arte eta Industria Eskola sortu berrian.[2] Aitak eta amak Staffordshireko Rudyard Laken, Ingalaterran, ezagutu zuten elkar, eta handik bi urtera, 1865 urte hasieran, Indiara bidaiatu zuten. Rudyard jaio zen lekuak zutik dirau, Sir J.J. Institute of Applied Arteko campusean dago, eta gaur egun dekanoaren egoitza da.[4]
Londresen hezkuntza
Kiplingek sei urte zituela, Trix arreba txikiarekin Lorne Lodge izeneko etxe sozial batera bidali zituen aitak, hurrengo sei urteetan Ingalaterran haz zitezen. Etxea Southsean (Portsmouth) zegoen, Holloway kapitaina eta bere emaztearen ardurapean. Gurasoak gertu ez zituenez, bakarrik eta abandonatua sentitu zen[3]; haurtzaro tristea izan zuen. Oroitzapen horiek Something of myself autobiografian azaldu zituen; bere heriotza eta gero argitaratu zen,1937an.
Rudyard eta Trix neba-arrebek, halere, Ingalaterran senitarteko batzuk zeuzkaten: Gabonetako hilabeteak beren izeba Georgiana eta haren senar Edward Burne-Jones artistarekin ematen zituzten, Fulhamen (Londres) "The Grange" etxean. Behin honela esan zuen Kiplingek gabon haietaz mintzo zela: "benetan sinesten dut salbatu ninduen paradisu bat" deitzen zion. 1877ko udaberrian Alicia Kipling, ama, Indiatik itzuli eta haurrak Lorne Lodgetik atera zituen.[5]
1878an United Service Collegen sartu zen, Devonshireko eskolan, diru askorik gabeko ofizialen seme-alabak hezteko espreski sortua. Garai hartan, Florence Garrard ezagutu eta harekin maitemindu zen. The Light that Failed (1891) Kiplingen lehen eleberriko Maisie pertsonaia Florencerengan oinarritu zuen.[6]
Indiara itzuli
Ikasturtea amaitzear zegoela, Oxfordeko Unibertsitatean ikasteko beka lortzeko gaitasun akademikoak falta zituelakoan zegoen[7] eta gainera gurasoek ez zuten ikasketak ordaintzeko nahiko ahalmen, beraz, bere aitak Lahoren (Pakistan) lana bilatu zion. Mayo College of Arteko zuzendaria[8] eta Lahore Museoko eduki arduraduna izan zen, Civil and Military Gazette izeneko egunkari txiki batean editore laguntzaile bezala ere aritu zen. Indiara 1882ko irailean abitu eta Mumbaira urrian iritsi zen.[9]
Gaztaroa (1882-1914)
Lahoreko Civil and Military Gazette egunkarian lanean (Kiplingek "Nire lehen maitalea eta benetako maitasuna" deitu zuena[5]) astean sei egunetan agertzen zen, Gabonetan eta Pazkoan izan ezik. Kiplingek gogor egin zuen lan Stephen Wheeler editorearentzat, baina bere idazteko beharra geldiezina zen. 1886an Departmental Ditties bere lehen bertso bilduma argitaratu zuen. Urte hartan, editorea aldatu zuten eta Kay Robinson editore berriak sortzeko askatasun handiagoa eman zion. Orduan hasi zen Kipling ipuin laburrak egunkarian argitaratzen.[10]
1883ko udan, Kiplingek Simla bisitatu zuen (gaur egun Shimla), Britainiar Indiaren udako hiriburua. Harrezkeroztik, Kipling familiak urtero bisitatu zuen Simla, eta John Lockwood Kiplingi bertako elizan fresko bat margotzeko eskatu zioten. Bestalde, Rudyardek Simla bisitatzen jarraitu zuen urtero, 1885 eta 1888 urteen artean, idazleak gustoko zuen hiri bat zen: Gacetterako idatzitako ipuin asko Simlan bertan kokatu zituen.[10]
1886ko azaroaren eta 1887ko ekainaren artean, 39 bat istorio argitaratu ziren Gacettean. Istorioen kopuru esanguratsu bat Tales of the Hills, Kiplingen lehen prosazko bilduman kaleratu zen, Kalkutan argitaratua 1888ko urtarrilean, 22 urte bete eta handik hilabetera. 1887ko azaroan, egunkari senidetu baina garrantzitsuago batera bidali zuten: The Pioneerera, Allahabaden, Agra eta Oudh Probintzia Batuetan.[11][12]
Ekoizpen handia sortzen segitu zuen Kiplingek: hurrengo urtean, sei ipuin bilduma argitaratu zituen: Soldiers Three, The Story of the Gadsbys, In Black and White, Under the Deodars, The Phantom Rickshaw eta Wee Willie Winkie, 41 istorio guztira.[9] Horrez gain, Rajputana mendebaldeko The Pioneer korrespontsal gisa, zirriborro asko idatzi zituen, geroago Letters of Marquen bilduak eta From Sea to Sea and Other Sketches, Letters of Travel lanean argitaratuak.[10]
Kipling 1889ko hasieran, The Pioneerek libre utzi zuen, gatazka baten ostean. Garai hartan, Kiplingek bere etorkizunari buruz gero eta gehiago pentsatzen zuen, bere sei liburuen eskubideak saldu zituen 200 £-tan eta Plain Tales 50 £-tan; gainera, The Pioneerek sei hilabeteko soldata ordaindu zion.[5] Diru hori Londresera itzultzeko erabiltzea erabaki zuen, Britainiar Inperioaren unibertso literarioaren erdigunea.
Londresa itzuli
1889ko martxoaren 9an, Kiplingek India utzi zuen, lehenik San Frantziskora bidaiatuz Yangon, Singapur, Hong Kong eta Japonia bidez. Japoniarrek harrituta utzi zuten, eta japoniarrak "jende atsegin eta ohitura onekoak" zirela idatzi zuen.[13] Aurrerago, Kiplingek O-Toyo izeneko geisha batez maitemindu zela idatzi zuen.[13]
Kiplingek Estatu Batuetan barrena bidaiatu zuen, The Pioneer egunkarirako artikuluak idatzi zituen, batzuk, geroago From Sea to Sea and Other Sketches, Letters of Travel argitalpenean kaleratuak.[14]
Ameriketako bere bidaia San Frantziskon hasi zuen, eta gero Portland (Oregon) iparraldera joan zen, Seattle, Washingtonen ere egon zen; jarraian Kanadara bidaiatu zuen, Victoria eta Vancouver bisitatuz, Estatu Batuetara itzuli eta Yellowstone Parke Nazionala bisitatu zuen; Salt Lake Cityra jaitsi zen, ondoren ekialdera, Omaha (Nebraska) eta Chicagora (Illinois); ondoren, denbora pixka batez Indian Villagen egon zen, Monongahela ibaian; azkenik Elmirara joan zen, New Yorken, eta Mark Twain ezagutu zuen.[14] Atlantikoa zeharkatuz Liverpoolera itzuli zen 1889ko urrian. Londresko literatur munduan debuta egin zuen berehala, txaloaldi ugari jasoz.[15]
Londreseko hainbat aldizkaritan argitaratu zituen bere istorioak. Bizitzeko tokia ere aurkitu zuen Villiers Streeten, Charing Crossetik gertu (eraikina Kipling Etxea izendatu zuten ondoren).[16]
Hurrengo bi urteetan, The Light that Failed eleberria argitaratu zuen, krisialdi bat izan zuen nerbioengatik eta The Naulahka [oh 1] eleberrian berarekin batera parte hartu zuen Wolcott Balestier idazle eta argitalpen agente amerikarra ezagutu zuen. 1891. urtean, bere medikuen aholkuz, Kiplingek beste itsas bidaia bat abiarazi zuen Hegoafrika, Australia, Zeelanda Berria eta Indiara. Hala eta guztiz ere, bere proiektuak eten zituen Gabonak bere familiarekin Indian igarotzeko, baina Balestier bere lagunaren heriotzaren berri izan zuenean, Londresera berehala itzultzea erabaki zuen. Itzuli aurretik, urtebete lehenago ezagutu eta tarteka amodio erlazioa izan zuen Wolcotten arreba zenari, Caroline Starr Balestier "Carrie"-ri (1862-1939) elkarrekin ezkontzeko proposatu zion telegrama bat bidalita. Bitartean, Londresen, 1891. urtean, Indiako Britainiarren inguruko ipuin bilduma argitaratu zen, Life's Handicap.[17]
Estatu Batuetan
1892ko urtarrilaren 18an, 26 urte zituela, Rudyardk 29 urteko Carrie Balestierrekin (Wolcott lagunaren arreba) ezkondu zen Londresen. Ezkonberriek eztei bidaia Estatu Batuetan eta Japonian planifikatu zuten.[2] Hala ere, bikotea Yokohamara iritsi zenean, The New Oriental Banking Corporation bere banketxeak porrot egin zuela jakin zuen. Beren galera onartuz, AEBetara itzuli ziren eta Brattleboro inguruko baserri txiki bat alokatu zuten hilean hamar dolarren truke, Carrie haurdun zegoela.[5]
Etxetxo horri Bliss House (Zorion etxea) izena eman zioten: hantxe jaio zen Josephine, bikotearen lehen alaba, 1892ko abenduaren 29an; hil berean, amaren urtebetetzea 31n eta Kiplingena 30ean izan ziren. Etxe hartan ere, Oihaneko liburuak argia ikusi zuen.[5]
Josephine jaiotakoan etxola txiki geratu zitzaien, eta bikoteak hamar akre erosi zituen Connecticut ibaiaren gainaldeko mendi-hegal harritsu batean, bertan etxea eraikitzeko. Kiplingek Naulakha deitu zion etxe hari, Wolcotten eta haren izeneko eleberrian parte hartu zuenaren omenez, eta oraingoan izena ondo idatzi zen.[2]
Vermonteko isolamenduan, lau urteren buruan, Oihaneko liburuak idazteaz gain, ipuin bildumak ere idatzi zituen, besteak beste: The Day's Work, Intrepid Captains (1897) izeneko nobela eta poesia asko, The Seven Seas barne. Barrack-Room Ballads poesia bilduma 1892an argitaratu zen eta Mandalay eta Gunga Din poemak ditu. Oihaneko liburua idazten gozatu zuen, biak idazkera imaginarioaren maisulanak, bai eta haurrek bere lanari buruz bidalitako posta-trukearekin ere.[2]
Naulakhan idazketa bizitza noizean behin bisitariek eteten zuten: adibidez, bere aitak 1893an erretiroa hartu zuenean semeari bisita egin zion; beste noizbait, Arthur Conan Doyle idazle britainiarrak bere golf makilak ekarri, eta bi eguneko golf ikastaro bat eman zion Kiplingi.[18][19]
1896ko otsailean, Elsie Kipling jaio zen, bikotearen bigarren alaba. Une honetan, hainbat biograforen arabera, haien bikote harremana ez zegoen bere onenean.[20] Nahiz eta beti elkarri leialak izaten jarraitu, rol finkatuetan erori zirela dirudi.[2]
Kipling familiak Vermonteko bizitza maite zuen, eta han bizi izaten jarraituko zukeen, bi gertakizunengatik izan ez balitz: munduko politika batetik, familiako desadostasuna bestetik. Alde batetik, Erresuma Batua eta Venezuela arteko liskar batek Estatu Batuen parte-hartzea ekarri zuen. Ondorengo tirabirek AEBen eta Erresuma Handiaren arteko krisialdia eta gerra susmoak ekarri zituen, larritasuna sortuz AEBetan[2]. Horrek Kipling urduritu eta bertatik joatea erabaki zuen.[2] Horrez gain, Beatty Balestieren (Carrieren anaia mozkor eta kaudimengabea) borroka juridikoa hasi zen, Kiplingek Beattyri egindako lursailen erosketan irregulartasunak salatuz. Epaitegietan amaitu zen auzia eta Kiplingi eman zioten arrazoia. 1896ko maiatzean, Beattyk, mozkortuta, fisikoki mehatxatu zuen Kipling kalean.[2] Gatazkak Beattyren atxiloketa ekarri zuen, baina Kiplingen pribatutasuna dagoeneko erabat suntsitua izan zen, beraz, leku hori uztea erabaki zuen. 1896ko uztailean, bere ondasunak jaso eta Estatu Batuak utzi zituen.[21]
Erresuma Batua
Ingalaterrara itzulita, urte hartako irailean, Torquay hirian jarri zen bizitzen, Devon kostaldean. Ordurako ospetsua zen, eta bere iritzi politikoa adierazten zuen idazlanetan. Bi poematan ere lan egiten hasi zen: Recessional 1897an, eta White Man's Charge (1899), argitaratzean polemika handia sortu zuena; inperialismoaren eta britainiar inperioaren aldeko propagandatzat hartu baitziren.[2]
Garairik emankorrena izan zen, Torquayn egon zen bitartean, eskola garaiko esperientziak kontatzen zituen ipuin bilduma bat ere idatzi zuen, Stalky and Co. izenburua jarri ziona. Bere familiaren arabera, Kiplingek Stalky eta Co.-ren istorioak ozen irakurtzea atsegin zuen eta berak gogoz barre egiten zuen bere txisteekin.[2]
1897an, Kipling Torquayytik Rottingdeanera (East Sussex) aldatu zen eta John Kipling jaio zen, bere lehen semea.[22] 1898. urtearen hasieran, bera eta bere familia Hegoafrikara joan ziren neguko oporrak igarotzera. Inperioaren Poeta izenez ezaguna, Lurmuturreko Koloniako politikari indartsuenetako batzuek atseginez hartu zuten, besteak beste, Cecil Rhodes, Sir Alfred Milner eta Leander Starr Jameson barne. Aldi berean, Kiplingek haien adiskidetasuna landu zuen eta gizon horiengan eta haien politikengan zuen miresmena handitu zen. Ingalaterrara bueltan, Kiplingek Boer Gerretan britainiar kausaren aldeko poesia idatzi zuen, eta Hegoafrikara egindako hurrengo bisitan, 1900. urtearen hasieran, The Friend egunkariaren sorreran parte hartu zuen, Bloemfontein zeuden tropa militar britainiarentzat.[23]
Britainia Handiko Itsas Armadari aurre egiteko flota eraikitzeko Tirpitz Planari britaniarrek zein erantzun eman behar zuten inguruko eztabaidan parte hartu zuen 1898an hainbat artikulu idatziz, A Fleet in Being izenpean bilduak izan zirenak. Estatu Batuetara bisita batean 1899an, Kipling eta bere alaba Josephine pneumoniaz kutsatu ziren eta 1899ko martxoaren 6an Josephine hil zen.[24]
Idazle ibilbidearen gorena
Bere alabaren heriotzaren ondoren, Kiplingek Little Just Stories for Little Children izan zen lanerako materiala biltzen jarri zuen gogoa. Irudimenezko alegiak eta ipuinak sortu zituen Kiplingek, maite zituen animaliak protagonista zirela. Bertsoak eta marrazkiak ere berak egin zituen[1][25] eta lan hori hurrengo urtean, hots, 1902an, argitaratu zen: Kim.[26] Eleberri hori haren lanik onentzat hartzen da, lan horretan, Indiako jendeari, kulturari eta hainbat erlijiori erretratu zehatza egiten dielako.[27]
1900. urtean Kipling nabarmen samindu zuen Wilhelm II.a alemaniar enperadoreak eman zuen Hunoen Hitzaldiarekin (Hunnenrede): Txinara bidalitako Alemaniako tropek Boxerren matxinada zapuzteko, "Hunoak" bezala portatzeko eta presoak ez hartzeko eskatuz.[2]1902an, The Rowers poeman, Kiplingek Kaiserra erasotu zuen britainiarrentzat mehatxatua zela esanez eta "Huno" hitza lehenbiziko aldiz alemaniarren aurkako hitz gutxiesgarri gisa erabili zuen, Wilhelmen hitzak eta Alemaniako tropek Txinan egindako ekintzak erabiliz, alemaniarrak barbaro huts gisa irudikatzeko. Le Figaro egunkari frantsesarekin egindako elkarrizketa batean, Kiplingek Alemania mehatxutzat jo zuen, eta aliantza anglo-frantziarra eskatu zuen arriskuari aurre egiteko.[2]
1902an, Kiplingek Bateman's erosi zuen, 1634. urtean eraikitako etxe dotorea, Burwash herrian, East Sussex, Ingalaterran. Bateman's Kiplingen bizilekua izan zen 1902tik 1936ra arte, hil zen arte.[28]
XX. mendearen lehen hamarkadan Kipling ospearen gorenean zegoen. 1906an, "Land of our Birth, We Pledge to Thee" izeneko abestia idatzi zuen.
Fikzio espekulatiboa
Kiplingek fikzio espekulatibo ipuin ugari idatzi zituen: besteak beste, Dream of Army, garaiko Ingalaterrako jaraunspenezko burokrazia baino eraginkorragoa eta arduratsuagoa izango zen armada erakutsi nahi zuena, eta bi zientzia fikziozko istorio, Night with the Night Mail (1905) eta As Easy As A.B.C. (1912). Bi horiek, XXI. mendean, Kipling's Aerial Board of Control universeean kokatu ziren. Aurrerago garatu zen zientzia fikzio gogorraren moduan irakurtzen ziren[29] eta XX. mendeko Robert Heinlein zientzia fikzio idazlearen ezaugarri bihurtu zen literatur teknika sartu zuen, zeharkako azalpena, alegia.[26] Teknika hori Kiplingek Indian jaso zuen, eta bere irakurle ingelesek indiar gizartea ulertzeko zuten arazoa konpontzeko erabili zuen Oihaneko liburua idaztean.
Nobel Saria eta gehiago
1907an Literaturako Nobel saria jaso zuen[1], Charles Omanek[30] Oxfordeko Unibertsitateko irakasleak izendatua.[31] Sariaren aipuak honako hau esan zuen: "Mundu mailan ospea duen egile honen sorkuntzaren bereizgarri diren behaketa gaitasuna, irudimenaren originaltasuna, ideien kemena eta narraziorako talentu nabarmena kontuan hartuta". Nobel sariak 1901ean ezarri ziren eta Kipling ingelesezko lehen hartzailea izan zen. Stockholmeko sari banaketan, 1907ko abenduaren 10ean, Carl David af Wirsén, Suediako Akademiako Idazkari Iraunkorrak, Kipling eta hiru mendetako ingeles literatura goraipatu zituen.[32]
Lorpen hau eta gero, bi poemario eta istorio bilduma argitaratu zituen: Puck of Pook's Hill (1906), eta Rewards and Fairies (1910). Bigarrenak If- poema biltzen du. 1995eko BBCren iritzi inkesta batean Erresuma Batuko poema gogokoena bezala bozkatu zuten. Autokontrolari eta estoizismoari buruzko erretolika hau, dudarik gabe, Kiplingen poema ospetsuena da.[30]
Politika
Kipling hain ospetsu zen, non haren iritzi politikoak jendearengan eragina zuen. Max Aitken lagunak 1911ko Kanadako hauteskundeetan kontserbadoreen izenean esku har zezan eskatu zion. 1911ko irailaren 7an, Montreal Daily Star egunkariak Kiplingek Estatu Batuekin elkarrekikotasun-hitzarmenaren aurkako idatzia argitaratu zuen, hurrengo asteetan ingeles hizkuntzako egunkari guztietan errepikatu zena; horrek Kanadako herri-iritzia aldatzen lagundu zuela uste da, elkarrekikotasuna sinatu zuen gobernu liberalaren aurka jarriz.[33]
Kipling Irlandaren autonomiaren kontra zegoen. Lagun bati gutun batean idatzi zion Irlanda ez zela nazioa, ingelesak 1169. urtean hara iritsi arte, irlandarrak basatiak zirela eta "olerki goibelak idazten" zituzten bitartean elkar hiltzen zutela. Haren ikuspuntutik, Erresuma Batuko agindupean bakarrik egin zuen aurrera Irlandak.[2]
Kiplingek Ulster poema 1912an idatzi zuen, bere politika unionistaren isla. Kiplingek sarritan irlandar unionistak aipatzen ditu "gure alderdia" izen-sintagma erabiliz. Kiplingek ez zuen gustuko ezta ulertzen irlandar nazionalismoa; haren ustez, Home Ruleak HH Asquith lehen ministro liberalaren gobernuari traizio egiten zion, Irlanda Erdi Aroan murgildu eta gehiengo katoliko irlandarrak protestanteak zapuztuko zituelakoan.[2]
Kipling boltxebismoaren aurkari latza izan zen, haren lagun Henry Rider Haggardekin partekatzen zuen posiziokoa. Kipling Londresera 1889an iritsi zenean, biak elkartu ziren, neurri handi batean, beren iritzi partekatuen indarraz, eta lagunak izaten segitu zuten bizitza osoan.
Framazoneria
Masonic Illustrated aldizkari ingelesaren arabera, Kipling 1885 inguruan hargin beltz bihurtu zen, ohiko 21 urteko gutxieneko adina baino lehen.[34] Lahoren, Hope and Perseverance Lodge 782.ean hasi zen.[35] Kiplingek bere framazon-bizipena hain maitea zuen, non bere idealak The Mother Lodge olerki ospetsuan islatu zituen eta anaitasuna eta bere ikurrak erabili zituen The Man Who Would Be King eleberrian.[36]
Lehen Mundu Gerra (1914-1918)
Lehen Mundu Gerra hasieran, beste idazle askoren antzera, Kiplingek liburuxkak eta olerkiak idatzi zituen, Alemaniak okupatu ostean, Belgika berrezartzeko Erresuma Batuaren gerra helburuak goraipatuz, eta britainiarrek ongiaren kausa defendatzen zutela publikoki esanez. 1914ko irailean, britainiar gobernuak Kiplingi propaganda idazteko eskatu zion eta, honek berehala onartu zuen eskaintza.[37] Kiplingen liburuxkak eta ipuinak oso ospetsuak izan ziren gerra garaian britainiarren artean; gai nagusiak gizon heroikoentzat leku egokia zen britainiar armada goraipatzea, belgikarren kontrako alemaniarren ankerkeria eta Alemaniak hasitako gerra ikaragarri batek zapuzten zituen emakumeen istorioak ziren, bizirik irauten eta garaipena lortzen zutenak, sufrimenduaren gainetik.[37]
Alemaniarekiko antipatia sutsua izateaz gain, pribatuki Kipling oso kritikoa izan zen britainiar armadaren gerran borrokatzeko moduarekin, 1914ko urriaren hasieran Alemania jada garaitua izan behar zela salatuz eta britainiar armadan zerbait gaizki egon behar zela esanez. Kiplingek, 1914ko udazkenean Britainiar Espedizioko Indarrek jasandako galera larriekin harrituta, gerra aurreko britainiar politikari belaunaldi osoari leporatu zion errua, Boer gerrako lezioak ez zituztela ikasi argudiatuz. Ondorioz, haien porrota milaka soldadu britainiar beren bizitzaz ari ziren ordaintzen Frantzian eta Belgikan.[2]
John Kiplingen heriotza
Kiplingen semea 1915ko irailean Looseko guduan hil zen, Lehen Mundu Gerran, 18 urte zituela. Johnek Royal Navyan nahi zuen sartu baina ikusmen urriagatik baztertua izan zen. Gerora, soldaduzka armadako ofizial gisa egiten saiatu zen baina, arrazoi berdinagatik, baztertua izan zen berriz ere. Bere aita, Rudyard, britainiar armadako komandante nagusi eta Irlardar Guardiaren koronela zen Lord Robertsen laguna zen eta, Rudyarden eskariz, John Irlandar Guardian onartu zuten.[37]
John Kipling Loosera bidali zuten bataila hasi eta bi egunetara errefortzu kontingente batean. Azkenekoz, lokatzetan itsututa eta estropezuka ikusi zuten, zaurituta zegoela. 1915eko irailaren 27an hil zen eta gorpua Santa Maria A.D.S. Hilerrian (Haisnes) dago ehortzirik.[35]
Johnen heriotza Kiplingen 1916ko My Boy Jack poemarekin lotu izan da, batez ere My Boy Jack antzezlana eta ondorengo telebistarako egokitzapenarekin, Rudyard Kipling: A Remembrance Tale dokumentalarekin batera. Hala eta guztiz ere, Jutlandiako guduari buruzko istorio baten harira argitaratu zen poema hasieran eta itsasoan gertatutako heriotza bat aipatzen duela dirudi; "Jack" hori "Jack itsasgizon" generikoa izan liteke.[38] Kipling familian, Jack txakurraren izena zen eta John Kipling, berriz, beti John zen, My Boy Jacken protagonista John Kipling izatea zertxobait eztabaidagarri bihurtuz. Hala ere, egia da Kipling semearen heriotzak emozionalki suntsituta utzi zuela. Esaten denez, semearen heriotzaren mina arintzeko Kiplingek Jane Austenen eleberriak ozenki irakurtzen zizkien bere emazteari eta alabari.[39] Gerra garaian, liburuxka bat argitaratu zuen, The Fringes of the Fleet,[40] gerrako hainbat itsas gairi buruzko olerki eta saiakeraz osatua.
Kipling Maurice Hammoneau izeneko frantziar soldadu baten lagun egin zen, Lehen Mundu Gerran bizia salbatu zuena, Kim liburuaren kopia bat bularreko ezkerreko poltsikoan zuela, bala gelditu zenean. Hammoneauk esker onez, Kiplingi liburua eskeini zion (bala oraindik sartuta zuela) eta baita bere Croix de Guerre domina ere. Elkarri idazten zioten eta Hammoneauk semea izan zuenean Kiplingek liburua eta domina itzuli zizkion.[41][oh 2]
Gerra ondoren (1918-1936)
Neurri batean Johnen heriotzaren ondorioz, Kipling Sir Fabian Wareen Imperial War Graves Commission (gaur egun Commonwealth War Graves Commission) elkartean sartu zen. Elkarte hori lorategi antza duten britainiarren hilobien arduraduna zen, egun, antzinako Mendebaldeko Frontean zehar daudenak eta britainiar inperioko tropak lurperatuta dauden mundu osoko gainerako lekuetan aurki daitekezkeenak.
Proiektuari egindako bere ekarpenik esanguratsuenak aipatzekotan, gerrako hilerri handietan Oroitzapenaren Harrietan aurkitzen den "Their Name Liveth For Evermore" (Haien izenak betirako biziko dira) Bibliako esaldia (Sirakena, 44.14, KJV) aukeratzea izan zen bat[3], eta bestea, "Known unto God" (Jainkoak ezaguna) soldadu ezezagunen hilarrietarako esaldiaren iradokizuna. Halaber, "The Glorious Dead" inskripzioa aukeratu zuen Whitehallen, Londresen, zenotafioan jartzeko. Horrez gain, bere semearen erregimentuaren, Irlandako Guardiaren historiari buruzko bi bolumeneko lana idatzi zuen: 1923an argitaratu zen eta historia erregimentalaren adibiderik onenetakoa da.[42]
Kiplingen The Gardener istorio labur eta hunkigarriak, gerrako hilerrietara bisitak irudikatzen ditu eta The King's Pilgrimage (1922) poemak Jurgi V.a Erregeak eginiko bidaia deskribatzen du, Imperial War Graves Commission elkartea eraikitzen ari zen hilerri eta monumentu oroigarriei bisita biltzen duena. Automobilen ospea handituz ari zela, Kipling britainiar prentsako motorgaineko korrespontsal bihurtu zen eta Ingalaterran eta atzerrian zehar egindako bidaiei buruz gogotsu idatzi zuen, nahiz eta normalean txoferrak gidatzen zuen.
Gerra ondoren, Kipling Hamalau Puntuak eta Nazioen Ligarekin eszeptikoa zen, baina itxaropen handia izan zuen Estatu Batuek isolamendua alde batera utziko zutela eta gerraosteko mundua anglo-frantses-amerikar aliantza batek bere gain hartuko zuela. Kiplingek espero zuen Estatu Batuek Nazioen Ligaren Armeniarekiko mandatu bat bere gain hartuko zutela isolazionismoa saihesteko modurik onena izango zelakoan, eta miresten zuen Theodore Roosevelt berriro ere presidente bihurtuko zela. Kipling Roosevelten heriotzak atsekabetu zuen 1919an, bere lagun estatubatuarra mundu politikaren "jokoan" Estatu Batuak mantentzeko gai zen politikari bakarra zela sinestuta.[2]
Kipling komunismoaren aurkakoa zen, 1917an boltxebikeen aginte lortzeari buruz idatziz munduaren seirenak "zibilizaziotik at egin zuela" esan zuen.[43]
1920an, Kiplingek Liberty League[44] sortu zuen Haggard eta Lord Sydenhamekin, beste batzuen artean. Iraupen urriko proiektu honek ideia liberal klasikoak sustatzea zuen helburu, azken denboraldian Britainia Handian joera komunisten boterearen gorakadari aurre egiteko, edo Kiplingen hitzetan, "boltxebismoaren areagotzeari aurre egiteko".[45] [2] Frankofonoa zenez Frantzia eta Britainia Handiaren arteko elkarte batean zuen bakea lortzearen esperantza. Versaillesko Ituna Alemaniaren alde berrikustearen aurkakoa zen eta honela adierazi zuen.[2]
Kiplingek zenbait poematan[46] ingenierien lana aipatua zuenez, Torontoko Unibertsitateko herri-lan Ingeniaritzako irakasle zen Herbert E. T. Haultainek ingeniaritza ikasleei gradua emateko ekitaldirako laguntza eskatu zion. Kiplingek gogotsu erantzun eta berehala prestatu zuen "The Ritual of the Calling of an Engineer". XXI. mendean, oraindik ere, Kanadako ingenieritza graduatuek burdinezko eraztuna daramate ekitaldian, gizartearekiko duten betebeharra gogorarazteko.[47][48] 1922an ere, Kipling St Andrews Unibertsitateko errektore izendatu zuten, hiru urtez eman zituelarik postu honetan.
Rudyardek argitaratutako liburuen azalean esbastika baten irudia azaltzen zen, loto lore bat tronpan zuen elefante batekin batera, Indiar kulturak Kiplingengan zuen eraginaren adierazle. Zorte ona ematen zuen eguzkiaren Indiar sinboloan oinarritzen zen esbastika eta, aldi berean, sanskritoz "zorte oneko" esan nahi du.[49]
Naziak boterera iritsi eta esbastika bere egin zutenean, Kiplingek bere liburuak apaingarri gisa ez erabiltzeko agindu zuen.[49] 1935eko maiatzaren 6an Royal Society of St George elkarteari "An Undefended Island" hitzaldia eskeini zion, Alemania naziak Britaniar Inperioarentzat suposatzen zuten arriskuari buruz ohartaraziz.[50]
Heriotza
Kiplingek 1930eko hamarkadaren hasierara arte idazten jarraitu zuen, baina erritmo motelagoz eta arrakasta gutxiagorekin. 1936ko urtarrilaren 12ko gauean, heste meaharrean odoljario bat jasan zuen. Ebakuntza egin zuen, baina aste bete pasa baino lehen hil zen, 1936ko urtarrilaren 18an, 70 urte zituela duodenoko ultzera peptiko baten ondorioz.[19] Bera hil aurretik iragarri zuen aldizkari batek bere heriotza, eta honela idatzi zien: "Hil naizela irakurri dut, ez ahaztu nire harpidetza zerrendatik ezabatzea". [51]
Haren gorpura erraustu zuten eta Westminster Abadiako Poeten Txokoan (Poets' Corner) hobiratu, Charles Dickens eta Thomas Hardyren hilobien ondoan.[52][1]
Hilondokoak
- Estatu Batuetan bi hirik Rudyard[53] izena dute eta beste batek Kipling.[54] Kanadan, hiri batek Kipling du izena.[55]
- 2010ean Merkurio planetako krater bati Kipling izena jarri zioten.[56]
- 2012an desagertutako krokodilo mota bat Goniopholis kiplingi izendatu zen bere omenez, "esker onez, natura zientzienganako zuen gogo handiagatik"[57]
- Thomas Pinneyk amerikar adituak aurkitu zituen Kiplingen 50 poema ezezagun baino gehiago 2013ko martxoan argitaratu ziren.[58]
- Kiplingen "Bateman's" etxea National Trusten eskuetan geratu zen eta egilearen museo bihurtu zen. Kiplingen alaba bakarra ondorengorik gabe hiltzean, egile-eskubideak National Trusteri utzi zizkion halaber eta horrek Sussexko Unibertsitateari eman zizkion, zabalkunde publiko hobea izateko.[59]
Lanak
Rudyard Kipling idazle oparoa izan zen. Guztira 5 eleberri, 250 istorio labur baino gehiago eta 800 bat olerki idatzi zituen. Haietako batzuk zerrendatzen dira ondoren.
Eleberriak
- The Light that Failed (1891)
- The Naulahka: A Story of West and East (1892)
- Kapitain ausartak (Captains Courageous, 1896)
- Kim (1901)
Liburuak
Kontrakorik jarri ezean, istorio laburrez osatutako liburuak dira
- Plain Tales from the Hills (1888)
- Soldiers Three (1888)
- Mine Own People (1891)
- Many Inventions (1893)
- Oihaneko liburua (The Jungle Book, 1894)
- The Second Jungle Book (1895)
- The Seven Seas (1896), poesia
- The Day's Work (1898)
- Stalky & Co. (1899)
- From Sea to Sea and Other Sketches, Letters of Travel (1899), ez fikzioa
- The Five Nations (1903), poesia
- Horrelaxe / Ipuinak hain zuzen / Hala izan zen: (Kipling-en ipuinak) (Just So Stories for Little Children, 1902)
- Puck of Pook's Hill (1906)
- The Fringes of the Fleet (1915), ez fikzioa
- Land and Sea Tales for Scouts and Guides (1923)
- The Irish Guards in the Great War (1923), ez fikzioa
- Tales of India (The Windermere Series, Rand McNally, 1935)
- Something of Myself (1937), autobiografia
Euskaratuak
- Oihanaren liburua (The Jungle Book), Elkar, 1981. Itzultzailea: Jexux Mari Haranburu.
- Kim (Kim), Ibaizabal, 1990. Itzultzailea: Koro Navarro.
- Horrelaxe (Just So Stories for Little Children), Gero-Mensajero, 1990. Itzultzailea: M. Eli Ituarte.
- Ehun Atsekabeen Atea (The Gate of the Hundred Sorrows - Plain Tales from the Hills), Igela, 1990. Itzultzailea: Joseba Urteaga. Ipuin hau Lau bidaia liburuan argitaratua da.
- Karrazka-marrazka (Rikki-Tikki-Tavi), Gero-Mensajero, 1992. Itzultzailea: Carmen Elvira.
- Ipuinak hain zuzen (Just So Stories for Little Children), Elkarlanean, 1999. Itzultzailea: J. M. Olaizola "Txiliku"
- Kanguru zaharraren kantua (The Sing-Song of Old Man Kangaroo -Just So Stories for Little Children- ) Gero-Mensajero, 2000. Ipuin hau Naturako ipuinak liburuan argitaratua da.
- Hala izan zen: (Kipling-en ipuinak) (Just So Stories for Little Children), Gero-Mensajero, 2005. Itzultzailea: Itziar Zabala Bilbao.
- Oihaneko liburua (The Jungle Book). Ttarttalo, 2008. Itzultzailea: Patxi Elizegi. Haur eta gazteentzat moldatua.[oh 3]
- Elefantearen semea (How the Elephant got his Trunk -Just So Stories for Little Children- ) TTarttalo, 2011. Itzultzailea: Bakun itzulpen zerbitzuak
- Errege izatekoa zen gizona (The Man Who Would Be King), Denonartean, 2015. Itzultzailea: Iñigo Roque Eguzkitza[60]
- Kapitain ausartak (Captains Courageous), Lectura Fácil Euskadi Irakurketa Erraza, 2018. Itzultzaileak: Nerea Aizpurua Iraola eta Lina Ugarte Sauret. Irakurketa Errazerako moldatua.
Oharrak
- izenburuak akatsa du, berez, Naulakha izan beharko luke, literalki "Bederatzi lakh rupia"
- Bien arteko gutunak Library of Congressek dauzka gordeak. Hammoneauren bizitza salbatu zuen bala zulodun Kim liburua ere badu.
- Oihaneko liburua testu osoaren itzulpenaz gain hainbat moldaketa argitaratu dira euskaraz, zerrenda honetan bakarra adierazten da adibide gisa.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Kipling, Rudyard. (2003). Horrelaxe. Gero-Mensajero, 9-10 or. ISBN 84-271-2525-9..
- (Ingelesez) Gilmour, David. (2002). The Long Recessional: The Imperial Life of Rudyard Kipling. Farrar, Straus, and Giroux, New York.
- (Gaztelaniaz) Patrick, ed., Julian. (2010). 501 grandes escritores. Grijalbo, 240 or. ISBN 978-84-253-4382-7..
- Sir JJ College Of Architecture, Mumbai - Campus. 2011-07-28 (Noiz kontsultatua: 2018-04-13).
- Something of Myself - Rudyard Kipling, Book, etext. 2014-02-23 (Noiz kontsultatua: 2018-04-20).
- (Ingelesez) Prichard, Mari, Carpenter, Humphrey. (1984). Oxford Companion to Children's Literature. Oxford University Press, 296–297 or. ISBN 0192115820...
- «Uberan - Euskal Idazleen Elkartea - Rudyard Kiplingen "Errege izatekoa zen gizona" euskarara» uberan.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-09).
- (Ingelesez) «NCA Lahore» www.nca.edu.pk (Noiz kontsultatua: 2018-04-20).
- «Kipling, Rudyard - Euskara - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus» www.euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-09).
- (Ingelesez) Rutherford, Andrew. (1987). Introduction to the Oxford World's Classics edition of "Plain Tales from the Hills", by Rudyard Kipling. Oxford University Press ISBN 0-19-281652-7..
- (Ingelesez) «Rudyard Kipling's Allahabad bungalow in shambles» https://www.hindustantimes.com/ 2008-06-09 (Noiz kontsultatua: 2018-04-20).
- (Ingelesez) «Hill drawing room at Belvedere House, Allahabad, India, of which Rudyard Kipling wrote "Nor shuddered when cheroot in hand I stumped your dainty drawing-room"» The Library of Congress (Noiz kontsultatua: 2018-04-20).
- (Ingelesez) Scott, David. (2011). Kipling, the Orient, and Orientals: "Orientalism" Reoriented?". Journal of World History.
- (Ingelesez) Pinney, Thomas (editor). Letters of Rudyard Kipling, volume 1. Macmillan & Co., London and NY.
- (Ingelesez) Rutherford, Andrew. (1987). General Preface to the Editions of Rudyard Kipling, in "Puck of Pook's Hill and Rewards and Fairies", by Rudyard Kipling. Oxford University Press ISBN 0-19-282575-5..
- (Ingelesez) Kipling, Rudyard. (1956). Kipling: a selection of his stories and poems, Volume 2. Doubleday, 349 or..
- (Ingelesez) Coates, John D.. (1997). The Day's Work: Kipling and the Idea of Sacrifice. Fairleigh University Press, 130 or. ISBN 083863754X...
- Salgado, Carlos, Álvarez, Silvia. (). ««Ocurrió en noviembre»» Golf Digest (Aldizkaria) (Espainia: Unidad Editorial) 140.
- (Ingelesez) Ricketts, Harry. (1999). Rudyard Kipling: A life. Carroll and Graf Publishers Inc., New York ISBN 0-7867-0711-9..
- (Ingelesez) Nicholson, Adam. (2001). Carrie Kipling 1862–1939 : The Hated Wife. Faber & Faber, London ISBN 0-571-20835-5..
- (Ingelesez) Carrington, C.E. (Charles Edmund). (1955). Rudyard Kipling: His Life and Work. Macmillan & Co..
- «Kipling's Sussex - 2» www.kiplingsociety.co.uk (Noiz kontsultatua: 2018-05-22).
- H-Net Discussion Networks - The Friend newspaper, Orange Free State, South Africa. 2014-02-22 (Noiz kontsultatua: 2018-05-29).
- (Ingelesez) «Josephine Kipling dead» The New York Times 1899-03-07 (Noiz kontsultatua: 2018-05-29).
- «Argitalpenak - Galtzagorri Elkartea» www.galtzagorri.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-09).
- Writers History - Kipling Rudyard. 2015-04-25 (Noiz kontsultatua: 2018-05-29).
- (Ingelesez) Jenny Stringer, Margaret Drabble. (2007). Kim. "The Concise Oxford Companion to English Literature" lanean. Oxford University Press.
- (Ingelesez) «Bateman's» National Trust (Noiz kontsultatua: 2018-05-29).
- (Ingelesez) Bennett, Arnold. (1917). Books and Persons Being Comments on a Past Epoch 1908–1911. London: Chatto & Wind.
- (Ingelesez) Jones, Emma. (2004). The Literary Companion. Pavilion Books ISBN 9781861057983. (Noiz kontsultatua: 2018-05-29).
- «Nomination Database» www.nobelprize.org (Noiz kontsultatua: 2018-05-29).
- «Nobelprize.org» www.nobelprize.org (Noiz kontsultatua: 2018-05-29).
- (Ingelesez) Dutil, Patrice, MacKenzie, David. (2011). Canada 1911: The Decisive Election that Shaped the Country. Toronto: Dundurn, 211 or. ISBN 1554889472..
- (Ingelesez) Mackey, Albert G.. (1946). Encyclopedia of Freemasonry, Vol. 1. Chicago: The Masonic History Co..
- (Ingelesez) «Casualty» www.cwgc.org (Noiz kontsultatua: 2018-06-13).
- (Ingelesez) Allan, Geoffrey S., R.W. Bro.. Official Visit to Meridian Lodge No. 687. (Noiz kontsultatua: 2018-05-31).
- (Ingelesez) Bilsing, Tracey. ((Summer 2000)). "The Process of Manufacture of Rudyard Kipling's Private Propaganda" (PDF). War Literature and the Arts. Archived from the original on 2 April 2015. (Noiz kontsultatua: 2018-05-31).
- «My Boy Jack - notes» www.kiplingsociety.co.uk (Noiz kontsultatua: 2018-06-15).
- "The Many Lovers of Miss Jane Austen", BBC2 broadcast, 9 pm 23 December 2011
- (Ingelesez) Kipling, Rudyard. (1916). The Fringes of the Fleet. Macmillan & Co..
- (Ingelesez) How "Kim" saved the life of a French soldier : a remarkable series of autograph letters of Rudyard Kipling, with the soldier's Croix de Guerre, 1918-1933. (Noiz kontsultatua: 2018-06-15).
- (Ingelesez) Kipling, Rudyard. (1923). The Irish Guards in the Great War. 2 vols. London.
- Hodgson, Katherine. (). «The Poetry of Rudyard Kipling in Soviet Russia» The Modern Language Review 93 (4).
- (Ingelesez) «The Liberty League—a campaign against Bolshevism | Jot101» jot101.com (Noiz kontsultatua: 2018-09-28).
- (Ingelesez) Dinan, William, Miller, David. (2008). A Century of Spin. Pluto Press ISBN 978-0-7453-2688-7..
- (Ingelesez) Kipling, Rudyard. (1940). The Definitive edition of Rudyard Kipling's verse. Hodder & Stoughton..
- (Ingelesez) «The Iron Ring» www.ironring.ca (Noiz kontsultatua: 2018-09-28).
- (Ingelesez) «Background | The Iron Ring» www.ironring.ca (Noiz kontsultatua: 2018-09-28).
- (Ingelesez) Smith, Michael. Kipling and the swastika. (Noiz kontsultatua: 2018/09/28).
- (Ingelesez) Kipling, Rudyard. (1999). War Stories and Poems. Oxford Paperbacks, xxiv–xxv or..
- (Ingelesez) Chernega, Carol. (2011-07). A Dream House: Exploring the Literary Homes of England. Dog Ear Publishing ISBN 9781457502460. (Noiz kontsultatua: 2018-10-03).
- (Ingelesez) «Rudyard Kipling | Westminster Abbey» Westminster Abbey (Noiz kontsultatua: 2018-10-03).
- (Ingelesez) nyeswebdesign.com. «Rudyard Township - Rudyard, Michigan» www.rudyardtownship.org (Noiz kontsultatua: 2018-10-03).
- (Ingelesez) «Kipling (Delta County, Michigan): Community Profile» RoadsideThoughts (Noiz kontsultatua: 2018-10-03).
- (Ingelesez) «Town of Kipling » About the Town» townofkipling.ca (Noiz kontsultatua: 2018-10-03).
- (Ingelesez) «Planetary Names: Crater, craters: Kipling on Mercury» planetarynames.wr.usgs.gov (Noiz kontsultatua: 2018-10-03).
- (Ingelesez) «Crocodile is named after Kipling» BBC News 2012-03-20 (Noiz kontsultatua: 2018-10-03).
- (Ingelesez) Flood, Alison. (2013-02-25). «50 unseen Rudyard Kipling poems discovered» the Guardian (Noiz kontsultatua: 2018-10-03).
- «University of Sussex Library Special Collections: Kipling Archive» www.sussex.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2018-10-03).
- «Iruzkinak» Behinola (Donostia) (34) 2016ko abendua ISSN 2814/1999 Na 2814/1999..